[bertsolari.eus] ZIEGATIK BERTSOTAN IV • PAKITO LUJAMBIO

2020 2 urria


[ZIEGATIK BERTSOTAN IV] Pakito Lujanbio
bertsolari.eus

Nahiz eta Joxe Manuel Lujanbio “Txirrita” bertsolari handia nire birraitonaren lehengusua izan, niregana ez zen beraren bapateko bertsolari sen handirik iritsi. Zaletasun apur bat bai, baina apenas bertso paper batzuk moldatzeko eta ez bat-baterako.

Nire espetxealdian bertso paperak erabili nituen nire senideekin uztarketa modura, hots: Gabonetako afariak, gure amaren urtebetetze bazkari ospakizunetarako eta abar idazten nituen bertso batzuk. Eta hitzordua jartzen genuen ordu jakinen batean senideak bazkarian edo afarian kantatzeko, eta nik ordu berean kantatzen nituen nire ziegako bakardadean. Horrela lortzen genuen uztarketa are sendoago bat oraindik, beraien nirekiko eta nik beraiekiko maitasunean.

Amaren urtebetetzea, 2005, Herrera de la Mancha espetxetik

1
Kaixo amona, zer moduz?
Ondo dirudizu!
Laurogei urte gaur zuk
beteak dituzu.
Zorionak amona
zuk merezi duzu
hiru edo lau bertso
eta mila muxu!

2
Pozik gaude guztiok
gaur zuri kantari,
zu baitzara oraindik
guretzat gidari
osatu zarela da
ederki nabari
ta hori ikustea
da guretzat sari.

3
Lehor xamarrak gara
gauza hauetako,
maite zaitugula ta
adierazteko.
Baina sekula ez denez
berandu aldatzeko
gaurkoa aproposa
behingoz ba hasteko.

4
Nahiz eta ez jakin guk
behar dan bezela
zuri adierazten
kuttuna zarela,
ea ikasten dugun
saiatuz honela,
erruz maite zaitugu,
zara gure perla.

5
Koadrila ederra
zure inguruan,
txitoak bezalaxe
oiloan onduan,
segi ezazu horrela
betiko moduan
eta urte askuan
txapela buruan.

Share

[bertsolari.eus] ZIEGATIK BERTSOTAN III • JOAKIN ARREGI

2020 23 iraila


[ZIEGATIK BERTSOTAN III] Joakin Arregi
bertsolari.eus

Zalantza batzuk izan dizkiat bertso sorta hautatzeko unean. Azkenean txoko batean gordeta neukan koaderno batean hauek topatu ditut. Nahiko intimoak dira, eta une oso berezian idatzitakoak. Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu ondoren eta zalantzez beteta nengoela osatutakoak. Avila mendikatera ematen nituen itzulietan inspiratutako bertsoak dira. Venezuelan idatzitako azkenak hain zuzen, 2005an.

KARIBEN ETA KANTAURIN AMETS BAT DABIL ITZULIKA

Doinua: Habanera

1
pentsamenduak askatuz
ametsetan nire kabuz
izan nahiko nuken hori
hemendik dezaket ikus
ez nadin gelditu behintzat
ez amestearen damuz
zergatik gaude lotuta
ezartzen diguten arauz?
burura berez datorren
ametsa ezin da inaus
ametsa bideratuta
ibili gintezke taxuz
ta nahiz egunerokoan
partekatu hainbat lapsus
amesten jarraituko dut
bizi naizela pentsatuz

2
egunsentia sentituz
biziki egin dut Uuupa!
ohartuz bart egindako
ametsa ez dela buka
sarri etortzen zaidana
ezin dezaket izkuta
horrela entzun dut Avila
mendikateko turuta
sormenaren zukutik
ai! zer nolako zurrupa
desioa ta aukera
biak batera batuta
irlatik irlara doa
fantasiaren txalupa
libre dabilen ametsak
berezko indarra du ta

3
irudikatuz Kantauri
partekatzen dut Karibe
bizi naizen prozesuan
biak ditut parekide
ziaboga bakoitzean
olatuak nahasten dire
eta joan-etorri horrek
ditu hainbat zehar-bide
biak gertu biak urrun
ametsaren ibilbide
guneak eta uneak
gogoetaren partaide
fantasiaren mugetan
dena delako posible
itsasotik itsasora
ametsa hor dabil libre

4
helduleku dut ametsa
nire inguru txikian
nire baitan jarduteko
bakartien lubakian
egon ninteke_ilargian
egon ninteke ekian
hertz guztiak arakatuz
sormenaren aitzakian
bizitza irudikatuz
ametsaren antzokian
aztarnak egon daitezen
bidegurutze_egokian
bertsoak ez du mugarik
unibertso irekian
ametsa dabilelako
berak nahi duen tokian

5
Karibe eta Kantauri
bertsotan ditut uztartu
denbora pasatu ala
egin direnak zuztartu
iheskorra den ametsak
bizi grina dit indartu
bideko nekeak ez du
itxaropena lokartu
nahiz batzuetan hodeitsu
egoten dela ohartu
eta agian denborak
pentsamendua zahartu
bizipenen arabera
zintzo behar dut hitzartu
nire zuhaitz bikoitza
Jada_ezin dela bakartu

6
desiorik isilenak
hitza hartuko balute
sumendiaren ahoan
zenbat txinparta ta sute
agertzen diren figurak
biko forma hartzen dute
dosi txikian ttanttaka
jakinik denak daukala
gabezi hainbat bertute
planetan ez dago ezer
amets librearen truke
Ta_ortzadarraren zubiak
lorratza sortuko luke
ametsaren gorenean
ikustea nahiko nuke

7
Kantauri zai egon arren
Karibe ezin dut utzi
jartzen didate biluzi
bi hamarkada ta erdi
ez da ta denbora gutxi
punttuz punttu josi dena
orain ba nik nola hautsi
behar izan dutenean
zenbat maitasun igurtzi
jakinmina duenari
nahi nioke erakutsi
gelditzen zaiten bidean
baietz ametsari eutsi
bizitzari bezalaxe
nire oroimin ta guzi

8
ta nola biluztu naizen
sentitzen nuen bezela
Chavez aipatzea ere
uste dut zilegi dela
bizitza markatu didan
erreferentzi itzela
bera defenditzen inoiz
ez naiz izango epela
sinesgarritasuna du
idatziko dut honela
eta iraungitze data
ez da iritsiko bela
han dago Euskal Herria
ta hemen Venezuela
berdin zait, bakarrik dakit
“chavista” izango naizela

9
metaforaz metafora
burua nola kokatu
nahiz ulertuko dutenak
izanagatik lau katu
bihotzari mintzatzea
ezin zaio debekatu
berdinketa ezin hautsi
nahiz ta partida jokatu
zalantzak hor segitzen du
ametsa ez da bukatu
ametsa ez da bukatu
bertsoak dit orekatu
Karibe eta Kantauri
unez une partekatu
bitatik edan nahi nuke
ametsetan biak batu

Joakin Arregi Goenaga “Txe”
Caracasen, 2005

Share

[bertsolari.eus] ZIEGATIK BERTSOTAN II • XABIER ARANBURU “XOMORRO” ETA JOSEBA ARANIBAR

2020 22 iraila


[ZIEGATIK BERTSOTAN II] XABIER ARANBURU “XOMORRO” ETA JOSEBA ARANIBAR
bertsolari.eus

Bertso sorta hauek eta beste hamaika bat sorta egin genituen garaian Herrera de la Mancha-ko espetxean geunden. Eta, oker ez banago, astean bitan arratsaldetan patiora jaisten ginenean (jaitsi aldi bakoitzean pare bat orduz) gogotik ekiten genion bertsoaren erreinuan murgiltzeari, aspalditik sorturik geneukan BERTSO ESKOLAN.

Kartzelako plazan bertsotan aritzeak, izan bat-batean, izan lardaskan, izan idatzian, izan puntuka… bertsoaren harra barruan zeraman edonori ekartzen zion bihotzera egunerokotasunaren histasuna zulatuko zuen argi printza sendoa. Egia esan arma zorrotza zen kartzelak sortzen zituen kamustasunei aurre egiteko eta aukera genuen aldiro hor ibiltzen ginen HIZTEGI ERRIMATUA Bibliatzat harturik jo eta su bertsoak osatzen.

Bertsotan hasten lehenengoak paperean idatzi eta kantatzen zuenean lekukoa bigarrenari pasaz, honek ere gauza berdina egin zezan. Gaiak garuna lauskitzen zigunean amaitutzat ematen genuen bertso sorta, eta ginda gisa banan banan kantatzeari ekiten genion.

Idi proben bertso sorta aldiz, modulo batetik bestera eskutitzen bidez banan banan egina dago, su hilean egosten diren babarrunen antzera.

Gogoa izanez gero beraz ez zegoen gaindiezinezko oztoporik .

Kartzelaldi osoan ene bizimoduaren parte zen bertsozaletasuna jorratzeak izugarri lagundu zidan, bertsogintzaren mundu aberatsean ikasiz aurrera egiten eta bide batez ikaragarri lagundu zidan iparra ez galtzen, nigan sortzen zuen bizipozaren argi printzei esker.

GAIA: Idi probak

DOINUA: Betroiarena

1
Usurbilgo jaietan
idi frogen txanda
hantxe aurkeztu gera
ederki janda
nire idietako bat
jarri da etzanda
hasi orduko egin
ote du eztanda?
Zer hago edanda?
Mugi hadi aida!
Akuluaz zanga!
Ez hadi defenda!
Lurrik jada ez lantzen
ta alfertzen da

2
bazkalduta etorri da
soilikan itzaina
belar pitin bat janda
nago alajaina
gose dagonak aise
eiten du labaina
eta etzan naizenean
nolako destaina
baina ezin engaina
gose den mingaina
non da kokaina
baba ta gaztaina
horrela ezin leike
egin azaina

3
esklabutza garaiak
ez dira inoiz laga
animali izaten
segitzen bada
gaur laneko ta bihar
jateko beharbada
zure desafioek
ez naute ikara
bukazak tirada!
Ta ez errepara!
emango haut baba
etzak gehio traba!
Orduerdi lan eiteko
kexatzen zara

4
gora animalistak
esanez naiz hasi
eta itzainak ez bitza
gauzak nahasi
txantaia egiteko
baba adierazi
baina gero belarrez
bakarrikan hazi
nekea itsasi
plakiak garrasi
egiten du kasi
urteak doazi
idiak ongi zaintzen
ez dula ikasi

5
gizon probak daudela
bota aurpegira
idi alferra dela
bai nabari da
hire etxeko lanak
traktoreak tira
ta hi baloratzeko
apustuak dira
plaza bat begira
dirua erdira
hitaz ezin fida
nirea kupida
gizon proba hoiekin
hoa hiltegira

6
hiltegira eraman nahi
nauzu lalafede
zure zitalkeria
bihurtuz lege
itzain apustuzale
gainera xelebre
soilik irabaztea
duzulako xede
aditu halere
ezta gizalege
bihurtzea abere
guztien errege
xomorrorikan gabe
etzara ezebe

Joseba itzaina eta Xomorro ez atzera eta ez aurrera gelditu den idia.

Share

[bertsolari.eus] ZIEGATIK BERTSOTAN I • Ibon Muñoa

2020 22 iraila


[ZIEGATIK BERTSOTAN I] Ibon Muñoa
Ibon Muñoa
bertsolari.eus

FERMIN ETA FERMINA

Auzitegi omen den
Nazional horretan,
Fermin eta Fermina
adi leotzetan,
urrundu dituztenez
azken urteetan,
desioa dirdirka
dute ninietan.

Estuki zeneuzkaten
lotuta bilurrak,
polizien erdian
keinuak zuhurrak,
bat egin zuten zuen
begien agurrak,
gogotsu zeuden ezpain
hezetsu samurrak.

Musu xume harekin
izan zen nahikoa,
segundo bat bakarrik
baina magikoa,
unerik ederrena
berebizikoa,
xalo adierazteko
euren artekoa.

Kartzelan zitzaizuen
piztu maitasuna,
agerian zegoen
atsegintasuna,
sentitu zenuten zirt
zoriontasuna,
zirriekin aurkitu
larruen tasuna.

Haginka etorri zen
sakabanaketa,
gertatuko zen zital
beren banaketa,
ordutik eurentzat da
amets hurbilketa,
bikote batek behar
duen arnasketa.

Sailburuak agintzen
ditu mendekuak,
berehala zintuzten
bereizi kaikuak,
gure Euskal Herrian
badira lekuak,
goxo helduta bizi
daitezen eskuak.

Orain urritu dira
euren harremanak,
oroimenean daude
atzoko laztanak,
gutunekin dituzte
trukatzen esanak,
telefonoz hitzartzen
gerorako planak.

Eguzkiak zelaia
janzten duenean,
dena da zoragarri
lilien soinean,
zuen zain daukazue
askatasunean,
gerezien lurrina
ohe apainean.

2011ko otsailaren 7an


Eguneroko patatari

Patata, lursagarra
gure berriketan,
dakusagu otordu
ugarietan,
frijituta dakarte
aldi batzuetan,
nolanahi egosita
gordin gehienetan,
egun horietan
nabil zalantzetan,
beha azpiletan
ehiztari lanetan,
baldar zuritzen dute
zulo honetan.

Patataren mamia
berriro belztuta,
eseri naiz mahaian
aztoratuta,
sendagileak dauka
bista urrituta,
sukaldeko zikinek
gauzkate sututa,
horrela ohituta
txar elikatuta,
gaude nazkatuta
eta aspertuta,
sukaldaria dago potolotuta.

Patata asetzeko
duzu gaitasuna,
munduan zor dizugu
adeitasuna,
espetxean joan zaizu
azkar ontasuna,
lurrak eskainitako
oparotasuna,
erantzukizuna
du, mardultasuna
gaitz utzi dizuna
erabat lizuna,
itzul diezazutela bikaintasuna.

Nekez ahal zaitugu
gogoz ahoratu,
zure izena ezin
dugu goratu,
sukaldean zaituzte
mailaz beheratu,
jantokian irainez
zakar azpiratu,
patata artatu
leunki haztatu,
nahi zaitut sustatu
ganoraz prestatu,
arrautzopil batean urtsu dastatu.

2011ko otsailaren 14an


Joan zizkigun kide gaixoei maitasunez

Kartzelak utzi zaitu
zurbil, hebaindua,
larri gaixotu zara
zabiltza hildua,
maite duzu bizitza
herri zapaldua,
uxatu nahi zenuke
gogotik gandua,
onduta ikusteko
aberri mindua.

Lurrari eskainita
tinko gaztaroa,
urrun izan zenuen
goxo abaroa,
sarean jausi zinen
kaltetu geroa,
pairatzen ari zara
mendeku eroa,
sentitu nahi zenuke
etxeko beroa

Kartzelak zurekiko
arreta eskasa,
mina arindu duzu
sarri zure kasa,
gaixoen egoera
makur eta basa,
sendagile batzuen
jarrera jolasa,
osasun arloa da
erabat narrasa.

Espetxean gaixorik
bikoitza zigorra,
gaua minez igaro
zinez da gogorra,
zure hitz jarioa
dago lar agorra,
justizia zurekin
itsu eta gorra,
esperantzen zelaian
dihardu txingorra.

Aske utzi zaituzte
hutsak estaltzeko,
herritarren oihuak
zerbait isiltzeko,
aurkitzen zaren arren
herren ibiltzeko,
iritsi zara garaiz
sendia gurtzeko,
presoen lagunei
maitez eskertzeko.

Zirimiriak gaitu
busti barra-barra,
zure ilunaldean
ari du negarra,
etorriko da galant
gure ostadarra,
histura bihur dadin
bihar irrifarra,
amnistiarantz zoaz
aupaden iparra.

2011ko apirilaren 23an

Share

[bertsolari.eus] Ibon Muñoa: «Nire bertsozaletasunaz»

2020 13 iraila


[KARTZELAKO GAIA II] Nire bertsozaletasunaz
Ibon Muñoa
bertsolari.eus

Sarrera

Euskal preso politikook eguneroko zereginak zuek ondratzeko egiten ditugu. Kalean aktiboak izan nahi dugu, gatazka demokratizatzeko eta 2011. urtean hasi zen prozesua bermatzeko. Ni bertso sorta eta olerkiekin horixe egiten saiatzen naiz. Datorren urtean, Eibarren, hori egin nahi nuke. Agian idazten, baina hori askatasunaren esku lagako dut.

Nire bertsozaletasuna poliki zertu zen.

Haurtzaroa 1958-1972

Gure etxean, gurasoak euskaltzaleak zirelako, gure ama hizkuntza euskara izan zen. Euskal kultura eurek erositako entziklopedia eta euskal abeslarien diskoei esker dastatu genuen. Halaber, Arrate eta Loyola irratiek, eta urtero maiatzean (gaur legez) antolatzen zen Euskal Jaiak ere izan zuten garrantzia.

Eibarren, ikastetxean eta kalean, lagunekin gaztelaniaz mintzatzen nintzen. Nik uste nuen gure familian bakarrik mintzatzen ginela euskaraz.

Bertsolaritza ez nuen etxean ezagutu. Bertsolariak Arrateko Egunean, Urkizun sanpedroetan edo Euskal Jaian entzungo nituela uste dut, baina ez nituenez arauak ezagutzen, eta ez nekienez zein zen kulturaren arlo horren arima ere, ez nituen nire gogoan aterpetzen.

Hamalau urterekin konturatu nintzen euskara mordoilotzen hasi nintzela. Hori dela eta, telebistaren aurrean jartzen nintzenean, gaztelaniazko hitzak eta esaldiak euskaratzen hasi nintzen.

Euskararekiko neukan kezka kalean lagunekin konpartitu nuenean, euretariko batzuk euskaraz mintzatzeko gai zirela ohartu nintzen.

Ordutik aurrera eurekin euskaraz mintzatzen hasi nintzen, eta, kalean, jakin zezakeen edonorekin.

Fraideen ikastetxean ez zeukaten euskal kulturak eta euskarak lekurik. Han ikasten nuen kultura bakarra espainola zen, frankistena. Niretzat Burgosko prozesua arte, Franco jainkoaren hurrena zen. Maitasun hori ez nuen etxekoekin konpartitzen. Bi mundu ezberdinetan bizi nintzen. Korazonistetan salbuespen bakarra latineko Don Pedro irakaslea izan zen. Eskolako ordutegitik kanpo erakusten zigun nahi genuenoi. Hala ere, bertsolaritzaren mundutik at bizi nintzen.

Nerabezaroa 1973-1976

Korazonistak joan egin ziren Eibartik eta La Sallen hasi nintzen ikasten. Franco oraindik bizi zenez, euskara hutsaren hurrengoa zen han ere. Kalean, berriz, euskal kultura eta euskara indartzen hasi ziren Euskal Jaia, Kirol Elkartea, ikastola, gau-eskola, eta Arrate Kultur Elkarteari esker. Bestalde, Eibarren, abade gazte aurrerakoien eskutik, lagun batzuk gure historia eta euskara batua ikasten hasi ginen. Euretariko batek (Jesus Mari ArrietaEneko Aritza liburua (berak idatzitakoa) ekartzen zigun, euskaraz irakurtzen ikas genezan.

Ikasle txarra nintzenez, La Salletik Institutura joan nintzen. Han, larunbatetan, Hasier Etxeberria zenarekin, Euskal Herriko historia ikasten genuen, eta kontzientzia nazionala eta soziala piztu zitzaidan.

Igandeetan, Loyola irratian Xirula Mirula Imanol Urbietaren saioa entzuten nuen. Itoizen lehendabiziko diskoaren Lau teilatu kantarekin liluratu nintzen. Hori izaten zen asteko unerik onena.

1976an, Loyola irratiak 24 ordu euskaraz egin zuen eta Anoetako belodromoan inoiz ahaztuko ez dudan jaialdia antolatu. Irratsaioa Oskarbi taldeak musikatu zuen eta Gandiagaren olerki batekin hasi zen: Esperantzari leiho bat zabaldu omen diote.

Urte haietan, maiatzean, Euskal Jaiaren bezperan, Astelena frontoia betetzen genuen euskal abeslariak entzuteko (Benito, Laboa, Lete…).

Nerabezaroan egin nuen bat bertsolaritzarekin. Arrate Kultur Elkartean izan zen Xabier Lete, Julen Lekuona eta Antton Valverde entzun nituenean gitarraren laguntzarekin Txirrita, Xenpelar, Udarregi eta enparauen bertso zaharrak kantatzen. Geroztik, gaurdaino, nire bihotzean dago bertsolaritza.

1976ko irailean lanean hasi nintzen familiaren dendan.

Gaztaroa 1977-1990

1978ko maiatzean, Amnistiaren Aldeko Batzordeetan militatzen hasi nintzen, eta, irailean, gau-eskolan euskara ikasten. Irakaslea Trunboi bertsozalea zen (bertso paperak idazten iaioa da). Gau eskolan baino gehiago Untzagan errepresioa salatzen aritzen nintzenez, laga egin nuen gau eskola.

Nahiz politikan buru-belarri sartu, 1983an Xabier Amurizaren ikastarora joan nintzen, bertsolaritza hobeto ezagutzeko. Ikastaroan umeak, gazteak eta helduak (Eibar, Soraluze, Markina…) batu ginen hilabete batzuetan, astean behin. Umeek ikastaroa askari batekin bukatu zuten. Helduok, berriz, afari batekin Soraluzeko San Andres auzoan. Afalostean, Xabierrek bakoitzari bertso bat idazteko eskatu zigun. Ni ez nintzenez osatzeko gai izan, zeharo lotsatu nintzen. Bertsolari izateko ez nuela balio ikusita, bertsozale bihurtu nintzen.

Eibarren Amnistiaren Batzordeek antolatutako ekitaldietan ia beti bertsolariak ekartzen genituen. Adibidez, Valentin Gesalaga zenaren omenaldia Elgetako bidearen parkean egin genuenean, Unai Iturriaga eta Igor Elortza ekarri genituen. 12 edo 13 urte zituzten orduan.

Gaztaroan, Eibarren sanandresen astean egiten den saiora joaten nintzen, eta, batzuetan, Eukal Jaiaren astean antolatzen zen bertso afarira. Belodromoko finaletan hiru aldiz egon nintzen. Telebistan, berriz, Hitzetikhortzera saioa ikusten nuen.

Bertsolari aldizkaria sortu zenutenean, harpidetu egin nintzen. Bestalde, Peñagarikanori bertsolarien biografiak erosi nizkion. Auspoa saileko bertsolari batzuen biografiak irakurri nituen; adibidez, Manuel Lasarterena. Xalbadorren Odolaren mintzoa bi aldiz irakurri nuen.

Helduaroa 1991-2000

Nire bizitzak aldaketa esanguratsua izan zuen 1991ko maiatzean. Zinegotzi izendatu ninduten. Besteak beste, Kultura eta Irakaskuntza batzordeetan parte hartu nuen. Amaña eta San Andres ikastetxe publikoetan proposatu nuen euren curriculumean euskal kultura sar zezatela. Onartu egin zuten.

Azken bertsolariak kalean 2000. urteko irailean entzun nituen. Kartzelan 18 urte eman zituen Fidel Gonzalezen omenaldian izan zen.

Kartzelaldia 2000-2019

2020ko urriaren 11n itzuliko naiz Eibarrera. Ia kartzelaldi guztian Euskal Herritik kanpo egon naizenez, bertsoen mundua batik bat Gara eta Berriarekin jarraitu dut. Hori dela eta, bertsolari gazteen ahotsak ezezagunak dira niretzat. Bestalde, ez ditut ezagutzen doinu eta bertso mota berriak. Egunkarietan finaleko bertsoak irakurri izan ditut, baina ez da gauza bera izaten. BECen entzunda zoragarria izango da.

Komisariako egun eta gau latzak sufritu eta gero, urriaren 21ean Valdemoron espetxeratu ninduten. Lehendabiziko hilabeteak oso ilunak izan ziren niretzat, batik bat ziegako orduetan. Zorionez, kideei esker, espetxearen bizimoduan sartzen hasi nintzen.

Kirola egiteaz gain, unibertsitatean ikasi ahal izateko azterketa prestatzen hasi nintzen, eta horrekin batera EGA.

2001eko ekainean unibertsitateko azterketa aprobatu nuen. EGA, ez.

Terapia ona, hasiera hartan, izan zen sentimenduak gidatuta gutunak eta olerkiak idaztea. Valdemoron ia 30 olerki idatzi nituen, eta 2001eko abenduan Kordobara eraman nindutenean, bospasei.

EHUn Kazetaritza euskaraz ikasteko asmoz matrikulatu nintzen. Hori dela eta, Kordoban liburuak jaso bezain azkar, sentimenduen txokotik atera nintzen.

Ikasten 2003. urtea arte aritu nintzen, Aznarren gobernuko Acebes ministroak EHUtik kanporatu gintuelako, esanez eurek UNED hobesten zutela (Acebes Barne ministroak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Garzonekin).

UNEDen ez dutenez kazetaritza irakasten, Historia ikasteko matrikulatu nintzen, baina, Kordoban egonik, nahitaez gazteleraz. Puerto I espetxean, euskara batua hobeto ikasteko, bertan behera laga nituen Historiako ikasketak. Erabakia 2004ko irailean hartu nuela uste dut.

Etxerati eta Jose Ramon Etxebarria eta Zesar Martinez irakasleei esker, bi idazki egin nituen, Euskara zientziaren munduan, eta Nafarroan zergatik gertatu den euskararen galera, eta zergatik, adibidez, Huitzik goiari eutsi dion!

Puerto Iean ikastaro batzuk gaztelaniaz egin nituen (ofimatika, dietetika, kriminologia), baina halako batean, 2007ko azaroan hain zuzen, Irene adiskideak eskulan batzuk bidal nitzala eskatu zidan, Eibarren bi urtean behin gure eskulanekin Arrate Kultur Elkartean egiten den erakusketarako. Ni ez naizenez horretarako iaioa, ezetz esan nion. Orduan berak gutxienez bi olerki bidaltzeko eskatu zidan. Horri esker, berriro olerkiak idazten hasi nintzen.

Hasieran, olerki bat idazten nuen, bi astean behin. Gerora, astero bat. Ziegan Herria 3000 hiztegia daukadanez, erdiko orrietan dauden bertsoen adibideetara jo nuen. Zer egin pentsatzen hasi nintzen, baina errimak kontuan hartu barik. Niretzat, orduan, olerkiak idazteko beste era bat zen. 2008an edo 2009an izango zen. Soraluzeko auzoan sentitu nuen lotsaren eragina izango zen.

Poliki-poliki, errimak kontuan hartzen hasi nintzen. Uste dut hori neurri bereziko bertsoekin hasitakoan gertatu zela (Ikusten duzu goizean, Elisanburu; Iparragirre abila dela, Xenpelar…). Ordurako, bertso sorta bat idazten nuen astero.

Garai hartan Ataramiñek bazeramatzan zazpi urte gure kideen lanak argitaratzen eta Ireneren esku laga nuen Mitxel Sarasketari sorkuntza lan batzuk bidaltzeko ardura. Horri esker Ataramiñeko lagunak 2009ko eta 2010eko nire lanak urteroko liburuan inprimatzen hasi ziren, gainerako kideenekin batera.

Nire metodologia orduan zen sorkuntza lan bat zirriborratutakoan karpeta batean gordetzea. Halako batean, bat aukeratzen nuen eta, astelehenetik igandera, egunero aritzen nintzen hura aztertzen eta hobetzen. Igandean bukatu bezain azkar lehendabiziko koadernoan idazten nuen. Bigarrena Ataramiñeri bidaltzen diodana izaten da.

Bi koaderno osatu nituenean, Ataramiñekoek esan zidaten nire sorkuntza lanekin liburu bat argitaratzeko asmoa zeukatela. Hori dela eta, hasierako olerkiak gainbegiratu eta moldatu nituen.

2011ko azaroan Ametsen txokoan bizi naiz argitaratu zidan. Hitzaurrea Jon Etxabek idatzi zuen.

Sorkuntza lanak Valdemoron, Kordoban, Puerto Iean eta berriro Kordoban (2014ko martxoaren 21etik) idatzi ditut. Gehienak Kordobako isolamenduaren 20, 18 eta 7. ziegetan, leihoko burdin sarearen eta bost metrora daukadan hormaren ostean gordeta.

Kideei, lehen bezala orain, olerkiak eta bertso sortak irakurtzen eta kantatzen dizkiet astelehenero. Bestalde sorkuntza lanak, aldiro, neska-lagunaren bi nebei eta Ireneri bidaltzen dizkiet, eta gutunak igortzen dizkidatenei bi sorkuntza lanekin erantzuten diet.

.

2014an, Ainarak herrira itzuliko dira argitaratu zidan Ataramiñek. Hitzaurrea Jesus Mari Gisasola Trunboikidatzi zuen.

2016an, Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin; hitzaurrea, Mikel Arrillagarena.

2017an, Udaberrian biziko gara; hitzaurrea, Amaia Ereñagarena.

2018an, Hamaika desio utopiarako; hitzaurrea, Leire Narbaizarena.

2019an, Gure memoria, gure historia; hitzaurrea, Jokin Urainena.

Aurten Jon Etxabek aurkibidea gaika osatu du. Bestalde, Mikel Zarrabek liburu guztien azalak apaindu ditu eta Edurne San Martinek sorkuntza lan guztiak pikatu. Irenek eta gainerako kideek aurkezpenak antolatu dituzte eta liburuak zabaldu. Liburuak auzolanaren fruitu izan dira.

Dagoeneko 900 sorkuntza lan idatzi ditut. Bai olerkiekin eta bai bertso sortekin, osatzeko era ezberdinak izan ditut. Olerkietan era librean hasi nintzen, eta gero lerroen silabak zaintzen eta errimatzen. Ondoren, errimatu barik. Orain, berriro era librean idazten ditut. Hala ere, gaur egun olerkiak luzeagoak dira.

Bertso sortak hasieran puntua kontuan hartu barik idazten nituen, baina gehienak puntua kontuan hartuta idatzi ditut. Nire akatsak errimak behartzea eta sintaxia zanpatzea dira. Gaur egun, gehien idazten ditudan bertso sortak zortziko txikiak eta zaharrak dira.

Kide asko, kartzelaldiari aurre egiteko UNEDen matrikulatzen dira. Beste batzuek bi urteko moduluak ikasten dituzte Etxeraten bitartez, edo hizkuntzak euren kontura. Nik aurten EGA aprobatu dut. Kartzelan ezin zara sabaiari begira egon, edo etengabe telebistari. Ederra da egunero sentitzea burua jantzi eta gorputza landu duzula.

Nik ia dena sorkuntzari eskaini diot. Nire ekarpena izan da. Ez dut uste olerkaria naizenik, baina sorkuntzan egunak gustura pasatzen ditudanez, jarduna ahalik eta txukunen burutzen saiatzen naiz, nire iritzia emanez kartzela, gatazka, euskara, bortizkeria, kultura, politika edo maitasunari buruz. Euskal Herria eta mundua sarri daude nire ituan.

Sorkuntza lanekin antzinako mamuak uxatzen ditut. Terapia ona da zeure gogoari esateko ez dituzula betiko akatsak berriro egin nahi. Sorkuntza lanekin pertsona hobea izan nahi dut, nortasuna ongarritu eta nire ohitura txarrak aldatu… Sorkuntza lanekin nire iragana oroitzen dut, egun haietaz hausnartuta, geroa prestatzeko eta orainean estresa gutxitzeko, pertsona zoriontsua izateko neska-lagunarekin eta hurko guztiekin, Euskal Herri librean.

Eskerrik asko tarte hau eskaintzeagatik aldizkarian. Kordobako kartzelan isolamenduko lehen galeriaren 7. ziegatik, maitasunez agurtzen zaituztet.

Share

[bertsolari.eus] Jokin Urain: «Espetxeko sormena, espetxeko bertsolaritza»

2020 11 iraila


[KARTZELAKO GAIA] Espetxeko sormena, espetxeko bertsolaritza
Jokin Urain
bertsolari.eus

Argazkiak: Xabier Amuriza, Juan Inazio Iztueta fundazioa, XDZ

Bertso saioetan “Kartzelako gaia” jartzea ez dakit noiztik datorren kontua den edo nola sortu zen irizpide hori. Saioetan doinua eta neurria aukeratuz, gaiari sakon helduz… duenik onena ematen saiatzen da bertsolaria, saio osoan edo txapelketan zelako garrantzia duen ondo jakinean. Gai horren bueltako ezaugarri nabarmena izaten da bertsolariak banan bana azaltzen direla oholtzara, eta kantatzen ari denak zer kantatzen duen entzungo ez duten lekuan gordeta, ezkutatuta, isolatuta egoten direla hurrenez hurren kantatuko dutenak, kantatzeko daudenak.

Isolatze hori identifikatzen da, beraz, kartzelarekin, batek kantatzen duen bitartean besteak, artean kantatzeko daudenak, isolamenduan-kartzelan daudelako. Isolamendu-kartzelatik aterata oholtzatik kantatzen du bertsolariak jendaurrean.

Eta kantatzen ari ez diren horiek, isolamendu-kartzela horretan kantatzeko txandaren zain daudenek, zer egiten dute? Hori bertsolariek jakingo dute, bertso saioetan kantatu dutenek.

Presoen kasuan alderantzizkoa gertatzen da: isolamendu edo kartzelan zaudenean kantatzen duzu, edo idazten dituzu bertsoak. Horregatik, bertsoak egiten ari den presoarentzat gaia beti da kartzelakoa.

Eta kartzelan bertso asko egin dira, asko idatzi dira, bai gure aldian eta bai lehenago. Alde batetik denbora izan dugu horretarako, zaletasuna ere bai apur bat, nahiz eta denok ez izan bertsolari.

Espetxean, gehienok elkarrekin edo multzo handi samarretan geundenean, behintzat, sortu edo erraztu egiten zen horretarako giroa, bertsozaletasuna zuten kide bat baino gehiago elkartzea ere ohikoago zelako sakabanaketa aldian baino. Eta, behin bertsoak edo bertso modukoak egiten eta lagunartean trukatzen edo norbaiti bidaltzen hasita, ohitura hartzen zenuen horretan jarraitzeko.

Espetxeko isolamendua deseraikitzeko modua ere bada bertsoak egitea, Literatura, ikasketak edo beste edozein ariketa aktibotan jardutea izan daitekeen adina.

Baina esan behar da espetxea ez dela leku ona, ez bizitzeko eta ez ezer egiteko, ezta sormenerako ere, eta sormena euskaraz bada, are txarrago bihurtzen da espetxea, etengabeko lehian eta borrokan aritu behar duzulako euskaraz idazteko eta euskaraz komunikatzeko.

Espetxearen aurkako borroka, eta espetxe barruan gure herriaren eta euskararen aldekoa, oso antzinatik dakargu; Etxepare hasi zenetik, etenik gabea izan dela esango nuke.

1545ean argitaratu zen euskarazko lehen liburua, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae alegia. Haren  Kontrapas eta Sautrela gogoratuko dituzue, “Euskara da kanpora eta goazen denok dantzara…”:

Libertatia nola baita gauzetako hobena,
Gatibutan egoitea hala pena gaitzena.

Euskaraz idatzi zuen; euskaraz idazten hasi zen, eta euskara mundura eta plazara atera dadin aldarri egiten du Sautrela eta Kontrapas kantuetan.

1806an Juan Inazio Iztuetak Kontxesirenak hamar bertsoko sorta idatzi zuen, Logroñoko espetxean. Hara eraman baitzuten Azpeitikotik. Hauexek sortako bi:

Hogeita lau leguaz nago aparte,
bitartean badauzkat milioi bat ate,
guztiak itxirik;
nahi arren ezin egon isilik;
beti negarrez,
nere maite-maitearen galdez
ote dan bizi,
Bihotz-bihotz nereko Kontxesi.

Nere maite polita, ez da zer etsi,
bihar ez bada ere hor nauzu etzi,
lehengo lekuan.
Ailegatutzen naizen orduan
ai hura poza
nere maite-maitetxo bihotza!
Zuri begira
pena guztiak ahaztuko dira…

1815ean Martin Larralde Bordaxurik, besteak beste idatzi zuen Galerianoaren Kantua. Pantxo eta Peio kantarien bitartez ezagutu genituen, batez ere, gure gaztaroan bertso hauek:

Kantatzera nihazu alegera gabe,
ez baitut probetxurik, tristaturik ere;
Nehun ebatsi gabe, gizonik hil gabe,
sekulakotz galerak enetako dire…

Martin Larralde Bordaxuriren garaitsuan edo apur bat geroago idatzi bide zuen Etxahun Barkoxek Munduan malerusik, eta 1834an Etxahunen bizitziaren khantoria, Bi berset dolorusik

Eta 1855ean hor daukagu Jose Maria Iparragirre. Nork ez du kantatu edo entzun haren aldarria, Tolosan giltzapian sartu zutenekoa?

Negar egingo luke
nere amak baleki.

XIX. mendera etorrita, urkamendia motibotzat duten bertsoak dauzkagu: Hamalau heriotzarenaEstudiante kondenatuarena… kondenatuaren enkarguz eta ez kondenatuak berak jarritako bertsoak dira seguru asko.

1936-1939 gerra eta gerraosteko preso batzuek ere idatzi zituzten bertsoak. Luis Rezola Tximela tolosarrak, esate baterako. Kontzentrazio esparruaren aipamenak, Duesoko espetxearenak eta Puerto de Santa Mariarenak egiten ditu Tximelak. Gerra eta espetxealdiaren aurretik ere bertsoak jartzen zituen, baina espetxean, erosotasunaren faltan, denbora aurkitu zuen bertsotarako, eta bai  jarri ere ederrik.

Artean espetxeratu berri, honela zioen 28 bertsoko sortaren azkenekoan, 1937an:

Tolosan jaio nintzala dira
ogei eta bi urteak,
sasoi ontara ondo iritxi,
aurrera egun tristeak.
Oinbeste urten ez nau alperrik
zaindu amatxo maiteak,
pozik ikusiko nukenean
itxita dauzkat ateak,
gerra bukatu egin da baño
ez dira egin pakeak.

Urte bereko irailean, Dueson, heriotza zigorraren zain, egun txintan fusilatzen dituztenak gogoan:

Egun-txintan iltzera
eraman dituzte,
gañera ainbeste;
au gertatuko zanik
ez genduan uste.
Berri gogorra dala
danak esan dute,
etzaigu, ez, aztuko
bizi geran arte
oiek nola il dira,
naiz pasa eun urte.

Espetxeko egoera, bizimodu hura, guztiz modu grafikoan, argi eta gordin azaltzen du Tximelak bere bertsoetan. Bertsokera anitza erabiliko du, aberatsa, Olerkitxo batzuk goiburua jarriko die berak ere sortaren batzuei…

Duesotik Puerto de Santa Mariara eraman zuten. Duesotik Cadizera bertso sortari azpititulua ipintzen dio: Euskaldunak Puerto de Santa Mariara, eta andaluzak Duesora:

Agur, Dueso, ez al naiz berriz
etorriko baldinbaite,
urtebetean emen bizitu
naiz, baña etzaitut maite…

Eta Puerton ere kantari, jakina:

Astera nua kantuan
Santa Mariko Puertuan,
onela ditut penak aztutzen
etxe giltzatuan.
Gordetzen badet buruan,
ezta jakingo munduan
ogei ta iru urte ederrekin
gaur nola naguan.

Etxea, herria, gurasoak… haien minez bizi da, eta kantatzen du:

Berdin zait Eguberri,
berdin zait Lazaro,
nik emen ezin egin
iñolaz lasa lo.
Eztago irauterik
onela luzaro,
zure itzal gozoa
ez nekin baleko…
Gaur maite zaitut, ama,
dana esana dago!

Zinez ederra da Tximelaren espetxeko bertsogintza, hunkigarria batzuetan, urragarria bestetan…

Tximelaren garaikideak dira Estepan Urkiaga Lauaxeta, Nikolas Ormaetxea Orixe eta beste batzuk, eta horiek ere idatzi zuten espetxean edo kontzentrazio barrutietan, baina poesia bertsoa baino gehiago.

Bertsoen bidez azken desioa, azken agurra, behin betirako mezua idaztearena gure artean norainokoa izan den ondo adierazten zuen Tomas Gerrikagoitiak, 1937-39ko gerra presoak, Arantza Eta Larrosa liburuan, heriotzara kondenatuko ote zuten beldurrez bere emaztegaiari badaezpada, hiltzen bazuten ere, azken agur modura idazten dion bertsoan:

Neure Joxepa maitia:
Lerro bi zuzendu nai
eta pultsua dardarrez.
Urte askotan ibilita
maitemindu giñan alkarrez.
Urtea pasa da bat egiteko giñala biok,
pozez eta irribarrez.
Ekaitz madarikatu bat zala medio
atzeratua zoritxarrez.
Gure txoko maite onen areriuak
jagi ziran guzur ta indarrez.
Euskadi guztia ipiñi dabe
bildurrez eta negarrez.
Zapalketa onen aurka jagi nintzan
neban almen ta indarrez.
Au dala medio epaitu nabe
eriotza zigorrez.
Onek banatuten gaitu biok
barru-barruko miñez da negarrez.
Baña oroituko zaitut
arimaren indarrez.
Ez bildurrik izan
beste bat maitatzeko nire ordez.
Baña ez naizu aztu
zure otoitzez.
Beso artian laztanduz agurtzen zaitut,
Joxepa, azken arnas au emonez.

1960-1970 urteetara etorrita, Xabier Amurizak Zamorako konkordatu kartzelan egin zuen bertsogintza eta bertsolaritzari buruzko lana itzela da, egundokoa.

Ez da erraza Zamoran egin zituenetatik aukeraketa bat egitea, baina 1970ean egindako “Euskal Herritik aparte” goiburua duen sorta:

Euskal Herritik aparte
mila legua bitarte
esku ta hanka loturik preso Zamoran gauzkate.
Pentsaturik zenbat urteetan
behar dugun hemen bete
pazientzia hartu beharko libre utzi arte.

Heldu ginen Zamorara
infernu zulo hontara
Jainkorik bada dagon lekutik gaitzala anpara.
Urte batzuen bolada
gu hemen izango gara
bien bitarte Euskal Herria askatzen ez bada.

Eta Zamorako espetxean apaiz presoek egin zuten mutinari jarri zizkion bertso zoragarri haiek, Zamorako sugintza deituak, hain deskriptiboak…:


1. Ke azpitik su gainetik
gar artetik ihesi
uhuka sei ihizi
hauts eta putz ahal zen dena
erre eta erauzi.
Ai kartzela Zamorako
nola gelditu haiz hi
eskerrak sei apaizi?
Ez zaik ezer sano utzi
egik sutan garraisi.


2. Sei tximistek infernutik
bueltan eztanda hemen
aitaren semearen
kartzela hankaz goratzeko
aski zen ordu laurden.
Lotegia gar eta ke
Eliza ere ondoren
Barka, Jauna, zer hoben!
Nekez dugu berriz gaurko
San Joan surik eginen.

  
3. Mahai ate komun leihotik
hausten ezin kontsola
hura kristal uhola
telebista patioan
tripak zerizkiola.
Gotzain eta Aita Santu
gutaz gaur arte nola
bost zareten axola
horra zuek barne erre
beharreko kaiola.

Zer jario ederra kartzelako mutinaren zalaparta adierazteko!

1980ko hamarkadatik aurrera, euskal preso politikoak gehienbat Soria, Puerto de Santa Maria eta Herreran talde handitan daudenean, dinamika aski biziak sortzen dira literatura, bertsogintza, alfabetatze eta gisakoetan. Aurretik bertsozale ez diren edo bertsogintzari buruz ezagutza handirik ez duten batzuk ere bertsoak egiten hasten dira dinamika horien baitan. Eta beste batzuk, berriz, lehendik zekitena hobetzen. Urte horietan espetxean egiten ziren zenbait barne aldizkaritan aterako dira bertso horiek. Geroago, 2000. urteari buelta emanda, Ataramiñeargitaletxea hasiko da presoen lanak kolektiboki edo banaka ateratzen. Preso batzuek beren herrietako elkarteen bitartez ere emango dituzte argitara bertso liburuxkak.

Aro horretako kartzelako bertsogintzan bereziki aipatuko nituzke Jon Tapia, Xabier Aranburu Xomorro, Eusebio Lasarte, Ibon Muñoa eta beste batzuk, jardunean nekagaitzak izan direnak. Baina horiekin batera beste izen asko eman beharko nituzke, zaletasun handia izan dutenak kartzelan bertsoak idazteko.

Espetxetik senideei, lagunei, herriko elkarteren bati… bidaltzeko eskutitzetan ere erabili izan ditugu bertsoak, prosan esango ez genituzkeenak bertsoz esanez. Iruditzen zait, batzuentzat bederen, prosak ez bezalako lizentzia eskaintzen zuela bertsoak. Batzuek badugu zor hori bertsoarekin.

Share

[Berria] Zaldi Ero: bizinahia eta herioa

2020 23 uztaila

Aitor Fresnedo Gerrikabeitia Jaenen da preso; hala, senide eta argitaletxeko kideek aurkeztu dute liburua.
Argazkia: L. J. / FOKU

→ [berria.eus] Zaldi Ero: bizinahia eta herioa

Zaldi Ero siux buruzagiaz Mari Sandozek idatzitako biografia itzuli du Aitor Fresnedo Gerrikabeitiak, eta Ataramiñek kaleratu du.

Iñigo Astiz

Tantaka hasi, eta uholde bilakatzen den jario atzeraezin baten modura. Mari Sandoz idazle eta historialariak hala deskribatzen du kolono zurien etorrera Zaldi Ero siux buruzagiari eskainitako biografia mardularen hasieran. «Jende zurizko jario mehetxo bat ekarriz hasi zen bidexka; eta indiarra, eskua ongietorria emanez jasota, pipatzera joan zen, eta ikustera nola igarotzen zen zurien herri luze hura: egunak joan egunak etorri, uda osoan zehar, beti norabide berean. Pentsakor geratu zen, ez baitzituen sekula itzultzen ikusi; haatik, urtero berberek izan behar zuten, ezinezkoa baitzen horrenbeste jende egotea mundu osoan. […] Harrizko pipa hodi luzeari pafaka, indiarra gauza horiei guztiei begira egon zen, eta oso berri eta arraro iritzi zien. Baina, laster, zurien jario mehea ibai handi bihurtu zen, arma baten tiroak zuen zabalerakoa». Eta gero datoz hilketak, bake hitzarmenak, sarraskiak, erresistentzia eta, azkenik, heriotza. Haurtzaroa eman zuen idazleak Nebraskako estatuan gatazka hartako protagonista izandakoen kontakizunak entzuten, eta hamaika elkarrizketa egin ostean, 1942an eman zuen argitara biografia. Zaldi Erori buruz idatzitako libururik onenen artean aipatzen dute haren lana adituek. Aitor Fresnedo Gerrikabeitia euskal presoak itzuli du orain euskarara, eta Ataramiñe argitaletxeak argitaratu du: Zaldi Zoro.

Oglala leinuko siux tribuko buruzagi izan zen Zaldi Ero. 1840an jaio eta 1877an hil zen, eta XIX. mendeko Ipar Amerikako jatorrizko herrien erresistentzia mugimenduko izenik handienetako bat bilakatu zuten 37 urte horietan erakutsi zuen kemenak eta lortu zituen garaipenek, harik eta, azkenean, Crook jeneralaren aurrean amore eman, eta egun gutxira hil zuten arte. Bada, borrokalari haren biografia biltzen du Sandozek liburuan, baina baita hori baino gehiago ere; idazleak esfortzu berezia egin baitzuen kolonoak heldu aurretik tribu haiek guztiek zuten bizimodua eta ohiturak deskribatzeko. Hain zuzen ere, galdutako eta mantendu nahi izandako horren guztiaren «metafora bat» da Zaldi Eroren bizitza, Jokin Urain idazle eta euskal preso ohiaren hitzetan.

«Lurra eta askatasuna aldarrikatzen zuten nazio eta jende haien historia bat da liburu honek ekartzen duena, Zaldi Zororen bidez», azaldu du Urainek liburuaren aurkezpenean. «Historia tristea da, azkenean, Zaldi Zoro hil egiten dutelako, traizioz hiltzen dute, atxilotuta daukatela, baionetaz, bizkarretik, eta hori izan daiteke jatorrizko Ipar Amerikako biztanleekin pasa zenaren metafora. Hil egin zituzten, erreserbetan sartu zituzten, gaixotu egin ziren». Eta, halere, Urainen ustez, nolabaiteko justizia poetiko bat ere badakar inprimatzen den Zaldi Eroren biografiaren kopia bakoitzak. «Haien filosofia eta bizinahi hura oraindik ere gogoratzen eta jendearen eskura jartzen duelako».

Oier Gonzalez Ataramiñe elkarteko kideak gogoratu duenez, 2000. urtean sortu zuten elkartea, eta euskal preso eta iheslarien sorkuntza lanak argitaratzea izan dute helburu hasieratik. «Espetxeaz hitz egitea, gure gizarteaz hitz egiteko manera bat da. Espetxea gure gizartearen isla izan daiteke. Gure gizartearen gabezien eta kontraesanen sintoma, eta, beraz, espetxetik datozen sorkuntza lanak irakurtzea espetxea irakurtzeko manera bat da».

Oreka mantentzeko

Hain zuzen ere, espetxean bizi izandako estualdien berri ematen du Fresnedo Gerrikabeitiak liburuari idatzitako hitzaurrean. 2002an iritsi zitzaion Sendozen lana lehenengoz esku artean, Ocaña I espetxean zegoela. Katalogatu gabe zegoen liburua, eta baita hondatuta ere, baina zaborretara bota beharrean, lan hura Fresnedo Gerrikabeitiari ematea erabaki zuen liburutegia zaintzeaz arduratzen zen presoak, eta, seguruenik ohartu gabe, baina salbamendurako ohol bat ere helarazi zion presoari liburu haren bidez. «Bizitzako une hartan, burua kili-kolo neukan. Ordurako sei urte neramatzan preso, lau bakartuta. Ordu gehiegi bakarrik, ordu gehiegi pentsatzeko; aurretik, 30 urtera arteko espetxealdia… Bat-batean, egun batez, errealitatea desitxuratzen hasi zitzaidan. Zaldi Zororen liburuak lagundu egin zidan buruari atseden ematen, eta oreka mantentzen, ohiko munduaren eta zentzu berri batez ageri zitzaidan errealitate horren artean».

«Testu irakurterraz bat sortzea izan da nire kezka». Hitzaurrean dioenez, testuko terminologia zainduz egin nahi izan du lan hori Fresnedo Gerrikabeitiak, baita Sandozen jatorrizko testuaren tonu poetikoa errespetatuz ere. Eta bi mutur horien arteko oreka bilatzen ahalegindu dela dio. Itzultzailearen hitzetan, gainera, eta Euskal Herriaren eta Ipar Amerikako jatorrizko herrien errealitateen arteko distantzia onartuta ere, balio dezake Sandozen biografiak euskal gatazkari buruz gogoeta egiteko ere. «Interesgarria den beste ikuspegi bat aurkitu daiteke liburu honetan, gure herriaren borrokarekin parekotasun handia; bereziki, borroka armatuaren amaiera izandako bilakaerarekin».

Kartzelak motelduta

Egun, Jaenen dago preso Fresnedo Gerrikabeitia, eta, horregatik, Eider Fresnedo arrebak eman ditu liburuari eta anaiaren egoerari buruzko azalpenak aurkezpenean. Gogoratu duenez, kalean egon beharko luke Fresnedok jadanik, zigorraren hiru laurdenak beteak dituelako, baina bigarren graduan jarraitzen du. «Zaldi Zororen liburu honek bizitza salbatu zion», esan du. Eta, kontatu duenez, kartzelak nabarmen moteldu du itzulpen prozesu osoa. Izan ere, Koldo Zumalde izan du zuzentzaile Fresnedo Gerrikabeitiak, baina komunikazio guztiak interbenituak dituenez, bihurria izan da bien arteko harremana. «Hari karta bidali, karta hori interbenitu, Madrilen ez dakit zenbat hilabete pasatu, iritsi Koldoren [Zumalderen] etxera, Koldok irakurri, errebisatu, bere karta bidali, berriz ere interbenitu, eta horrela, ba, orain arte».

→ literaturakoadernoak.org: Zaldi Zoro

→ literaturakoadernoak.org: [Bideoa] ‘ZALDI ZORO’ liburuaren aurkezpena

→ Gaur8: Mari Sandozek idatzi zuen biografia euskarara ekarri du Aitor Fresnedok

→ berria.eus: Zaldi Ero: bizinahia eta herioa

Share

[Bideoa] ‘Zaldi Zoro’ liburuaren aurkezpena

2020 4 uztaila

Oier Gonzalez ~ Eider Fresnedo ~ Jokin Urain
BIRA kulturgunea #Bilbo

→ Gaur8: Mari Sandozek idatzi zuen biografia euskarara ekarri du Aitor Fresnedok

→ literaturakoadernoak.org: Zaldi Zoro


Zaldi Zoro
Mari Sandoz
Ataramiñe, 2020
565 orrialde

Euskaratzailea:
Aitor Fresnedo Gerrikabeitia
Azaleko irudia:
Naiara Errasti

Zaldi Zoro, Oglala Bitxia lana Mari Sandoz idazleak argitaratu zuen 1942an, eta orain Aitor Fresnedo Gerrikagoitiak ekarri du euskarara. Siux edo Lakota nazioko tribuetako bat da oglalena, eta Zaldi Zoro herri horrek eman duen buruzagi nabarietako bat.

Zaldi Zororen biografia dramatizatua da liburu hau. Eta zurien artean Siux Gerrak bezala ezagun direnen testuinguruan jarriko gaitu kontakizunak. Egilea istorio biltzaile zorrotza da, Zaldi Zoro ezagutu zutenen zuzeneko testigantzak bildu eta hamaika iturri bibliografiko arakatuta osatu zuen lan mamitsu hau.

Liburu hau ingelesez, zapaltzaileen hizkuntzan, emana datorren arren, ezagun du egileak indiarren ahozko konta-tekniketara ez ezik haien mundu ikuskerara ere hurbiltzeko ahalegina egin zuela.

Ezin uka liburua funtsean menderakuntza historia latz bat denik. Aldi berean baina, herri baten nortasunaren eta askatasunaren aldeko aldarritik ere asko du. Bakean bizi nahi eta ezina.

XIX. mende erditik Ipar Amerikan burutu den akulturatze eta konkista prozesu bortitzaren lekuko izango gara: usadioak, gerra ekintzak, jazarpena… Kapitalaren logikatik at geratua den mundu baten bizirik eusteko kinka larria.

Trenbidearen, urre biltzaileen eta ejertzitoaren hedatzearekin batera  lur gabetutako bufalo ehiztarien gainbehera dator. Lurraren defentsan egindako borroka eta nozitutako asimilazioa Zaldi Zororen bizialdian gorpuztua azaltzen da.

Zaldi Zoro neurri humanora ekarri nahi da, indiar gudari oihulari eta odol gosearen topikoa gaindituz. Siux nazioa ez da aingeru-herri bat, baina bere kontraesan eta gorabehera guztiekin libre izaten jarraitu nahi du.

Aitor Fresnedo Gerrikagoitia 1996az gero preso dago, eta liburuak kontatzen duen historia nagusiaz gainera, itzulpena bera ere bada gaur egungo beste historia eder eta gordin baten parte. Zaldi Zoro liburua ekainaren 25ean ostegunez aurkeztuko da Bilboko Bira kulturgunean.

ekainak 25, osteguna
eguerdiko 12:00etan
Bira kulturgunea, Bilbo


Ataramiñe
www.literaturkoadernoak.org

Share

[Gaur8] Mari Sandozek idatzi zuen biografia euskarara ekarri du Aitor Fresnedok

2020 4 uztaila


Oier Gonzalez ~ Eider Fresnedo ~ Jokin Urain
BIRA kulturgunea #Bilbo

→ Gaur8: Mari Sandozek idatzi zuen biografia euskarara ekarri du Aitor Fresnedok

«Nabarmenduko nuke Aitorrek ‘Zaldi Zoro’ euskarara ekartzeko nolako ahalegina egin duen izen propioak-eta, terminoak oro har, itzultzeko. Sekulakoa, urteetako lana izan da»

«Mari Sandozek jatorrizkoan darabilen hizkuntzak poesia kutsu bat du. Hortaz, hizkuntza jaso horren eta esaldi ulerterrazen arteko oreka bat bilatzen ahalegindu naiz»

Mari Sandozek idatzi zuen biografia euskarara ekarri du Aitor Fresnedok

Lakota nazioko Oglala tribuko buruzagi handi Zaldi Zororen biografia mamitsua argitaratu zuen Mari Sandoz idazleak 1942an. Ia laurogei urte igarota, euskaraz eman du Aitor Fresnedo Gerrikabeitiak Estatu espainoleko espetxeetan, bera ere «istorio eder bezain gordin» baten protagonista bilakatuta.

Xabier Izaga Gonzalez

Harribitxi bat. Harritzar itxura ere badu, 565 orrialde baititu; nolanahi ere, harribitxia da, kontatzen duen istorio edo historiatik hasita haren itzulpenaren azken xehetasuneraino. Joan den astean aurkeztu zuten Ataramiñe kultur elkarteko kideek, Bilbon eta Larrabetzun, argitara eman duten azken lana, Mari Sandozen “Zaldi Zoro, Oglala Bitxia” obra, hain zuzen, 1942an lehen aldiz ingelesez argitaratua, eta orain, zortzi hamarraldi geroago, Aitor Fresnedo Gerrikabeitia euskal preso politikoak euskarara ekarria, aurtengo urtarrilean Jaengo kartzelan amaitu ondoren.

Zaldi Zoro Siux edo Lakota nazioko oglalen tribuaren buruzagi garrantzitsua izan zen. Liburua «haren biografia dramatizatua da», Ataramiñeko arduradunek diotenez, «eta zurien artean Siux Gerrak bezala ezagun direnen testuinguruan jarriko gaitu kontakizunak».

Sandozek, esan bezala, ingelesez idatzi zuen, baina pertsonaiarenganako eta haren herriarekiko sentiberatasun aparta erakutsita. Izan ere, ezaguna zuen indiarren ahozko narrazio era eta irakurleari haien mundu ikuskeraren berri emateko asmoz egin zuen.

«Ezin uka liburua funtsean menderakuntza historia latz bat denik. Aldi berean baina, herri baten nortasunaren eta askatasunaren aldeko aldarritik ere asko du. Bakean bizi nahi eta ezina», diote Ataramiñeko kideek. «XIX. mende erditik Ipar Amerikan gauzatu den akulturazio eta konkista prozesu bortitzaren lekuko izango gara: usadioak, gerra ekintzak, jazarpena… Kapitalaren logikatik at geratua den mundu baten bizirik eusteko kinka larria».

Indiar bufalo ehiztari haien gainbehera betean bizi izan zen Zaldi Zoro, trenbide, urre biltzaile eta Estatu Batuetako soldaduak hedatu ahala beren lur gero eta murriztuagoan jarraitzeko borrokatu zirenen buruan: «Lurraren defentsan egindako borroka eta nozitutako asimilazioa Zaldi Zororen bizialdian gorpuztua azaltzen da. Zaldi Zoro neurri humanora ekarri nahi da, indiar gudari oihulari eta odol gosearen topikoa gaindituz. Siux nazioa ez da aingeru herri bat, baina bere kontraesan eta gorabehera guztiekin libre izaten jarraitu nahi du».

Aitor Fresnedo Gerrikabeitia 1996az gero dago espetxean, eta Mari Sandozen istorio mamitsua ez ezik, «haren itzulpena bera ere bada gaur egungo beste historia eder eta gordin baten parte».

Zaldi Zororen erretratua, egile ezezagunekoa.

«Itzulpen bikaina»

Jokin Urain giltzapean zela sortu ziren Ataramiñe literatura koadernoak. Kultura elkarte horrek euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen sorkuntza lanak sustatu eta argitaratzen ditu, eta Urainek barrutik ez ezik, kaletik ere parte hartu izan du proiektu nahi baino luzeago horretan. Hurbiletik jarraitu dio Fresnedoren itzulpen honen prozesuari. «Lehenik eta batez ere nabarmenduko nuke Aitorrek, ‘Zaldi Zoro’ euskarara ekartzeko, nolako ahalegina egin duen izen propioak-eta, terminoak oro har, itzultzeko. Sekulakoa, urteetako lana izan da, eta istorio bikaina da. Adiera zahar batzuk bizkaieraz eman eta berreskuratu ditu. Indiarrek erabiltzen duten izendatzeko modua; esate baterako, medicin man, nola arraio ekarri hori euskarara?». Izan ere, Fresnedok bere oharretan azaltzen duenez, medicin man “sorgin” itzuli du, eta medicin hitza daukaten gainerako terminoetarako “zorki” bizkaierazko adiera zaharra erabili du; adibidez, medicin song “zorki abesti” itzuli du. «Kontuan hartu behar ditugu hango natura, hango fauna, hango izenak… dena diferente, arrotz eta urruneko zaigula, eta iritsi zaigun apurra gazteleraren bidez iritsi zaigu. Alde horretatik iruditzen zait sekulako lana egin duela Aitorrek hori guztia euskarara ekartzen», azaldu du Urainek.

Itzultzailearen hitzaurrean, bere kezka nagusia azaltzen du Fresnedok: «Testu irakurterraz bat sortzea izan da nire kezka. Alde horretatik, itzulpenak badu bere zailtasuna, Mari Sandozek jatorrizkoan darabilen hizkuntzak poesia kutsu bat duelako (pentsa ezazu filmetan indiarrek erabili ohi duten hizkera berezi horretan eta ulertuko duzu zertaz ari naizen). Hortaz, hizkuntza jaso horren eta esaldi ulerterrazen arteko oreka bat bilatzen ahalegindu naiz, zelan edo halan».

Eta egin duen lan ikaragarriaren xedea bete duela dio umil asko: «Barkatu akatsak; ziur nago hobeto idatz litekeela. Nire literatura ez da oso aratza agian; ez naiz itzultzaile profesionala, ezta idazlea ere. Baina, nire ustez, nahiko erraz ulertzen da testua, eta zuzen itzulita dago». Urainek ez du horren zalantza izpirik, eta egundoko konstantzia eta pazientzia izan duela dio, Fresnedok berak ere aitortzen duen bezala: «Liburu hau itzultzea ez da lan erraza izan, egonarri itzela eskatu du».

Liburuaren azala

Historia eder eta gordina

Beste alde batetik, Fresnedo itzulpengintzan nola abiatu zen nabarmendu nahi du Jokin Urainek. Liburu hori Ocañako liburutegian bere eskuetara iritsi zenean, irakurtzen hasi, katigatu eta haren irakurketak lagundu egin omen zion momenturik onenean ez zegoenean.

2002. urtea zen. «Ocañako espetxean, gurekin zen iparramerikar batekin mintzatu ohi nintzen; nire ingelesa trebatzeko aprobetxatzen nuen. Kansasekoa zen, beltz handikote bat, militar ohia, beti belarra zekarren, eta erre eta berriketan aritzen ginen, mundua konpontzen. Beso batean tattoo bat zuen, indiar baten irudiaz, eta idatzita ‘Crazy Horse’», kontatzen du preso bizkaitarrak bere hitzaurrean. «Liburu hau 2002ko urtean aurkitu nuen, Ocaña I espetxean nintzela. Edo berak aurkitu ninduen ni. Espetxeko liburutegia eguneratzeko garbiketa egiten zebiltzala-eta, katalogatu gabeko zein hondatutako liburuak bota behar zituzten. Honek baldintza biak betetzen zituen zakarrontzira joateko: ez zegoen katalogatuta eta bai apurtuta. Baina, ingelesez idatzita zegoela ikusirik, liburutegiaz arduratzen zen presoak nitaz gogoratu eta gorde egin zidan. Altxor bat oparitu zidan».

Euskal presoaren lagun amerikarra beste espetxe batera eraman zuten eta «handik gutxira, liburuzainak oparia egin zidan. Halako kasualitatez betetzen hasi zitzaidan bizitza, gero eta gehiago. Nik, bizitzako une hartan, burua kili-kolo neukan. Ordurako sei urte neramatzan preso, lau isolamenduan. Ordu gehiegi bakarrik, ordu gehiegi pentsatzeko; aurretik, 30 urtera arteko espetxealdia… Bat-batean, egun batez, errealitatea desitxuratzen hasi zitzaidan. Zaldi Zororen liburuak lagundu egin zidan buruari atseden ematen, eta oreka mantentzen ohiko munduaren eta zentzu berri batez ageri zitzaidan errealitate horren artean». Horrenbestez, liburu horrek beretzat esanahi oso berezia duela dio.

George Free Spirit Medina,
Zaldi Zororen hereniloba.
Carol M. HIGHSMITH

Mari Sandozen lan zorrotza

Mari Sandozen obra oso jakingarria iruditzen zaio Uraini, obra bera eta egilearen zorroztasuna. Bibliografia ugari arakatzeaz gainera, Zaldi Zoro ezagutu zutenen zuzeneko testigantzak ere bildu zituen bere lana egiteko. «Nola entzuten zituen etxean umea zenean indio zaharren ondorengoen istorioak, nola sortu zitzaion jakin-min hori eta nola izan zen historia hau idazteko dokumentazio lana eta abar». Ez du arrazoi falta, idazle amerikarraren hitzek erakusten dutenez:

«Nire haurtzaroko etxea Niobrara River Garaian zegoen, antzinako Running Waterren, Indiar Herrialdea zeritzoten lurraldearen ertzean. (…) Leku horiek azken babeslekua izan ziren antzinako bufalo ehiztari askorentzat, bai eta merkatari zaharrentzat, lakio-jartzaileentzat eta mugatarrentzat orokorrean; hots, alanbre kizkiaren eta golde ibiltariaren etorrerari erdeinuz begiratzen ziotenentzat. Halako gizonak, aspaldiko sasoi heroikoetan bizitakoak, istorio kontalari apartak izaten dira sarritan, eta nire aita Jules Zaharrak horiexek erakartzen zituen, behinola zuhaitz artetik goratzen zen ke adats batek edo kafe irakin berriaren usainak erakarriko zituzkeen bezala. Hortaz, gure sukaldeko mahai inguruan, edo gure etxe ondoko bidearen bestaldean –siuxak maiz hor egoten baitziren kanpaturik– iluntzean piztutako suen inguruan, antzinako jende horri istorio liluragarri asko entzuna nion; ehizari buruzko istorioak –bufaloarena, adarrandiarena, eta grizzlyarena–, bai eta indiarren borroken eta erasoen inguruko istorioak».

Maiz istorio haien protagonista zena bere liburuaren protagonista izango zen: «Istorio haiek entzutean, larruzko tira margotua soka txirikordatuan bezala, norbaiten izena behin eta berriz agertzen zela ohartu nintzen; haren herriko buruzagia tirokatu zutenean oglalen ume bat zen norbait; hamabi urte izango zituen orduan; isila, serioa, azal argiegia indiarra izateko, eta ilea hain mardoa eta argia zuena Kizkur deitzen zioten, edo Mutil Ileargia. Baina gerra horren bukaera heldu zeneko, hogeita hamahiru urte geroago, oglala borrokalaririk handienaren ospea zuen; eta bere izenak, Zaldi Zoro, izua eragiten zuen bere lurraldera tropelean zetozen zurien seme-alaben artean, baita snake eta crow bere indiar etsaien gudaririk ausartenen artean ere».

Zaldi Zororen garaiko ilustrazioa

«ZALDI ZORO, MEMORIA POETIKOA», LITTTLE BIG HORN-EKO GUDALDIAREN URTEURRENEAN, BESTE BATZUK GOGOAN

Ez dugu hautatzen geure sorlekua. Halaber, leku zehatz baten erditzen dira emakumeak eta horri lurraldea deitzen diogu. Lurra, izadia, edertasunaren arragoa edota odolaren mintzoa izan daitekeena, aldi berean.

Lurra modu metaforikoan hartu daiteke, haustarria bezala, eguneroko ñabardurak lantzeko, edo gudaleku, gizaldiz gizaldi, geure ezberdintasunak konpontzeko sortu eta erabili dugun agora. Lurra zuten egonleku eta bizibide antigoaleko indiarrek. Hesi gabeko lurrak; bizirauteko elikagaia non, gogoa han.

Ipar Ameriketako indiarrei edo Lehenengo Nazioei buruz ari natzaizue, Jaengo kartzelan gatibu dagoen Aitor Fresnedo Gerrikabeitiak euskarara ekarri baitu Zaldi Zoro siuxen buruzagi handiaren biografia. Egun batean, bizibide zituzten lur eremuetatik igarotzen zen saltzaile batek itaundu zionean ea non zeuden bere lurraldeak, Zaldi Zorok, begirada hodeiertzean jarriz, erantzun zion: «Nire hildakoek atseden hartzen duten horretan diraute nire lurrak».

Orain dela egun gutxi urteurren bat bete da, 1876ko ekainaren 25ean Lehenengo Nazioek Custer jenerala garaituz hain izen handia hartu zuen Little Big Horn-eko gudaldiarena. Bertan egon zen Zaldi Zoro, beste buruzagi batzuekin. Zaldi Zorok guda irrintzi bat zuen: “Hoka Hey”; hau da, “gaur, hiltzeko, egun aproposa da”.

Nonbait irakurri nuen iragana berreskuratzean badagoela zerbait asebetetzen gaituena. Honi, Milan Kundera idazle txekiarrak “memoria poetikoa” deitu zion: hunkitu gaituen hori erregistratzea.

Zergatik da hain garrantzitsua guretzat norbait hiltzen den tokia? Akaso, mina dagoen lekua sakratutzat hartzen dugulako? Seguruenez, interpretazioak modu subjektiboan egiten direnez, bakoitzak bereak ditu.

Lurrari atxikita gaude mundura gatozen unetik. Euskaldunok ondotxo dakigu hori, antigoalean piztu zen gatazka politikoak oraindik bizi-bizirik dirauelako. “Gora Euskadi” oihu egiten dugu. Klandestinitatea eta borroka sinbolizatzen ditu. Jendea Euskadigatik hil da eta hil du. Gure historia hori da, eusko lurra, eta lurraren azalean odola ere mintzo zaigu.

Ekainaren 15ean 36 urte bete ziren Juan Luis Lekuona Elorriaga, Katu, eta Agustin Arregi Perurena, Txuria, hilik suertatu zirenetik. Hernani guda zelai bilakatu zen goizeko ordu txikietan Guardia Zibilak herria hartu zuenean ETAko talde bat atxilotzeko asmoz. Militanteek bizileku zuten etxea sutan jarri zuten hainbat armamentu erabiliz. Geroago kiskalita zeuden gorpuak aurkitu zituzten.

Urte batzuk geroago, 1990ko ekainaren 25an, Little Big Horneko gudatik 114 urte igaro zirenean, Nafarroan, Irunberriko arroilan eta torturatuta, hilik agertu ziren Susana Arregi Maiztegi eta Jon Lizarralde Urreta, lur emankorrak zeharkatzen dituen Zaraitzu ibaiaren magalean.

Beste behin ere lur azalean odolaren mintzoak interpelatzen gaitu, antigoalean piztutako suak bere horretan segitzen duelako. Lurrean identitatearen sustraiek hartzen dute atseden. Memoria poetikoa dei diezaiokegu erregistro horri, gara izan zirelako, lurraren azalean atseden hartuz amesten zutelako, nahiz odolak ere bere mintzoa adierazi lurra jokaleku zein liskar eremu bilakatzen denean.

JUANJO LEGORBURU (Juanjo Legorburu zornotzarrak, Aitor Fresnedoren adiskide eta harekin kartzela egun asko partekatutakoak, testu eder hau idatzi zuen lagunaren itzulpena dela eta)

«TENEBROSOEN LANAK»

Aspaldi luzetik, behin eta berriz entzuna daukagu gutun soil batek ibilbide korapilatsua egiten duela kartzela helmuga duenean. Euskal Herritik edozein helmugatarainoko bidea Madriletik igarotzen da beti. Pentsa Aitor Fresnedoren lan mardula aurrera ateratzeko komunikazioek zenbat denbora eta gorabehera behar izan dituzten.

Preso bizkaitarrak argitaratu berri duen hau urteetako lana da. Ikaragarria, Jokin Urainen hitzetan. Eta berak ere ondo daki zer den ziega zuloan idaztea. Ondo daki edozer idazteko, edozein gai dokumentatzeko “endredoak” norainokoak diren: «Laguntza etxekoen eta lagunen baten bitartez… eskaintzan aipatzen ditu lagundu diotenak. Eta euskarazko itzulpena, adierak, zuzenketak… kontsulta hori, etengabeko kontsulta nola egin duen, eskutitzen bitartez, telefono deien bitartez, bisiten bitartez… etengabeko endredo horretan, etxekoekin eta lagunekin, beti egiten dugun moduan, ez?», dio Mendaroko idazleak, morroilope idatzitako bere lan ugarien prozesua ondo gogoan.

Bestetik, uste izatekoa da Fresnedok aipatutako egonarria ezinbestekoa dela falta izango ez zituen trabak gainditzeko ere. Urainek oztopo horien berri ere badaki. “Ez dago etxean” saioan (Susa, 2010) gainditu beharreko oztopo horiek hizpide ditu: «Liburuak, aldizkariak, fotokopiak, egunkari zaharrak… erretenitzen dizkigute, hilabete edo gehiagoren buruan emateko edo sartzea debekatu eta etorri diren bidetik atzera bidaltzeko. Azkue eta Orixeren lan batzuk, Amurizarenak, Manex Bergararena, Argia aldizkaria, gure kolektiboaren barne aldizkari eta liburuak… Tenebrosoen lanak denak: ‘No se hace entrega’, ‘No procede su entrega…’».

“Endredo” eta traba horien berri ematen du Fresnedok ere liburuaren hitzaurrean: «Hemen, Koldo Zumalde lagun nekaezinaren izena aipatu behar dut, berorrek lagundu baitit, kaletik, akatsak zuzentzen. Nik hari gutunez bidali orri sorta bat, eta berak niri, zuzenketak iradokiz, gutuna itzuli; horrela egin dugu lan, bien arteko posta harremana hilabeteetan luzatuz aldi bakoitzean. Nik komunikazioak interbenituta ditudanez gero, eskutitz bakoitzak, lehenbizi, Madrilera joan behar izan duelako, han azter zezaten. Horrek izugarri moteldu eta oztopatu digu lana. 2012an hasi nintzen itzulpena egiten eta 2017an amaitu, bitartean bi urteko etenaldia izan bazen ere».

Share

Zaldi Zoro

2020 10 ekaina


Zaldi Zoro
Mari Sandoz
Ataramiñe, 2020
565 orrialde

Euskaratzailea:
Aitor Fresnedo Gerrikabeitia
Azaleko irudia:
Naiara Errasti

LURRAN ETA ZERUAN BARRENA

Liburu hau 2002ko urtean aurkitu nuen, Ocaña I espetxean nintzela. Edo berak aurkitu ninduen ni. Espetxeko liburutegia eguneratzeko garbiketa egiten zebiltzala-eta, katalogatu gabeko zein hondatutako liburuak bota behar zituzten. Honek baldintza biak betetzen zituen zakarrontzira joateko: ez zegoen katalogatuta eta bai apurtuta. Baina, ingelesez idatzita zegoela ikusirik, liburutegiaz arduratzen zen presoak, nitaz gogoratu eta, gorde egin zidan. Altxor bat oparitu zidan.

Azala urratuta zuen, orriak nabar kolorekoak, lizun usainekoak, zortzi bat orrialde faltan… Baina irakurri, eta hori istorio ederra!

Hori baino lehentxoago, sasoi hartan, han gurekin zen iparramerikar batekin mintzatu ohi nintzen; nire ingelesa trebatzeko aprobetxatzen nuen. Kansasekoa zen, beltz handikote bat, militar ohia, beti belarra zekarren, eta erre eta berriketan aritzen ginen, mundua konpontzen. Beso batean tattoo bat zuen, indiar baten irudiaz, eta idatzita “Crazy Horse”.

Gero mutila lekualdatu zuten, eta, handik gutxira, liburuzainak oparia egin zidan. Halako kasualitatez betetzen hasi zitzaidan bizitza, gero eta gehiago. Nik, bizitzako une hartan, burua kilikolo neukan. Ordurako sei urte neramatzan preso, lau isolamenduan. Ordu gehiegi bakarrik, ordu gehiegi pentsatzeko; aurretik, 30 urtera arteko espetxealdia… Batbatean, egun batez, errealitatea desitxuratzen hasi zitzaidan. Zaldi Zororen liburuak lagundu egin zidan buruari atseden ematen, eta oreka mantentzen ohiko munduaren eta zentzu berri batez ageri zitzaidan errealitate horren artean.

Honekin guztiarekin esan nahi dizudana da liburu honek esanahi oso berezia duela niretzat.

Kritikariek bere garaian esan zutenez, Mari Sandozen “Crazy Horsek” antzinako saga heroikoen kutsua du. Hala dirudit niri ere. Beste gauza asko ere esan daitezke. Indiarrez, maiz, halako mitifikazio bat egin ohi dugu mendebaldar zibilizazio honetan bizi garenok; eta, bereziki, euskaldunok sarri egin ohi dugu hori; guk ere geure burua “Europako azken indiartzat” hartu nahi izaten dugu. Beharbada, badaukagu zerbait horretatik. Baina “azal zuriengandik” ere bai asko. Interesgarria den beste ikuspegi bat aurki daiteke liburu honetan, gure herriaren borrokarekin parekotasun handia; bereziki, borroka armatuaren amaieran izandako bilakaerarekin.

Antza, gaur egun jendeak ez du astirik irakurtzeko; are gutxiago honelakoxe liburu mardul bat. Agian gertatuko zaizu, liburua irakurtzen hasi, eta izen arraro pila aurkitzen hastea eta nekatzea. Ez kezkatu, jarraitu aurrera; laster konturatuko zara izen apur batzuk soilik direla garrantzitsuak, behin eta berriz azalduta, ezagun egingo zaizkizunak; hortik aurrera ez zara gehiago galduko.

Nire ustez liburu hau irakurterraza da, eta istorioak xarma izugarria du; are gehiago benetako pertsonaia eta gertaerak direla jakinik. Irakurri dutenek hunkitu direla aipatu didate, eta nik ere negar egin nuen amaieran.

Testu irakurterraz bat sortzea izan da nire kezka. Alde horretatik, itzulpenak badu bere zailtasuna: Mari Sandozek jatorrizkoan darabilen hizkuntzak poesia kutsu bat duelako (pentsa ezazu filmetan indiarrek erabili ohi duten hizkera berezi horretan eta ulertuko duzu zertaz ari naizen). Hortaz, hizkuntz jaso horren eta esaldi ulerterrazen arteko oreka bat bilatzen ahalegindu naiz, zelan edo halan.

Liburu hau itzultzea ez da lan erraza izan, egonarri itzela eskatu du. Hemen, Koldo Zumalde lagun nekaezinaren izena aipatu behar dut, berorrek lagundu baitit, kaletik, akatsak zuzentzen. Nik hari gutunez bidali orri sorta bat, eta berak niri, zuzenketak iradokiz, gutuna itzuli; horrela egin dugu lan, bien arteko posta harremana hilabeteetan luzatuz aldi bakoitzean. Nik komunikazioak interbenituta ditudanez gero, eskutitz bakoitzak, lehenbizi, Madrilera joan behar izan duelako, han azter zezaten. Horrek izugarri moteldu eta oztopatu digu lana. 2012an hasi nintzen itzulpena egiten eta 2017an amaitu, bitartean bi urteko etenaldia izan bazen ere.

Barkatu akatsak; ziur nago hobeto idatz litekeela. Nire literatura ez da oso aratza agian; ez naiz itzultzaile profesionala ezta idazlea ere. Baina, nire ustez, nahiko erraz ulertzen da testua, eta zuzen itzulita dago.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet lan honetan lagundu didaten guztiei. Etxekoei lehenengo eta behin; beraiek gabe ezin izango nion aurre egin espetxealdi luze honi. Ber gauza lagun hurkoei. Mila esker arreba Eiderri eta lehengusina Ainarari guzti-guztiagatik; zuek gabe, ezin. Anaia Ikerri ere bai, itzulpen eta bilaketengatik. Koldo Zumalde eta Mark Washingtoni, zuzenketengatik. Maria eta Idurreri, liburuengatik. Ruper eta Kaxildori. Eta, jakina, Ataramiñeko lagunei; mila esker argitaratze honengatik.

Eskaintza: borroka honetako kide guztiei, Oihane nire bikoteari, eta, zelan ez, zerua eta lurra eta bien arteko guztiari.

Aitor Fresnedo Gerrikabeitia
Jaengo espetxean, 2020ko urtarrilean

Share

Ibon Muñoa: “Eitzagan lez, beharra heriotza denean”

2020 19 apirila


Argazkia: argia.eus

EITZAGAN LEZ, BEHARRA HERIOTZA DENEAN

1
Segurtasunaren aurrean
dirua hobesten denean,
olan, eraikuntzan, garraioan…
beharginak arrisku bizian,
XXI.mendean gaurdaino
kapitalista zekenen erruz,
istripuak geurean barra-barra
ondorio latz eta goibelekin.
Enpresarioak ohoratuta,
sindikatuak, berriz, gaitzetsita,
gobernuen jarrera etsigarriaz
auzoetan nahitaez atsekabea,
beharginak biluzik laga ordez
lan baldintza eskasekin,
osasuna berma diezaietela
lanaren emaitza onura izan dadin.

2
Eitzagako hondakindegian
kolapsoa iragarrita zegoen,
bi behargin eta autopista
luperiak zaborpetu zituen,
kudeaketa maltzurki burututa
Verter Reciclyng iruzurgile,
ikuskapenak nahita txarto eginda
Eusko Jaurlaritza erantzule.
Amiantoak erakutsi du
berekoiek egindako malezia,
ke pozoitsuak salatuta gaizkia
Eibar, Ermua, Zaldibar… haserre,
Alberto eta Joaquin zuen patu gaitza
bihozgabeen bidegabekeria,
zuentzat maitez ihintzaren dirdira
Ama-Lurraren laztan eternala.

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta
Kordobako espetxean

Share

[berria.eus] Itziar Moreno: «Espetxeari aurre egiteko tresna eta arma da feminismoa»

2020 11 urtarrila


Itziar Moreno Martinez. Euskal Presoa

→ berria.eus: Itziar Moreno: «Espetxeari aurre egiteko tresna eta arma da feminismoa»

→[PODKASTA] Berria FM: Arrakalak horma lodiari

Itziar Moreno: «Espetxeari aurre egiteko tresna eta arma da feminismoa»

Maider Galardi F. Agirre

Euskal Herritik 800 bat kilometrora, Roazhoango (Bretainia) espetxean dago Itziar Moreno Martinez euskal presoa (Bilbo, 1982). Ipar Euskal Herriko ordezkariek Frantzia Justizia Ministerioarekin egindako negoziazioen ostean, espetxe horretan elkartu nahi dituzte euskal preso andreak aurrerantzean. Eta, hain justu, lekualdatze horren aurreko egunetan egin du kontaktua telefonoz BERRIArekin Roanneko kartzelatik (Frantzia), espetxe barruko emakumeen egoeraren inguruan hausnartzeko eta barruko borrokaldien berri emateko. Andreak «bigarren planoan» daudela dio Morenok, eta, hain zuzen ere, Sarek ekitaldi bat egingo du gaur, Bilboko mobilizazioaren aurretik, euskal gatazkan emakumeek bizi izandakoaren inguruko gogoeta bultzatzeko.

Hainbat ikerketak diote espetxe egitura are zapaltzaileagoa dela emakumeentzat. Zu andre presoa zara, eta euskal herritarra. Zer eragin du egunerokoan?

Jazarpen handiagoa baino gehiago, jazarpen gehigarria dugu. Batetik, militanteak garelako, eta, bestetik, sistema patriarkala erreproduzitzen duen espetxe baten barruan legea haustera ausartu garen emakumeak garelako. Une honetan, ordea, ez nuke esango euskal preso kide gizonezkoek baino baldintza okerragoak ditudanik; izan ere, baldintzak espetxearen araberakoak dira, eta, Espainian ez bezala, Frantziako kideok ez gaude bakartuta, bisitetarako aukera malguagoak ditugu, eta bizi baldintzak hobeak dira.

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak Frantziarekin negoziatu du euskal presoen baldintzak hobetzea. Gizonezkoak hurbildu dituzte, baina emakumeek urruti segituko duzue, ezta?

Gizon gehienak Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara gerturatu arren, emakumeok ehunka kilometrora segitzen dugu. [Frantziako] Gobernuak aitzakia gisa erabiltzen du ez dagoela emakumezkoentzat egokitutako espetxerik Euskal Herritik gertu, baina, nire ustez, arazo hori konpontzeko, borondatea da falta dena. Emakume izate hutsagatik urrunduta segitzen dugu. Espainian, berriz, bakartuta daude emakume preso gehienak.

Genero sistemaren arabera, zer alde dago gizonezko edo emakumezko presoa izan?

Espetxe sistemak genero zapalkuntza erabiltzen du presoa zapaltzeko. Binarismo hertsia dago: edo zakildun gizonezkoa zara, edo alua duen emakumea. Ez dago tarteko aukerarik, eta elkar ikusi ezin bagenu bezala banatzen gaituzte, baita fisikoki ere. Hori oso bortitza da. Horrez gain, emakumeok ditugun jarduerak erabat «feminizatuak» dira, gure gorputzaren gaineko sekulako kontrola dute… Horrela, emakume otzan gisa hezi nahi gaituzte, nolabait galdu genuen bide hori berreskuratzeko. Finean, gure izaera borrokalaria ezabatu nahi dute, eta gu ahalegintzen gara horri eusten.

Zuk zeuk ere parte hartu izan duzu emakume presoen bizi baldintzak hobetzeko borrokaldietan. Zeinetan?

Euskal emakume presook halako hainbat borrokalditan parte hartu dugu, gainontzeko andre presoekin. Horren adibidea da iaz Granadan [Espainia] egin zuten borrokaldia, kartzelak derrigortu egiten zituelako garbiketa lanak egitera, edo Fleury Merogiseko patioko blokeoa [Frantzia], Fresnesen [Frantzia] emakumeon bizi baldintzak hobetzeko abiatutako borrokaldi hura… Gainontzeko andre presoekin egindako borrokaldiak izan dira, eta sekulako ilusio zartakoa izan dira guretzako. Izan ere, kartzela sistemak ongi egiten du presoa beldurtu eta hari jazartzeko lana, eta oso zaila izaten da errepresio horri aurre egitea. Horregatik, elkartasuna eta ausardia baloratzen direla ikustea bizipen indartsua da.

Halakoetan, hautsi egin duzue gatazka politikoagatik preso egotearen eta preso sozialen arteko bereizketa. Emakume preso izateak batu zaituztete.

Guk diogu euskal preso politikoak garela, gure herriko gatazkaren ondorioz kartzelan gaudelako, baina preso guztiak daude espetxe politika baten ondorioz kartzelan. Niri ez zait gustatzen bereizketa hori. Hemen denok gara emakumeak, denok gaude preso, eta halako borrokaldietan erakutsi dugu nolako gaitasuna dugun indarrak batzeko eta elkarrekin borrokatzeko.

Maiz heldu diozu begirada feministari kartzelaz aritzean eta emakume presoen eskubideak defendatzerakoan. Zer garrantzi du feminismoak zuretzat?

Kalean esaten badugu kapitalismo heteropatriarkalari aurre egiteko ezinbestekoa dela feminismoa, kartzelan beste horrenbeste da. Espetxea sistema horren isla besterik ez da, eta kartzelan azkar identifikatzen dugu nork eta zertarako zapaltzen gaituen. Uste dut kalean zailagoa dela hori identifikatzen. Esango nuke borroka feministak beharrezko ikuspegia ematen diola askatasunaren aldeko borrokari, hala kanpoan, nola barruan. Espetxean egin ditudan urteotan feminismoa izan da tresna eta arma honi guztiari aurre egiteko.

Hortik harago ere, kartzelako emakumeen sexualitateari buruzko gogoeta egin duzu. Iaz, Tinder ligatzeko aplikazioaren erabiltzaile izan zinen. «Ekintza pornoterrorista txiki» gisa definitu zenuen ondoren.

Sexualitateak funtsezko garrantzia du pertsonen garapenean eta ongizatean, eta, kartzelan, presoen sexualitate askea mendean hartzen dute; horretarako, gure gorputzen gaineko kontrola arma gisa baliatzen dute, are gehiago emakumeon kontra. Janzkera etengabe zentsuratzen digute —daramaguna laburregia, gardenegia, aldarrikatzaileegia, sexyegia… baldin bada haien begietara, arropak aldatzearen edo zigorraren artean aukeratu beharko dugu—, emakumeen arteko sexu harremanak eragotzi edo zigortzen dituzte, bisitetan sexua debekatzen digute, ziegan une oro zelatatuak izan gaitezke… Beraz, nola bizi sexualitatea kartzelan ahalik eta askatasun handienarekin? Bada, gorputzean eta buruan jarri nahi dizkiguten harresi horiek etengabe apurtzeko bidezidorrak topatuaz. Alde horretatik, Tinderren ekintzaren xedea izan zen azalera ekartzea kartzelan sexualitatearekin ditugun mugak eta zailtasunak.

Sormena ere ihesbidea da espetxean zaudetenontzat?

Bai. Topikoa izan daiteke… baina egia borobila da. Geure burua aske mantentzea da gure eguneroko borroka kartzelan, eta sorkuntzak askatasun espazio horiek eskaintzen dizkigu. Artelanak baliagarriak dira gure aldarrikapenak kanpora ateratzeko; kanpora eta barrura begiratzeko leihoa da sorkuntza.

Share

Espetxean bizitzea

2019 24 abendua

Share

[naiz.eus] Basauriko kartzelako ia hilabete biko ihes saioa, protagonistetako batek kontatua

2019 23 abendua

→ naiz.eus [Gaur8]: BASAURIKO KARTZELAKO IA HILABETE BIKO IHES SAIOA, PROTAGONISTETAKO BATEK KONTATUA
→ eitb.eus [Nahieran BIDEOA]: IHESALDIA

ERREPORTAJEA / IHES EDERRA, EZ BETEA

BASAURIKO KARTZELAKO IA HILABETE BIKO IHES SAIOA, PROTAGONISTETAKO BATEK KONTATUA

Duela 43 urte, Basauriko espetxetik bost presok ihes egin zutela argitaratu zuten hedabideek. «Ihesaldi» hura benetako ihes saio baten hasiera baino ez zen izan, ordea. Gertakari hartan oinarritutako fikziozko telesail bat eman berri du ETBk, eta egiazko protagonistetako batek GAUR8ri 52 egun haietan bizi izandakoa kontatu dio.

XABIER IZAGA GONZALEZ

Basauriko kartzelan ihes saio ugari izan dira. 1969an, ETAko hamar presok eta bost sozialek beren saioa gauzatzea lortu zuten. 1976ko abenduaren 9an, beste bost lagunek teilatu batetik soka batez ihes egitea lortu zuten… ustez. Hala esan zuten agintariek eta hala argitaratu hedabideek. Egun argiz alde egin omen zuten, eta kartzelako harresiaz bestaldean sokatzar bat agertu zen. Egiaz, ordea, kartzelan bertan zeuden gordeta Iñaki Aramaio eta Patxi Arana ETA militarreko presoak, Pedro Martinez de Ilarduia PC (r)-koa eta Santiago Marcos eta Jose Vicente Daroca preso sozialak, benetako ihesaldia prestatzen.

Asteon, gertakari hartan oinarritutako “Ihesaldia” telesailaren bost atalak eman ditu ETBk, eta GAUR8k ustezko ihesaldi haren benetako protagonistetako batekin hitz egiteko aukera izan du.

Kontalari trebea da Iñaki, eta ondo gogoan ditu ia hilabete biko itxialdi hartan gertatutako xehetasun ñimiñoenak ere. Ganbarako ezkutaketa kontatu baino lehenago, baina, zergatik bururatu zitzaien horrelako ihesaldia azaldu beharra dagoela uste du.

Hilabete lehenago, 1976ko azaroan, preso politikoek patioko zoruko kutxatila batetik egindako zulo bat idoro zuten Basauriko kartzelako kartzeleroek. Presoak berehala hasi ziren pentsatzen non hasi beste bat, baina ez zekiten non egin, azken hilabeteetan hainbat zulo agertu baitziren han-hemenka. «Espetxe hark Gruyère gazta ematen zuen», dio Iñakik. Gainera, beste arazo bat ere bazuten: denbora. Bazuten beste kartzela batera eramango zituzten susmoa, beharbada, Gabonak baino lehenago. Halako batean, ihes simulakro bat egitea bururatu zitzaien, ondoren kalerainoko zulo bat egiteko.

Euren asmoa preso politiko guztiak ateratzea zen, eta preso sozial bik ere parte hartu beharko zuten, tailerretako sarbidea eurek zeukatelako, giltzak eta guzti. «Argi zegoen gurekin joan behar zutela ganbarara, gainera oso onak ziren», dio Iñakik, eta gogora ekarri du Carabanchelgo espetxean urte hasieran gertatutako istorio bat.

Han berrehun metro baino gehiagoko zuloa aurkitu zuten, kartzela osoa zeharkatzen zuena; izan ere, kartzelatik kanpo zegoen hesi bateraino iritsi ziren Iñaki eta beste presoak. Estolda batetik atera zitezkeen, baina preso politiko guztiak aterako baziren, hesi hura bota egin behar zuten, bestaldean «Madril oinez lasai-lasai zeharkatzeko moduko hodi biltzaile bat zegoelako». Handik sei hilabetera-edo, Pedro Costa kazetariak “Interviu” aldizkarian zulo haren berri argitaratu zuen, baita preso sozial baten salaketa zela-eta topatu zutela. Hura omen zen zuloaren berri zekien preso sozial bakarra. Carabanchelgo ospitalera eraman zuten, ordea, eta, alta ematen ez ziotenez, preso politikoek alde egin eta bera salduta utziko zutelakoan, kartzelako zuzendariari kontatu zion. Edonola ere, inor ez zuten zigor zeldetara eraman, beharbada preso hark jarri zituen baldintzetako bat inor ez zigortzea zelako.
Jarraitzen du

Share

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta: “Datorren urtean elkar ikusiko dugu”

2019 20 abendua

Giro ederrean aurkeztu genuen atzo Ibon Muñoaren “Gure memoria, gure historia” liburua Eibarko Kulturreko goiko aretoan.

Aurkezpena beroa izan zen, hurbila eta hunkigarria. Eguraldiagatik aldatu zen lekua, Gudarien plazatik areto barruko epeltasunera eta horrek batu egin gintuen bertara hurbildu ginenok Ibonen kerizpera: Ibon Muñoa, 20 urte kartzelan, sei liburuetan barrena abiatu ginen une batean Haizea Kortabarriarekin. Ataramiñe zeregin kolektiboa dela nabarmendu zuen Mitxel Sarasketak, kartzelako sormena eta literatura sustatzen, presoen lanak kaleratzen eredugarria dela Eibarren erakutsitako kemena. Kantuan eroan gintuen Arrate Gisasolak. Bertso eta musiketan, Aitor Osak eta Jokin Bergarak. Kartzelako bertsogintzaz aritu zen Jokin Urain. Eta Ibon Muñoa, Kordobako espetxetik bidalitako agurra irakurri zigun Haizeak. Liburuaren izenburutik zuzendu zitzaigun Ibon, memoria eraikitzeaz, eta agur hitzekin iltzatuak gelditu ginen: “Maite zaituztet; datorren urtean elkar ikusiko dugu”.

Liburua ere bertan izan zen, liburua berez bitartekoa izanik, lanabesa, tresna, lantzeko, irakurtzeko, komunikatzeko baliabidea. Ibon kartzelan. Liburua erosi, irakurri. Ibon kalean. Datorren urtera arte!

Ibon Muñoak liburuaren aurkezpenerako bidalitako agurra

Kaixo herkide maiteak, etorri zareten solidarioak.

Ataramiñeri eskerrak emateaz gain, “Gure memoria, gure historia” argitaratzen didan seigarren liburua delako, izenburua nolabait sorkuntza batzuetan islatzen dela diotsuet.

Guk aurreko belaunaldien memoria, sukaldean, hitzaldietan, liburuetan… jaso genuen bezala, geure ondorengo belaunaldiek arbasoena eta gurea jaso ditzatela.

Gure memoria, adibidez, ezinbestekoa da, ez dadin gal Burgosko prozesua ahanzturan, edo 1977ko maiatzean polizien gorrotoa zela medio, amnistiaren astea odoltsua izan zela.

Guru kontatu zizkiguten lez Nafarroako konkista, gerra karlistekin foruak genituela, 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen ostean jasan genuen hondamendia…, gaurko belaunaldiei kontatu behar diegu Monzonek, Txillardegik, Txabik, Argalak… zer egin zuten. Halaber, eurek lez, 60. eta 70. hamarkadetan orduko gazteek eta helduek egin zituzten ahaleginak euskal kultura suspertzeko, euskara batua zertzeko, ikastolen mugimendua sortzeko.

Garai horretan gazteek eta helduek gure ideologia abertzalea sozialismoarekin uztartu zutela, gaurko gazteek jakin dezatela.

Euskal herritarra, Euskal Herrian lan egiten duena dela ebatzi zutela. Bestalde, euskalduna euskaraz mintzatzen dena dela (edo gutxienez maite duena), bertan, Burgosko edo Bordelen jaio den kontuan hartu barik. Gure etnia bertan eta diasporan bizi diren herritarrek osatzen dutela (kultura eguneroko ohitura delako). Aniztasuna gure aberastasuna dela mami dezatela.

Eibarren, gure memoria zainduko dugu, beste herrien memoriekin Euskal Herriaren historia etengabe osatzen aritzeko.

Liburu honetan edo aurreko batzuetan, Roberto, Xabier, Jokin eta Espe, Felix eta Sua, Josu, Azkoitti eta Eibartik kanpoko kide batzuk oroitu ditut. Baita, Eibarren (eta orokorrean Euskal Herrian) egin diren ekintza kulturalak, Korrika, Alfako greba, jubilatuen borroka…

Makrohistoria ahaztu barik, mikrohistoriak landu ditzagun, hau da, estatu frantsesak eta espaiñolak ez dituztenak inoiz gordeko, ez direlako eurenak, ez direlako eurekin hunkitzen, euren historia baldintzatzen dutelako.

Mikrohistoriak gure kontzientziak elikatzen dituztenak dira. Agian, subjektiboak izan daitezke, baina ezin dira gezurtiak izan, estatuen historia gehienak bezala. Egiak memoria indartzen du. Historia zuzenki idazten.

Iraganetik ez delako galdu herri honen memoria, gerora historia izango da.

Eskerrik asko zuen arretarengatik. Maite zaituztet; datorren urtean elkar ikusiko dugu.

Ibon
Kordobako espetxetik

Share
« Mezu berriagoakMezu zaharragoak »