Ernesto Prat Urzainki ‘Little’: Hiru ilargi laurden
2013 7 urria
> Hitzen uberan: Ernesto Prat Urzainki ‘Little’ekin solasean. ‘Hiru ilargi laurden’ eleberria kaleratu du Metaziri-ren eskutik
Ihesean zebilela idatzi zuen Enesto Prat Urzainki Little-ek Hiru ilargi laurden eleberria. Bertan besteak beste arkeologia delarik hizpide, abenturazkoa izan zitekeen tentsioa eta gizarte-gomuta uztartzen ditu eleberriak. Egileak berak dioen moduan ‘abentura handiena liburua bera idaztea izan da’ eta politika eta kritika soziala dira liburu ardatz nagusiak.
[audioa] Ernesto Prat idazleari elkarrizketa BErriozar Irratian, “Hiru ilargi laurden” eleberriaren aurkezpenaren karira.
Eleberri hau estatuaren jazarpenari ebatsitako minutu bakoitzarekin egin da, sasiko egun unagarrietan, premiaz, ihesaldi itoan ilargiari begira. Ordenagailu anonimoetan, kaparra ibiltarietan, mugako bideak gurutzatuz edozein narraziok ohikoa duen hasieratik amaierarako bidean; eta, horrela gauetik egunerako segidan argitu da irakurlearengana.
Nobela bat idazteak diziplina, segidako lana, kontzentrazioa eskatzen du. Kontrazaleko hitzok irakurrita, harrigarria da egoera horretan nobela bat idaztea lortu izana. Nolakoa izan da liburu hau idazteko prozesua?
Nire kasuan, ihesean egotea ez da idazteko oztopoa izan, kontrakoa baizik. Eleberri hau (eta bertze kontu batzuk) ihesean nengoelako idatzi nuen. Primo Levik idatzi zuen Auschwitz-eko esperientzia bizi izan ez balu, beharbada ez zukeela inoiz idatzi izan. Bada, bi esperientzien arteko distantziak mantenduz, nik baiezta dezaket ihesean ateratzearen esperientzia bizi izan ez banu, ia segurua dela ez nukeela inoiz idatzi izan. Torturatik nahiz espetxetik ihesi, bakardadea, isiltasun itogarria, isolamendua eta bertzelako muturreko egoerak ezagutzea egokitu zitzaidan. Baldintza haietan, kasik ohartu gabe hasi nintzen idazten, denboraren kontrako borrokan ez erotzeko. Idaztea gauza praktikoa zen, materialki zein mentalki, hortaz, erran daiteke Little-n literatura litEROturaren kontrakoa zela. Bertzetik, bitxiak izan dira eskuizkribuaren joan-etorriak, izan ere, ihesean idatzi, espetxean zuzendu, eta kalean argitaratu nuen, hamaika gorabeheren ondoren.
Hainbat hari eta pertsonaia joango dira harilkatzen liburuan. Hari horiek lehenagotik eduki dituzu pentsatua, edo idatzi ahala joan zara lotzen?
Oinarrizko eskuizkribuak hiru izen ezberdin izan zituen bederen baina istorio nagusia hasiera-hasieratik zegoen pentsaturik, nola hasiko zen, nondik joanen zen eta nola bukatuko zen. Hala ere, hari bat edo bertze eta ideia zenbait idazteko prozesuan aitzina egin ahala gehitu ziren, Catholic Golden Eagles-Gurutzearen Mendekua erakunde klandestinoarena errate baterako.
Liburua zati edo atal txikietan dago idatzia. Lagungarri egin zaizu hori, hari ezberdinak istorio bakarrean batzen joateko orduan?
Hariak batzeko baino idazten segitzeko zen lagungarria atal txikiena. Kontrakoa ematen ahal du baina nahiko pertsona karratua naiz eta hasitako gauzak bukatzea maite dut. Goizean egunak eman behar dituenak zerrendatu eta egin ahala marratu egiten ditut, horrela, mandatu bukatuen zerrenda belztua ikustean lasaiago gelditzen naiz nonbait. Bada, atal motzak errazagoak ziren bukatzeko eta hasitako atalak bukatuak ikusteak istorioan aitzina segitzeko behar nuen motibazioa ematen zidan.
Atal edo zati bakoitzari esaera bat jarri diozu hasieran. Nondik dator ideia hori?
Askatasuna mugatua duzularik irakurgaiak ere baldintzatuak dituzu. Batzuetan ez duzu erdiesten nahi duzun liburua eta bertze batzuetan espero ez duzuna ailegatzen zaizu. Horrelako batean, Ipar Euskal Herrian duela hogeita hamar edo berrogei urte argitaratutako atsotitzen bilduma baten alea izan zen euskaraz irakurtzeko neukan aukera bakarra, hautsak jana zegoena, eta gogoz ekin nion. Gainera, euskaldun-berria izanik, ariketa interesgarria iruditu zitzaidan. Gure (Hego) Euskal Herri erdaldun eta kutunean, “a buenas horas mangas verdes” erraten dugu baina “guk xingarra dugunerako garizuma” bezalakoak ditugu, polit bezain xarmant. Euskal Herri (Ipar eta Hego) euskaldunaren aldeko ekarpentxoa da esaerena, bertzerik gabe.
Arkeologia, ametsetako sinboloak, Mexiko, kultura indigenak, misterioa… abenturazko nobela bat izan liteke, nahiz eta une oro gogoeta oinarri bat egon gertatzen diren gauzetan. Abenturazko izaera horrek zer nolako garrantzia du nobela honetan, aitzakia estilistikoa da edo nahita bilatutako genero bat?
Nahita bilatutako generoa ez behinik behin. Alegia, nire helburua ez zen abenturazko eleberri bat idaztea, baina tira. Abentura bada baina nik erranen nuke eleberri politikoa dela, kritika sozial handiarekin gerren kontra, erlijioaren kontra eta politikarien praktika ustelen kontra. Den-dena ilargiari uluka, doike. Nolanahi ere, abentura handiena liburua bera idaztea izan da zalantzarik gabe.
Zer nolako harremana duzu arkeologiarekin?
Arkeologia, eta oro har Historia, maite dudan gaia da. Zaletasun honetatik Aranzadi zientzia elkarteko bazkidetza egitea etorri zen eta, azkenik, Historiako karrerarekin hastea, nahiz eta 2008an ihesean atera eta bertan behera utzi behar izan nuen. Hala ere, eta liburuaren epilogoan erraten dut, “Hiru ilargi laurden” istorioa osatzeko erabili dudan dokumentazio gehiena prentsatik bertatik bildua da.
Kultura indigenen inguruko gogoeta ugari egiten da liburuan zehar, iragana ekarriz eta ikertuz, gogoetatuz… bestela ere ikertu duzun gaia da hori?
Ez. Arkeologia bezala, kultura indigenen gaia aunitz maite dudan gaia da ere eta liburuan sartutako datu zein gogoeta ezberdinak nire ohiko irakurketatik ateratakoak dira. Unibertsitatean Boskimanoak eta gaur egungo bertze jendarte primitibo batzuk ikasi nituen baina liburua idaztean ez nuen dokumentazio hori eskuratzerik izan.
Zer nolako ispilua dira kultura indigenak gaur egungo gizartearentzat? Zertan egiten ahal zaizkigu baliagarri egungo bizimodutik, zertan ez?
Zoritxarrez, kultura indigenak ez dira inolako ispilua egungo jendarte modernoendako. Kultura hauen zilborrestea zeharo lotuta dago naturarekin eta gure jendarteok erabat desnaturalizaturik daude dagoeneko. Gauzak bertze era batera ulertzen ditugu. Begira bertzenaz Maien egutegiaren harira sortutako kalapita guzia. Maiek soilik erran zuten ziklo ilun bat akituko zela eta bertze berri bat hasiko zela, argiarena hain zuzen, eta mendebaldeak mundua bukatuko zela ulertu zuen, kasik Maiek erraten zutenaren kontrakoa. Guretako kultura indigenak erromantikoak eta turistak erakartzeko tresnak baino ez dira, kultura baino folklore hutsa kasik. Nik neuk ere, ez dakit ez ote ditudan erabili literatura panfleteroa egiteko.
Eta euskal gizartearentzat, zer nolako ispilu dira?
Euskal jendartearen parte bat nostalgiaz begiratzen ditu kultura indigenak, euskaldunok Europako indioak garela eta ildo hori guzia, baina naturarekin lotzen gaituen zilborrestea mozten ari gara. Gehiegizko kutsadura zein gehiegizko energia kontsumoa, lurren zementatzea, artzain, laborari zein baserrien desagerpena… Gu geu gara Europako indioen genozidioaren arduradunak, gu geu gara gure genozidak.
“Euskal Herria munduan kokatzen du, bere gizartearen inguruko kezkak agerian utziz” irakurri daiteke Elurreren aitzin solasean. Hori izan duzu xede?
Beharbada euskal jendartearen kezka batzuk agerian gelditzen dira idatzian baina Euskal Herria munduan kokatzea… ez dakit, ez da gauza makala. Bertzetik, egia da ere Euskal Herrian zenbait astakerietara ohitu garela, politikan adibidez, baita arkeologiaren eremuan ere. Zer pentsatuko lukete adibidez munduko historia aditu ezberdinek Iruñeko Gazteluko plazan gertatutakoa ezagutuko balute?
Euskal kultura, eta batez ere hizkuntzaren jatorriaren inguruko gogoeta egiten dute pertsonaiek tarteka. Kuriosoa egin zait gai horietara gerturatzen diren pertsonaiak sarri ez direla euskaldunak, ezezagutza batetik hasten dira gerturatzen euskara bera ezagutzera. Kanpoko ikuspuntua behar zenuen euskararen gaia, kasu, jorratzeko?
Afera horiek kanpoko pertsonaien bitartez lantzeak istorioak behar zituen erritmo eta abiadura ematen zizkidan, gaian emekiago sakontzen joateko aukera alegia. Gainera, tarteka ematen du kanpoko errekonozimendua behar dugula etxean duguna benetan baloratzeko. Zakurren ipurdiko hizkuntzalari batek erraten du euskara laoxtiayelkopon dela eta orduan hasten gara gu pentsatzen euskara laoxtiayelkopon dela. Kanpotik botatako laudorioak sobera maite ditugu Euskal Herrian. Literaturan ere horrelako zer edo zer gertatzen da. Euskal libururen bat Españan saritzen dutelarik aise proiekzio handiagoa hartzen du idatziak euskal jendartean bertan, euskal literaturaren handitasuna edo handitasun eza Españan erabakiko balitz bezala.
Idazkeran euskalkiari garrantzia eman diozu. Nola egin duzu lan maila horretan?
Nik ez nuke erranen euskalkian idatzirik dagoenik. Bitxia da baina Iruñeko lagunek galdetu zidaten ea zergatik idatzia nuen Baztango euskaran, Baztangoek zergatik sartzen nituen iparraldeko hainbertze hitz, eta iparraldekoek erraten zidaten ez zutela den-dena ulertzen Hegoaldeko euskaran zegoelako. Nik, gauza bera erraten diet denei: “Hiru ilargi laurden” batuaz dago idatzirik. Ekialdeko batuaz nahi bada, baina batuaz. Uste dut ez dudala bazkaltzaindiak euskara batuan onartzen ez duen hitzik sartu.
Elizondon egindako aurkezpena.
Liburuaren hainbat aurkezpen ere egin duzu. Nolakoa izan da liburuak orain arte egin duen bidea, argitaratu zenetik?
Elizondoko gaztetxean eta Berriozarko Kulturgunean egin genituen aurkezpenak, liburua idatzi zeneko baldintzen antzezpen eta proiekzio txiki batez lagundurik. Hortaz aparte, Baztango eta Malerrekako irakurleekin solasaldi bana egin dugu. Salmenta arras ongi joan da, elkarrizketa dezente egin ditugu, hainbat espetxetan sartzea erdietsi dugu… Beraz, hagitz kontent gara egitasmo xume honek izan duen oihartzunarekin.
Nola zabaldu da, non eskuratu liteke?
Metaziri Baztango aldizkari-kolektiboa da, eraldaketa soziala helburu, urtean bi-hiru aldizkari argitaratzen dituena. Kolektibo honetako kideok banatu dugu liburua, hango eta hemengo lagunekin auzolanean. Hasiera batean Nafarroa (Behe eta Garaia), Lapurdi zein Zuberoako bazter guzietan banatu genuen, ostatuetan gehienbat. Egun, Iruñeko La Hormiga Atomika liburudendan, Elizondoko Intza ostatuan eta Erratzuko Altxuko dendan nahiz Zubi Punta ostatuan dago salgai, hamar sosetan. Hemendik aitzin, Eguzki banaketak, Sorginkale banaketak, Karakol banaketak eta Putre Beltz banaketak, hau da, Nafarroako distri alternatiboek, harat eta honat mugituko dute.
Azkenik, ilargia inspirazio iturri izaten jarraitzen duzu?
Zoritxarrez, zibilizazioan ez dago zerura begiratzeko astirik. Gauero begiratzen diot ilargiari, zakurra paseatzean, baina, ez galdetu zergatik, ez da gauza bera. Lehen gauez zein egunez inspiratzen ninduen ilargiak baina orain neketan gabiltza gure hartu-emanetan.
Baztango irakurleekin solasean.
Little-ren narrazioak Hitzen Uberanen:
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Oier Gonzalez: Zirrara Gara
2013 7 urria
>>deskargatu: HEMEN
IZAN BAGARA ZIRRARA
BAZIRELAKO BADIRA DARDARA
IZAN ZIRRARA
BAGARELAKO DARDARA
IZAN BADIRA
BAZARIELAKO
ZIRRARA DARDARA
BAGARA, BAZIREN, ZARIELAKO.
ZARIE, BAGARA, BAZARIELAKO.
Aspaldi.
Kotxearen barruan
doan atauta.
Xabier Kalparsoro.
Atauta estaltzen duen
mihisea,
tonu ezberdinetako urdinak,
txuria, sugea, aizkora.
Zirrara eta malkoak.
Nor zen, Xabier?
Bere etxera bidean den
gorpua da,
orain.
Bide ertzean, GU.
Asfalto usaina,
gasolindegiko usain mekanikoa.
“Eusko gudariak gara…”.
Herenegun.
Atautaren eskutik
amorrua.
Zainak lehertu arteko
kontzientzia.
NORtasun gutxietsiaren
gorrotoa.
“Bazatoz?”. Banoa.
Iluntzeko leherketa,
gau kolore gorritua.
Nola atera min hau?
Suziri usaina institutuko
patioan.
Zirrara eta oihuak.
Sua eta kedarra.
Adiskidetasuna eta maitasuna.
ORAIN-HEMEN.
Errepideak itxiz
bideak zabalduz,
maite dugun horrengatik
lagunak irabaziz
eta galduz (bidean).
Kaleak eta ametsak
elkar zipriztinduz.
Talkan eraikiz GUTASUNA
talkan
ETORKIZUNA.
Atzo.
Kale zipriztinduen
burdin zaporea.
Bolueta.
Ametsak burdindu
zizkigutenekoa.
Burdinaren aurrean burdina.
“El que a hierro mata
a hierro muere”.
Zirrara eta burdinak.
Babylonia erdalduna.
Non dago
nire amaren etxea?
Ikusten burdin pila hura?
GURE KALEAK.
Behinola harrizkoak
poltsikoetan gordetako
harriz egindakoak.
Burdindutako kaleetan
bolbora zaporeko giltza
eskuetan.
Eskuak erre
eta leihoetara pasa den
burdina.
Negar anpulutan den
paisaiaren erdian,
zenbat letra,
zenbat kilometro,
zenbat laztan galdu
ausentziaren besoetan.
Gaur.
Ausentziaren besoetatik
eguneroko errotarrira,
katea ilunez jositako
libertatearen
harria
hasi da (berriz) jiraka.
Munduaren pisua duten hitzetatik
egunerokotasuna arintzen diguten ekintzetara.
Zerumuga zabala da.
Irriak eta zirrara.
Dardara gara.
Ibilian gara.
Jausiz eta jeikiz bizi gara.
Hasierak dakar bukaerak dakar hasiera.
Zirrara dardara.
GARA
HEMEN
Zirrara irri,
zirrara herri.
Ibilitako pausuen, lagunen pausuen
pausuak lagun.
Izan bagara zirrara.
Oier Gonzalez Bilbatua
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Koldo Izagirre: Berrira
2013 7 urria
> berria.info: Berrira
Berrira
onak begira
erreak eztira
bustiak aterira
baztertuak erdira
itxitakoak irekira
ez al duzu ikusten?
begira: presoak herrira
herrira, bai
baina nolako herrira?
osoak alderdira
gordeak agerira
arruntak berezira
alferrak izerdira
esatekoak aurpegira
ez al duzu ikusten?
begira: presoak herrira
herrira, bai
baina nolako herrira?
motzak gerrira
luzeak neurrira
bizkorrak geldira
burokratak mendira
basurdeak jauregira
ez al duzu ikusten?
begira: presoak herrira
herrira, bai
baina nolako herrira?
zuriak lantegira
zatarrak loredira
atzerakoak atzerrira
betikoak… betikoak erretira
eta gero bai, gero kalejira!
ez al duzu ikusten?
begira: presoak herrira
herrira, bai
baina hau ez bezalako berrira
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
“EGIN”eko kazetariak askatzeko eskatu du PEN Internationalek
2013 12 iraila
> EUSKAL PEN KLUBAK: #EGIN eko kazetariei buruzko ebazpena #PEN kongresuan #Islandia n. Aho batez onartu da, ez aurkakorik ez abstentziorik.
> GARA: «Egin»-eko kazetariak aske uzteko eskaera egin du PEN Internationalek
Literatura eta adierazpen askatasuna lantzen duen PEN International erakundeak mundu zabaletik igorri diren hamasei ebazpen eztabaidatu eta bozkatu ditu Islandian egunotan egin duen 79. kongresuan.
Sirian, Errusian, Mexikon eta, besteak beste, Txinan gertatzen diren adierazpen-eskubidearen urraketa larriak aztertzeaz gain, Europar Batasunean jazotzen diren kasuak izan dituzte hizpide.
Hain zuzen, horien baitan, Euskal PENek «Egin» egunkariaren aurkako «bidegabekeria» aurkeztu eta salatu zuen.
Iragan astelehenean Idazle Espetxeratuen Batzordean eztabaidatu eta onartu ziren kasuak Biltzar Nagusira iritsi ziren. 70 herrialde eta zentrotako 200 idazlek baino gehiagok parte hartu zuten, eta aho batez onartu «Egin»-i buruzko ebazpena, aurkako edo abstentzio botorik gabe.
PEN Internationalek hala, Estatu espainoleko agintariei dei egin die «adierazpen askatasuna erabiltzeagatik giltzapean direnak» aska ditzaten.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Dokumentala: “Rejas, suspiros y llaves”
2013 5 iraila
Ataramiñe 2013. Espetxea eta sorkuntza
2013 7 abuztua
Hemen gatoz, beste urte batez, Ataramiñe den plazatxo honetara hurbiltzeko gonbita egitera. Hurbildu baino gehiago, plazatxo honen eraikuntzan parte hartzeko eskaria egitera. Oraingoz, hutsik dagoen orubea besterik ez baita, izan, Ataramiñe 2013 Bilduma. Hizki eta kolorez betetako pintzel, arkatz edo luma kolpeka jaso beharreko plazatxoa.
Urtero berreraiki behar badugu ere, ez gara behin ere hutsetik hasten. Egia esan, 2002an argitaratu genuen lehen bilduma hura ere ez zen hutsetik abiatu. 1983an Puerto de Santa Mariako Intxaur azal baten barruan edo Susa argitaletxeak 1989an apailatutako Itzalpeko ahotsak bildumen eskutik, euskal presoen banakako sorkuntza lanak kolektiboki kalera atera izan dira. Edonork esan lezake 1975ean Segoviako espetxean egindako zulo eta arrakalak sorkuntza lan kolektiboaren emaitza ere izan zirela. Baina espetxetik margoak eta literatura atera beharrean, presoak eta literalki atera ziren orduan. Ataramiñe lehen bildumaren bezperan koka genezake Jon Etxeandiaren Gartzelako Lanak olerki liburua ere. Bertan, Ataramiñe Elkartearen sorkuntzan jardun zuen Jonek ondorengo olerki hau utzi zigun:
Zilegitzat nuen poemak idaztea,
baina mundu hau ez dago
kontu askorako.
Ene poemak
poliziak kendu zizkidanean
komisarioak esan zuen
el cuaderno de las chorradas
desartikulatua zegoela.
Gure bilduma hauek, Elkartea bera, sorkuntza desartikulatu daitekeela uste duen (erdi-ustel duen) komisarioari emaniko erantzuna ere badira. Koaderno batetik bilduma kolektiboetara, Jonek bere torturatzaileari emaniko erantzuna. Ataramiñe, desartikulatzaile guztien gainetik letra salto eta brinkoka eraikitzen dugulako guztion artean.
Eta ari gara, bagabiltzanez. Azken urteotan, 4 liburuki argitaratu ditugu Durangoko Liburu eta Disko Azokan. Iragan urtekoan, adibidez, ohiko Bilduma potoloaz gain: Sasian Barna, Xabier Makazaga. Errefuxiatu zarauztarraren nobela laburra. Bertan azaltzen dira borroka klandestinoaren gazi-gozoak. Fakin Xokona, Oier Goitia. Olerki bilduma, letrak eta sentimenduak gainezka. Iker Morenoren irudi hunkigarriez lagunduta. Kandela bat pizteko behar dena, Mikel Antza eta Iker Moreno. Haurrentzako ipuin ilustratua, haur baten eskutik espetxearen mugei nola aurre egin erakusten du.
Gure plazatxo honetara iritsi berri da Mikel Orbegozo intxaurrondoarrak osatutako Preso Nago 2 komiki liburua ere. Preso egon edo presoa izan-en arteko ñabardura definitiboa ongi baino hobeto adierazten digu Mikelek bertan. Bera preso daukatelako, baina bere irudiei darien irri zirikatzaileari so eginez, Mikel preso zein punturaino ote den zalantzak eragiten dizkigulako. Ezpainek U forma hartzea semantika iraultzailea da porlanezko bakarmortu tristearen erdian.
Bai, kide, lagun eta senideok zuen letrak, zuen irudiak… behar ditugu semantika askatzaile berri bat eraikitzeko. Libertatea, bere ertzean eserita ikusi, deskribatu, irudikatu baitaiteke hobekien. Eta hor zaituztegu zuek, ertz horretan, burdin elorri arantzez inguratutako talaian. Kontatu, esan, hitzak, behin eta berriz errepikatu, kantari zaharrak esango lukeen bezala «ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal». Gure minak, gure pozak, malko eta irribarreak. Txori hanka arinek elurretan uzten dituzten arrastoak bezalaxe.
Bidali zuen sorkuntza lanak, irailaren 30a aurretik, ondorengo helbide honetara: Ataramiñe / 80. Posta-kutxa / 48200, Durango / Bizkaia. Euskal Herria.
Beso zabalik, orri zabalik, hartuko ditugu, mimatuko ditugu eta plazaratuko ditugu, denon artean. Bakarmortuaren erdian (eta horren aurka) Ataramiñe lan kolektiboa baita, eta bizitzeko ahalegin hori azpimarratzera datoz, etorri ere, espetxean apailatutako euskal presoen sorkuntza lanak. Zuen lanen zain, zuen zain, beti.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Mikel Antzaren “Sumak kawsay” osorik sarean
2013 22 uztaila
Sumak kawsay
Mikel Antza
Mikel Martinezek eta Iñaki Ziarrustak irakurria
Ean, 2013ko uztailaren 19an
Azaleko eta barneko irudiak: Erramun Landa
Edizio-lanak: Lutxo Egia
HEA Kultura elkartea. G. Arestiren etxea
Ea, 2013
>> Sumak Kawsay. Zaldarri 4. pdf
Mikel Antzaren Sumak kawsay lana 2013ko uztailaren 19an agertu zen jendaurrean, Mikel Martinez eta Iñaki Ziarrustak irakurrita, Eako Poesia Egunak ekitaldiaren baitan. Gabriel Arestiren etxeak kultur elkarteak Zaldiarri bilduman argitaratu eta sarean zabaldu du PDF formatuan.
Aitzin-solas
Urte asko dira ez naizela jendaurrean mintzo, eta ez dakit nire solas deslotu hauek zelan adituko diren.
Gaztetan, ekonomiari buruzko liburuak eta egile politiko ezagunenen tratatuak irakurria nagoen arren, ez naiz ekonomian aditua. Ideologia bat zedarritzen duten hastapenak hitzez hitz gorde eta errepikatzeko memoria txarrekoa izaki, ikuspegi dogmatikoen zalea ere ez naiz.
Edonola ere, handik eta hemendik irakurritakoei buruz hausnartu eta denbora-pausan zerbait mamitu dut zuentzat.
Guretzat eguneroko bizitza arruntaren errealitatea, gure baitan gordetzen dugun iragandako bizimoduaren oroitzapen hormatua besterik ez denez, errailetatik kanpo ibiltzeko arriskua hartu dut.
Horretan bederen, bizi dugun aroarekin bat natorrela uste dut: arriskatu eta berritzeko garaiak baitira.
Liburua osorik irakurtzeko: Sumak Kawsay. Zaldarri 4. pdf
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Mikel Antzaren hitzak TikTara doinuan: “Entzun”
2013 19 uztaila
Diskoa osorik entzuteko. Kantak pasatzeko >> ikurrari eman.
Zarauzko Tiktara salsa eta runba musika taldearen “Sorrera” diskoan Mikel Antzak idatzitako ENTZUN abestia:
Azala mudatu
gandorra makaldu
lehen ziraun orain iraun
orain goaz mantsoago
lehen baino ziurrago
Galpar urdin bihotzera
lehengoa gera eta ez gera
Indarrak ahuldu
distira ilundu
lehen ziraun orain iraun
eguzkiaren beroan
pentsatzen dugu geroan
gehiago dugu atzean
etorkizuna gainbehera
Entzun, bada entzun
gazte guri entzun
lehen ziraun orain iraun
iraganaren igarle
eskarmentuz aholkuemaile
erorikoen jakintzaz jantzia da gure hitza
Entzun, entzun, guri entzun
Entzun, entzun, guri entzun
Azala mudatu
gandorra makaldu
orain goaz mantsoago
lehen baino ziurrago
aurrera, aurrera elefanteen antzera
tiktara, tikara, erlojuak bezala
Entzun, entzun, guri entzun
Entzun, entzun, guri entzun
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
“Preso nago 2” komikia, Hala Bedi Tabernan, uztailaren 10ean, asteazkena
2013 8 uztaila
Preso Nago 2 komikia aurkeztuko dugu asteazkenean, uztailak 10, Gasteizko HALA BEDI TABERNAn. Ekitaldian Josu Gil musikari eibartarrak ere parte hartuko du: Ametsen txokoan musika CDa aurkeztu eta bertako kantak ere joko ditu.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Joseba Sarrionandia, “Ateak zabaltzen dituztenei eskerrak”
2013 26 ekaina
“Herria dugu arnas“ ekitaldian, Amets Arzallusek irakurrita, Eñaut Elorrieta gitarran.
> herriaduguarnas.org: ‘Konponbide garaia da, inoiz inork bere sorterritik ihes egin behar ez izateko’
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Ibon Muñoa, “Ametsen txokoan bizi naiz” (edizio zuzendua)
2013 24 ekaina
Ametsen txokoan bizi naiz
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta
Poemak eta bertsoak
Ataramiñe, 2011. Euskaraz
Neurriak: 10,5 x 15 zm.
352 orrialde.
Azaleko irudia: Mitxel Zarrabe
Hitzaurrea: Trunboi
Ametsen txokoan bizi naiz liburua 2011n argitaratu genuen. Gerora, Ibon Muñoak zuzenketa batzuk egin zituen, eta oraindik orain beste zuzenketa txiki batzuk egin ditu. Hartara, paperezko edizioak bere horretan jarraitzen badu ere, Interneten eskuragarri dagoen edizioan zuzenketak egin eta hortxe dago, liburua zuzenduta, zure esku.
Irakurri / Deskargatu -edizio zuzendua-:
>> Ametsen txokoan bizi naiz.pdf
Ibonek agindutako zuzenketak kontsultatzeko: >> zuzenketak.pdf
Oraingo aldaketak:
“Gure artzaintsari” olerkian (2009ko apirilaren 30a):
2. olerkiaren 12.lerroan “zure irri maitekorrak” idatzi.
2. olerkian 13.lerroan “bizitutako une ederrrak” idatzi.
2. olerkian 14.lerroan “aholku garrantzitsuak” idatzi.
Ibon Muñoa (Eibar) 2000. urtean atxilotu zuten. 2000-2011 tarte hauetan Valdemoro, Kordoba eta Puerto I espetxeetan idatzitako 162 poema eta bertso kronologikoki antolatuta biltzen ditu liburu honek.
Izenburuak dioen bezala, Muñoaren ametsekin topatuko gara liburua irakurtzean, ametsaK hitz-neurtuan. Oroimenak eta desioak, askatasuna eta kartzela, zapalketa eta burruka… agertuko zaizkigu ezinbestez, lehenengo orritik azkeneraino euskal preso politikoaren ametsetan.
Ibon Muñoak Puerto I espetxean jarraitzen du.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Jon Tapia, “Kartzelatik erbestera”
2013 21 ekaina
Gartzelatik. Poema eta bertso bilduma
Jon Tapia
Amnistiaren Aldeko Batzordeak, 1999
Kartzelatik erbestera
Milari igorriak, 1986an
1
Ortze gabeko, paraje mingotz
xortaka ximel diren hainbat bihotz,
zurbil harriak, burni, harresi…
haizeak dakar kantu eresi.
Hau da geriza!
Laidatu dute euskaldun giza,
gailendu zaigu bortitz paliza.2
Zoria urri, zohargi ere,
milaka lege ta sasi botere.
Jasan beharrak zigor ta bortxa,
beti gainean eraso hatsa.
Non dago indar?
Makildurikan hamaika bizkar.
Gaua heldu da zorrotz ta zipar.3
Arrats gogorrak oinaze dakar,
zelda lizun hontan samin ta bakar.
Zutaz galdezka hainbat intziri,
bainan alferrik, hau da martiri!
Ene maitea!!
Nahigabe astunek naute betea,
suntsigarria da, minkidea.4
Negar-zotinka, mendre geratu
luze ta-astun gau madarikatu.
Grina zitalek naute ebaki,
bihar biziko naizen nork daki?
Zure beharra!
Mingor, txiro…, ta arras bakarra.
Etor dedila txori goiztarra!5
Ekaitz ondoren egunsentia,
oilarturikan bihotz amestia.
Samin itzelak joanak dira,
nagusitu da argi diztira.
Ez naiz galdua!
Berpizturikan bizi-gogua,
bihozmin hura da lurrundua.6
Pizti maltzurren eragin latza,
eri eta hauskor den azken hatsa.
Ziztrin ta hutsal hauen joera
alferrik dabiltz, damu ez gera.
Gure bidean,
dugu irauti denok batean,
euskal iraultzak duten legean.7
Iparraldean zenbat eraso…
beti itzarri zer gerta, zer jazo.
Erbesteratu zinen eguna
jadanik dago nahiko urruna.
Ez dugu etsi!
ohiko borrokan gaur eta etzi,
nahiz-ta ateak giltzarriz hertsi.8
Agur maitea, agur laztana
hainbat zorion eta poz emanak.
Etorriko da egun berria,
ez dago urrun udaberria.
Ene landare!
Hain eder eta hain paregabe,
nire barnean beti zerade.
Kartzelatik
Anje Duhalde
Bakezaleak (LP) / Zuzenean (CD)
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
“Preso Nago 2” komikiaren aurkezpena ostegunean Iruñeko La Hormiga Atomican
2013 17 ekaina
>> La hormiga atómica: [aurkezpena] Preso nago .2 (ataramiñe) (euskaraz)
Osteguna, Ekaina 20, 2013 – 19:30
“Ataramiñeâ€. Ez da pertsona izena baina halako zera dario, gozotasun antzeko bat-edo. Mihia ateratzea, agian, ekintza xelebrea da,baina bahitua duenaren irrifarra ezabatzea helburu duen gartzelan, mihia ateratzea, irrifar egitea, dantzan hastea… barrikada bat bihurtu liteke, ekintza zuzena, bataila guztien ama. Esaerak ez dio alferrik, irri egitea letaginak erakusteko beste manera bat dela, are gehiago porlanezko murru, barrote eta funtzionario artean.
Espetxea eta sorkuntza. Sorkuntzaren bitartez aurre egiten dio presoak espetxeari,olerki bat idazteko bezainbat tunela zulatzeko estrategia antolatzeko unean. Edo olerkia tunelaren lehen arrakala ote da, izan? Poetaren kopletako azken aipuak dioen bezala, “oinazea bisitari gogoaren zainetan, zaindariak paper bila ari dira zeldetanâ€. Bai funtzionariak ez dabiltza arma bila, dinamita bila, burdin barroteak moztuko dituen zerra bila. Paper bila dabiltza zeldetan, letra artetik, edo pintura kolpeka presoak ihesaldia antolatuko duelakoan. Ez dabiltza oker. Sorkuntzak badauka baliorik.
Preso Nago 2. Bigarrena beraz preso dagoen horren eskutik. Mikel Orbegozo donostiarra, preso egon badagoelako, baina ilustrazioek aldarrikatzen dutena adituz; Mikel, presoa ote den zalantzak sortzen zaizkio bati. Preso EGON edo presoa IZAN. Hizkuntzak, espetxea eta barruan dagoenaren arteko borrokaren muina argi adierazten digu, aditzen ezberdintasun sotil bezain definitiboak, burdin zaporea dauka. Burdin hori nondik arrakalatu, hori da izan, kontua.
Arrakalak, errealitatearen murru erdian, Mikel Orbegozoren lana oinarri, MAHAI INGURUA egingo dugu. Espetxeaz bezainbat sorkuntzaz hitz egiteko, irribarrearen bitartez azaltzen diren letaginez jarduteko, ihes puntua non kokatzen den hausnartzeko. Nondik jo, nora eta zertarako ESPETXEAN SORTU.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Amatasun moduloan
2013 13 ekaina
Olga Sanz, Oier Moreno seme jaioberriarekin, Aranjuez espetxean
Amatasun moduloan, Mikel Orbegozo, PRESO NAGO 2, Ataramiñe 2013
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
“Angiolillo” liburua aurkeztuko dute bihar, ostirala, Bergarako gaztetxian
2013 13 ekaina
Ekainak 14, ostirala, 18:00, Bergarako gaztetxian
Aittor Arantzabalek idatzi eta denon artean egin genuen “ANGIOLILLO” liburuaren aurkezpen mundiala. Bertan egongo direnak:
AITTOR ARANTZABAL liburuaren nondik norakoak kontatuko digu.
KOLDO IZAGIRRE Poema batzuk errezitatuko ditu
FLY SHIT Elektroakustikoa
BERTSO MUSIKATUAK
Liburua salgai dago, 4 €urotan
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
« Mezu berriagoak — Mezu zaharragoak »