“Barrura begiratzeko leihoak”, trailer
2012 15 urria
Joseba Sarrionandiaren “Moroak gara behelaino artean?” liburua katalaneraz argitaratuko dute
2012 13 iraila
Proiektua Pamiela eta Pol-en edicions etxeen artean egin dute, eta edizioa laguntzeko bidea ere jarri dute martxan. Proiektu honen ibilbidea jarraitzeko blog bat zabaldu dute, eta irailaren 11n egin zuten jendaurreko aurkezpena, Cataluniako independentzia aldarrikatu zuen Diada historikoaren baitan.
Mikel Antzaren “ATZERRI” nobela berria argitaratuko du urrian SUSA argitaletxeak
2012 9 iraila
“Ametsen txokoan bizi naiz” liburua PDF formatuan
2012 27 uztaila
Zabaldu / Deskargatu hemen:
Zuzenketak
Ametsen txokoan bizi naiz liburua 2011. urtean argitaratu genuen. Geroztik, egileak, Ibon Muñoak, hainbat zuzenketa egin dizkio inprimatutako bertsioari. Hartara, orain liburua zuzenduta deskargatu eta irakur dezakezu sarean eskura daukazun bertsio honetan.
Ibonek agindutako zuzenketak kontsultatzeko: zuzenketak.pdf
Joseba Sarrionandia: “Gerlaren gazi-gozoak”
2012 15 uztaila
>> naiz.info: Sarrionandiak bidalitako poemak Eako Poesia Egunetan
Eako Poesia Egunen baitan, Joseba Sarrionandiak egunean bertan irakurtzeko bidalitako lau poema hauek izan ziren atzoko sorpresarik politena. Herriko lau gaztetxok irakurri zituzten iluntzean.
Bergara 1838
«Gerlaren ondoren ezin da, jakina, justizia
egokirik banatu.
Ehun milek mereziko luke, legeen arabera,
zigor gogorra,
eta ez litzateke egokia gehiengoa
kondenatzea.
Egin daitekeena da, hartu edozein eta horri
bi aste kartzela ezarri,
eta beste hura libre utzi, eta honi,
gizajoari, hogei urte,
eta gero hartu beste bat eta horri, errudun
handi horri, ostera,
zigorra beharrean, urrezko medaila bat
publikoki ezarri
edo pribatuan eta hurrengoari hiru urte, eta
horko beste kriminal zital horri,
indemnizazio aberatsa, biktima lez, azken batean
denak izan garelako,
aldizka, borrero eta biktima. Hala egin daiteke
justizia,
justizia egiteko era bat da behintzat, eta baliteke
hala komeni izatea,
gauzak errazteko eta, batez ere, beste ehun
milaren inozentzia azpimarratzeko.
Ondo begiratuez gero, tontoen gauza litzateke
ez ohartzea justizia delako hori
gauzak egiteko modu bat baizik ez dela,
beste modu batzuen artekoa,
komenigarriagoa behar bada, baina ez berez
justuagoa edo duinagoa,
gerran antzeko ekintzak egin dituelako mundu guziak,
pertsonalki
edo ordezkarien bidez, eta horixe delako, gainera,
gerraren tragedia
eta erru orokorra: krimenaren eskema onartzea
edo, hain luzaroan,
krimenaren eskema emendatzeko imajinaziorik
ez izatea.»
Gorozika 1937
«Ez zara zu, zorionez, 1937ko maiatzean Gorozikako
baserri hartara sartu zena
eta sortetxea, egunsentiko behelainoak desegin orduko,
hondaturik topatu zuena.
Hark ez zekien etxekorik aurkituko zuen, etxean.
Ez zegoela inor ematen zuen,
etxeko txakurra ere ez zitzaion irten bidera
aspaldiko kontentuekin.
Milizianoek utzitako zaborra bakarrik atartean,
atea parez pare zabalik,
ezkaratzean aulkia hautsirik, errautsa barreiaturik.
Kortara sartu zen,
abererik ez kortan, eta han ilunetan zegoela zarata bat
entzun eta tiro egin zuen
goruntz. Hiru zulo egin ziren zurezko sabaian eta
hiru zuloetako batetik hasi zen
odola jausten, irobala gorriaren moduko zorrotada
mehea, bere besagainera,
epela, isilik, eta ez zekien odol hura zerena zen
edo norena.»
Problemak
««Ez dago problemarik…» erantzun nion, polizia atzetik zuela
eta ea lagunduko nion esan zidanean,
Eta autoz eraman nuen leku seguruago baterantz,
seguruagoa zela uste nuen behintzat,
gauez eta euripean, edozein momentutan kontrol batek
ebaki zezakeen bide ikaragarri hartatik.
Fabrikaren alboko tabernara sartu ginen, egunkari bat zegoen
mahai gainean tolestuta,
eta neure lagunaren aurpegi laurden bat ikusten zen portadan
lehen planoan,
eta diru-ordain handi bat eskaintzen zen bera harrapatzeko
edozein informazioren truke.
«Igual, badago problemaren bat…» esan zidan lagunak
ispilua ematen zuen erretratu hura alboratuz.
Zineko gertaeren modukoa da, pentsatu nuen, baina
zinekoak baino arraroagoak ziren gauzak,
zinezko euria, gurpil zipriztinak, bide alboko amildegiak,
eta polizia guzia imajinatzen nuen atzetik…
Problema ezaren esaldi harekin, hara, zeharo ekibokatu nintzen.
Bazeuden problema batzuk, laster agertu ziren.
Nire izena egunkarian azaldu zenean, neuk ere polizia atzetik nuela,
beste lagun bati eskatu behar izan nion laguntza.
«Ez dago problemarik…» esan zidan lagunak, thriller hasiera bat
asmatzeko intentzio nabarmenik gabe.»
Bederatzi te kikara Saharako basamortuan
«1
Lehenengo te kikara bizitza bezain
garratza izanen da,
bigarren te kikara amodioa bezain
samurra,
hirugarren te kikara heriotza bezain
goxoa.
2
Lehenengo te kikara amodioa bezain
garratza izanen da,
bigarren te kikara heriotza bezain
samurra,
hirugarren te kikara bizitza bezain
goxoa.
3
Lehenengo te kikara heriotza bezain
garratza izanen da,
bigarren te kikara bizitza bezain
samurra
eta hirugarren te kikara amodioa bezain
goxoa.»
Borxa Urberuagaren “Espetxetik at” komikia PDF formatuan
2012 14 uztaila
Zabaldu / Deskargatu hemen:
Espetxetik at.pdf (25.9 Mb)
Mikel Antzaren “Bakarmortuko kronikak” liburua PDF formatuan
2012 12 uztaila
Zabaldu / Deskargatu hemen:
Irakurri on-line
Ataramiñe 11 PDF formatuan
2012 12 uztaila
Zabaldu / Deskargatu hemen:
Irakurri on-line
‘BAKARMORTUKO KRONIKAK’. Hiztegia berritu beharrez
2012 8 uztaila
‘BAKARMORTUKO KRONIKAK’. Hiztegia berritu beharrez
Mikel Asurmendi
Berria 2012.07.08
Bakarmortuko kronikak Mikel Antza presoaren liburua da. 2004ko urritik 2005eko ekainaren bitartean idatzia. Atea bota ondorengoak ataleko hitzak hainbat paper txataletan zirriborratu zituen —Marixol emaztearekin eta semearekin batera atxilotu zuteneko uneak—. Moulins, Naoned eta Seysses-eko kartzelakoak, Lyongo ospitalekoak eta Oihaneko kronikak atala hiru kaieratan idatzi zituen duela zazpi urte. Idatzi nahi ez nituenak da liburuaren azpititulua.
Idazle izan gabe, nekez idatziko luke preso dagoen inork tamainako lekukotasunik. Antzak isolamendu erabatekoa jasan zuen, tortura psikologikoa, bakartasuna, baita hainbat gose grebaren ondoriozko suntsipena ere.
Idazleak bizitakoa narratzea erabaki du, baita imajinazioak eskaintzen dion zoria bertsotan paratzea ere. Ezintasunen eta mendekotasunen espazioan, emaztea eta semea bihotzean, herria gogoan, kantu ezagunak buruz ikasteak laguntzen du bizitzen presoa. Euskal gudaritzat dauka bere burua, Eusko Gudariak abesten du sarritan protesta gisa. DPS siglapeko presoa da: Détenue Particulièrement Signalé (DPS). Antzak DSB siglen errana hobetsi du ordea: Deserriratu, Sakabanatu eta Bakartutako presoa. Halaber, DSBri aitzi egiteko antidotoa du HKM: Herria, Kolektiboa eta Maitasuna.
Espetxeetako hiztegiaren berri ekarri du. Hitza du makulu. Bakarmortua Antzarena da. Kartzela, labirintoaren labirintoa izaki, berau deskribatzeko hitza dugu Bakarmortua. Hiztegikoak dira hauek ere: Behatxuloa —Sonia Gonzalez idazleari hartutako mailegua— edo bere esperientziako Guantamoulins; Guantanamo gogoan. Herrimina eta maitemina hitz arruntak dira preso dagoenaren hiztegian.
Sistema du afruntu Antzak. Gertu dago sistema ankerrari aurre egiteko, medikuen edota kartzelarien jukutriak tarteko. Gartsu egiten die buru, euren zeregina ez dela neutrala adierazten die. Bestera agertu nahi badute ere, kartzela-sistema ankerraren uhalak mugitzen dituzten funtzionarioak direla sutsuki adierazi ere.
Mikel Antza ez da bakarrik sentitzen. 700 errepresaliatuekin dago, EPPK kolektiboa barne, baita sasian daudenak ere, eta herri bat: «Gure Herriaren askatasuna ametsa gauzatzeko grinaz. Baldar askotan, bihotz zabal beti. Herriarenak garelako, Herriarenak egin gaituztelako eta Herriarentzat garelako» dio.
Eta segi nezake. Baina neroni ere baldar idazteko unea heldu zait, liburuak bihozmina eragin badit arren, baita herrimina sakonarazi ere. Kirrinka egiten didaten hitzak jalgi baitzaizkit gogora. Bergizarteratzea, kasu. Hitz madarikatua iraganean. Euskal presoek ez baitzioten gizartean egoteari laga inoiz. Presoa ez ei zen gizartetik at, ez zeukan zertan bergizarteratzerik. Kartzela ez dela balekoa presoa bergizarteratzeko dio egileak orain.
Mikel presondegira iritsi zenean, zein neurritan iritsi zen gizartetik? Ez ote zen, naski, beste bakarmortu-tik heldu? Sistematik at zebilen, baita sistema suerte baten arabera funtzionatu ere, pentsu dut. Zein neurritan ez ote dute sistema biek elkar elikatu? Legea ezartzen duen sistemak eta legearen aurka dihardutenen sistemak. Eusko Gudariak kantuaren (h)arieran: ba al dago erkatzerik 2000. urte inguruan armak eskuetan ibilitakoak eta iragan mendeko gerrako frontean jardun zutenak? Noiz berrituko dugu gure hiztegia? Gudari edota damu hitzak, berbarako.
ETA bainoago ATE hobetsi beharra zegoen, akaso. Hots, Askatasuna lehenetsi Euskadi hobetzeko. Ataramiñez diot, maitasun osoz erran ere.
Aitor Lorente faxismoaren aurkako literatura lehiaketan saritu dute Frantziako instituzioek
2012 5 uztaila
Aitor Lorente. Espainiako poliziak egindako argazkia.
Goresmenak Aitor!
Ixabel Etxeberria
Argia. 2329. alea. 2012-07-01
Versailleseko Akademiak 1961etik lehiaketa berezi bat antolatzen du erresistentziaz eta deportazioaz memoria zaintzeko, gazteei gertakari latz horien transmisioa bultzatzeko. Aurten lehiaketa honen gaia “nazien eremuetan ihardukitzea†izan da. Lehiaketa hau presoei irekia zen. Lehiaketa horren antolatzaileak asko dira, denak deportazioaz, memoriaz eta erresistentziaz arduratzen diren frantses fundazioak, gehi Hezkunde Nazionala eta Defentsa Ministerioa. Instituzio nagusiei lotutako literatur lehiaketa honetako epai mahaian historia irakasleen elkarteak parte hartzen du. Lehiaketa oso ofiziala da, frantsesez idatzi behar dena.
Aitor Lorente bizkaitarra da. Ia-ia bost urte darama frantses presondegietan preso. Duela gutxi itzuli bat eginarazi diote Madrildik, beste auzi batengatik, bake prozesu honetan estatuek ez baitute aterik irekitzen, baina bai epaiak bururaino eramaten zigor bat beste baten ondotik erabakiz. Aitorrek, aurten frantses egitura guzti horiek antolatzen duten lehiaketa horretan parte hartu du, faxismoaren aurka aritzeko lehiaketa horiek saiatze tresnak baitira beharbada. Frantsesez. Lehiaketako irabazle atera da, epai mahaiko goresmenak eskuratuz. Lehiaketaren emaitzen berri ematera etorri zaizkio, presondegiko zuzendaria, Hezkunde Nazionaleko ordezkaria, deportazio eremuan egondako andere bat, besoan zenbakia zuena. Denak goresmenak, goraipatzeak. Hezkunde Nazionaleko ordezkariak Aitorri lana lizeoetan banatzeko baimena eskatu dio. Kontzentrazio esparruan egondako anderea hurbildu zaio Aitorri, gaia nola landu zuen jakiteko, bere esperientzia kontatzeko eta dudarik gabe, nazien kontzentrazio eremuetan ihardukitzeaz hain ederki idazten duen hori, zer-nolako pertsona den jakiteko kuriositatez. Erantzun ondoren Aitorrek kontzentrazio esparruan egondako Martzelo Bilbaoren historia kontatu dio, nola Martxelok hiruki urdina zeraman paparoan, apatrida baitzen, euskalduna. Esplikatu dio nola hil arte egurtu zuten espainola zela erranarazi nahi ziotelako eta Martxelok ezetz. Han hil zen, euskalduna zelako, Euskal Herrikoa, ez espainola. Esplikatu dio nola egoerak horretan jarraitzen duen, euskaldunek ez dutela estaturik, ezagutzarik. Oldartzen direnak, garaian bezala preso gordetzen ditu hain ozenki faxismoa salatu nahi lukeen frantses estatuak. Aitor horren lekukoa delarik.
Frantses ikasleek euskal preso batek faxismoaz idazten duena ezagutzeko aukera izanen dute, memoria euskal preso baten eskutik. Paradoxa!
Kartzelan bizi den errealiteatearen gordintasuna helarazi gura dugu
2012 15 ekaina
I.Esteban
Bortxa Urberuaga eta Oier Gonzalezek proiektu bat abiatu dute, kartzelako sorkuntzak kaleratzeko helburuagaz; Elorrioko Portalekuan, ekainaren 21ean, errezitaldi bat eskainiko dute, musikak eta margolanek lagunduta
Zer da eguenean Elorrioko Portalekuan eskainiko duzuena?
Bortxa Urberuaga: Ataramiñe bildumako presoen materiala kaleratzea da helburua. Poema batzuk aukeratu ditugu, eta formatu berrian eskainiko ditugu. Margoak eta musika ere hartuko ditugu, ez gara literaturara mugatuko.
Aurretik beste leku batzuetan ere aurkeztu duzue ikuskizuna?
B.U.: Bai. Santurtziko La Kelo gaztetxean egin genuen lehenengoz. Ataramiñe liburuaren aurkezpena egin genuen han. Gero, Herrira plataformak deitu zuen Kartzelak hustu plazan bete ekimenaren barruan, Durangon egin genuen maiatzean, eta Larrabetzuko Literaturian ere eskaini dugu.
Zer esan dizuete entzuleek?
Oier Gonzalez: Hunkigarria dela, askok.
Zeren arabera egin duzue testuen eta margoen hautaketa?
B.U.: Margoak olerkiaren arabera egiten ditut. Olerkiak kontatzen duena marrazki bidez adierazten saiatzen naiz. Musikaren konpasean ere sartu gura izaten ditut margoak. Naturaltasuna ez galtzen saiatzen gara emanaldietan.
O.G.: Errezitatzen denaren, musikak adierazten duenaren eta margolanaren arteko elkarrizketa bat bezalakoa da ikuskizuna. Badago entsaiatutako zati bat, baina elkarri begiratu eta bestearen erritmoak kontuan hartuta moldaturiko beste parte bat ere badago. Ataramiñe bildumatik oso hautaketa subjetiboa egin dugu. Lehenengo olerkia, esaterako, Eñaut Aiartzaguena iurretarrarena da.
Oier Gonzalezek ere idazten du. Zergatik besteena errezitatu?
O.G.: Momentu honetan ikusten dut besteen hitzek nireek baino garrantzia handiagoa dutela. Kartzelako kideen lanak kaleratzeko beste era bat bezala ulertzen ditugu emanaldi hauek, bitartekariak baino ez gara gu. Kartzela sozializatzeko manera bat da.
Zelan sortu zen proiektua?
O.G.: Bortxaeta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta kartzelan ere elkarrekin egon ginen. Sorkuntza lan batzuk egin genituen biok kartzelan. Kartzela barruko gure egunerokoa eramangarriagoa egiteko modua izan da sorkuntza. Sorkuntzaren bitartez kartzelako gauzak kanpora ekartzea da ekimen honegaz bilatzen duguna.
B.U.: Espetxeko errealitatea azaleratzeko dauden mugak apurtzen ere saiatzen gara. Jendea barruan bizi den errealiateaz jabetu dadin gura dugu lortu. Kartzelan bizi den errealitatearen gordintasuna beste era batean adierazi gura dugu ikuskizun honegaz.
Preso zaudenean bezala idazten da kalean zaudela?
O.G.: Ez, kartzelan askoz gehiago idatzi nuen. Komunikatzeko daukazun era bakarra da idaztea han. Kartzelan zer zegoen kanporatzeko idazten nuen. Konturatu nintzen kartzela zer den presoak bakarrik dakiela. Sorkuntza hortik bideratu nuen, kronikaren bidetik.
B.U.: Kartzelako bakardadeak barruan sortzen dizun barruko korapiloa apur bat askatzen laguntzen du sorkuntzak.
Noiztik margotzen duzu,Bortxa?
B.U.: Txikitatik margotu izan dut, eta nire ogibidea da. Gaia tatuaje estudioan dihardut Gernikan.
Zeozer gehitu nahi?
O.G.: Maitasun besarkada bat bidali nahi genieke kartzelako lagun guztiei.
Deserosoa egin daitekeen lekuetara ere, ikuskizuna zabaldu gura dute
Lau partaidek jardungo dute Elorrioko Portaleku tabernako ekainaren 21eko emanaldian: Oier Gonzalez durangarragaz eta Bortxa Urberuaga gernikarragaz batera, beste bi gernikarrek jardungo dute txalapartagaz eta gitarragaz. Azaldu dutenez, “aurrera begira eboluzionatuko duen proiektua izango da, baina, irekiaâ€.
Kartzelatik ateratzerakoan, proiektu hau harremana berreskuratzeko modua izan dela azaldu digu Oier Gonzalezek. Urberuagaren berbetan, “espetxean bizi izan duzuna kanpoan konpartitu ahal izatea kristona daâ€. Partekatze hori gizarte osora hedatu gura dute. Zabaltzeko asmoa Kartzelaren errealitateari loturiko sorkuntzan oinarrituriko ikuskizun hau “gaiarekiko sentsibilitatea daukan jende artean eskaini izan dugu orainarteâ€, Urbureruagak dioenez. Baina emanaldia ahal beste zabaldu gura dutela diote bi kideek: “Ikuskizuna deserosoa izan daitekeen lekuetara ere ailegatzen saiatzea gura dugu; esate baterako, emanaldia edozein egunetan kalean bertan eskaintzeko ideia darabilgu buruanâ€.
Literaturia 012
2012 4 maiatza
Mikel Zubimendi | 69 lerroko poemaren hautsak
2012 26 apirila
>> gara.net: Mikel Zubimendi | 69 lerroko poemaren hautsak
Mikel Zubimendi
69 lerroko poemaren hautsak
Günter Grass idazle alemaniarrak «Süddeutsche Zeitung» egunkarian argitaraturiko poema, «Was Gesagt werden muss», («Esan behar dena»), edo poemaz mozorroturiko polemika (hori literatur kritikoentzat), gustura leitu nuen. Harritu ninduen nola salatzen zituen Israelen potentzial nuklearra, irandar jendea arrasatuko lukeen «lehen erasoa» egiteko erabakia, Alemaniak urpeko ontzi nuklearrak Israeli saltzea, honen armamentu atomikoak munduko bake hauskorra nola mehatxatzen duen… eta are proposamen bat -Israelen potentzial atomikoa eta irandar instalazio atomikoak, biak ala biak, nazioarteko ikuskaritza iraunkor baten mende jartzea- nola kabitzen ziren 69 lerroko poema batean. Gai potolo horiek lirikarako nola erabili zituen.
Grassek pentsaezina egin omen du. Irandarren arabera, Israelen kontrako «eraso liriko suntsigarria» egin du. Israelentzat heresia barkaezina izan da -oh! aleman batek Israel kritikatzea!- eta ofizialki pertsona non grata eta Israelera sartzeko debekua ezarri diote, eternitaterako (!). Daniel Goldhagenen zoritxarreko tesia -alemanak oro Hirugarren Reicharen krimenen errudun dira- harago eramanez, eternitateraino errudun, alegia.
Antisemitismoa bezain pozoitsua deritzot muturreko prosemitismoari. Biek iturri beretik edaten baitute: Israelek estatuen mahaian aparte jaten omen du eta besteentzako estandarrak ezin omen zaizkio aplikatu. Bai, alemaniarrek munduko eskubide guztia dute Israel kritikatzeko eta munduak eskubide osoa du Palestinarekiko sinpatia adierazteko… zergatik ez poema batean?
Grass 17 urterekin, milaka eta milaka gazte alemaniar legez, Wafen-SSetakoa izan zen, eta? Ez al zuten gerraosteko Alemaniako agintaritzan zeuden nazi ohiek Israelen aldeko erreparazio ekonomikoa eta orotariko laguntza bideratu? Eta ez al du Gianfranco Fini italiar faxistak, Mussoliniren oinordeko konfesoak, Jerusalem bisitatu eta banaketaren murrua defendatu? Israel defendatzen duenari bere iragana erraz barkatzen dio Israelek.
Euskal preso poetiko lagunak behinola esan zidanaz akordatu naiz: «Poesiak agian ez ditu kausa justuak irabaziko, baina asko laguntzen du». Günter Grass ados legoke berarekin.
>> Wikipedia
Roque Daltonen hogei poema euskarari ekarriak
2012 16 martxoa
>> Literatur Emailuak: Roque Daltonen hogei poema
ROQUE DALTON
1935-1975
60 eta 70. hamarraldietan herrialde ezberdinetan argitaratu ziren Roque Dalton idazlearen liburuak: El Salvadorren, Mexikon, Costa Rican, Kuban, Nikaraguan; izan ere, El Salvadorko diktadura garaian heriotza zigorrez hiltzetik doi-doi libratu ondoren, hara eta hona ibili baitzen: Sobiet Batasuna, Korea, Mexiko, Txekoslovakia, Kuba. 1973an ERP erakunde politiko-militarreko kide egin zen eta 1975eko maiatzean hil zuten. Maitasuna eta politika dira bere poesigintzako gai nagusiak. Hedoi Etxartek berriki Roque Daltonen hamalau poema euskaratu ditu Zuzeu agerkari digitalean, eta Gorka Arresek 1989an, Luigi Anselmik 2006an eta Jon Benitok 2010ean itzulitakoekin batera bildu ditugu denak Euskarari ekarriak gunean.
PRESO NAUKATE
Roque Dalton
Vladimir, 1, 1997
Preso naukate, kamarada, orain hemeretzi egundanik.
Burdin gori azidoez larrosa iluna,
euren aberriaren bihotza, urratzen duten horietxek
hartu zuten ene askatasuna objektu single baten gisan
eta gorrotoz, ziegazainez eta harresiz inguratu ninduten
eta kendu airearen bihurriak,
izarrak, kaleak, neskatoen begiak,
latitude hauetako euri frangoa
gure larruazala bilatzen duena sua kausituz.
Eta hemen naukazu, bere gogoz kontra asesino gizajoarekin batera,
lapur eta estupradore eta erratuarekin batera,
gure eguneroko irain eta lohia konpartitzen
aldarrikapen amankomunean hatsa elkar nahasiz ziega hauen atzean,
hegal mindu enara nekatuak bezalako egunen joan etorriak ikusmira,
edozergatik akusatuta
esperantza maitatu eta bizitza defendatzeagatik.
“Kartzelako Poemak” eta “Ospitalekoak” e-book formatuan sarean
2012 12 otsaila
Joseba Sarrionandiaren KARTZELAKO POEMAK eta Mikel Antzaren OSPITALEKOAK liburu elektroniko formatoan eskuragarri daude Susa argitaletxearen webgunean, argitaletxe horren beste liburu ugarirekin batera.
« Mezu berriagoak — Mezu zaharragoak »