Durangoko Azokan

2016 1 abendua

Ataramiñe Durangoko Azokan. Bertan izango ditugu gure katalogoko liburu guztiak.

Ahotsenean egingo dugu aurkezpena, abenduak 5, astelehena, 16:30etan.

Gure saltokia: Barrenkale 28-29

→ uberan.eus: Azokaren uberan: aldizkari literarioak [Ataramiñe, “kolpetik bezainbat laztanetik duen artefaktua”]


Egutegia: Axpi 2017 ETXEKOAK ETXERA

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Kuku erlojua

2016 23 azaroa

Kuku erlojua
Testua: Kepa Etxeberria Sagarzazu
Marrazkiak: Xabier Ugarte Billar
Ataramiñe & Etxerat, 2016
28 orrialde.

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Haizea

2016 23 azaroa

Haizea
Testua: Hodei Garcia Iturrioz
Ilustrazioak: Mikel Fernandez Callejo – Oihan Meñaka
Ataramiñe & Etxerat, 2016
25 orrialde.

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Haizea eta lizar magikoa

2016 23 azaroa

Haizea eta lizar magikoa
Testua: Kepa Etxeberria Sagarzazu
Marrazkiak: Xabier Ugarte Billar
Ataramiñe & Etxerat, 2016
50 orrialde.

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Preso politikoek egindako lanak zentsuratu ditu Donostia 2016k

2016 17 azaroa

→ berria.eus: Preso politikoek egindako lanak zentsuratu ditu Donostia 2016k
→ naiz.eus: Donostia 2016 censura obras de presos y expresos políticos vascos en una exposición
→ berria.eus: Donostia 2016k euskal presoen artelanak zentsuratu ditu
→ berria.eus: Ainhoa Oiartzabal Azketa Presoak, lekurik gabe
→ naiz.eus: Donostia 2016 censura obras solo por ser de presos o expresos vascos
→ naiz.eus: Editoriala LLEGAR A LA CENSURA CON TAL DE INVISIBILIZAR A LOS PRESOS
→ naiz.eus: PABLO MARTE «Una exposición que trata un tema espinoso está casi obligada a evidenciar los conflictos»
→ berria.eus: IÑIGO ARANBARRI Zikiña Kenduta
→ berria.eus: DARIO MALVENTI «Ikusi ere egin gabe zentsuratu zuten obretako bat»
→ naiz.eus: JOSETXO ETXEBERRIA, MAITANE SAGASTUME, SERGIO GARCIA RAZKIN Y SERGIO LEZKANO PRESOAK KALERA, PRESOEN ARTELANAK KALERA

[berria.eus] Preso politikoek egindako lanak zentsuratu ditu Donostia 2016k

‘Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak’ erakusketan sartu behar zituzten, baina erretiratu egin ditu kultur hiriburutzak.
Erakusketan ikusgai dagoen lanetako bat. Erakusketan ikusgai dagoen lanetako bat.

Giltzapean —espetxean, zentro psikiatrikoetan edota adin txikikoentzako zentroetan— dauden pertsonen lanen artelanak erakustea du helburu erakusketak, eta gaur goizean aurkeztu dute Koldo Mitxelena Kulturunean. Han bertan, eta Pablo Berastegi D2016ko zuzendari nagusia eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua ondoan zituela, egin du salaketa Pablo Marte erakusketako komisarioetako batek —besteak Aitor Izagirre eta Mafrion Cruza dira—. Komunikatu bat irakurri du Martek eta jakinarazi erakusketarako jasotako obra batzuek “zentsura jasan” dutela. Era berean, obra horiek ez diotela inorri minik edo kalte egiten adierazi du Martek: “Ez ditugu konpartitzen zentsurarako arrazoi moduan erabili dituzten argudioak”.

Berastegi ondoan zuten komisarioek eta berehala erantzun behar izan du. Haren iritziz, “ETAko presoek” egindako obrek “terrorismoaren biktimak mindu ditzakete”. Hala eta guztiz ere, onartu du obrak beraiek ez dutela inor mintzeko edukirik. “Baina Donostia 2016k erakusteko askatasunaren aurretik jarri du biktimen sentsibilitatea”. Ez komisarioek ez Berastegik berak, ez dute adierazi nahi izan zein preso diren erretiratu dien obren egileak. Donostia 2016 bulegoko ordezkariek, dena dela, jakinarazi dute preso politikoek eta preso ohiek egindako obrak direla, marrazki bilduma bat, margolan bat eta bideo film bat, hain zuzen ere.

Denis Itxasok berak ere esan du obren edukia ez dela arazoa izan, eta bai, ordea, zein diren egileak. Donostia 2016ren gai nagusia elkarbizitza dela adierazi du Kultura diputatuak: “Kulturaz hitz egitea justiziaz, memoriaz eta enpatiaz hitz egitea da, eta egile batzuen obra erakusteak mindu dezake biktimen sentsibilitatea”. Preso politiko eta preso ohi batzuen lanak erakustea “Donostia 2016ren asmoen kontra” egon litekeela ere adierazi du.

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Ataramiñe’16

2016 16 azaroa

Ataramiñe’16
Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak
2016
Neurriak: 15 x 21 zm.
178 orrialde.

Azaleko irudia: BARRUTIK aldizkaria

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

Ataramiñe’16

Aurkibidea

Fernando Alonso Abad Esperaremos a que vuelva
Mikel Antza Sorkuntza minak
Alfontso Etxegarai Atxirika La guerra del 58 eta ZZB…
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta Bertsoak
Patxi Uranga Salbide Bertsoak
Aitor Fresnedo Gerrikagoitia Hirugarrentxua
Gorka Lupiañez Mintegi Marrazkiak
Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre Olerkiak
Itziar Moreno Martinez Marrazkiak
Aletxu Zobaran Arriola Poemak eta marrazkiak
Mikel Orbegozo Etxarri Marrazkiak
Oier Andueza Antxia Marrazkiak
Joseba Galarraga Arrona Marrazkiak
Barrutik aldizkaria Monografikoa

Hitzaurrea

Espetxeaz, sorkuntzaz eta artefaktu afektiboez…

Zein da sorkuntzaren balioa espetxean? Zer suposatzen du espetxean sortzeak? Zenbat min? Zenbat irri? Nola eragiten dio itxituraren baitan dagoenari? Ataramiñekook sarri asko entzun ditugun galderak, eta erantzun borobilik atontzea zaila da, zinez zorrotza den espetxe errealitateari erreparatzen diogularik. Preso haina espetxe dago, burnizko instituzioak bere baitan harrapatua daukana, oso manera intimoan urratzen duenez.

Zertarako sortu beraz? Sentimendu, emozio, estimuluen eremulaua den ez-lekuak, gorputz otzan eta ideia propiorik gabeko norbanako bilakatu nahi ditu bere baitaratuak. Helburua erdiesteko, instituzioak darabilen estrategiak hamaika ertz ditu, baina bada bat bereziki zorrotza, norbanakoa manera apartekoan urratzen duena: bakardadea.

Bakarlekua, bakarmortua…eta beste hainbat izendapen espetxe instituzioaren erraietan ematen den indibiduazio prozesua adierazteko. Bakardadea sortzeko makina erabatekoa, totala, izan badenez instituzioa. Bakardade fisikoa, agerikoena, baita intelektuala, afektiboa,…Kanpoan dagoenarekiko erlazioa errazten duen zubi/hari bakoitza moztua, filtratua, sistematikoki eraitsia da bertan. Halaz, espetxeratua eta kanpoaren arteko erlazioan, espetxe-instituzioa bitartekari ekidinezina bilakatzen da. Kanpo errealitatea antzemateko interface-a, norekin, noiz, non, zenbat denboraz, zer, zertarako, nora,… Espetxeak antolatua, neurtua, ebaluatua, diagnostikatua dauka presoak, egunerokoa. Diagnostikatua, ezen bakardadea eta honek eragiten dituen aje, ezinegon eta keriak, erantzun terapeutiko baten aurrebaldintza baitira. Bakardadea sortu, beroni aurre egiteko bitarteko terapeutikoak eskaintzeko (ze pildorita nahi duzu? Gorria, urdina, txuria…).

Nola irudikatu izugarrikeria guzti hau? Zeintzuk lirateke bitartekoak? Nola biziraun?

Sorkuntzaren nozioari helduta, akaso, erantzun baten lehen trazuak marraztu ditzakegu. Izan ere, sortzearen ariketak berak plano ezberdin batean, plano berri batean kokatzeko aukera ematen dio sortzaileari berari. Inguratzen duen errealitate zurrunetik jauzi bat eginez, aparteko espazio horretan aukera posibleen zabaltasunean saiatzeko parada.

Paretan zulo bat egitetik, fisikoa, presoa, literalki, kalera aterako duen zirrikitua, irekitzetik. Literalki ere, letra bidezko zubiak eraikitzera eraman gaitzake sorkuntzak espetxean. Den denak, manera abstraktu zein konkretuan bizirauteko estrategiak. Esku artean duzun liburutxo hau, estrategia horien bilduma txiki bat dela esan liteke. Espetxean dirauten lagun zenbaitek, burdin arteko esperientziak suposa lezakeen suntsipen erabatekoari aurre egiteko darabiltzaten taktikak, prosa zein iruditan.

Deserriak ere izan badu espaziorik orriotan, urruntasuna bera distantzia-espetxe bilakatzen den egoera. Cabo Verdetik iritsitako letrak beraz, distantzia laburtuz, burnizko urruntasun hori zerratuz, luma kolpez zerratu ere. Deportazioa, nazio gatazka garaikidearen aurre-historian kokatzen den figurak, gaurdaino dakartza bere kateak arrastaka.

Ataramiñen beraren aurre-historiara ere jo dugu ale honetan, 1989-1993 urteetan, euskal presoek argitaratu BARRUTIK aldizkariaren zenbait idazki berrargitaratuz. Orduko letrak egungo idatziak izan badirenez, denbora, lau pareta artean bilakatzen den bataila guztien ama, gaindituz. “Urteak menpean hartu”, sarri patioetan entzun litekeen adiera kartzelarioa. Denbora meneratu ote daitekeen zalantzaz egiten den baitezpadako baieztapena.

Esku artean beraz, porlanezko paretak, nolabait, birrin ditzakeen bitartekoa. Kolpetik bezainbat laztanetik ere baduen artefaktua. Gure lagun, senide, kideen bizipenez ongi kargatua dagoena. Gure lagun, senide, kideak harrapatuak dituzten hormak lehertzeraino.

Ongi etorri…

Ataramiñe’2016



BARRUTIK aldizkaria
1989-1993

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Barrutik aldizkaria kaleratu zuen 1989-1993. urteen artean. Sakabanaketa garaia zen, sakabanaketa orokorra, sakabanaketa garai gordinena. “Ixilkeria eta isolamendua gainditu nahi ditugu”, zioen aurkezpenak. Eta, hala, salaketak, kartzelako kronikak, hausnarketak, agiriak eta bestelako idatziak zabaldu zituzten bost ale marduletan. Guztiak, batekoak eta bestelakoak, sinadura pertsonalik gabe, kolektiboak izenpetuak.

Haietako testu batzuk ekarri ditugu Ataramiñe ale honetara, oroigarri baino, orduko letra horiek oraingo idatziak ere direlako. Kartzelan idatziak baitira. Kartzelan, non harresien itzalpean denbora gelditu eta zigorra luzatu egiten den. Non bertan idatzitakoa inoiz ez den iragana izango, presoak bertan diren bitartean.

Barrutik aldizkariak PDF formatuan eskuragarri daude Ataramiñeren webgunean: www.literaturakoadernoak.org/?p=2620

Share

Ataramiñe 2016. Espetxea eta sorkuntza

2016 4 abuztua

Zein da sorkuntzaren balioa espetxean? Zer suposatzen du espetxean sortzeak? Zenbat min? Zenbat irri? Nola eragiten dio itxituraren baitan dagoenari? Ataramiñekook sarri asko entzun ditugun galderak, eta erantzun borobilik atontzea zaila da, zinez zorrotza den espetxe errealitateari erreparatzen diogularik. Preso haina espetxe dago, bere baitan harrapatua daukana burnizko instituzioak oso manera intimoan urratzen duenez.

Zertarako sortu beraz? Sentimendu, emozio, estimuluen eremu-laua den ez-lekuak, gorputz otzan eta ideia propiorik gabeko norbanako bilakatu nahi ditu bere baitaratuak. Helburua erdiesteko, instituzioak darabilen estrategiak hamaika ertz ditu, baina bada bat bereziki zorrotza, norbanakoa manera apartekoan urratzen duena: bakardadea.

Bakarlekua, bakarmortua… eta beste hainbat izendapen espetxe instituzioaren erraietan ematen den indibiduazio prozesua adierazteko. Bakardadea sortzeko makina erabatekoa, totala, baita izan instituzioa. Bakardade fisikoa, agerikoena, baita intelektuala, afektiboa… kanpoan dagoenarekiko erlazioa errazten duen zubi/hari bakoitza moztua, filtratua, sistematikoki eraitsia da bertan. Halaz, espetxeratua eta kanpoaren arteko erlazioan, espetxe-instituzioa bitartekari ekidinezina bilakatzen da. Kanpo errealitatea antzemateko interface-a, norekin, noiz, non, zenbat denboraz, zer, zertarako, nora… Espetxeak antolatua, neurtua, ebaluatua, diagnostikatua dauka presoak, egunerokoa. Diagnostikatua, ezen bakardadea eta honek eragiten dituen aje, ezinegon eta keriak, erantzun terapeutiko baten aurrebaldintza baitira. Bakardadea sortu, beroni aurre egiteko bitarteko terapeutikoak eskaintzeko (ze pildorita nahi duzu? Gorria, urdina, txuria…).
Nola irudikatu izugarrikeria guzti hau? Zeintzuk lirateke bitartekoak? Nola biziraun?

Sorkuntzaren nozioari helduta, akaso, erantzun baten lehen trazuak marraztu ditzakegu. Bakardadeari aurre-jartzen zaion sorkuntza kolektiboa, esaterako. Bide xidor hori egiten ari gara azken 15 urteetan Ataramiñen. Espetxean ditugun kide zein senideen bidaide, beraien sorkuntza lanen plazaratze bidean lagun gaituzte.
Edo areago, “lagun gaituzue” esan beharko genuke? Hitzok, beste urte batez, zuei bereziki, zuzenduak baitaude. Espetxean zauzkaten lagunoi edo (Reau-ko espetxetik iritsitako oihuaren oihartzunean aditu dezakegunez) kanpoan gaudenon (gure) ez-munduaren copyrighta den eremu horretan bizi/borrokan zaudetenoi. Zuen esperoan zuen hitzak behar ditugu, hariak josi ahal izateko, eraitsitako zubia hitzez hitz, pintzel kolpeka berreraiki ahal izateko.

Beste urte batez beraz zuen sorkuntza lanak, Ataramiñe den plazatxoan kaleratzeko eskean gatoz, lagunok. Bilduma atondu ahal izateko, irailaren 30a baino lehen zuen lanak ondorengo posta kutxara bidaltzeko eskatuz:

Ataramiñe
80 posta kutxa
48200 Durango (Bizkaia)

Edo bestela helbide honetara: ataraliteratura@gmail.com

Zuen lanen zain beraz, zuen zain, beti. Orri zabalik, beso zabalik. Etenik gabe, espetxea eteten ez den heinean.

Mitxel Sarasketa
Oier Gonzalez Bilbatua

Ataramiñe

→ naiz.eus: ATARAMIÑE 2016. ESPETXEA ETA SORKUNTZA

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

[Gara] Ekhiñe Eizagirre: «Naizen eta izan nahi dudanaren arteko hausnarketa eta kritika egiteko balio dit idazteak»

2016 16 uztaila

Fresnesko espetxetik ari da hausnarketan Ekhiñe Eizagirre (Zarautz, 1984), «Alde erantzira nabil» (Susa) lehenengo poema liburuaren baitatik. Kartzelaz, deserriaz, minaz eta sufrimenduaz gain, feminismoak, sexuak eta izpiliku usaineko larreek iradokitzen diotenaz ere ari da.

«Naizen eta izan nahi dudanaren arteko hausnarketa eta kritika egiteko balio dit idazteak»

Ariane Kamio

Borroka etengabea da mortu honen erdian sexualitateari eta plazerari lekua egitea. Garrantzitsua da geure buruari esatea pertsona sexuatuak garela, eta gure gorputzekin, bakarka ere, gozatzeko aukera izan badugula; alegia, zentzumena, azala, plazera, eta zirrara geure baitan ditugula.

Ea ba… Norantz doa, ze norabidetan, Ekhiñe Eizagirreren «alde erantzirako bidea» ?
Izeba batek esaten zidan guztiari kontra egin beharra zela nirea. Nik diot ez dagoela bizitza ibiltzeko bide egoki eta bakar bat. Araututako bideetatik irten eta bidezidorrak hartu izan ditut sarri, eta debekatutako bideetan murgildu izan naiz. Ezarritako ororen kontra aritzea egotziko digute batzuek, baina nik diot beste jendarte eredu bat amesten dugun guztiok bide berriak, alderantzizko bideak, urratzeko betebeharra dugula.

Eremu bat. Espetxea. Nola askatzen dira letrak hor barruan? Agian, kanpoan baino askatasun handiagoz?
Nik oso modu gordinean askatzen ditut hitzak. Mikel Laboak abesten zuen: “Ez daukanak ongi ohi daki edukitzea zein den ona”. Espetxean inguratzen gaituzten gabezia eta absentzia anitzak medio, bizipen arruntenei beste balio bat ematen diegu; ikustaldi bat, besarkada bat, musu bat, borrokaldi bat, notizia triste bat, agur bat… bizipen hauek askoz intentsoagoak dira gurean. Horri maiz espetxeak jasanarazten dizkigun egoera bortitzak gehitzen badizkiogu, ezinbestean, kontakizunetan zein hitzetan, gordintasuna agerikoa da.

Hitz bat. Borroka. Baina bilduma honetan auzi bati, borroka bati, baino gehiagori egiten dio erreferentzia ele berberak.
Gure herrian, “borroka” hitzak behar baino adiera murritzagoa izan du (ezkerraren baitako kontzientzia kolektiboaz ari naiz). Borroka eremuak mailakatzea ohitura oso ohikoa da, eta, bestalde, hainbat borroka eremu ez ditugu aitortu nahi izan. Niretzat borrokak ertz ugari ditu, eta izkina guztiek dute elkarrekiko harremana edo lotura. Gurean, ordea, borroka eremuak oso ikuspegi patriarkaletik izendatu eta ulertu izan dira. Horri erantzunez, azken urteetan, feminismotik egin da ekarpenik. Adibidez, gure gorputzak zein bizitzak lurraldetasuna bezainbesteko borroka eremu politikoak eta garrantzitsuak direla aldarrikatu da.

«Irudi zait gaurkoan/ dena ilun dela/Ametsek eskuetatik /irrist egiten didatela/Gure jabetzak ez ezik/ametsak ere desjabetu nahi dizkigutela». Akaso, arriskutsuena hori, ametsik gabe geratzea ?
Hori da botere hegemonikoaren etengabeko diskurtsoa, egungo jendarteak ez duela erremediorik, ez dagoela alternatibarik, utopikoak edo ameslariak garela. Horrregatik da garrantzitsua irudimenari, fantasiari, etengabeko hausnarketari eta ametsei txokoa egitea, horiek bide berriak aurkitzen eta urratzen laguntzen baitigute. Jarraitu behar dugu amesten, eta, bereziki, gure ametsen bidean borrokatzen.

Esan. Istant honetan burura datorkizun ametsa?
Amets “sinple” bat: eguzkia, natura, mendia, animalia eta lagunen konpainia, sagardo pixka bat, hamaiketako eder bat, gitarra bat, begiradak, xirriak, irriak, kantua… hori guztia Euskal Herri askean.

Lagunekin jolasean. Eskutitzak igorri-jaso bidean, poema bat arrasto bakoitzean eta bilduma oso bat azkenean. Nola izan da prozesu hori ?
Oso naturala izan da. Komunikatzeko, ezagutarazteko, harremantzeko edo espresatzeko bide izan ditut betidanik poemak. Hala, eskutitz askotan bidali izan dizkiet lagunei olerkiak, eta inguruko zenbaitenak ere jaso izan ditut bueltan. Hasieratik neukan nire poemekin zerbait egiteko gogoa, eta horretan nenbilela, bilduma bat osatu eta argitaratzera animatu ninduten. Esan eta egin.

Espetxean sortuak dira pieza guztiak? Zein epetan edo zein bizitza denboran bestela? Nola egin zenuen hautaketa?
Bildumako olerki gehienak azken hiru urteetan, espetxean, idatzi ditut. Klandestinitatean idatzitako batzuk, berriz, espetxean sartuta, memoriatik berreskuratu behar izan nituen. Horiei Euskal Herrian idatzita neuzkanak gehitu, eta olerki sorta ederra neukala ikusita, ingurukoek animatuta, argitaratzeko aukera aztertzen hasi nintzen. Nik neuk hautatu eta sailkatu nituen olerkiak, transmititzen zuten emozio edo mezuaren arabera bereizi nituen bost ataletan. Ondoren, Maite Egiguren Golmaiok, Kattalin Minerrek eta Oier Ibargurenek lagundu zidaten bilduma taxutzen: ekarpenak eginez, aholkuak emanez, zuzenketak eginez…

Liburua lagundu behar zuten ilustrazioak erreskatatu(ko) ditugu elkarrizketarako. Itziar Plazak egin ditu, Fleurytik. Azaleko irudia bera Itziar Morenorena da, Fresnesen zurekin batera zegoen presoarena. Zergatik ez ziren ilustrazioak argitaratu? Sortzaileak harremanetan zaudete espetxeetan?
Hasierako plana poemak “Ataramiñe”-rekin argitaratzea zen. Oier Gonzalezekin harremanetan jarri nintzen, eta hark Susa argitaletxekoei proposatu zien nire bilduma argitaratzeko aukera. Susakoek baietz erantzun zuten, eta orduan jakin genuen ez dutela ilustraziorik argitaratzen. Hori dela eta, alde batetik, 2015eko “Ataramiñe” alean argitaratu genituen ilustrazioak poemekin (hamar bat guztira), eta aparte olerki bilduma Susarekin. Nik bi urte egin ditut Fleuryn (2013-2015). Han topatu ginen Itziar Plaza eta biok, eta bertan otu zitzaigun bere irudiak nire poemekin uztartzea.

Itziar Morenorekin ere halaxe suertatu zen. Liburua argitaratzear nintzela (Fresneseko espetxean ordurako), izenburua zehaztu ondoren, Itziar Morenori eskatu nion gainazalerako irudia margotzeko. Artista ederrak dira Itziar Moreno eta Itziar Plaza; momentu honetan Fleuryn dira biak, eta hitz hauek baliatu nahi nituzke esateko, plazer bat izan dela beraiek bezalako kideak ezagutu eta elkarrekin lan hauek partekatzea.

Sortzaileak harremanetan ote garen… Handik eta hemendik badira harremanak. Nik ezagutzen ditudan gehienak margolariak dira. Proiektu komun batzuk ere abiarazi izan dira, Euskal Herrian zehar ibiltari dabilen erakusketa bat kasu, non emakumezko preso politiko zenbaiten margolanak dauden erakusgai, Itziar Moreno eta Lorentxa Beyrirenak, adibidez.

Badira denetariko poemak. Batzuk originalagoak, sozialagoak besteak, baita erabat politikoak direnak ere. Zenbat gauza hustu duzu ale honetan?
Galderak dioen bezala, barruak husteko bitartekoa da niretzat poesia; ezintasunei aurre egiteko bide, amesteko gune, emozioak islatzeko leku, eta aldarrikapenak plazaratzeko tresna. Azken urteetako minak eta ezinak samurtu ditut hitzen bidez, gozatu eta disfrutatu ere egin dut, baita fantasien munduan bidaiatu ere. Naizen eta izan nahi dudanaren arteko hausnarketa eta kritika etengabea egiteko ere balio izan dit.

Normalean liburuetara ekartzen ez den gai bati heldu diozu. Galde badaiteke, eta are emakume izanda horrek suposatzen duen tabuarekin, nola bizi da sexualitatea espetxe barnean ?
Bakoitzak bere modura biziko du, noski. Nire kasuan, ezintasun, oztopo eta mugez gainezka bizi dut. Borroka etengabea da mortu honen erdian sexualitateari eta plazerari lekua egitea. Garrantzitsua da geure buruari esatea, oztopoak oztopo, pertsona sexuatuak garela, eta gure gorputzekin, bakarka ere, gozatzeko aukera izan badugula; alegia, zentzumena, azala, plazera eta zirrara gure baitan ditugula. Horri, ordea, bere denbora eskaini behar zaio, eta hemengo baldintzak ez dira horretarako egokienak.

Bikotekide edo maitaleekin sexualitateaz gozatzeko aukerak oso murritzak dira; are gehiago, Frantziako espetxeetan ez dago sexu-harremanak bermatu edo errazteko instalaziorik (espetxe gutxi batzuetan dauden UVFak salbu). Adibidez, bisita-gelan gaudenetan kontaktua oso mugatua da, apenas dago intimitaterako tarterik, giltzarien begiradapean igarotzen baitira ikustaldi guztiak. Ezinezkoa da goxalagunekin biluzik, lasai, eroso gozatu ahal izatea. Horrez gain, espetxe barruko sexu-harremanetan beti dago zigorraren mamua; esan gabe, espetxeak sexu-harremanak debekatzen baititu; «ondokoa-ren begietara ekintza lizunak egin edo pudorea laidotzea» zigortu egiten du egungo legediak.

Aipatu nahi nuke harreman lesbiko eta homosexualetan zailtasunak biderkatu egiten direla. Espetxe barruko harreman ez-normatiboetan jazarpena etengabea da, eta gizonen kasuan espetxeko zaindarien artean ez ezik, presoen artean ere oso gaizki ikusiak dira harreman homosexualak.

Amari ere eskaintzen dizkiozu lerro batzuk, baita liburua bera ere.
Ama 12 urte nituela hil zen, kolpetik, minbiziak eramanda. Urte asko pasatu dira ordutik, baina badakit egun naizena, idazten dudana, beragandik jaso eta ikasitakoaren parte dela. Ama hil zenean hasi nintzen poemak idazten. Aita ez dut aipatzen, baina gaurkoan hona ekarri nahi dut. Ama izan zena baino isilagoa, diskretuagoa, da nire aita, askotan begiekin hitzekin baino gehiago adierazten duena, eta bere begiradatik, mundua ikusteko duen modutik, ere asko jaso eta ikasi dut, eta hori ere islatzen da idatzitako poemetan.

Zer iradokitzen dizu izpiliku usainak?
Beti izan naiz erromantiko samarra. Klandestinitatean ezagututako paisaia anitzen artean zeuden labandazko zelai infinituak, more-moreak, lorez gainezka, lurrin goxoa gorputzeraino ekartzen zutenak. Paisaia haiei so eginez, euskal feminismoa zetorkidan burura, elkarrekin josi dugun sarea, oihal more amaigabe hori, distantzia oro gaindituta niganaino iristen zena; herritik urrun izanda ere, babesten eta biltzen ninduena.

Zer ekartzen dizu kanpoko haizeak barrura? Askatasunetik zer desira?
Kanpoko haizeak oroitarazten dit ez nagoela bakarrik, eta ikaragarrizko maitasunez inguratzen nau. Indarra ematen dit, eta harro sentiarazi borrokan bizitzeko egin dudan hautuaz. Kanpoko haizeak izen-abizenak ditu: senideak, lagunak, ezagunak, militanteak, herria… Gogora ekarri nahi dut, maiatzean, Itziar Morenoren isolamendua dela eta, Fresnesen burutu genuen borrokaldi luzean sentitutako babes eta elkartasun ikaragarria.

Eta nire nahia edo desira da kanpoko haizeak barruko gogoari heldu eta askatasunaren bidean borrokan tinko jarraitzea, gure gogoa lehenbailehen askatasun haize bilaka dadin.

Zenbat denbora da etxeko atea azken aldiz zabaldu zenuela?
Sei urte. Etxe askotan bizi izan naiz, eta etxe askotako ateak ireki ditut bizitzan zehar. Nirea sentitzen dudan etxerik balego, hori gure herria litzateke, Euskal Herria, baina bertako ateak ireki ahal izateko espetxeetako sarrailak apurtu beharko ditugu lehenik. Horretan badugu nahikoa lan, eta horretan jarri nahi ditut nire indar guztiak, hitzak eta olerkiak barne.

→ Gara:
ASKATASUNAREN XUXURLA

Espetxeetatik irteten den beste oihu bat, aldarri bat, iritsi zaigu Susa argitaletxearen eskutik. Kasu honetan, Ekhine Eizagirre da aldarrika, eta bere oihartzuna gurera iritsi da liburu honetako orrialdeetan durunda eginez. Lehen poema-liburua du Eizagirrek, eta preso dagoela kontuan hartuz, ukaezina da kate-hotsa, baina ozenago entzuten da askatasunaren xuxurla.

Izan ere, preso egotearen eta askatasunaren arteko lehia horretan bigarrena gailentzea nahi izan du, askatasuna zer fisikoa baino gehiago psikologikoa dela ulertaraziz: “armairutik atera/ eta lokutorioan/ bahitu gaitizten, maite/ baina gure gogoek/ elkar hartu eta/ hegan egiten diten, aske”. Espetxeratu ostean, etsipena eragitea izaten da bigarren zigorra, baina Eizagirrek muzin egin dio ezaugarri horri eta ez du aurpegi hori azaldu nahi: “Kristauek nahi luketen bezala/ geure buruez gupida ez gaitezen/ –leziorik ez, eskerrik asko–/ zuen zibilizazioaz trufatzen gara./ Ez dugu maite gupida, pena eta erruen bazka”.

Aldarrikapen orok dauka amorruaren sinfonia motela atzean eta, liburu honetan maiz entzungo dugu musika hori: “triku itxurako katu amorratuak bezala/ ezin diet beste era batera so egin uniformeei”. Puta izeneko aleak ere badu amorru-durundia ere, barruko sutondoa ederki piztuta dagoela idazten diren horietako baten antza du: “Izan nahi dut puta./ Hankartea zabaldu munduari!/ Zupa zein zurrupa,/ plazera bezero nagusi,/ bizia igaro ilargiari uluka!”.

Poema laburrak dira gehienak, narratiboak eta zuzenak. Horrenbestez, erritmo bizian igaroko gara aurrera, alez ale barne-askatasun hori eraikiz eta, amaiera aldera, maitasunaren ezkilak entzungo ditugu nabarmenago, plazer eta desirazko kolpe bortitzekin nahasita: “Urperatu nahi dut ahoa/ zure haragi samurrean,/ kosk egin ipurmasailean”. Tartean ez dira faltako, hitz-joko dotoreak – “Bi su artean bisou,/ zu eta ni, ni eta zu./ Nolako plazera, aizu!”– horma-pintada itxura duen alerik eta haiku antza duenik.

Presoak egindako oihua ongi entzungo dugu idazlearen ahotik eta ale bakoitzak izango du bere zarata bortitza, hitzari hitza josita gauza asko esaten baitu Eizagirrek, lastoarentzat tarte gehiegi utzi gabe, hiztegietan itotzen diren hitz apainetara jo gabe, idazluma gezia bailitzan idazten baitu, edonork, nahi duenak, ulertzeko moduan.

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

[bizkaiko hitza] Ziegatik ihes egiteko leihoa, margoetan

2016 15 uztaila

bizkaikohitza:
Ziegatik ihes egiteko leihoa, margoetan

Espetxeko ziegatik ihes egiteko tresna da margogintza Oier Andueza preso durangarrarentzat. Hamabost urte daramatza preso, eta egin dituen lanekin erakusketa osatu dute senideek. Durangoko Arte eta Historia Museoan jarri dute.

Ziegatik ihes egiteko leihoa, margoetan

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Pintzelik gabe. Ezohiko teknika erabiliz eta ezohiko baldintzetan margotzen du Oier Andueza durangarrak. Atzamarrak, zotza, pastel teknika erabiltzeko barra, paper zatiak eta denbora dira haren lan tresna nagusiak. Eta espetxeko ziega du inspirazio gunea, halabeharrez. Murtziako kartzelan preso dute Andueza. 2001ean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, eta Espainiako hainbat kartzelatan eman dituen urteetan garatu du margogintzarekiko duen zaletasuna.

Ziegatik ihes egitea lortzen du durangarrak pinturaren bitartez. «Eskuetan margoak hartzen ditudanean, ihes egiten dut espetxetik. Margoak leihoak dira, barrote gabeko leihoak». Askabide horiek bildu nahi izan dituzte Anduezaren senideek, eta Margoak. Leihoak. Ihesak erakusketa osatu dute azken hamabost urteetan lagun eta senideei espetxetik bidalitako margolanekin. Durangoko Arte eta Historia Museoan jarri dituzte ikusgai: 40 pieza inguru.

Irakaslerik eta materialik gabe hasi zen margotzen durangarra. Eta, dioenez, kartzelan piztu zitzaion margolari sena. Osatu dituen lanetan gai asko lantzen dituen arren, elementu komun bat dute denek: pertsonak dira margoetako protagonista nagusia. Erretratuak dirudite haren lanek. «Paisaia gutxi ikusiko duzue erakusketan. Niri jendea margotzea gustatzen zait. Begirada edo keinu batek mila paisaiak baino askoz gehiago adierazten dit». Preso durangarraren seme-alabak eta senideak agertzen dira, besteak beste, margolanetan.

Fisikoki ez, baina artearen bidez egin du herrira Anduezak azken asteetan. Eta margolanek ematen dioten askatasuna herrikideekin partekatu du. Hilabete hasieran zabaldu zuten erakusketa, eta igandera bitarte izango da ikusgai museoan. Gaur eta bihar, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara izango da Arte eta Historia Museoa zabalik, eta goizez irekiko dute igandean. «Nire leihoetara hurbiltzera gonbidatzen zaituztet. Nire ihesaldiek eraman nauten leku ezberdinak ezagutzera», egin die gonbita artistak berak herritarrei.

→ anboto.org: Oier Andueza durangarraren kartzelako margo, leiho eta ihesak
→ mugalari.info: OIER ANDUEZA EN EL MUSEO DE DURANGO · “Cuando pinto me evado de la cárcel”

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Ibon Muñoa, “BIDEAN GAUDE, AURRERA GOAZ, JOAN ZIRENEKIN”

2016 12 uztaila

Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta
Ataramiñe, 2016
Bertsoak
Neurriak: 10,5 x 15 zm.
319 orrialde.

Azaleko irudia:
Mitxel Zarrabe
Hitzaurrea: Jon Etxabe

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

SOLASEAN
Jon Etxabe

Kaixo Ibon:

Hirugarren bertso-poemen libururako atarikoa idaztea proposatu zidatean. Pozarren. Kirioak berehala hituen abian burmuin-zokoren batean zer eta ze moldez idatziko. Eta hara non hurrengo egunean bertan hire gutun bat. Nire berehalako erabakia: “gutun bat idatziko jetzat”. Eta hemen natorkik.

Gutunean gogoratzen duk 45 urte bete direla Frankismoaren aurkako Burgosko epaiketa burutu genuenetik: 12 urte hituen hik, ez omen huen ulertzen zer gertatzen zen, baina abenduko 3an etxera hindoala manifestazioaren atzealdean joan hintzen etxeko atarira iritzi arte, eta tiroak entzunda, Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren mugimendua ikusita, zerbait larria gertatzen zela konturatu hintzen, baita ere diok ate ostetik Radio Paris entzun huela, bertan Marion aldarrikapena eta besteok Eusko Gudariak abesten. Hire militantziaren hastapenak izan zirelakoan nagok. Militanteak ez dituk berez sortzen. Bizitzak jartzen gaitik egoera eta ataka ezberdinen aurrean. Hartzen dugun jarreran zagok gakoa. Lehen pauso hori duk erabakigarria, mugarria, paso eman edo bizitzak botatzen digun enbidoa, sarri hordagoa, jaso, “euki” hori duk funtsezkoa. Beste dena pausoka-pausoka zetorrek, azkarrago edo mantsoago, baina etorri etortzen duk. Hori duk denon historia, hirea eta nirea ere. Enbido edo hordago harez gero ametsaren itzalpean bizi izan haiz, albo-bidetan galdu gabe, azalean tatuatuta daramak ordutik lorpenaren konpromisoa. Eta haukaten mendeku-esparru hori eta bertan emaniko bertso sorta oparoa duk hire jarrera eta norabidearen lekuko. Merezi izan diate hainbeste kartzela, hainbeste sufrimendu, ezinbesteko beldurraren eta etsipenaren hobetan galdutako hainbeste lagun, trukean askatasuna dagoelako, bizipen, sentipen eta helburu hautsezina den askatasuna, oraindik ez datorrelako ez dela dirudiena, baina dena, eta datorrena. Orain arte. Eta orain. Baina bihar? Bihar ere. Hori duk ameslarien itxaropena, borrokalarien segurantza, hire bertsoei darien bizipena.

Iragan udaran herri txiki galdu ezberdinen erakusketa bat ikusi nian: burujabe izandako estatu, nazio, monarkia, errepublika, sultanerri… 30 bat izango hituen, mundu zabal osokoak, beraietako askoren bandera, uniforme, pasaporte, moneta, seilu… Perejil irla ere agertzen huen, izana duk nonbait tarte batez independente edo gutxienez autonomo. Hau dena aipatzen diat bazelako bitxikeria bat: Kanadako neska batek, bere etxeko gela bilakatu zian estatu independente, 12 metro karratukoa luze-zabal, estatu bati zetxezkion osagai eta baldintza guztiekin, 12 pertsona omen zizkian herrikide. Hire liburuki berrirako bertso-poema sorta irakurtzen ari naizela garunetako kiribilen batean zereko zera zerabileat: hik ere heure nazio estatu edo errepublika propioa eraiki duk, ziega hori zaik Nazio Estatu edo Errepublika, hire-hire propioa, metro karratu ezin murritzagokoa, isolamendua dela-eta biztanle bakarrekoa eta bisitaririk jaso ezinezkoa, aldikako inbasoreena ezik. Baina hire Nazio, Estatu edo Errepublika duk. Euskara bertako hizkuntza nazionala. Hire poema eta bertsoak dituk mugarri, bandera, pasaporte, moneta, seilu, uniforme eta ezaugarri. Eta haramaten tokira haramatela, hagoen tokian hagoela, ziega biluzienean ere, biluzten bahaute ere, hire Nazio Estatu Errepublika propioa izanen duk hagoen zokoa. Aldi berean, aske izan nahi duen herri baten zati haizelako. Ezin hautelako ideia, oroitzapen, sentimendu, bizipen eta deliberamendu irmoaz biluztu. Inon ez haiz atzerritar. Ziega berri batera ekarri haute bertsoon urtean, Puertotik Cordobara, eramanen haute ere auskalo nora, baina hi ez haiz horkoa edo hangoa, hor nahiz han bahaute ere, edonora haramatela ere. Burdina goriz zigilatuta daukak herri honen ikurra eta ezin diate ezabatu. Publikatutako 450 bertso eta poemok irakurtzea besterik ez zagok.

Kartzelan gatibu 15 urteak gogoratzen dizkidak. Bertsootan ere hizki kolpez zizelatuta zeudek 15 urteok. Herri aske batez egin huen amets eta orain ametsen atzerrian, gorroto hauten morroi artean haukate, etsaiaren erpekada zaurtzaile mingarriak jasoz, debekuen labirintoan bidea ez galtzeko eginahaletan. Kartzela inguruko bertso sorta luzean, marrazten duk kartzela, sakabanaketa, isolamendua, bakardadea, sentipenak, bizipenak, gogapenak, oroitzapena… Bertso eta poemotan zeudek hire lagunak. Hausnartuak urteko gertakizun nabarmenenak. Gogoan presokide auzoak, askeak, nola ez gaixoak. Horma horien haraindi eta honaindiko pertsona ospetsu, ezagun edo apal eta ia ezezagunen gomuta. Hire barnean ez beste inon gorde ezin haizen zirrikituz betetako atzerria arren kartzela. Luzea duk etsaiaren itzala, argirik ez dagoen ziegan ere. Agian bertan luzeena. Baina ez duk begirik ixten, aldaketa egarriz begiratzen diok gizarte zabalari ziega murritzeko bakardadean: ez haute itsutu, ez haute mututu, ez haute etsipendu… Hire ziegako bidaiak dituk bertso eta poemok. Hormez haraindiko eta hire barrendiko bidaiak. Hire egutegiko egun bakoitzeko laukiak izen bat, oroitzapen bat, salaketa bat, bizinahi bat, esperantza bat zekarrek. Bakardadean, isiltasunean… berrituz berpizten hautenak. Ontza eta saguzarrak azaltzen dituk zenbait bertsotan, baina herrira jauzia egiteko tranpolina besterik ez dituk, inola ere ez gaueko amesgaiztoak. Hemen habil gurekin Urko, Kalamua, Ixua, Arrate… baita Pirinioetako ibilbideetan ere: Irati, Orhi… Gizarte honetako arazo nagusien kronika ere badituk hire bertsook: feminismoa, ebola, etorkina, zergak, gerra eta indarkeria ezberdinak, Nigeriako neska bahituak… Hire altxor preziatuen gordailu oparoa irekitzen diguk.

Hitza, hire bizitza eta arma bilakatuta. Denbora, astia, ematen omen dik kartzelak, baina kuraia duk batez ere kartzelan behar dena. Idazteko ere. Agian batez ere. Heurekin aurrez-aurre jartzen hau kartzelak, izugarrizko erronka duk haizenari erantzun behar hori: hor bai dagoela garaile edo garaituaren alternatiba bakarra. Kartzelak bere erritmo propioak markatzen dizkik, kartzelak bere bizitza propiora behartzen. Presoak berak ere, baina, bere kadentzia bere-berea dik. Zementuzko itsaso baten erdian igeri egitea duk kartzelan idaztea, edo nabigatzea, hitza txalupa eta arraun. Hire bertsoon eta poemon egutegiak ere erritmo propioa dik, ez duk kanpokoon kontaketan oinarritzen. Kartzelak mila baldintza ezberdinez zedarritzen dik bizitza: Puerton hasten duk bertsoon sail bat, 213ko irailaren 13an, eta 14ko otsailaren 23an bukatzen, aldatu hinduen arte. Kordobakoen aldia 2014ko matxoaren 2an hasten duk 2015eko martxoaren 31an bukatzeko. 39 bertso dituk Puertokoak, 102 Kordobakoak, Liburukoak orotara 141. Mendiburu eskultoreak esaten zian: datorrenean tailerrean harrapatu behar duela artista inspirazioak, lanean alajaina, geltokian zain ez dagoenak trena gal tzen duela, alegia. Norbaitek esanen dik ezinezkoa zaiola presoari tailerretik alde egitea. Kartzelan ere norberari eskapo egiteko mila zirrikitu, estakuru eta aitzakia zeudek. Idaztea, artea delarik, edozein dela generoa, lanaren ondorioa duk. Hi beti geltokian hagoela zirudik, langile nekaezin. Horrek garatu dik hire bertsogintzarako sena, ahalmen literarioa. Borondatea behar duk idazteko eta ikasteko. Kartzelan, edonon adina, edo gehiago. Agian defentsa mekanismo bat jarri huen abian idazten hasi hintzanean, baina jada harago joan duk hire idazte-jarduera. Idazle egin hau kartzelak.

Ez nauk hasiko hemen begirada kritikoz hire bertso eta poemak miatzen. Hain duk erlatiboa bakoitzaren iritzia. Bakoitz horren izaera, osagai, baldintzen, eta, nola ez, modaren araberakoa duk gehienetan idazlearena ez ezik, poema eta bertso bakoitzaren xendra, kritikoarena ere. Ez darabilk beste zenbaitzuk adina irudi eta metafora, ez diek ematen filosofoago edo pentsalariago diruditenen gain-hegazkadako goi-begirada. Agian bai. Niretzat bai. “Ni ez naiz hemengoa” izenburutu zian Sarrik kartzelan idatzitako liburu bat. Hi ez haiz horkoa hor bahaute ere, ez haiz hangoa edonora haramatela ere. Hemengoa haiz hi, hire herrikoa, Eibarkoa, Euskal Herrikoa, mundu zabalekoa. Agerikoa duk hori poema eta bertsootan. Pultsua hartzen saiatzen haiz gizarteari. Hire baldintza eta ahalekin. Herri honi atxikita jarraitzen duk, -“hain urruti eta hain hurbil” zioan aspaldiko kantu hark-, zuzen eta hertsiki herriari lotuta, basatzan gabiltzanon pena eta pozak ehoz. Bertso eta poemok irakurriz azken urteko herri honen gorabeherak aurkitzen dizkiagu. Herri honen arazoei buruzko hausnarketa dituk. “Parisen bizi naiz” duk Koldo Izagirreren azken poema liburua, Euskal Herria bada ere bere poemon muina.

Hala dituk hireak ere, Puerton edo Cordoban arren. Agian ez darabilk egitura ponposoegirik edo sinonimoen hiztegian bildutako hitz agian aproposagorik, edo errima bihurriagorik. Zenbaitzuk, aldiz, bere irudi distiratsu, esamolde bikain, hitz eder eta perpausa potoloekin izartegian bezala zebiltzak lurraren biran, espazio-ontzi batean bezala, gainbegiratuaz so eginaz gure lur arrakalatu honi, lurreratu gabe. Herri honen eta herritarron poz, amets, ahalegin, ahal eta ezinez ari haiz. Gizarte honi hertsiki lotutakoak dituk hire bertso eta poemak. Gu bakoitzaren hausnarke- tarako ataka zabaltzen diguk, baikortasunari leihoa. Hori duk garrantzitsua, hire bertsoei darien ekarpen nagusietako bat.

Kanpora atera denak baino barruan dagoenak behar omen dizkik hurbiltasuna, animoak, txera, eskerrona, besarkadak, aurreskuak, lore-eskaintzak, irakurri diat: hik heuk eskaintzen diguk hori dena eta gehiago bertso, poema, eta batez ere hire jarrerarekin, barrutik kanpokooi. Joxe Austin Arrietari irakurri zioat: “Han izanik hemen haiz”, eta “Gugan dirakik, gugan diraukek”. Eskerrak guztiagatik. Hirekiko eskerrona eta aldi berean omenaldia duk hirugarren liburuki hau. Segi ezak idazten, poeten uharan, bertsolarien abaroan, bizirik hagoela esaten diguk, arnasa betean, inola ere ez arnasbeteta, arnas luzekoa baihaiz. Itxaropena eta bizipoza oparitzen dizkiguk. Nire lan mahaiko ertz batetan zagok iazko liburukia, liburuen apalera pasako duk hirugarrena eskuratzen dudan unean. Gogoko diat poesia eta badiat poema liburu sorta xume bat: abizenen ordenak hala aginduta, Miranderen ondoan tokatu zaik egotea.

Nonbaiteko toles-gune batetan zimiko egiten zidaan galdera nian bertsook irakurtzean: eguzki faltarik ez dik izango patioan, baina ikusi ote dik aspaldi ilargi betea? Azken-aurreko bertsoan eman didak erantzuna. Hire gordailua zabaldu diguk, hire altxorrik barneenak erakutsi, denok aberastu gaituk, batez ere hireganatu.

Eutsi goiari, Ibon.



IBON MUÑOAREKIN, “BIDEAN GAUDE, AURRERA GOAZ, JOAN ZIRENEKIN” LIBURUAREN AURKEZPENEAN
MAIATZAREN 18AN AURKEZTUKO DUGU IBON MUÑOAREN “BIDEAN GAUDE, AURRERA GOAZ, JOAN ZIRENEKIN” LIBURUA
AUZOLANEAN MUNTATUKO DUGU IBON MUÑOAREN HIRUGARREN LIBURUA

Ametsen txokoan bizi naiz
Ainarak herrira itzuliko dira

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

[GARA] Mikel Antza: Une oro dut gogoan gatazka gogor bateko protagonista naizela. Nik soilik dakit nire baitakoa

2016 10 uztaila

→ GARA [naiz.eus]: «Une oro dut gogoan gatazka gogor bateko protagonista naizela. Nik soilik dakit nire baitakoa»

MIKEL ANTZA. IDAZLEA ETA EUSKAL PRESO POLITIKOA

Literaturaz hasi eta analisi soziopolitikoan jarraitu du Mikel Antzak (Donostia, 1961), militantzia eta letren soka ezin askatuan. Reau-ko espetxetik igorri ditu gogoeta zenbait, «Ametsak ere zain» (Susa) poema liburua aitzakia hartuta.

«Une oro dut gogoan gatazka gogor bateko protagonista naizela. Nik soilik dakit nire baitakoa»

Ariane Kamio

IKASI
«Kartzelatik ateratzea jaiotza berri bat bezala irudikatzen dut, alegia, berriro oinez ibiltzen ikasi beharko dudala iruditzen zait»

AMETSAK
«Ametsak zain edukitzeak salbatzen gaitu etsipenetik eta gure kabuz aldatzen ez duguna aldatzera ez da beste inor etorriko»

Aime Cesaire-ren «Cahier d’un retour au pays natal»-ek zure baitan lotsatuta zegoen ahotsa esnatu zuela esan izan duzu. Zein zentzutan? Ze ahotsez ari zara?
“Atzerri” eleberriaren oinarrian Ferdinand Celineren “Voyage au bout de la nuit” irakurketa egon bazen, oraingoan Aime Cesairek bultzatu zidan bizitzari begirada kritikoz begiratu eta sentitzen nuena transmititzera. Bere “Cahier d’un retour au pays natal” irakurri ahala urtetan pilatutako geruza uger eta herdoilak garbitzen zizkidan sentsazio euforikoa sentitu nuen.

Aime Cesaireren liburua errebelazio bat izan zen niretzat. Aurrena, jatorrizkoan irakurri nuen, eta ondoren Iñigo Aranbarrik Munduko Poesia Kaieretarako egindako itzulpenean, sentimendu bertsuak sortuz nigan. Jaioterrirako itzulerarekin hausnartzen hasi nintzen. Zer ote nuen esateko, zer esateko betebeharra nuen. Atzerriari buruz aritu ondoren, jaioterrirako itzulera garaia zela irudikatu nuen. Eta itzulerarako prestaketa horretan Euskal Herriak bizi duen gatazkari buruzko hausnarketa, kezka eta galderak ez ezik Mendebaldeko jendarteari buruzkoak ere sartu nituen bidaia-poltsan. Iruditzen zait, XXI. mendean ihesean dabilela Mendebaldeko gizakia deritzona, bere patu iluna ahantzaraziko dion edozeren bila, bizi dugun errealitateari buruz hausnarraraziko digunik ez dugula nahi… Bizitzari ihes eginez bizitzea bihurtu dugula arau.

Zure lehenengo poesia liburua da «Ametsak ere zain». Hamar urtetan egindako lana. Ia zure espetxealdi osoa…
Poemak idatzi izan ditut kartzelaldi hasieratik ia, baina ez dut espetxealdi osoa poemak idazten igaro. Egoera berezietan eta une zehatz-zehatzetan idatzi ditut. Atxilotu nindutenez geroztik, idaztea izan dut maiz komunikatzeko modu bakarra. Etxartetik bueltan, han ikusi, entzun, hausnartu edo sentitutakoa hitzetan jartzea zeregin berezkoa izan zen bakartuta eduki ninduten lehen aldian. Gatibutzaren desolazioa azaltzeko, nire barnekoa islatzeko tresna izan dut poesia.

Erreka moldeko poema luzeak dira. Zergatik estilo hori?
Aime Cesairek du horretan ere ardura. Bere liburutik ez nuen jaso soilik gaia eta doinuarekiko askatasuna, erreka moldeko poema luzeak, murgildu eta eramaten duten horietakoak, idazten hasi eta emari horri aurretik idatzita nituen solte, zurtz eta biluzik zeuden aleak eransterakoan zentzu osoa hartzen zutela ikusi nuen.

Bestalde, poema erreka horiek askatasunaren metafora dira niretzat, arau eta neurriz betetako mundu honen baitan nire baitako musikari libre ateratzen utzi nion. Askatasun erabatekoa eman nion ere nire buruari handik eta hemendik poema eta kanten erreferentziak hartu eta sampleatzeko, gure herriaren iragan hurbilean, gure borrokaren musika banda osatu duten pasarteak hartuz eta moldatuz. Askotan teoria handiek bezainbeste edo gehiago lagundu diete kanta eta poemek Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokari. Jon Maiak maisuki islatu du hori berriki.

Maitasunaz ari zara. Zenbateraino biluztu da Mikel Antza liburu horrekin?
Tira, Mikel Antzaren biluzteak ez du garrantzirik; kontua litzateke zenbateraino biluztu duen Antzak Albisu liburu horrekin. Mikel Albisuk dituen kezka eta gogoeta asko agertzen dira bertan. Gaur egun, poema bidez baino ezin ditzaket azaldu hausnarketa eta sentimendu batzuk.

Une oro dut gogoan gatazka gogor bateko protagonista naizela. Nik soilik dakit nire baitakoa. Eta batzuek nahiko lukete egindakoaren damua ala berreste gotor bat. Gertatutakoa desgrazia bat izan da ikuspuntu askotatik; baina era berean, ezinbestekoa eta zoriontzekoa ere izan dela uste dut. Kontraesankorra da, eta nire ustez gure iragana horrela onartu behar dugu, guztion kontraesanekin, guztion egiekin. Gezurrik eta harrokeriarik gabe. Hemen denok egin dugu ahal izan duguna, eta norberak badaki zerk bultzatuta aritu den. Damua eta barkamena eskatzea bihurtu dira totem berriak, baina aurrera egiteko baino gauzak dauden daudenean uzteko erabiltzen diren amarruak iruditzen zaizkit.

Horrela diot liburuan: «Damua eta barkamena nahi al dituzue? Odol guztiarengatik, haienagatik eta gurearengatik? Geure pozengatik bezala, geure penengatik ere?». Entzuten dudanean «hobe ez balitz gertatu», gogoetatsu gelditzen naiz, zer da gertatu behar ez zuena? Noiztik? Iragana aldatzerik ez baitago. Ekidin daitekeen bakarra etorkizunean ez errepikatzea da.

«Intro», «Bellum», «Carcer», «Mors», «Invictus», «De Profundis». Klasikoak poema bakoitza izendatzeko.
Ohartu nintzen nire kezkek eta hausnarketek bazituztela gai nagusi batzuk eta infernurako eta heriotzarako bidaia baten moduan antolatu nituen: sarrera, gerra, kartzela, heriotza, garaitu gabea eta ihesa. Izenburuak latinez ezartzearen arrazoia Mandelak kartzelako une latzetan errezitatzen zuen “Invictus” poeman dago. Gainerako atalak ere latinez izendatzea bururatu zitzaidan. Lehen atalaren izenburuarekin Lou Reedi omenalditxoa egin nahi izan diot.

Barrura begira jarri zara? Kanpora botatzeko gogoeta bat da? Biak batera?
Barruan nago eta kanpora begira bizi naiz. Eta barrura begiratzen dudanean kanpokoa bilatzen dut. Kartzela murruen barnean bizi gara. Gizakiak eraikitako mundu itxi batean. Tarteka, ondo zaindutako ibilgailuan ateratzen gaituzte, epailearenera, ospitalera… Horietako irteera batean ikusi mundu hitsak abaildu ninduen. Negua zen eta elur zikinez estalita zeuden errepideak, auto-pilaketan harrapatutako gidariei begiratzen nien eta izugarrizko errukia sentitu nuen haien zorigaitzagatik. Kanpoko bizimodua ulergaitza egin zitzaidan. Ez nuen ulertzen nora zihoan jende hori guztia batetik bestera, bakoitza bere ibilgailuan isolatuta, amorratuta, triste. Natura hila begitandu zitzaidan hor kanpoan gizakiak sortutako antolaketa. Kartzela handia eta kartzela txikiarenaz gain, mundua bera xehatu eta galzorian jarri du gizakiak. Mundua, natura deseginez ez ote dion erronka egiten jainkoari, salba dezan, edota ez ote duen mendeku hartzen, jainkorik ez dagoelako.

Gizakiak, natura menperatu ondoren, sinistu nahi du berak kontrolpean ez duen indarren batek salbatuko duela hondamenditik. Lehengoan, kartzelan lehen aldiz 17 urterekin sartu zutenean heriotzara zigortutakoak ezagutu zituen preso zahar batek kartzela gaineko zeru laukituan agertu zen abioiari begira hasperen egin zuen esanez jadanik ez dagoela munduan ezkutatzeko herrialderik, ihes egiten duena harrapatu egiten dutela. Horixe da gizakiari gerta dakiokeen txarrena, esperantza galtzea. Eta hori ere adierazi nahi izan dut. Ametsak zain edukitzeak salbatzen gaituela etsipenetik eta gure kabuz aldatzen ez duguna aldatzera ez dela beste inor etorriko.

«Hau al da egin behar dudana? Poemak idatzi alde batera utziz…». Kezka, ezinegona eragin dizu inoiz espetxean idazteak?
Ez. Nire kontraesana da. Idaztea da ororen gainetik egitea maite dudana. Baina bizitza guztia daramat idazteari ihes eginez beza la, sorkuntzaren unea atzeratzeko aitzakia bila. Une bakoitzean nire ustez zegokidana egin dut, eta horrek literaturatik urruntzea ekarri dit. Ez dut uste jadanik gai izango nintzatekeenik literatura idatziz bizitzeko. Baina ezingo nuke ere literatura idatzi gabe bizi. Ez dut nire konpromiso militantearen eta literaturaren arteko auzia askatzea lortu.

Labirintoko irteera marrazteko gai zara letrekin?
Ez dago labirintorik, guk eraikitzen dugunaz gain. Ez dago beraz labirintoko irteerarik guk asmatzen dugunaz gain. Guztion artean eraiki dugun labirinto horren irteera aurkitzea ere ekintza kolektiboa da. Eta zer legoke labirintoaren irteeran? Nik ez dut sinesten badagoenik paradisurik gizakiaren zain, ez zerukorik ez lurrekorik. Ez dut uste ere gizakiak inoiz «paradisua» edo egoera ideal eta perfekturik ezagutu duenik ezta ezagutuko duenik ere. Paradisua eguneroko bizitzan dago, eguneroko ahaleginean, bizitzaren ederrean, elkarlaguntzan, ekimen bat egiteko bat egitean, munduko bidegabekeriari aurre egitean. Hitzak, hausnarketen gauzatze eta islatze diren heinean lagungarri baino ezin dira izan borroka horretan.

Ez da beti literatura ihesaldi edo ihesbide. «Generoz aldatuta ere ez dut lortzen kartzelatik irtetea. Iheserako nahi nukeen literaturak bertara nakar behin eta berriro».
Azkenean, norberak ongien ezagutzen duenaz idazten baitu. Bestelako gai batzuei buruz idazteko dokumentazio lan handia egin beharko nuke. Eta, honezkero, iruditzen zait ezinduta nagoela hor kanpoko eguneroko bizitzari buruz idazteko, nolabaiteko literatura errealista egiteko.

Kartzelak erabateko etena ekartzen du eta kartzelan naukaten hamabi urteotan kon turatu naiz nola aldatu den kanpokoa. Iragan mendean aldaketa handiak gertatu ziren, baina mende honetako lehen urteetan gertatu direnek eguneroko bizimoduan eta jendearen harremantzeko moduan izan dituztenekin alderatzekorik ez dutelakoan nago. Ikusten dut, adibidez, kartzelara ekarri berriek nolako lotura duten mugikorrekin, beren gorputzaren eta izaeraren luzapen fisikoa bailitzan. Kanpoko munduaz idaztea baino errazagoa litzaidake zientzia-fikzioa idaztea, eta hori ere mundua suntsibidean jarri ondorengo Erdi Aroko mundu distopiko bat irudikatuz izan beharko luke. Whatsapp, Twitter, Facebook, eta horiek guztiak Iruña-Veleiako ostraketako idazkunak bezain arrotz zaizkit.

Zertarako idatzi?
Norbaitek irakurtzeko. Edo Beckettek zioen moduan, arnasa hartzeko. Azkenaldian itolarria sentitzen dut.

«Euskal jendarteak lortu beharko luke, estatuen borondate ezaren gainetik bada ere, gertatutakoaren argipena egitea»

Iraganarekiko kritika eta iraganarekiko samina bateragarriak al dira?
Arazoa ez da kritika eta samina bateratzea, baizik eta gertatutakoaren arrazoiak ulertzea eta kausa horiek gaindibidean jartzea. Saminean eta kritikan oinarritzen den inongo programak ez du aurrerabiderik izango. Gainera, horretan ari direnek badakite. Eztabaida politikoa infantilizazio maila harrigarrira eraman dela ikusten dudanean harritu eta tristetu egiten naiz: «gaizki egin dut» eta «ez dut berriro egingo». Hemen, mundu guztiak pentsatzen du egin behar zuena egin zuela. Akatsak egin dituenak, akats horiek justifikatu egiten ditu, baldin eta damutzen ez bada, noski. Besterik da, sortzen saiatzen ari garen baldintza berrietan, lehenago agertu ez zitezkeen hurkoarenganako samin eta dolu zintzoak agertzeko aukera egon daitekeela. Tamalez, iruditzen zait 90eko hamarraldian euskal jendartea zatitzeko erabili zen «demócratas y violentos»-en bertsio berritu bat bizitzen ari garela. 36ko Gerraren ostean, garaileek bakarrik ohoratu ahal izan zituzten beren hildakoak. Galtzaileak oraindik bide bazterretako zuloetatik ateratzen ari dira fusilatutakoen hezurdurak. Valle de los Caídosera eraman zituzten Errepublikaren eta Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu ziren askoren hezurdurak ere, nahas-mahas.

Biktimen afera hor dago.
80 urte beranduago, ordukoak oraindik argitu gabe daudenean, «biktima» izendapenaren labelaren enkante nahiko tristea ikusten ari gara. Kapitalismoak guztia neurtu eta salneurria jartzeko duen berezko joera horri neurgarria ez den eremuan sartzen utzi zaio. Ez zait iruditzen konpentsazio ekonomikoa denik beren hurkoa galdu dutenek behar dutena. Biktimak sailkatu eta ordain ekonomikoaren desberdintasunekin batzuk beste batzuk baino «biktimago» bihurtzen ditu errelato ofizialak. Azalpen arrazionalak eman behar dira gertatutakoaz. Irudi luke ETA desegitea eskatzen dutenek, hain zuzen ere, gertatu denari buruzko azalpen horiek entzuteari egin nahi diotela itzuri, beraiek ere eman behar dituztenak ez ematearren.

Beste asko eta asko bezala gure aita ere torturatu zuen Meliton Manzanas «biktima» bat da ere (eta, agian, gure aita ere onartuko dute biktimen zerrendan. Eta nik ez nuke nahi egunen batean biei batera egin diezaieten omenaldirik eraikitzen ari diren edo garen Valle de los Caídos berri eta birtual horretan). Bitartean, garondoan bertatik bertara emandako tiroz Guardia Zibilak fusilatutako Lutxi Urigoitiaren oroimena gordetzen duten herritarren borondatea kartzela mehatxupean bihurritzen darraite.

Irakurketa kritikoak behar dira?
Nik ez dut uste merezi duenik Espainiako Estatuari egindakoaren «irakurketa kritikoa» egin dezala eskatzea; alferrikakoa litzateke gainera, begira, oraindik Gernikako bonbardaketagatik barkamena eskatu ez badute… Espainiako Estatuko agintariek jakingo dute zer egin behar duten. Aldiz, ETAk eta ezker abertzaleak egindakoari buruzko azalpen zabala eta zehatza zor dio Euskal Herriari, eta dagokionean, nola ez, bere ekinbidearen ondorioz kaltetuak izan direnei. Hori egiteko baldintzak sortzen ez diren bitartean bakeaz eta bizikidetzaz hitz egitea ariketa borondatetsua izango da, baina ez da izango gertatutakoa gainditu eta irabazle eta garaiturik gabeko jendarte adiskidetsuago batean bizitzeko modua.

Arnaldo Otegiren askatasunaren biharamunean bakea berriz sartu zen denon belarrietara. Zu, odolaz ari zara, oraindik apenas heltzera ausartzen ez garen gaiaz.
Zentzuzko gauzak eta indar handiz esan ditu Arnaldo Otegik kartzelatik atera denez geroztik. Aurreko galderaren erantzunarekin lotuz, Reauko kartzela urrun honetatik, iruditzen zait ez dela «odolaz» hitz egin nahi, oso gai minbera baita. Ez dut uste ausardia kontua denik. Estatuek eta bere alde aritu direnek ETAk borroka armatua utziz geroztiko jokabidearen arabera ulertzen dena da ez dutela iragana argitu nahi. «Argitu gabeko ekintzez» mintzo direnean mendeku bila dabiltza, gatazka gainditzeko oztopo berriak jartzen dihardute.

Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu garenok eragindako kalteak eta minak egiletza ezagun eta aldarrikatua du, eta gainera, ongi garesti ordaindu dute ekintzak bere gain hartu dituen antolakunde horretako kideek. Preso bat kaleratzearen pozak min ematen die batzuei, ez dute pentsatzen beren estatuak ezarritako zigorra bete eta askatasunerako eskubidea duenik, eta bera maite dutenei poz eta zorion hori agertzea debekatzen diete. Atzerako ispilu deformatu batekin aurrera egiten saiatzen daramatzagu azken urteak, eta horrela ez dago aurrerabidea aurkitzeko modurik. Horregatik, “Bellum” atalean, aipatzen ditut Vic eta Lliça d’Amunt. Euskal jendarteak lortu beharko luke, estatuen borondate ezaren gainetik bada ere, azken mende erdian gertatutakoaren argipena egitea; gaur egun zinez zaila gertatzen ari dena, oraindik ere ardura indibidualarekin epaitu nahi delako ardura kolektiboa izan zena, eta ardura kolektiboa diodanean ez naiz ari jendarteko alderdi zehatz bati buruz, jendarte osoaz baizik.

Idaztea jolastea da, idaztea askatzea da. Minik eman dizu inoiz buruak askatu duen hori irakurtzeak?
Ez.

Zenbat filtro jartzen dizkiozu zure buruari?
Segur aski mordo bat.

Espetxetik jaso duzun onena da literatura berreskuratzea?
Espetxeak ez dit ezer onik eman. Espetxeak bizia ez beste dena kendu dit, alegia askatasuna. Espetxea ez da, hala ere, nire bizitzan etenaldi bat. Espetxea, lehenago atzerria edo sasiko bizimodua bezala, nire bizitzako baldintzapen bat bezala hartzen dut. Literaturari dagokionez, bizitzan bezala espetxean ere aurrera egiteko baliabidea izateaz gainera, espetxeak berak jartzen dizkidan mugei aurre egiteko erabili ditudan borroka-tresnen arteko beste bat izan da. Bortxa ez beste baliabide guztiak erabili ditut espetxean bizirauteko, gose eta egarri grebak, itxialdiak, plantoak, borondatezko zigor-ziegaratzeak, zigor-ziegatik irteteari uko egitea, gutunak eta propaganda, afixekin ibili, elkarretaratzeak, ikasketak burutzea jarritako oztopo guztien gainetik, oihu bidez, ziega batetik bestera komunikatzea, irrintzi eginez eraikin batetik bestera, ispilua erabili dut, orrietan idatzitako alfabetoa hizkiz hizki mezuak josteko… eta literatura. Berriro ere argitaratzeak aspaldiko ezagunekin eta ezagutzen ez ninduen jendearekin komunikatzea ahalbidetu dit.

Eta espetxetik kanpo, zer?
Espetxean denbora puxka bat eman duenari hor kanpoko bizimoduak beldur pixka bat ere ematen dio. Hor kanpokoa kartzela erraldoi gisa ikustera ere iritsi naiz: «Aurkitu dugu gotorlekua eta ez dakigu nola egin hemendik irteteko; nora irten ordea? Eta zertarako ikasi dugunez geroztik hor kanpoko errealitatea hemen barrukoaren ispilatzea besterik ez dela?». Ez ote gara denok kartzela handi batean bizi, dena arau eta betebehar? Ez al dugu gure ingurunea hil? Galdera horien erantzuna aurkitzeko irrika bezatua daukat. Liburuaren amaieran “De profundis” atalean zain ditugun amets horien bila abiatzen garela irudikatu nahi izan nuen. Josu Landak, Itziar Castrillok eta Gotzon Barandiaranek liburua oinarritzat hartuta apailatutako errezitaldia amaitzeko atal hori bals moduan moldatu zuten. Kartzelatik ateratzea jaiotza berri bat bezala irudikatzen dut, alegia, berriro oinez ibiltzen ikasi beharko dudala iruditzen zait.

Zentzu literarioan, beldurrik bai?
Ez dakit zer idatziko dudan, proiektu mordoxka badut hasita, “Intro” ataleko «hau al da egin behar dudana?» galdera existentzialaren lelopean bazterrean utzita. Badakit badagoela zertaz idatzi beharko nukeen iritzi sendoa duen jendea, eta alde horretatik seguru dezepzionatuko nituzkeela. Beste auzia astiarena da. Aurkituko ote dut hor kanpoan idazteko tarterik? Seguruenera, kanpoan ere kezka berarekin jarraituko dut egin behar dudanaren inguruan!

Askatasunetik…
Dena! Beti!

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

[Bideoa] Pello Mariñelarenak espetxean egindako lanak, gaixorik diren presoen egoera erakusteko

2016 10 ekaina


→ ahotsa.info: Arte para denunciar la situación de los presos políticos enfermos

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

[BIDEOA] ARTE DELA MEDIO: Oihana Garmendia eta Itziar Morenoren erakusketa.

2016 19 maiatza

→ Eraikiz Kolektiboa web orria / youtube bideo kanala

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Ibon Muñoarekin, “Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin” liburuaren aurkezpenean

2016 19 maiatza

Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin

Atzo aurkeztu genuen Eibarko Beleko tabernan Ibon Muñoaren hirugarren liburua: Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin. Ibonen Muñoaren urtebetetzea ere bazen atzo, eta zorionak bidaltzeko talde argazkia egin ondoren, liburua egiteko auzolana erakusten duen bideoa ikusi genuen. “Opariaz” hitz egin genuen, oparia liburua irakurtzea dela, eta azken batean irakurketaren hartu-emanaren oparia dugula, Ibonentzat eta irakurlearentzat.

Jon Etxabek, liburuko sarreraren egileak, konparatu egin zuen kartzelan idazteak pintorearen sorkuntzarekin eta azpimarratu zuen kartzelan liburu bat idazteak dakarren lan eskerga.

Iñigok Ibonen gutuna irakurri zuen, eta guztion artean kantatu genuen “Ametsetik esperantzara eta, gero zurekin atseginera” liburuko bertsoa.

Eta amaitzeko Oier Gonzalez eta Markel Oramazabalek “Burdin hariak eta plastikozko goilarea” kartzelari buruzko gogoeta musikatua bizitzeko aukera izan genuen.

Gero arte modukoa ere izan zen atzoko aurkezpena, bertan jaso genituelako Ibonen hurrengo liburua osatuko dituzten bertso koadernoak, ohi bezala eskuz eta txukun idatziak.

Hori hurrengorako izango da baina. Orain, liburua hartu, eta irakurtzen hastera goaz. Opari bat.

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta, Kordobako espetxetik

Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin liburuaren aurkezpena eta 58. urtebetetze eguna zuekin konpartitzeko, mahaiaren aurrean eseri naiz. Sorkuntzan aritzen naizenean bezala, leihoaren burdin saretik, bost metrora dagoen hormari begiraari natzaio.

Goian eguna oskarbi hasi denez zeru zerrenda estua urdin dago. Hormaren gaineko txarrantxetan hormatxoriak txioka ari dira. Zorura botatzen dizkiegun ogi apurren zain daude.

Hau da ziegako orduetan nire eguneroko ikusmira. Hormari begira zuekin akordatzen naiz ordea. Horri esker musak niregana sarritan etortzen dira.

Mahai honetan sorkuntza gehienak zirriborratzen ditut. Gainerakoak patioan edo salan. Ondoren gainerako zirriborroekin karpetan elkartzen ditut. Beran lotan egoten dira. Euren astea iristen denean esnatzen ditut. Astelehenetik hasita domeka arte aukeratutako sorkuntzarekin jolasean aritzen naiz. Zuek etengabe gogoan zaudetela, berregiten, dotoretzen eta orrazten ditut.

Domekan sorkuntza amaitzen dut. Astelehean kideei aurkeztendiet. Bertso sorta bat denean kantatuz. Bestela irakurriz. Euren iradokizunak entzunda zuzendu beharrekoa mahai honetan zuzentzen dut.

Egunean Ataramiñeri bidaliko diodan kaerean idazten dut. Eta guar ereindako hazien uzta zuen aurrean dago.

Hormen barruan ezin dela idatzi esan ohi da, bertan kartzela baino ezduzulako ikusten. Eta isolamenduan gutxiago oraindik. Eta Euskal Herritik kanpo nekezago.

Ezlekua ez da tokirik egokiena etorriak ingura zaitzan. Zorionez zuen elkartasunari esker kartzelaren miseriak ahazten ditut. Sorkuntzan aterpetzen naiz, Atmetsen Txokoan zuekin plazerez batzeko.

Nire atseginaren eta biziguraren iturburua zaretelako, gaur zuekin hitz egiteko aukera izan dut. Eskerrik asko urtebetze eguna nirekin ospatzeagatik.

Maitasunez agurtzen zaituztet.

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta, Kordobako espetxetik

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Maiatzaren 18an aurkeztuko dugu Ibon Muñoaren “BIDEAN GAUDE, AURRERA GOAZ, JOAN ZIRENEKIN” liburua

2016 15 maiatza

Maiatzaren 18an, asteazkenarekin, aurkeztuko dugu Ibon Muñoaren hirugarren liburua: Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin. Eibarren izango da, Beleko tabernan, 19:00etan.

Liburuaren aurkezpenarekin batera Oier Gonzalez eta Markel Ormazabalek BURDINAZKO HARIAK, PLASTIKOZKO GOILARA ETA MAITASUN LUBRIKATUA kartzelari buruzko gogoeta musikatua eskainiko dute.

Aurkezpenak badu beste ezaugarri berezia: maiatzaren 18a Ibon Muñoaren urtebetetzea ere bada. Hartara, beretzat oparia, eta guztiontzat ospakizuna.

Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin liburuko irudiak Mikel Zarrabek egin ditu, eta hitzaurrea Jon Etxabek.

Bestela liburu honen edizioa berezia izan da Ataramiñerentzat. Irrintzi inprenta alternatiboan inprimatu eta auzolanean muntatu genuen Eibarren hilaren 7an. Prozesu hori jasotzeko ondoko bideo hau egin dugu

RSS literatura koadernoak ataramine

Share
« Mezu berriagoakMezu zaharragoak »