[GARA egunkaria] Euskal preso politikoek literatura lan kolektiboa kaleratu dute

2017 3 abendua


Argazkia: Monika DEL VALLE | Argazki Press

→ naiz.eus: Euskal preso politikoek literatura lan kolektiboa kaleratu dute

Euskal preso politikoek literatura lan kolektiboa kaleratu dute

Jende askoren lan kolektiboarekin sortutako emaitza da Ataramiñe. Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak eman ditu argitara 2002tik. Espetxean idatzitako lanak biltzen ditu aurtengoak.

PATXI GAZTELUMENDI|BILBO

«Egileek ezin izan dute etorri»; hori esanez aurkeztu zuen Mitxel Sarasketak aurtengo espetxeetako uzta. Lau liburu esku artean, eta urtean zehar bildutakoaren emaitza kaleratu du berriz ere Ataramiñek. «Hainbat jenderen eskuetatik, kartzelariek harrapatzea ekidin duten testuak dituzue hauek» esanez eskertu nahi izan zituen lanok argitaratzeko izan den konplizitate eta lan eskerga guztia. «Ezkutuan gordetako berbak dira hauek, eta batzuetan lanak ere galdu egiten dira bidean», ohartarazi zuen espetxean 20 urte emandako editoreak. «Kartzelan asko idazten da, eta genero nagusia gutunak dira, presoa beti dago idazten. Bizirik egoteko, komunikazioan eta idazlanetan bizi da presoa, bizitzaren borrokan», zehaztu zuen Sarasketak.

Bilboko Biba kulturgunean, preso idazleen argazkien aldamenean lau liburu eta bi berri pozgarri eman zituen: «Idazteak askatasuna ematen du, eta Ataramiñen idatzi duten beste bi preso ditugu gure artean: Ekhiñe Eizagirre eta Jexus Mari Zalakain».

Azken honek kartzelako bizipenak kontatu ditu “Errezel berdeak” lanean. “Egin” egunkariko kontseilukide izan zenak zortzi urte eman ditu espetxean, eta tarte horretan lau liburu idatzi eta plazaratu ditu: bere “Kartzelako kronikak”, katalanetik euskaratutako Nahar El Hachmiren “Azken patriarka” eta Josep Plaren “Kale estua” eta atzo aurkeztutako “Errezel berdeak”.

“Udaberrian biziko gara” Ibon Muñoaren laugarren liburua da. Orain ere bertsoak idazten eta argitaratzen jarraitzen du preso eibartarrak. 130 bertso berri argitaratu ditu aldi honetan Muñoak, 2015eko ekainaren 7tik 2017ko urtarrilaren 15era artean Kordobako espetxean sortutakoak. Bertso guztiak zenbakiz hornituak ditu presoak, eta lau liburuen artean 580ko bertso sorta osatu du dagoeneko.

Kartzela ezberdinetatik sortu dute liburua Xabier Ugartek eta Kepa Etxeberriak ere. Bertsoak batek eta marrazkiak besteak. Eta bien emaitza da Axelko eta Otsokoren fabulari buruzko haurrentzako bertso eta marrazki bildumatxoa ere.

Euskal preso politikoen lan kolektibo hau Durangoko azokan izango da. Eta Ataramiñek 2002ko negutik egin ohi duen gisan, aurkezpenak eta lagunarteko hitzaldi eta irakurraldiak ere egingo ditu aurrerantzean. «Urte hauetan guztietan batu eta kaleratu ditugun lan hauek kartzelako historia batzen dute, gure apalategietan ditugun istorio labur eta luze hauekin».

Oier Gonzalez Bilbatua Ataramiñeko kideak adierazi zuenez, liburuotan «preso politikoen kolektiboaren ibilbide afektiboak batzen dira». Ilustrazioak, kartzeletako kronikak, poemak eta marrazkiak, espetxeetako ibilerak eta ametsak libre kontatzeko. Kaleratzeko.

Share

Alfonso Etxegarai, “La Guerra del 58”

2017 2 abendua

La guerra del 58
Alfonso Etxegarai Atxirika
Hitzaurrea: Joseba Sarrionandia
Txalaparta, 2017

En un momento en el que el relato del conflicto se ha convertido en el conflicto por el relato, desde su deportación en Sao Tomé, Alfonso Etxegarai conversa con su sombra, el camarada Itzal, sobre el idealismo; los muertos; la honestidad revolucionaria; la estructura mili, la poli-mili y la mili-poli; la guerra sucia; el arrepentimiento y otros muchos temas en este libro directo y honesto. Nos relata con poética sinceridad su implicación en la Guerra del 58 sin tratar de convencer a nadie de su verdad y, más importante aún, sin falsearla, porque, como dice Joseba Sarrionandia en su prólogo: “no hay dos relatos sobre el conflicto, ni tres, sino muchos más. Tantos como sujetos dispuestos a examinar las condiciones de su existencia y buscar la posibilidad de cambiar las cosas”. Y es que, como dice Alfonso, “nos van a quedar las palabras”.

No es de extrañar en este pueblo de bertsolaris que “salimos de la Guerra del 58, sí, un poco improvisando, pero seguimos aquí, haciendo, escribiendo y compartiendo una lucha que sigue, que seguirá porque tal actitud está en la magia de los pueblos que sueñan con su libertad”.

ALFONSO ETXEGARAI

Regresar a Sara
Alfonso Etxegarai

Argitaletxea: Txalaparta. 200 orr.

Regresar a Sara (EZ DAGO OSORIK)

Zer egiten dute hainbeste euskadunek hamar urte baino gehiagoz konfinatuta Hirugarren munduko hainbat herritan? Erantzuna, liburuaren izenburuak dioen bezala, honako hau: euskal deportatu politiko baten testigantza irakurtzeko gonbitea.

Sagarren denbora
Dokumentala
Zuzendariak:Josu Martínez eta Txaber Larreategi.
Gidoia: Josu Martínez eta Txaber Larreategi.
Ekoizpena: Txema Uriarte eta Haizea Belza.
Argazkia: Hibai Castro.
Musika: Arkaitz Miner, Ruper Ordorika, Maddi Oihenart eta Eñaut Etxamendi.

→ Sagarren denbora TRAILERRA 04:47 [youtube.com]
→ Sagarren denbora OSOA 01.07.36 [argia.eus] [vimeo.com]

Kristiane Etxaluz xiberotarra eta Alfonso Etxegarai bizkaitarra ezohiko bikotea dira. Biak gaztetik lotuak Euskal Herriaren askapenerako borrokari, beren maitasuna sorterritik 7.000 km-tara bizitzera kondenatuta daude, Alfonso Afrikako irla tipi batean baitaukate aspaldi, deportaturik. Baina erbesteak erbeste, Bidasoaren Herrian dauzkate biek begiak eta sagarren denboran bihotzak; oraindik iristear den sagarren denbora emankorrean.

Hitzezko txalupak
Alfonso Etxegarai / Josu Martinez

Argitaletxea: Elkar. 2011.

Osabari gutunak. Bloga

Ez dira botilan sarturiko mezuak: itsaso eta lur urrunak zeharkatu bai, baina ez dira bidean galtzen, badakite nondik datozen eta nora doazen. Josu Martinezek eta Alfonso Etxegaraik gutunak idazten dizkiote elkarri, eta bide batez irakurle orori. Norbere bizimoduaz idazten diote batak besteari: eguneroko gorabeherak, pozak, ilusioak, minak… Baina, aldi berean, gure herriaren egoerak kezkatzen ditu: bere buruaren jabe izan nahi eta bizirik irauteko borrokan dabilen herria, bidegurutze historiko batean dagoena, kontraesanez eta zalantzaz josia.

→ facebook.com: Alfon Etxera

Share

[Hamaika telebista] Ataramiñek aurtengo lanak aurkeztu ditu

2017 1 abendua

Share

Belen Gonzalez – Kepa Etxeberria “ZIMAREN ABENTURAK”

2017 27 azaroa



Zimaren abenturak

Belen Gonzalez Peñalva
Irudiak: Kepa Etxebarria Sagarzazu
Ataramiñe, 2007.
Neurriak: 18 x 18 zm.
120 orrialde

→ naiz.eus: Fallece Belen González, representante de ETA que negoció con dos gobiernos españoles

Share

Ataramiñe’17

2017 20 azaroa

Ataramiñe’17
Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak
2017
Neurriak: 15 x 21 zm.
163 orrialde.
Azaleko irudia: Itziar Moreno

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk


Aurkibidea

Ataramiñe Hitzaurrea
Karlos Cristobal Martinez Bidaia
Aletxu Zobaran Arriola Poemak eta beste
Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre Poemak
Fernando Alonso Abad Crisis en Sabin Etxea
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta Bertsoak
Lasarte-Oriako VII. Errezitaldia Zentroa eta periferia
-Aitzol Iriondo Iarza Zentroa eta periferia
-Jabi Gallaga Ruiz Gutuna
-Olatz Lasagabaster Anza 1984. 2016. Waswalito. Alacant
-Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre Bazterreko ahotsak
Marrazkiak
-Mikel Orbegozo Etxarri
-Itziar Moreno Martinez
-Sergio Polo Escobes
-Oier Andueza Antxia

Hitzaurrea

“Seacliffeko ospitalean eman nituen sei asteak, inoiz izango zenik ere uste ez nuen leku hartan, zoramenaren izugarrikeriaren ikasgai laburtu bat izan ziren. Han igarotako lehen uneetatik jakin nuen ezingo nintzela itzuli nire usuko bizitzara, ezingo nuela ahaztu ikusitakoa. Beste eraikin batzuetan bakartutako jendeek ez zuten izenik, ez iraganik, ez etorkizunik, giltzapetutako oraina besterik. Orain-lur betierekoa, ortzemugarik gabea.”

Janet Paterson Frame idazle zeelandaberritarraren hitzak dira hauek, bera ez zuten espetxeratu, ospitalean ingresatu baizik. Berrogeita hamarreko hamarkada aldera izaeraren desorekak elektroshock kolpeka osatu zitezkeela uste zen. Janet Patersonen amak alaba lobotomia bidez zentzatzea espero zuen, baina buru ebakuntzaren zain zegoela, Janetek izkutuan idatzitako “Lagoon” liburuak Zeelanda Berriko literatur sari nagusia, Hubert Churh Memorial Prizea, irabazi eta buru garbiketatik libratu zen. Idatzitako hitz bakoizak heriotza mentaletik urrundu zuen, ebakuntzaren (eta amaren erabakiaren!) aurka erlojupeko lasterketan buru garbiketatik libratzeko bide bakarra izan zuen: idaztea.

Bilduma honetan elkartu diren sortzaileak ez daude ospitale psikiatriko batean ingresatuak espetxean baizik. Dena den, Erving Goffmanen “instituzio total”aren nozioari helduta, espetxean ere bertan atxikia dagoenaren bizitza da erabat eta orobat neurtu, ebaluatu eta “zuzendua”. Bizitzaren ertz guztiak irensten dituen munstro bezala irudikatu litezke bata zein bestea. Janet Paterson, ozta-ozta iskin egingo zion lobotomia batetara kondenatua zegoen, espetxean dagoenaren patua lobotomia izan ez arren, pertsonaren izaeraren desartikulazio goitik beherako bati lotua dago. Espetxeak hiltzen du eta Euskal Herrian baieztapen honen adibide zoritxarrekoak ez dira falta, bilduma honetan bertan, bere kontrazalean ageri zaigun Kepa del Hoyo azkena. “Kausa naturala” egotzi izan da halako kasutan, baina Mikel Antzaren “Ametsak ere zain” liburuko zenbait hitzen oihartzuna gurera ekarriz, azter ezazue gorpua, hiltzaileen izenak bere baitan tatuatuta daramatzanez.

Espetxean zail da ezer kasualitate izatea, kausalitate segida makabro bat akaso, dinamika instituzional eta instituzionalizanteak ezinbestean garamatzan emaitza definitiboa. Hala irudika dezakegu presoa espetxean, esnatzen den unetik beretik batailara salto eginez. Herio betezko patuari aurre egiteko estrategiak asmatuz, biziraungo badu. Joseba Sarrionandiaren letra zenbait oroimenera ekarriz, “barnean dudan mundua ez da barnean naukan gelan kabitzen”. Sorkuntza, dela letrazkoa, irudizkoa, hari, harri edo egur tailatuzkoa, aipatzen den “barne mundu” hori elikatzeko bitartekoa izan bada. Hain zuzen, mundu guztiak kabitu litezkeen norbere baita zaintzeko bitartekoa dugunez sorkuntza. Zer esanik ez espetxeari dagokionean. Burdin elorri arantzez zedarritutako zerumugaz haratago joan nahi izanez gero, espetxeratuak bere baitara begiratzen du, perspektiba zabalago baten bila.

Ikuspegia zabaltzeko, bizirauteko estrategien bilduma txiki bat duzu esku artean. Askotarikoa, bakoitzak bere bidea egin behar duenez. Hain zuzen, preso haina espetxe daudela esan liteke, arrakalatzen dena norbere baita propioa izan badenez. Hartara, preso-sortzaile bakoitzari bere estrategia dario. Berebizikoa deritzogu estrategia hauen ikustaraztea, barrote artean arnastuz borrokan dagoen kide bakoitzaren ahaleginari omenalditxo bat, goraipatze bat egiteko bilduma. (Espetxetik kanpo dagoen) Irakurleak, akaso, topa lezake lerro artean irrifar, malko, hortz estutze erabilgarriren bat. Ezin ahantzi baitezakegu, gaur egun, araua, instituzioa, ordena, burdin arantzez mugatutako espaziotik haratago zabaltzen dela.

Ongi etorri beraz, murruko arrakalen plazatxo honetara.

Share

Jexuxmari Zalakain, “Errezel berdeak”

2017 20 azaroa

Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Ataramiñe, 2017
219 orrialde.
Azaleko irudia:
Mikel Zarrabe

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

Kartzelako denbora estuan, ziegan sartuta, Jexuxmari Zalakain leihoaren aurrean jarri eta barroteetatik barrena joan da, leihoko errezel berdeen laukian ageri zaion munduari begira. Une horretan erlojua gelditu da; denboraren baitan murgildu eta bere bizitza ikusi du: baserria, familia, seminarioa, klaretiarren anaidia, irakaskuntza, kazetaritza, kartzela… Orratzak berriro martxan hasi direnean, Errezel berdeak liburuan bildu ditu oroimenak. Kartzelako sekuentzia batzuek tartekatu ditu hala ere, irakurlea ere leihoaren alde horretan jartzeko. Eta amaitzeko, kartzelatik irten eta bi urtera egindako hausnarketa, beti ere bizitzaren jarioa herrian eta konpromisoan kokaturik.

Jexuxmari Zalakain 18/98 auzian epaitu zuten Egin egunkariko administrazio-kontseiluko kide izateagatik. 2007ko azaroaren 30ean espetxeratu zuten 8 urteko espetxe zigorra betetzeko. Espetxealdia, ia osorik, Palentziako Dueñas espetxean egin zuen. 2015eko irailaren 27an irten zen kalera.

Hitzaurrea

Liburu hau ez da biografia bat. Halaxe dirudien arren, datu biografikoak ere badituelarik eta batzuk oso xeheak, ez da zehatz-mehatz biografia bat. Horretarako beste hainbat datutan luzatu beharko nintzatekeen. Eta gainera ez dut uste biografia oso bat idazteko adina meritu dudanik (are gutxiago nik neuk nire buruaz idatzita), ez bainaiz ezertan bereziki nabarmendu Euskal Herriko historia gauza askotan buru-belarri ibili arren.

Liburu hau inmersio bat da, nire bizitzako itsasoan unerik zakarrenean egindako inmersio zintzoaren emaitza. Kartzelan nengoela (2007-2015) zurrunbiloaren begian murgilduta, nire baitarako bidaia askatzailea egiteko premia sentitu nuen erraietan, eta idatziz leundu nituen bidaia horren unerik garratzenak, min zorrotz eta erabakitzailea. Krisia esaten zaio gure kulturan antzeko une bati, eta halaxe da; bere adiera zuzenean krisia erabakitzeko unea baita.

Bizitzako astinaldi batzuen eraginez ahul samar iritsi nintzen Soto del Realera, gau malapartatu batean. Hamabost urteko borroka luzea egin ondoren UPVko atarian pankarta erreibindikatzaile bati eutsiz Irakasle Propioa erdietsi nahirik, geletara itzuli nintzen, baina ordurako Damoklesen ezpata buru gainean ez, bihotzean sartuta neukan zorrotz asko, eta gelatan egon gabe hainbeste denbora pasata, nire aldarteak jokaldi itsusia egin zidan, eta hasi orduko utzi egin behar izan nituen eskolak. Hain urte luze eta zalapartsuetan amestutako itzulera korapilo bihurtu zitzaidan ezustean: nik banekien kondenatuta nengoela, bederatzi urteko kartzelaldia nuela zain, baina eguna heldu bitartean eskolak prestatu beharra neukan, asignatura berri bati ekin behar nion zerotik hasita eta ez nekien garbi zein zen nire zeregina, pare bat hilabeterako zerbait arin prestatu edota, kartzelara joateko eguna noiz iritsi zain egon ordez, eskuartean neukan lanari ekitea. Kontuak kontu, ez nuen eustea asmatu eta psikiatrarenean amaitu nuen. Zainketa amaitu baino lehen geratu ninduten maderoek nire Santutxuko kalean bertan, eta gauez iritsi ginen kartzelaldiaren hasierako bizitoki izango nuen Soto del Realera. Forro polarreko patriketan ondo lo egiten saiatzeko pilulak neramatzan, ordea.

Behin barruan instalatuta, eta bigarren graduan sailkatua, nire kartzelaldi osoko unibertsoa izango zen Palentziako Dueñasera destinatuta, aise lortu nuen arren egoerari buelta ematea, barrura begirako bidaia egitea erabaki nuen, ez dakit denbora hobeto baliatzeko terapia modura, behingoz nire burua hobeto ezagutzeko asmoz, edo bietarako. Bidaia horren emaitza duzu liburu hau.

Pudore handiarekin egindako strip-teasea da, irakurtzeko pazientzia hartzen baduzu konturatuko zarenez. Behar bada liburu hau niretzat gorde beharko nukeen, baina zer arraio, unerik txarrenean krisiak nola gainditzen diren (nik nola gainditu nuen, bederen) azaldu beharra sentitu dut eta, hemen dago atrebentzia ez bada, Txalaparta argitaletxeak argitaratuta.

Bi zatitan ebaki dut liburua. Lehenengoan, Matazaren hari ezkutuen peskizan izenekoan, umetatik hasi eta hogeita lau urte bitartean bizi izandako bizikizunen errepasoa egin dut, gerora korapilo bihurtuta, nola askatu ez nekiela desesperaturik, gertakarien hari-muturrak non demontre ote zeuden bila ibili bainintzen errukirik gabe, ahalik eta argirik zorrotzena proiektatuz bizitzaren zoko-mokoetan. Horrek azaltzen du zergatik den bigarrena baino aise luzeagoa.

Bigarrenean, Zurrunbiloaren begian izenekoan hain juxtu, nire bizitza publikoan nik neuk izandako sentsazio transferiezinak eman ditut; ez ditut Egineko urteak zehatz-mehatz arakatu, ez Euskaldunon Egunkaria sortu aurreko lanaldiak edota Irakaslego Propioaren borrokaldian bizi izandakoak UPV-EHUn. Gauza horiek denak, ia denak, kontatuta daude, eta ez dut ezer errepikatzeko premiarik ikusi, ez eta nire begietatik begiratuta ere; beraz, alor horietan denetan nik neuk, eta nik neuk soilik, pentsatu eta esperimentatutakoa ekarri dut orriotara. Eta hori, ez historiaren hutsuneak betetzen laguntzeko, baizik kartzela-garaian bizi izandako krisia esplikatzeko egoki iritzi diodan neurrian soilik. Badira gainera espresuki kontatu nahi izan ez ditudan gauzak, inori kalterik ez egiteko edota euren bizipenak agerian ez jartzeko, ez baitaukat eskubiderik inorenean baimenik gabe sartzeko.

Barka bezate, beraz, hainbat kontu ilunpean utzi ditudala uste dutenek edo, aukera-aukeran, nahi baino laburrago idatzi dudala irizten diotenek.

Errezel berdeak liburu honek badu beste maila bat, niretzat oso kuttuna eta testu osoa zeharkatzen duena, kartzelako bizipenak hain zuzen. Testu-zati horretan zortzi urtetan nik neuk neuretzako idatzi nuen egutegi bateko zatiak eman ditut, mamitsuenak iruditu zaizkidanak, besteak bazterrean utziz testua gehiegi ez luzatzearren batzuetan, gaiarekin zerikusirik ez dutela iritzita beste batzuetan. Ataraminek argitaratu zidan Kartzelako kronikak deritzan liburuxkan jasota daude gehiago.

Kartzela espektakulu bat da, ikuskizun hitsa, tristea, gordina, literatura gustukoa dugunontzat gai agorrezina. Preso arruntak edo sozialak deritzogunekin harreman zintzoa edukitzen saiatu izan naiz barruko urteetan, gauza asko gordetzen ditut, beraz, nire golkorako. Edozein moduz han ezagututako hainbat lagun, adiskide ez baina oso hurbileko izan ditut, eta ahantzezinak zaizkit. Zoritxarrez euren bizitzak isilean gordeta daude kontzertinez hesitutako harresien barruko aldean, eta han bidegabekeria handiak gertatzen dira testigurik gabe. Niri dagokidanez ere beude oraingoz isilean.

Santutxu, 2017ko udan
Jexuxmari Zalakain

Kartzelan egindako beste lan batzuk ere argitaratu ditu Jexuxmari Zalakainek:
Kartzelako Kronikak (Ataramiñe, 2016)
– Katalanetik euskaratua, Azken Patriarka Najat El Hachmi (Txalaparta, 2016).
– Katalanetik euskaratua, Kale estua, Josep Pla (Igela, 2017). Katalanetik euskaratua.

Share

Ibon Muñoa, “Udaberrian biziko gara”

2017 20 azaroa

Udaberrian biziko gara
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta
Ataramiñe, 2017
Bertsoak
Neurriak: 10,5 x 15 zm.
330 orrialde.
Azaleko irudia:
Mitxel Zarrabe
Hitzaurrea: Amaia Ereñaga

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

IBONEK IREKI DIZKIGUN LEIHOAK

Aspaldidanik ezagutzen dugu elkar, baina, sinistu egidazue, inoiz ez nuen esango Ibon Muñoa poeta zenik. “Eta zuk poeta bati sen hori nola sumatzen diozu barren?”, galdetuko didazue. Bueno, aitor dezadan, itxurakerietan ez badabil –eta hori ez da Ibonen estiloa –, musuan ez zaio igartzen, ezta ibilketan edo jendearen aurrean berba egiten duenean ere, demagun enkartelada baten ostean edo udal batzar baten aurrean. Poeta batek ez darama bizkarrean «Hitz lauz eta neurritzetan berba egin eta idazten dut» edo antzeko zerbait dioen mezua zintzilikaturik. Agian, bere sare sozialeko egoeran zerbait aipatuko luke… baina, tamalez, Ibonen ziegaraino ez da Internetik iristen. Presoak hirugarren mundu paralelo batean mantentzen dituzte. Horri aurre egiteko, leiho mentalak irekitzen dituzte.

Kartzelatu aurretik Ibonek bakartasunean bertsoak lotzea gustuko ote zituen galdera sortu zitzaidan bere lehenengo liburua esku artean izan nuenean. Bertsozalea izan da betidanik nik uste, euskaltzalea dudarik gabe eta, nire iruditeria propioan, 60-80ko hamarkadetako Eibar industrializatu, itsusi, bizi eta, zergatik ez, maitatuan aurki zitezkeen azken mohikanoen tribuko indioa. Eibartar euskaldun indioa, alegia. Ez baitzen ohikoa herri armagineko euskara ederra entzutea –eta aldarrikatzea komeniko litzaiguke, nahiz eta “bentania” eta antzekoekin barregarri utzi nahi izan duten beti– erdal giroaz blaitutako kale, fabrika, eskola eta taberna haietan.

Juan Mari Narbaizaren (1949-2016) bertso batzuk aurkitu ditut horren inguruan. Seguruenik Eibarrek eman duen plazako bertsolari bakarrari Jose Luis Gorrotxategi osintxuarrak puntu hau jarri zion behin: “Bizkai edo Gipuzku, Eibar zer diagu?”, bota zion Gorrotxategik, eta makina bat urtetan Arrateko jaietan entzun dugun bertsolari bizi eta alai hark honela erantzun zion:

“Garbi esan geuk ere ez zekiagu.
Mendi tarte batean uda eta negu
kalez ez gaituk noski askorik zabaldu
industria salbu, nahiz soroak galdu
baserriak a(ha)ldu, kinkiak ugaldu
dagonean gastatzen bazekiagu.
Bizkaiako giputxak igual gaituk gu”.

Eta hori esanda, helduko diogu esku artean daukazuen liburuari. Ibon Muñoak kaleratu duen laugarrena da, eta, nire ustez, lauren artean biribilena, sakonena, benetakoena, gizon eta idazle modura egin duen ibilbidearen isla. Olerki eta bertso idatziz osatuta, Udaberrian biziko gara 2015eko udaberrian hasten da, ekainean zehazki, eta ia urte eta erdiko bidaia egin ondoren, 2017ko urtarrileko helmugara garamatza. Data zehatz batera, hots, “Ia hamazazpi, urte deserrian, dispertsioan, zoru sikuan” bete dituenean.

Baina zergatik udaberria?

“Ziegan bizigura zait
neguan eskasten,
uste ustelak dizkit
irriak ebasten,
pentsamenduan dira
asmoak lardasten,
udaberrian aldiz
ideiak arazten,
sentiera hasten da
orduan arnasten”.

Esperantzaz bustitako gerezien denbora Kordoba udatiarraren bero ustelean urtzen da, udazkeneko herriminak manta baten azpian uxatu nahi den neguko hotzean izozten dira. Urtaroen zikloak aurrera darrai, bizitza ziklikoa baita. Aldiz, denbora lineala da, batez ere gatibu daudenentzat.

“Lurrak biraka darrai ortzian
espetxean zaudenean,
kideak esan zidan umorez
etxartean geundenean,
iruzkinari erantzun nion
trostan ari nintzenean,
‘ez da erraza konturatzea
murrutzar hauen barnean,
zu zarenean egon etzanda
urtetan oroimenean,
bihar maiteaz orduko xarma
piztea nahi duzunean’”.

Linealtasun horren aurka borrokatzen ari da etengabe Muñoa letra hauetan. Atzera eta aurrera dihardu: orain, iraganera zabaltzen duen leiho batetik arnasa hartuz; ondoren, munduan gertatzen ari diren gertakizunei bere talaia bakartitik begiratuz, eta oro har urruti eta gertu duen Euskal Herri amestua begi bistatik galdu barik. Eta beti, baina beti, sabai-leihoetatik laprast egiten duten sentimenduak nonahi ageri dira. Garratz, goxo, zintzo, sakon, mingarri.

«Sentimenduak letretan islatzen ditut» argitzen digu. Bertso eta olerki egituran zabaldu dituen leiho mental horietatik begiratzera gonbidatzen gaitu idazleak.

“Bedatseak dakarkit
naroki onura,
zuzen eramaten nau
desiren zorura,
egoki sendatzen dit
hotzaren malura,
gorputzari eskaintzen
dio estaldura,
horri esker ziegan zait
lurruntzen tristura,
kartzelak eragiten
duen arrangura”

Ataramiñe argitaletxearen aurkezpenerako egin zuen hausnarketan irakurri diot Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarrari seguruenik euskal preso politikoena izango dela “gure gizartean kolektiborik idazletza eta irakurketari emanena, eta euskaldunduena ere bai bidenabar esanda”. Horren adibide ospetsuena Joseba Sarrionandia izan daiteke. Han eta hemen arakatzen, Ibonek zabaldutako leihoak buruan bueltaka nituen arratsalde batean, Interneteko leihotik Sarriri beste kide batek egin zion elkarrizketa agertu zitzaidan. Elkarrizketa berezia zen, Herrerako kartzelan zeudelako biak gatibu.

1984ko maiatz hartan (udaberria zen, nola ez) elkarrizketatzailea Mitxel Sarasketa zen, Ibonen liburu honetan azaltzen den beste eibartar bat. «Zer da literatura hiretzat, ihesa?”, galdetu zion Mitxelek, eta zera erantzun zion Iurretako idazleak: “Ihesa ez. Literaturarekin ez duk ihes inora egiten. Poemarik ederrena idatzita ere lehengo lekuan geratzen haiz. Ihes hik eta nik egin beharko diagu, baina asmatu behar zelan [hemen, Sarriri igarle ukitua hartu diot, urtebete beranduago ihes egitea lortu zuelako]. Ez zakiat nik jeneralizatu daitekeen, zer den literatura edo zer den maitasuna, edo zer den libertatea, halako definizioak arbitrarioak izaten dituk, Thomas Mannek esaten zuela uste diat definizio orokor guztiak direla traizioneroak. Orduan, ez zakiat, baina literatura ezagupidea duk, errealitatearen eta norbere gogo nabarduren ezagupidea. Komunikazioa ere baduk, nahiz eta idazle eta irakurlearen artean desfase handia dagoen, Literatura estetika dela argi zagok, lengoaiaren materia. Etika ere baduk, klaro. Eta hainbeste gauza denez, igual bizitzeko modua besterik ez duk”.

Nik, nire aldetik, oraingoz ez daukat Ibon Muñoari ea zer uste duen itauntzeko betarik, baina olerki hau hartu diot erantzun modura.

“Irudimena dantzut
deika ohatzean,
taupadak danga dira
hasi arratsean,
sentimendua bor-bor
dabil laratzean,
musa sartu delako
berben baratzean,
bertso-uzta dezadan
batu esnatzean”.

Amaia Ereñaga Azkarate

Share

Axelko eta Otsoko bertsotan

2017 20 azaroa

Axelko eta Otsoko bertsotan
Testua: Xabier Ugarte Billar
Marrazkiak: Kepa Etxeberria Sagarzazu
Ataramiñe, 2017
30 orrialde.

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

Share

Kepa Del Hoyo: “Ametsak”

2017 2 abuztua

Kepa del Hoyo Hernandez
(Galdakao – Badajoz espetxea 2017.07.31)

Kepa Del Hoyo Hernandez
AMETSEN LIBURUA

Ametsak. Erraza litzateke topikoan erortzea eta gutako bakoitzak, euskal preso politiko garen heinean, Euskal Herri libre, independiente eta sozialistaren ametsaz hitzegitea. Baina gaurkoan ez da hala izango, aukera hau toki ilun honetan bidea argitzen didaten kriseiluei nire maitasun eta esker ona helarazteko baliatu nahi baitut. Eta nola ez, kriseilu hau nire bikote Maite eta Peru gure semea dira, arnasa galtzen uzten ez didaten heroi handiak. Haiengatik eta haientzako abesti hau:

Burdin hotsak iluntasuna
itzalek zelatan lekua
denak balio du eusteko
beste errealitatean bizitzeko.

Begira eta ikusi ez
pentsatu baina esan ezer ez
izara txuri tartean
amets bukaezina bilatzean
alde egiteko lagun nahian
amets gaiztoa uzteko atzean
bihar berdina izango delakoan

Burdinak zelatan
iluntasunean
berriz zuregana
hor Askatasuna.

Ilunsentia, bada gaua
gerizak egote urtua
ta ilargia ari da sortzen
bere magalean berriz jasotzen

Gauaz gau zugana narama
kateak, jada deusestutako zama
eta azkenean aske naiz oso
zin dagizut ez dute lortuko
Hemen eustea, hori borroka!
Askatasun osora ttanttaka
geroaren alde bultzaka

ba gaude bizirik
eta aurrera beti

Kepa del Hoyo Hernández

Share

Alfontso Etxegarai, 32 urte deportatua

2017 27 uztaila

1985eko uztailaren 27an EGIN egunkariak zabaldu zuen albistea: “Francia deporta hoy al Ecuador al refugiado vasco Alfonso Etxegarai“.

1986ko abuztuan Ekuadorretik São Tomé irlara eraman zuten. Harrez gero, bakartuta dute bertan.

Gaur 32 urte egindo ditu deportazioan.


Deportazioaren lekukotasuna

Regresar a Sara
Alfonso Etxegarai

Argitaletxea: Txalaparta. 200 orr.

Regresar a Sara (EZ DAGO OSORIK)

Zer egiten dute hainbeste euskadunek hamar urte baino gehiagoz konfinatuta Hirugarren munduko hainbat herritan? Erantzuna, liburuaren izenburuak dioen bezala, honako hau: euskal deportatu politiko baten testigantza irakurtzeko gonbitea.

Sagarren denbora
Dokumentala
Zuzendariak:Josu Martínez eta Txaber Larreategi.
Gidoia: Josu Martínez eta Txaber Larreategi.
Ekoizpena: Txema Uriarte eta Haizea Belza.
Argazkia: Hibai Castro.
Musika: Arkaitz Miner, Ruper Ordorika, Maddi Oihenart eta Eñaut Etxamendi.

→ Sagarren denbora TRAILERRA 04:47 [youtube.com]
→ Sagarren denbora OSOA 01.07.36 [argia.eus] [vimeo.com]

Kristiane Etxaluz xiberotarra eta Alfonso Etxegarai bizkaitarra ezohiko bikotea dira. Biak gaztetik lotuak Euskal Herriaren askapenerako borrokari, beren maitasuna sorterritik 7.000 km-tara bizitzera kondenatuta daude, Alfonso Afrikako irla tipi batean baitaukate aspaldi, deportaturik. Baina erbesteak erbeste, Bidasoaren Herrian dauzkate biek begiak eta sagarren denboran bihotzak; oraindik iristear den sagarren denbora emankorrean.

Hitzezko txalupak
Alfonso Etxegarai / Josu Martinez

Argitaletxea: Elkar. 2011.

Osabari gutunak. Bloga

Ez dira botilan sarturiko mezuak: itsaso eta lur urrunak zeharkatu bai, baina ez dira bidean galtzen, badakite nondik datozen eta nora doazen. Josu Martinezek eta Alfonso Etxegaraik gutunak idazten dizkiote elkarri, eta bide batez irakurle orori. Norbere bizimoduaz idazten diote batak besteari: eguneroko gorabeherak, pozak, ilusioak, minak… Baina, aldi berean, gure herriaren egoerak kezkatzen ditu: bere buruaren jabe izan nahi eta bizirik irauteko borrokan dabilen herria, bidegurutze historiko batean dagoena, kontraesanez eta zalantzaz josia.

La Memoria. “Deportación. Una memoria alejada”
Elkarrizketa

Info7 irratia, 2016.05.23

→ ENTZUN > La memoria. Alfonso Etxegarai.mp3 [54.50 m]

Deportados. El testimonio de Kristiane Etxaluz.pdf
2013

Share

Nahat El Hachmi “Azken patriarka” (Eusk.: Jexuxmari Zalakain)

2017 21 uztaila

Txalaparta etxeak 2016ko abenduan aurkeztu zuen Nahat El Hachmi-ren “Azken patriarka”, Jexuxmari Zalakainek Dueñas espetxean euskaratua.


Urakanak eta gu
Mikel Soto

Honako lerro hauek, Azken patriarka eleberrirako hitzaurre eder baten hasiera izan zitezkeen:

«Bat batean dena hankaz gora jarri zen. Hautatu ez genituen hiru urakanek dena aztoratu zuten.

Lehen urakana modernitatea izan zen, etxeetan eta gure gustuetan sartu zena eta janzteko; ilea eramateko; aspaldiko tatuajeetatik, behin-behineko hennatik edo gure amonek xehatu berria zuten khol-etik haratago gure irudia moldatzeko era berriak aurkituarazi zizkiguna.

Bigarren urakana emigrazioa izan zen, herri osoak europar lurralde ezezagunetara eraman zituena. Han, ezerezetik sortuak izan bagina bezala pentsatu beharko genuen berriz, harriak xehatu beharko genituen sustraiak ulertzeko eta libreki erabakitzeko, oraingoan ustez bai, nola nahi genituen pieza guzti hauek elkartu: tradizioa, feminitatea, erlijioa, demokrazia eta gustua eta estetika, noski.

Oraindik ez geunden horretan pentsatzen hasita hirugarren urakana heldu zenean, beldurrarena, kontrizionarena, gure aldaketa nahiak galgatzeko eskatzen ziguna. Erdipurdiko telesermoilari ilunen ahotan –nahi duzuen bizar guztiarekin, hori bai– esaten diguna gure erlijioaren biziraupenaren arriskua, guk nahi ala nahi ez, gu geu ginela eta, batez ere, gure gorputzak».

Baina lerrook ez dira inolako hitzaurreren parte. Liburuaren egile den Najat El Hachmik, Nizako hondartza batean, frantziar polizia batek emakume bat biluztera behartu zuenean idatzi zuen «El nostres cossos, nosaltres decidim» artikulutik ateratakoak dira. Hala eta guztiz ere, Sisiforen harrian zizelkatuta baleude bezala, lerro horietan eleberrian aurkituko ditugun gai guztiak presente daude: tradizioa, erlijioa, modernitatea, emakumeen gorputza, emigrazioa, matxismoa, biolentzia, patriarkatua… Idazle katalanaren idazketa-estiloa ere hortxe dago: hizkuntza urratu, umoretsu, zehatz, iradokitzaile gordin bat.

Azken patriarka eleberriak Marokotik Kataluñara emigratu duen Mimoun Driouchen istorioa bere alabaren begietatik kontatzen digu. Haren eskutik aitaren izaera tormentatua ezagutuko dugu; bere izaera autoritario eta zaharkituak sortarazten dizkion talka etengabeak. Izan ere, pertsonaia gorrotagarria da Mimoun: matxista, liskarzalea, zurruteroa, bortitza, jeloskorra… Sarritan besoak liburuan sartu eta zerri horren lepoa estutzeko gogoa ematen duen pertsonaia horietariko bat da Mimoun. «Mirarizko» pribilegioen eskutik Driouch familiaren patriarkak edan ahal izango du, ezkondu aurretik zein ondotik beste emakume batzuekin oheratu ahal izango da, maitaleak izan, nahierara jantzi, edonora joan… Eta, aldiz, patriarkatu ahalguztidun horrek berak bortizki debekatuko die haren emazte edo alabari berak posible dituen guztiak.

Azken patriarka eleberri gogorra da, latza eta garratza, irakurlea interpelatzen duen horietarikoa eta, batez ere eta… eskerrak!, barruan geratzen den horietarikoa. Ez nau harritzen, beraz, 18/98ko epaiketan bidegabeki zigortua izan ondotik, kartzelan emandako urte luzeetan, Jexusmari Zalakainek, gatibualdiak ematen duen pazientziaz hornitua, Najat El Hachmiren eleberri ederra itzuli izana. Ikusi dugunez, liburua argitaratu osteko ezusteko arrakasta apartsutik landa (Ramon Llull saria eta Prix Ulysse sariak irabazi eta hainbat hizkuntzatara itzuli zuten), idazleak ibilbide oparoa egin duen arren, errealitatea geldoagoa da, egoskorra da, tinkoa. Lurrazpiko sustraiei heltzen die, erauziko duen urakanen zain. Baina, tai gabe, urakan berriak heltzen dira, eta sustraiak aztoratzen dira, mugitzen dira, gurutzatzen dira. «El nostres cossos, nosaltres decidim» artikuluaren amaieran idazle katalanak dioen bezala: «Haiei, gizonezkoei, inork ez die arropa kenduko, ezta ere nola jantzi behar duten esango. Odolak irakiten digu eta hain solidoa uste genuen hori aldatzen da, berriro guztiak barne hartzen gaitu, estaliak eta desestaliak, guztiaren gainetik emakume izatearen gua da»

Najat El Hachmi (Nador, 1979), berberear jatorriko idazle katalana. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Filologia arabiarra ikasi zuen eta Catalunya Culturako irratian amazigeraz albistegi bat izan zuen. 2004an, Jo també sóc catalana saiakera idatzi zuen eta, lau urte geroago, 2008an, bere lehen nobelak, Azken patriarkak, Ramon Llull saria irabazi eta berebiziko arrakasta izan zuen. Geroztik, La caçadora de cossos eta La filla estrangera liburuak argitaratu ditu.

gure liburuak 51: Urakanak eta gu. Mikel Soto
→ uberan.eus: Azken patriarka argitaratu du Txalapartak
→ argia.eus: Ai, aita! Amaia Alvarez Uria
→ klito.eus: Najat el Hachmi: “Idazketa arma boteretsua dela konturatu naiz, topatu dudan modurik eraginkorrena da jendearengana iristeko”

Share

Kartzelako sukaldaritzaren sekretuak

2017 29 maiatza

Kartzelako sukaldaritzaren sekretuak

[Gotzon ARANBURU] Kartzelan ez da askatasuna soilik galtzen, elikadura egokia izateko aukera ere murritza da. Norberak bere jakiak prestatzeko gailuak eta trikimailuak, eta horiek erabiltzeko era, espetxeko kulturaren zati dira, presoek elkarri trasmititzen dioten jakinduria. Eskura dituzten bitarteko urriekin sukalde bat prestatzeko gai dira, Urretxuko gaztelekuan Oier Gonzalez eta Ibon Elorrieta preso ohiek erakutsi duten moduan.

Giltzapeko Sukaldaritza
Josu Urrutikoetxea

Irudiak: Mikel Zarrabe
Argitaletxea: Hiru, 1996.

Josu Urrutikoetxeak Muret-eko espetxe frantziarrean burdin artean emaniko urte luzeetan, gose greba ugariak barne, ondu zituen honako errezetok. Mikel Zarrabe, Josuren mahaikidea, arduratu da liburuaren apaintzeaz.

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Alfonso Etxegarai, Sao Tometik: “Ataramiñe: lluvia de estrellas”

2017 7 maiatza

Alfonso Etxegaraik hitzaldirako bidalitako agurra:

Ataramiñe: lluvia de estrellas

Otra vez aquí, en vuestra orilla. Es como si hubiera bajado del barrio, pasado por la estación y cruzado el puente que nos hace estar más cerca.

Esta vez es para daros mi impresión sobre Ataramiñe, un espacio en el que año tras año vamos dejando emociones, sentimientos y arte, particularmente los compañeros y las compañeras presos y presas.

La primera imagen que me sugiere Ataramiñe es la de las “pintadas” , aquellas en las que pretendíamos dejar rastro de luchadores y luchadoras que soñaban. Lo veo “miniaturista”, cada tema bien situado, sobre una gran pared o muro de decenas de metros cuadrados, con textos, dibujos, poesía y fotos… Como en un enorme patchwork que, visto de lejos, parece apenas un paisaje colorido, y, visto de cerca, un paisaje de creaciones con letras y rostros humanos. Si volviéramos aquí dentro de miles de años, diríamos que encontramos las “huellas rupestres” de nuestros ancestros gudaris. Hace falta apenas un poco de humor para entrar en ese momento de nuestro propio futuro lejano.

Hay otras imágenes que Ataramiñe me sugiere, en especial la de una ventana enrejada por donde salen mariposas hacia la libertad, mariposas que a veces son voces en forma de letras, otras veces son poemas en forma de alas y, casi siempre, son nombres y fotos de nuestros amigos y amigas de juventud, vecinos y vecinas sobre los que hemos oído hablar y a los que, en Ataramiñe, podemos “visitar”.

Ventana enrejada que a veces miramos desde fuera, o desde este lado del cercado policial, queriendo comunicar, cosa todavía prohibida, la solidaridad o la afirmación de que “los de dentro” son de nuestro pueblo y no les dejaremos solos.

Para mí, en particular, Ataramiñe es un punto de encuentro que me ha mantenido y me mantiene con “los mios”, como si fuera un farol encendido bajo el que nos reunimos al atardecer.

Al final, antes de que Sarasketa tome la palabra, y como él ya sabe que escribo con cierta tristeza o ánimo indescifrable, os confieso que guardaba la imagen de Ataramiñe como si fuera esa lluvia de estrellas que tenemos la oportunidad de ver todos los años, durante esas noches de invierno, noches especiales en las que nos preguntamos por nuestra razón de ser y formulamos deseos. Ya veréis que “Si apagáis las luces de la sala y encendéis los mecheros, la oscuridad se llenará de lluvia de estrellas”…

Nos seguimos viendo en esta orilla. No os olvidéis de darle un abrazo especial a Sarasketa, extensivo a todos los que se han encargado de Ataramiñe durante estos años todos!

ALFONSO ETXEGARAI

Regresar a Sara
Alfonso Etxegarai

Argitaletxea: Txalaparta. 200 orr.

Regresar a Sara (EZ DAGO OSORIK)

Zer egiten dute hainbeste euskadunek hamar urte baino gehiagoz konfinatuta Hirugarren munduko hainbat herritan? Erantzuna, liburuaren izenburuak dioen bezala, honako hau: euskal deportatu politiko baten testigantza irakurtzeko gonbitea.

Sagarren denbora
Dokumentala
Zuzendariak:Josu Martínez eta Txaber Larreategi.
Gidoia: Josu Martínez eta Txaber Larreategi.
Ekoizpena: Txema Uriarte eta Haizea Belza.
Argazkia: Hibai Castro.
Musika: Arkaitz Miner, Ruper Ordorika, Maddi Oihenart eta Eñaut Etxamendi.

→ Sagarren denbora TRAILERRA 04:47 [youtube.com]
→ Sagarren denbora OSOA 01.07.36 [argia.eus] [vimeo.com]

Kristiane Etxaluz xiberotarra eta Alfonso Etxegarai bizkaitarra ezohiko bikotea dira. Biak gaztetik lotuak Euskal Herriaren askapenerako borrokari, beren maitasuna sorterritik 7.000 km-tara bizitzera kondenatuta daude, Alfonso Afrikako irla tipi batean baitaukate aspaldi, deportaturik. Baina erbesteak erbeste, Bidasoaren Herrian dauzkate biek begiak eta sagarren denboran bihotzak; oraindik iristear den sagarren denbora emankorrean.

Hitzezko txalupak
Alfonso Etxegarai / Josu Martinez

Argitaletxea: Elkar. 2011.

Osabari gutunak. Bloga

Ez dira botilan sarturiko mezuak: itsaso eta lur urrunak zeharkatu bai, baina ez dira bidean galtzen, badakite nondik datozen eta nora doazen. Josu Martinezek eta Alfonso Etxegaraik gutunak idazten dizkiote elkarri, eta bide batez irakurle orori. Norbere bizimoduaz idazten diote batak besteari: eguneroko gorabeherak, pozak, ilusioak, minak… Baina, aldi berean, gure herriaren egoerak kezkatzen ditu: bere buruaren jabe izan nahi eta bizirik irauteko borrokan dabilen herria, bidegurutze historiko batean dagoena, kontraesanez eta zalantzaz josia.

La Memoria. “Deportación. Una memoria alejada”
Elkarrizketa

Info7 irratia, 2016.05.23

→ ENTZUN > La memoria. Alfonso Etxegarai.mp3 [54.50 m]

Share

Hans Keilson “MINORREKO KOMEDIA” (eusk.: Juan Luis Agirre Lete)

2017 16 urtarrila

Txalaparta etxeak martxoaren hasieran argitaratuko du Hans Keilson-en MINORREKO KOMEDIA (Komödie in Moll), Juan Luis Agirre Lete euskal preso politikoak euskaratua.

Minorreko komedia
Juan Luis Agirre Lete
Zuerako espetxetik

→ Gure liburuak. Katalogoa 52 NEGUA 2016.pdf

«Ez naiz gorrotoan bizi den pertsona». Hori zioen Hans Keilsonek 2002an bere bizitzaren errepasoa egiten zuen elkarrizketa batean.

Gazte gaztetatik nozitu zuen Keilsonek antisemitismoa. Hamasei urte zituela, Heine-ren Die schlesischen Weber [1] poemari buruz eztabaidatu nahi izan zuenean eskolakideek guztiz arbuiatu zuten, eta hurrengo bi urtetan, hain zuzen, batxilerra burutu bitartean ezein ikaskidek ez zion hitzik zuzendu.

«Bi zaldi zamalkatzea suertatu zait», idatzi zuen Keilsonek, «literatura eta zientzia». 1909. urtean Bad Freienwald (Alemania) izeneko herrian jaio eta 2011. urtean Hilversum-en (Herbehereak) hil zen familia judu bateko semeak 1933.ean argitaratu zuen bere lehen idazlana Das Leben geht weiter (Bizitza aurrera doa). Autoanalitiko eta autobiografikoa den narrazio honetan, Weimarko Errepublikako garaiko langile beregain baten gainbehera ekonomikoa deskribatzen du. «Eleberria», egileak kontatu zuen bezala, «zuzenean debekatua izateko» jaio zen. Fischer argitaletxeak plazaratu zuen idazle judu baten azken idazlana izan zen, Nurembergeko lege arrazistak indarrean sartu baitziren berehala.

1928 eta 1934 urte bitartean medikuntza ikasi eta diplomatu zen Berlingo Unibertsitatean. Ikasle garaian tronpeta eta biolina kafetegi eta kabaretetan joz irabazi zuen bizitzeko behar zuen dirua. Alabaina, alemaniar juduei zenbait lanbide eta kargu debekatu zitzaien: abokatu, funtzionario, irakasle, argitaratzaile, eta baita mediku lanean aritzea ere, besteak beste. Gimnasia eta igeriketa prestakuntza egin eta kirol irakasle izan zen Keilson, eskola juduetan.

Jazarpenetik, ihesi 1936an Herbehereetara erbesteratu zen Gertrud Manz emaztearekin batera, non mediku aritzeaz gain, psikiatra formazioa lantzen jarraitu zuen, hain zuzen, haur eta gazteen arloan.

1940.ean nazien Herbehereen okupazioak hirugarren zaldi bat zamalkatzera behartu zuen, hots, engaiamendu politiko eta humanistarena. Naziengandik ezkutatu eta buru egiteko klandestinitatera jo zuen eta nederlandar erresistentziarekin lan egin zuen (Vrije Groepen Amsterdam erakundearekin), mediku izanik erresistenteak artatuz eta tarteka ere sasian bizi zirenei laguntza psikologikoa emanez, haur eta helduei.

Gerra garaian idatzi zituen bere idazlan behinenaren Der Tod des Widersachers (Aurkariaren heriotza) lehenengo berrogei orrialdeak, lorategi batean lurperatuta ezkutatu zituen gerra ondoren burutu eta 1959. urtean argitara emateko. Judu gazte idealista bat bere inguruko kontraesanak gainditzen saiatzen da, aurkariarekin maitasun-gorrotozko hartu-emana sortuz. Eleberriak arrakasta izan zuen, Time aldizkariak 1962. urteko hamar liburu onenen artean aitatu baitzuen. Ordukoa da ere, sasian ibilitako garaikoa, bere bigarren eleberria Komödie in Moll (Minorreko Komedia), nahiz eta ez zen argitaratu harik eta gerra amaitu zen arte.

«Ez naiz heroia izan, ez nuen balentria handirik egin», zioen apal, erresistentzian egindakoaz galdetzen ziotenean. Baina Keilsonen bizitza osoko engaiamendua denak bizirik eusteko saio bat izan zen, bizitzara iratzartzeko, eta era horretan, nazismoa suntsitzeko. Hans Keilsonek, berak, bizipozagatik soilik iraun zuen bizirik. Garai ilun haietan jaio zen beren alaba, baina oso aldi bakanetan ikusi ahal izan zuen. «Gu hirurok ez ginen 1945. urteko maiatza arte lehen aldikoz lasai elkartu eta beldurrik gabe kalera irten. Auzoko guztiak jakin bazekiten nor ginen gu eta urte guzti haietan isilik egon ziren».

Ez zuten Hans Keilson salatu eta bizirik atera zen trantze hartatik. Ez aldiz bere gurasoak, Auschwitz-Birkenauera deportatu eta bertan hil baitzituzten.

The New York Timesek 2010ean Minorreko komedia eleberriaren ingelesezko itzulpenari egin zion kritikarekin best seller bihurtu zen liburua. Keilsonen beste idazlan asko bezala, hainbat hizkuntzatara itzulia izan da, portugesera, ingelesera, gaztelerara, nederlanderara, italierara, suomierara, frantsesera eta norvegierara, besteak beste. Eleberri honetan, judu ez diren senar-emazte batzuk judu bat ezkutatzen dute etxean eta hirukote horren arteko elkarbizitza, solasaldiak, haserrea eta beldurra, klaustrofobia eta esperantza, elkartasuna eta saldukeria ezagutzen ditu irakurleak. Liburu honetan, Keilsonek klandestinitateko bizipenak hartzen ditu oinarri, neurri batean. Baina hizkera soil eta nolabait lehorrez, bira ia groteskoa ematen dio istorioari: apopilo ezkutua gaixotu ondoren hil egiten da, eta hilda ere, eragin handia du senar-emaztearen bizitzan.

«Literatura gizateriaren oroimena da. Idazleak gogoratu egiten du eta irakurleak bizipen zati bat bereganatzen du. Liburuak berriro argitara daitezke, azken batean beti baitaude artxiboko aleak, aldiz, gizakiak ez», esan zuen Keilsonek. Minorreko komediarekin Herbehereetan jazarritako juduak babestu zuen jendeari gorazarre egiten dio eta gaurko belaunaldiei gogorarazten die garai hartako Herbehereetako 130 mila juduetatik 20 mila elkartasunak salbatu zituela.

Joseph Roth, Irmgard Keun, Klaus Mann, Egon Erwin Kisch, Anna Seghers, Ernst Toller, Vicky Baum, Odon von Horvath eta beste askok osatzen dute deserrira behartua izan zen intelektualen belaunaldia. Hans Keilson izan da utzigaituen azkena.

Hans Keilson aro bateko argi eta itzalen lekukoa.

[1] Heinrich Heine (Düsseldorf 1797-Paris 1856), poeta. Judua izanda, Die schlesischen Weber olerkian langileen egoera salatu zuen, errua nagusiei egotzi zien, Jaungoikoari, erregeari eta baita aberriari ere. Guzti horregatik traizioa izan zen ikaskideentzat.

Hans Keilson (1909, Bad Freienwald, Alemania-2011, Hilversum, Herbehereak) familia judu batean jaioa, 1933.ean argitaratu zuen bere lehen idazlana Das Leben geht weiter (Bizitza aurrera doa).

Fischer argitaletxeak plazaratu zuen idazle judu baten azken idazlana izan zen, Nurembergeko lege arrazistak indarrean sartu baitziren berehala. 1940. urtean naziak Herbehereak okupatutakoan ezkutatu eta buru egiteko klandestinitatera jo zuen eta nederlandar erresistentziarekin lan egin zuen.

Bizirik atera zen gerratik, ez, ordea, bere gurasoak, naziek Auschwitz-Birkenauen hil baitzituzten. Gerra garaian idatzi zuen orain aurkezten dugun Minorreko komedia eta idazten hasi zen bere idazlan ezagunena, Der Tod des Widersachers (Aurkariaren heriotza).


Hans Keilson
MINORREKO KOMEDIA

Eleberri honetan, judu ez den bikote batek naziengandik ihesi doan judu bat ezkutatzen du etxean. Hala, bada, idazlearen estilo soilean, hirukote horren arteko elkarbizitza, solasaldiak, haserreak, beldurra, klaustrofobia, elkartasuna eta itxaropena agertzen dira orriotan. Egilea bera, naziengandik ihesi, Herbeheretako erresistentzian ibili zen eta, klandestinitatean idatzia, liburu honek, neurri batean, sasian ibilitako garaiko bere bizipenak ditu oinarri.

«Ez naiz heroia izan, ez nuen balentria handirik egin», esaten zuen Hans Keilsonek erresistentzian ibilitako garaiak gogora ekartzen zituenean.

Baina liburu honetan argi geratzen da, besteak beste, erresistentzia oro, keinu handi zein txikiez osatuta dagoela eta, horiek egiterakoan, edozein akats heriozkoa izan daitekeela.

Share

Jokin Urain “Espetxeko euskal literatura kronologia moduko bat”

2017 4 urtarrila

→ kalerakalera.eus: Kartzela eta literatura

Espetxeko euskal literatura kronologia moduko bat

Zergatik idatzi espetxean?

Erantzunak eman izan dira, era askotakoak, baina bakoitzak bereak izango ditu arrazoiak idazten aritzeko. Hala ere, esango nuke harreman nahiak, harremanen beharrak eramaten duela presoa idaztera, batzuetan behintzat, hasi eskutitzetatik eta literatura egiteraino. Presoa bere gizartetik kanpo ezarria dago, lagunarte, senitarte eta gizartetik erauzia dago presoa, eta, biziko bada, bere gune naturalaren parte izaten jarraituko badu, harremanak behar ditu gune natural horrekin: hor dagoela adierazi eta esateko daukana esan, bizi dela erakutsi, bere ahotsa entzunarazi behar du horretarako, gizartearekiko lokarriak josteko.

Noiztik idatzi da espetxean euskaraz?

– 1545ean argitaratu zen euskarazko lehen liburua, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae alegia. Haren Kontrapas eta Sautrela gogoratuko dituzue, “Euskara da kanpora eta goazen denok dantzara…”. Ez daukagu lekukorik, jakina, baina espetxean (Bearnen) idatzi bide zuen “Mosan Bernat Etxepareren kantuia” aski argi esaten duenez:

Mosen Bernat, pensa ezak kartzel´hori gaitz bada,
Nonbait ere infernuia are gaitzago dela;
Heben hik badukek bana, haiek ez nork konsola;
Penak heben fin dik sarri, haienak ez sekulan.

Libertatia nola baita gauzetako hobena,
Gatibutan egoitea hala pena gaitzena.
Ni bezala ez dadila, otoi, ehor engana,
Ez eta´re hitz orotan fida ere gizona.
Jangoikua, zuk begira niri ere zuzena.

Amen.

– 1564an Joan Amenduxek espetxean (Lizarra eta Tuterako kartzeletan egon zen) idatzi zuen Hemen natza ehortzirik poema:

Hemen natza ehortzirik, noizbait gozo eritzirik,
Herioak uste gabe dolorezki egotzirik,
ene anima Jangoikoagana beldurrekin partiturik,
lagun gabe bide luzean peril asko pasaturik,
onak eta honrak bertan munduak edekirik,
plazerak azkeneraino atsekabe bihurturik.
Ahaideak eta adiskideak, arte gutxiz atzendurik,
ikusten ditut itsusirik, harretxe guztia deseginik,
argi gabe ilunbetan, ustel eta kirasturik.
Negar begi bat bederak bere aldiaz oroiturik,
nehork ere izanen ez du nik ez dudan partidurik,
Ene anima gomenda ezazue garitatez mobiturik,
zarraizkidate gero bertan hitz hauek ongi notaturik:
Josafaten baturen gara Judizion elkarrekin;
bitartean lo dagigun, bakea izan dadila guztiekin.

– 1806an Juan Inazio Iztuetak Kontxesirenak bertso sorta idatzi zuen, Logroñoko espetxean. Hara eraman baitzuten Azpeitikotik. Hauxe sortako azkena:

Esperantzetan bizi, maite gozoa,
noizbait kunplituko da gure plazoa.
Eta orduan,
gauza txarrik ez hartu buruan
lehengoai utzi,
ez degu pasatzen pena gutxi
preso sei urtez!
Ondoko gaituzte nere ustez.

– 1815ean Martin Larralde Bordaxurik, besteak beste idatzi zuen Galerianoaren Kantuia.

– 1827an Etxahun Barkoxek Etxahunen bizitziaren khantoria.

– 1855ean Jose Maria Iparragirre Urretxuarrak Negar egingo luke nire amak baleki bertsoak ipini zituen.

– XIX. mendea aberatsa da espetxea, urkamendia zehazkiago, motibotzat duten bertsoetan; mende horretakoak dira Hamalau heriotzarena, Estudiante kondenatuarena eta abar. Kasu hauetan ez dago argi atxilotuak berak jartzen ote zituen bertsoak, kasu gehienetan haren enkarguz besteren batek ipiniak izango ziren.

– 1936-1939 gerra eta gerraosteko presoetaraino etorriko gara. Aldi honetan ere jarraitzen du bertsoaren tradizioak. Bertso eta poesia bitartez bakarrik egin da kasik ordura arteko kontaketa, testigantza edo dena delakoa. Eta gerra honetan eta ondoren ere jarraitzen du bertsoaren tradizio horrek, salbuespen batzuekin. Badira gerraoste honetan, eta gerra denboran ere, bertso sorta benetan bikainak.

– Luis Rezola Tximela tolosarra aipatu nahi nuke. Duesoko espetxearen aipamenak, eta Puerto de Santa Maríarenak, ugariak, aberatsak xehetasunetan eta benetan ederrak dira bere bertsoetan:

Astera nua kantuan
Santa Mariko Puertuan,
onela ditut penak aztutzen
etxe giltzatuan.
Gordetzen badet buruan,
ezta jakingo munduan
ogei ta iru urte ederrekin
gaur nola naguan.

– Eta Estepan Urkiaga, “Lauaxeta”, nola ez aipatu. Gernikan atxilotu eta Gasteizko Santa Isabel hilerrian fusilatu zuten 1937ko ekainaren 25ean. Lauaxetaren poemetan aberriarekiko maitasuna, gudarien irudi kasik idilikoa eta, hori guztiaz gain, fedea eta garrasi desesperatu bat ere bada. “Azken oyua” poematik zati batzuk:

AZKEN OYUA
(Zubillaga’tar Karla’ri )
Goiz eder onetan erail bear nabe
txindor baten txintak gozotan naukela?
El naiten leyora begiok intz gabe.
Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela:
or egazkin-egak odei-lapur doaz.
Guda-gotzon baltzak odolez dakustaz,
euren oin aurrean beredin gudari.
Gaste argi orreik, eutsi lur amari!
Bera baizen onik eztauko ludiak.

Eta poema eder honen azken zatitxoa:

Eta bake deuna sortuko danean
neure azur utsak besteenakin batu;
eresi gurenaz lagundu bidean
obi bakar-arte.
Baña, arren, bukatu
oroigailluaren maitasun itzala
Kistoren gurutzat; Beragan ditxarot.
Josu’ren fedea besterik eztaukot.
Erri zintzo-onenak zaindu dagiala
il gintzanen atsa, il gintzanen ala.

(1937 )

– Bertsotan ez ezik prosan ere egin zen aldi honetan literatura, edo kronika nahiago bada, kontzentrazio esparruetatik. Gurseko kontzentrazio barrutitik Ander Garate Gesalibarrek Euzko Deyarako idazten zituen artikuluak benetan zirraragarriak dira. Nikolas Ormaetxea Orixek ere hantxe idatzi zuen Idorreria poema.

– 1937-1941 bitartean Espetxeko lehen aldizkari kolektiboak Espetxean zuen izena eta 11 zenbaki egin zituzten, hiru espetxetan: Santoñako Dueson 2; Larrinagan 5; eta Burgosen 4. 4-6-8 orrialdekoak ziren aldizkari hauek, eta bakoitzetik bost kopia egin zituzten.

Aipatuko nituzke gerra honetan heriotza zigorrera kondenatuen azken eskutitzak, testamentu modura edo idatziak, Larrinagako kartzelan.

– 1960-1970 hamarkadetan ez zen, ez dirudi, lan kolektiborik idatzi, barne-aldizkaririk eta horrelakorik alegia. Aipatzekoak dira, dena dela, Gotzon Alemanen poemak, Julen Kaltzadaren Herriak eta gizonak historia lana, eta Xabier Amurizaren bertsogintza eta bertsolaritzaren teorizatze lanak. Zamorako Konkordatu espetxean egon ziren euskal apaizak, eta benetan ederrak dira, Amurizak han jarritako bertsoetako asko, egin zuten motinari buruzkoak eta beste hainbat. Baina bertsoez gain, prosa ere idatzi zuen Amurizak espetxean, nobela bat zehazki: Hil ala bizi, Elkar argitaletxeak atera zuena 1973an Larraun goitizenarekin. Baserri-munduaren irudi idilikoari buelta ematen dio Xabier Amurizak Hil ala bizi honetan. Baserriko bizimodu gogorra, urria, beldurpekoa eta gizarte osoaren morrontza morala eta materiala ageri da eleberrian zehar. Nobela honek Euskal Herri erruralaren tripak bistaratzen ditu, erlijioa, beldurra, politika, grinak, gorroto-maitasunak, umorea, esplotazioa…

-1980-200… 80. hamarkadatik gaur arteko espetxe urteetan literatura ugari sortu dute euskal preso politikoek. Euskarazko literaturari soilik egingo diot erreferentzia, gazteleraz ere egin den arren, eta ez gutxi.

-Lan kolektiboak: 1980. Hamarkadaren hasierak aberatsak dira kartzelako literatura ariketan: Soria, Puerto de Santa Maria eta Herreran egiten dira barne aldizkariak: Sorian eta Herreran Martxan, Kixmi eta Halankarri.

-1982an atera zuten Puertoko presoek liburu kolektiboa: Intxaur azal baten barruan, Eguberri amarauna goiburua zeramana. Sasoi hartako Puertoko egoera: “Euskal Herritik urrun, denbora hain astiro eta mingarri iragaiten den leku honetan…” dio. Kalean argitaratuko den kartzela literaturaren lehen liburu kolektiboa da hau nire ustez.

-1982an Sorian idatzi zuten Xake liburua ez nuke aipatu gabe utzi nahi. Ez da literatura liburua, baina bai espetxeko sormen kolektiboaren adierazgarri bikaina. Xakeari buruz euskaraz argitaratu zen lehen liburua da seguru asko, eta espetxeko lan kolektiboaren adierazgarri polita. Maximo Aierbe ataundarrak eta Jon Esturo debarrak idatzi zuten, eta J.K. Alberdi Krakasek egin zion hitzaurrea.

– 1989an aterako du Susak Itzalpeko ahotsak, Herreran idatzitako lanekin batipak, hurrengo liburu kolektiboa. Prosa, poesia, bertsoak… daude liburu honetan, batzuk egilearen izenez sinatuak, besteak goitizenez edo sinatu gabeak.

– Ikasketak: ikasketak baliatuz ere egiten dira batzuetan idazlanak, lan akademikoak, espetxeari edo espetxeratua izateari lotuak daudenak.

– Julen Zabalok Euskal nazionalismoa eta nazio lurraldea —1996, UEU—, Europako (zein?) Batasuna —1997, BBK—, eta Abertzaleak eta Ezkertiarrak —2000, Elkar— lanak idatzi ditu, besteak beste.

– Jose Antonio Etxebarri Aiesta, Frantzisko Jabier Martinez Apeztegieta eta Fernando Arburua Iparragirre euskal presoek espetxe instituzioari buruz lekuan lekuko ikerketa lana egin zuten 1985-1986 ikasturtean Jokin Apalategi irakaslearen esanetara.

– 1989-1993 urteetan Barrutik aldizkari kolektiboa atera zen, baina oraingoan literatura baino gehiago kronika eta salaketa izango da batez ere helburua. Urte hauetarako espetxe ugaritan sakabanatua dago euskal preso politikoen kolektiboa, eta ia ezinezko bihurtzen da barne aldizkariak lehen bezala egitea, barne literatura ariketa moduan alegia.
Baina espetxeetan ez da eteten literatura ariketa, idazketa. Itzulpen lanak egin zituzten batzuek, Mitxel Sarasketa, Iñaki Aramaio, Fernando Arburua…

– Bertso idatziak, bakarka norberarentzat, edo kideen artean trukatuz, egiten dira. Horietako batzuk geroago argitaratuko dira, Jon Tapia, Xabier Aranburu Xomorro eta beste batzuenak, baina espetxean egindako bertso asko eta asko argitaratu gabe, norberarentzat edo lagunentzat, geratuko dira.

– Poesia landuko dute beste batzuek, Xabier Izaga… Urte hauetarako kanpoan zen Joseba Sarrionandia, baina nire azalpen beharrik gabe daki edonork Sarrionandiaren lanaren berri, bai itzulpengintzan eta bai sormenean, bai bere espetxe aldian eta bai erbeste aldian. Zerrenda luze samarretik ezagunak dira Narrazioak, Izuen gordelekuetan barrena…

– Banakako liburu batzuk:

– 1996an, Giltzapeko sukaldaritza liburua argitaratu zuen Josu Urrutikoetxeak.

– 1999 urtean Haizea mindu gabe ipuin liburua argitaratu zuen Jon Gaztelumendik.

– 2004an Filipe Bidartek, Bakartasunaz bi hitz liburua argitaratu zuen.

– Badira autore gehiago ere urte hauetan bakarkako literatur lanak eginez, edo lan akademikoekin, liburuak atera dituztenak: Mario Onandia, Karlos Gorrindo, Txelis Alvarez, Karmen Gisasola… Kontuan izan, beti ere, euskarazko literaturari edo euskarazko argitalpenari erreferentzia egiten ari garela. Ez baitira gutxi erdarazko literatura egin dutenak, nola bakarkako lanetan hala kolektiboetan.

– 2002an hasita eta gaur arte urtero atera da Ataramiñe literatura koaderno kolektiboa. Ataramiñek askotariko lanak jasotzen ditu: marrazkiak, eskulanen argazkiak, bertsoa, poesia, prosa… Eta idazlanen artean bada itzulpena, sormena, salaketa, kronika, narrazioa…

– Ataramiñen 14 urte hauetan parte hartu duten preso eta iheslari edo deportatuen zerrenda luzea litzateke, oso luzea:

– Oskar Barreras, Joxe Blanco, Argi Perurena, Olatz Caminos, German Urizar, Marixol Iparragirre, Teresa Toda, Naiara Mallabia, Markel Ormazabal…, eta aipatu nahi nuke espetxeko literaturan hainbat lagundu zuen Jon Etxeandia ere.

– Koaderno edo liburu kolektibo horrez gain, presoen lanekin banakako beste hainbat liburu atera ditu Ataramiñek urtez urte. Eta badira beste argitaletxe batzuekin liburuak argitaratu dituzten presoak ere. Hemen ere aipatzeko autore zerrenda luzea legoke:

– Mikel Antza (Ospitalekoak, Bakarmortuko kronikak, Atzerri…); Iker Morenoren irudiei testua eginez atera zuen Mikel Antzak beste libururen bat.

– Ibon Muñoa: bertsoak egin ditu batez ere, bertso ekoizpen handia du Ibon Muñoak, eta bertso liburuak atera ditun Ataramiñerekin.

– Mikel Orbegozo: komikiak egin ditu, Preso Nago, Ilargipean…

– Kepa Etxeberriak marrazkiak egin dizkie Belen Gonzalez edo Xabier Ugarteren testuei.

– Urtzi Zubizarretak Kartzelako neurriak liburua argitaratu zuen.

– Segapoto kolektiboa izen anonimoarekin idatzi zuten Gosea lagun, laguna.

– Xabier Aranburu Xomorrok, bertso liburua argitaratu zuen Aurrera nekez egiten baitu herdoildutako orratzak…

– Jon Tapiak ere bertso eta poema liburua atera zuen Gartzelatik izenburupean.

– Ekhiñe Eizagirreren Alde erantzira nabil poema liburua…

– Urtzi Zubizarretaren Kartzelako neurriak.

– Jesusmari Zalakainen Kartzelako kronikak…

– Milek Ibargurenen Hemen gauak lau ertz ditu, Deserriko karrikak…

Amaitzeko, esan beharra dut hau ez dela seguru asko lan erabat zuhurra, egile askoren izenak falta dira seguru asko, lanen izenak ere faltako dira. Espetxean euskaraz idatzi eta argitaratu denari begirada bat baino ez da hau. Espetxean zergatik idazten den, idaztera zerk bultzatzen gaituen espetxean, hamaika aldiz galdetu da, galdetu digute, hasieran esan bezala, eta erantzunak ere hamaika eratakoak eman izan ditugu. Ez dut uste erantzun errazik daukanik galdera horrek, teoria definitibo bat eskatzen bada behintzat. Erantzun teorikoa baino errazagoa da praktikoa kasu honetan, balio duen bakarra delako seguru asko, eta arrazoiez galdetu gabe ekiten diogulako idazteari horretarako premia edo gogoa sentitzen dugunean.

Share
« Mezu berriagoakMezu zaharragoak »