Karlos Apeztegia, “Espetxean idaztea zer den”
2013 4 abendua
Karlos Apeztegia, eskuman, azaroaren 28an Ataramiñe’13 bildumaren aurkezpenean. Ordukoa da hainbestetan presoei egiten zaien Espetxean idaztea zer den galderaren erantzuna.
Karlos Apeztegia 1992an espetxeratu eta 21 urte preso egin ondoren 2013ko maiatzean kaleratu zen. Urte guzti hauetan makina letra idatzi du. Ataramiñe bilduma guztietan jaso dira bere testuak.
Espetxean idaztea zer den?
Galdera honek erantzun ezberdinak dituela uste dut. Erantzun ezberdinak bururatzen zaizkit.
→ Espetxean idaztea bizirik sentitzeko modua izan daiteke, bizirik zaudela adierazteko modua.
→ Espetxean idaztea zure burua askatzeko modua izan daiteke, nolabait aske sentitzeko modua.
→ Espetxean idaztea euskal presoek pairatzen dituzten baldin tzak salatzeko modua izan daiteke.
→ Espetxean idaztea mendeku txikia izan daiteke, garaiturik edo menperaturik ez zaudela adierazteko modua.
→ Espetxean idaztea bakartzea gainditzeko modua izan daiteke.
→ Espetxean idaztea ihes egiteko eta kanpoko jendeari zure egoeraren berri jakinarazteko modua izan daiteke.
→ Espetxean idaztea askotan beharra bilakatzen da.
→ Espetxean idaztea zure buruarekin mintzatzeko modua izan daiteke, zure burua hobeki ezagutzeko modua.
→ Espetxean idaztea lekukotasuna uzteko modua izan daiteke, presoak pairatzen duen egoe3raren lekukotasuna, presoak hori egiten ez badu, bes batzuek egingo dutelako.
Galdera egina dago eta erantzunak ere hortxe daude. Orain, beraz, bakoitzak gehien atsegin zaion erantzuna aukera dezake.
Karlos Apeztegia
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Ataramiñe’13
2013 2 abendua
Ataramiñe’13
Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak
2013
Neurriak: 15 x 21 zm.
202 orrialde.
Azaleko irudia: Mikel Zarrabe Elkoroiribe
>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk
Ataramiñe’13an parte hartu dute
Aitzol Iriondo Yarza Hitzaurrea
Ekaitz Samaniego Curiel Bertsoak
Ekaitz Sirvent Auzmendi Euskarara ekarriak
Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre Poemak
Fernando Alonso Abad Lazos amarillos | El Extraño caso del virrey
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta Bertsoak
Oier Andueza Antxia Marrazkiak
Jokin Urain Larrañaga Mundu honetan
Joxe Karlos Apeztegia Jaka Kronikak
Ibai Aiensa Laborda Marrazkia
Kepa Mirena Solana Arrondo Soño ou realidade | Chave
Mikel Azurmendi Peñagarikano Poemak
Patxi Zubikarai Poemak
Teresa Toda Iglesia EGIN, dentro y fuera
Xabier Aranburu Muguruza Zapalkuntzaren ikurra
Gorka Lupiañez Mintegi Marrazkiak
Iñigo Elizegi Erbiti Marrazkiak
Mikel Zarrabe Elkoroiribe Marrazkiak
Joseba Galarraga Arrona Marrazkiak
Itziar Moreno Martinez Marrazkiak
Josu Bravo Maestrojuan Arte-lanak
Jon Aingeru Otxoantezana Badiola, Kirru Marrazkiak
Txomin Troitiño Arranz Marrazkia
Anjel Figueroa Fernandez / Xabier Lopez Peña
Ataramiñe’13 honetara ekarri dugu Anjel Figueroa Fernandez (Algorta 1972.12.06 – Algorta 2013.03.14) eta Xabier Lopez Peña (Galdakao 1954.05.30 – Paris 2013.03.30) errepresioaren ankerrak eragindako gaixotasunez hildako azken euskal preso politikoen oroimena.
Hitzaurrea
Manta soinean eta ziega kakaztuaren zolako txiza-putzuen artean, oin biluziak ttiki han ttaka hemen pausatuz, hurbildu da Sean Glás leihora. Leihoa, kanpoko munduarekin, naturarekin lotune ñimiñoa, kristalik gabeko hutsunetxoa, argia eta itzala. Bi boki heldu dira zakurrekin pasieran, txarrantxadi amaigabearen hegitik. Hegatxabalak eta buztanikarak bizkor eta garaiz hegaldatu dira ilunaren babesean. Maiatzeko aire leunak zurrumurru lauso bat dakarkio Seani beste ziega kakaztu baten leihotik gauaren isiltasunaren erdian. Bobby da, ahoz gora haizeari galderak egiten, haizeari galderak erantzuten:
“Nola borrokatu honen denaren aurka? Zelata-dorreak, guardia zakurrak… Nola ihes egin honi denari?”
Pausatxo baten ostean erantzun du zurrumurru berberak: “Fisikoki gainditzerik ez baduzu, mentalki egin dezakezu”.
…
1978a zen, Irlandan. Urte hartan “demokrazia” espainiarraren lehen gatibu euskaldunak ariko ziren munduarekin zuten leiho barrotedunen artetik hitzak, marrazkiak, ideiak aireratzen. Irristatu dira geroztik bertsoak, margoak, eskulanak, istorioak, historia murru grisen pitzaduretatik tai gabe, sormenaren hutsunetxo sekretuetatik urtea joan eta urtea etorri.
Ataramiñe zer den. Bada, itzalpeko eskuekin saretutako amarauna dela diot nik. Monsanto, Badajoz, Puerto de Santa Maria, Algeciras, Almeria, Foncalent, Arles, Lyon, Bourg-en-Bresse, Bapaume, Belmarsh, San Martin de Ré, Monterroso, Topas. Ertzez ertz. Hitzez hitz. Armiarma sare estrainioa. Arrotza, baina…
Jarraitzen du
Jokin Urain, “Agurra eta Ohorea”
2013 2 abendua
Agurra eta Ohorea
Euskal militanteen heriotza kronika
Jokin Urain
2013
Neurriak: 15 x 21 zm.
187 orrialde.
>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk
Hitzaurrea
Hilei bakea, esan izan da. Horrela erakutsi ziguten. Ez da, noski, kontu berria. Antzinatetik dator hilekiko kezka, familiako edo tribuko hilei azken atsedenerako bidea egitea hileta errituen bitartez. Haitzuloetan, mendi gainetan… aurkitu dira antzinako hileten aztarnak, urrutiago joan gabe geure herrian bertan.
Hil den senide edo lagunari azken agurra eta omena egiten diogu hileten bitartez. Baina heriotza horrek inguruko biziongan uzten digun hutsunea eta eragiten digun samina osatzeko edo bideratzeko ere bada hileta errituala; bizion sentipenean hartzen du hilak atseden. Biziontzat dira hiletak.
Hil berri den senide edo lagunari hileten bitartez esaten diogu agur, edo gero arte, gure sinesteen arabera, eta beharrezkoa zaigu hiletaren erritual osoa egitea, gorpua edo errautsak aurrean direla eskuarki, elizkizun edo omenaldi zibilen batekin.
Azkenean, gorpua ehortzi edo errautsak haizetaratu eta oroitarriren bat ipiniz, hila oroitarazi eta omendu edo gurtu ahal izateko lekua zehaztuko dugu.
Diren eratakoak direla, hiletek badute euren arautegi propioa. Hiletetan, beilatik hasi eta dena amaitu arteko denbora horretan, hilaren edo haren irudiaren aurrean hedatzen den isiltasunak biltzen du, nolabait, ingurua. Gogoratu Lizardiren Bihotzean min dut hileta eresia, edo Txikiren amak esaten duena isiltasunaz eta kaleetako zapata hotsaz. Hileta omenaldietan-eta egiten diren oihu eta aldarriek, edo sarritan erabili Gernika hileta martxak edo Agur jaunak ez dute, formalki, isiltasun hori desegiten. Eta, isiltasun horrek, samina eta hilaren hurbilenekiko elkartasuna eta errespetua adierazten du batez ere.
Hilarekiko azken agurra “zuzen” egitea beharrezkoa zaigu. Hala ez egiteak nolabaiteko profanazioa suposatzen du hileta erritualean edo omenaldian, eta batik bat senideen eta tribuaren –erkideen– sentimenduetan. Hilari azken bidaiarako edo azken atsedenerako “atarikoa” egiten diogunean, modu publikoan arren intimoan ari gara, geure samina eta maitasun urratua tolesgabe azalduz, eta, horrexegatik hain zuzen, iraina irainago eta saminago bihurtzen da –suminago ere bai– hiletak debekatzen dituztenean edo hileta omenaldira elkartu den jendea zafratu eta sakabanatzen dutenean indarrez eta harrokeriaz. Ondo dakigu, gainera, legearen eta agintearen totalitarismotik politikarien zinismoak eta epaile eta polizien indarkeriak mingarriago bilakatzen dituela horrelako egitateak.
Gizaki legez geure buruarekiko kontzientzia hartzeari, eta heriotzaren kontzientziari bereziki, lotua dago, dirudienez, hileta erritualen sorrera. Eta hilobiak eta asabak gurtzea giza kulturaren ezaugarri antzinakoenetatik dator, ez da, beraz, harritzekoa tamalez, boterearen aldeak, aginteak hilekiko auzia baliatzea, hain zuzen, gatazka guneetan hilaren senide, tribu edo herriaren samina areagotzeko eta umiliaketa bilatzeko. Giza ezaugarritik urrun dauden jarrerak eta ekinbideak erabiltzea, alegia, eta gehien mindu gaitzaketenak beraz, menperatu nahi dituzten herritarrak eraisteko eta haien arima zapaltzeko.
Ondo ikasi dugu euskal militante abertzaleen hiletak eta hilobiak, oroitarriak eta omenaldiak jo puntu lehenetsiak direla espainiar agintari, polizia eta epaileentzat eta euskal kolaboratzaile suharrentzat. Hileta horiek baliatu izan dituzte sarritan senideak areago mindu eta umiliatzen saiatzeko, euren oldarrarekin euskal militante erorien inguru afektiboa zapaltzen ahalegintzeko.
Horren adibideak edozein leku eta garaitan aurki ditzakegu bila hasiz gero. Matalaz zuberotarraren historia gureganaino iritsi da, aginteak herritar jarkiaren hilotzaren bitartez herria bera umiliatu eta zapaldu nahiaren erakusgarri… Baina beste halako zenbat geratu dira ahanzturan ez bada isilean ordutik gaur artean?
Bai geuretzat eta bai geure ondorengoei begira, tamalgarria litzateke ahanzturaren ubera horri amore ematea. Gehiegi baitira isiltasunera kondenatuak, aginteen larderiapean isilaraziak.
Jarraitzen du
Mikel Antza, “Z²”
2013 2 abendua
Z²
antzerkia
Mikel Antza
2013
Neurriak: 15 x 21 zm.
88 orrialde.
Azaleko irudia: Mikel Zarrabe
>> PDF formatoan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formato batzuk
ATARIKOA
Z² idazten hasi nintzenean alferrikako zereginean nenbilela pentsatu izan nuen, hain zuzen ere, 2006an “Loiolako prozesua” izenez bataiatu zen horren erdian geunden. Bazirudien, berriro ere, gure Herriak jasaten duen zanpaketa gainditze bidean jartzera zihoala, eta pentsatu nuen, baikorren sokakoa izaki, agian gisa horretako antzezlanek ez zutela inolako zentzurik izango.
Urteak joan dira geroztik, eta presoon etorkizunaren pareko bihurtu da nire antzezlantxo honen patua ere, atera nahi eta ezin. Arrazoi bat zela edo bestea zela, urtez urte bere argitalpena bertan behera gelditu da. “Hainbat hobe” pentsatzen nuen tarteka, antzezlanaren azken eszena gogoan, pixka bat xalo eta barregarri gelditzen delakoan.
Zazpi urte joan dira ia geroztik, eta euskal presoak beti espainiar eta frantses kartzeletan gatibu jarraitzen dugu; Z² bezala, ezin argia ikusi.
Azkenean, itxura denez, aurtengoan bai, moldiztegia (eta sarea ere agian) ezagutuko dute isolamenduko oroitzapen gordinegiak dakarzkidalako berriro ere irakurri nahi izan ez dudan lantxoak.
Duela denboratxo bat burkide batek aipatu zidan antzerki munduan dabilen norbait ezagutzen duela eta agian interesatuko litzaiokeela nire antzezlana. Beste gehiagorik gabe, hari antzezlanarekin batera igorri nion gutunean azaltzen ditudan azalpenak dira nire ustez aurkezpen-hitz egokienak.
Kaixo!
Jakin dut azkenean ez duzula nire antzerki “ospetsua” jaso, eta Itziarrek zure helbidea eman zidanez, hemen duzu kopia bat.
Azken urteotan ATARAMIÑEkoek argitaratu asmo izan dute, baina arrazoi bategatik edo besteagatik beti atzeratu da argitalpena… agian aurtengoan argitara emango dute azkenean.
Ez dakit zer antzerki mota egiten duzun/duzuen eta, beraz, antzezlan horretan agertzen direnak zure joerakoak izango ote diren.
Dena dela, nik antzerkigileak taldearekin lanean irudikatu izan ditut beti (eta izan dudan esperientzia urrian ere horrela izan zen, Beteluko Balnearioko Mirakulua). Hori horrela izanik, eta idazki horrekin zerbait egiteko asmoa bazenute, nahi duzuen moduan erabil dezakezuela esan nahi dizut.
Idazkia oinarri bat da, nire ustez; oinarri horretatik abiatuta osatu beharko litzateke jendarteari eskainiko zaion emaitza. Edo beste oinarri bat aberasteko osagaitzat ere erabil daiteke. Zatiak kendu edo gehitu. Zati bat soilik erabili. Alegia, erabateko askatasuna duzuela nahi duzuena egiteko. Nola ez, inolako konpromisorik gabe kaxoi batean sartzekoa ere!
Antzezlanaren izenburua nondik datorren azalduko dizut. Aspaldian Jean Geneten Haute Surveillance itzuli nuen. Susak argitara eman zuen Zaindaritza Zorrotza izenburupean. Antzezlan honetako pasarte batzuek badute haren oihartzunen bat. Eta izenburuak ere horri egiten dio erreferentzia: Zaindaritza zorrotza: zaindaritza ber bi: Z². (Bestalde, zigor ziega aipatzeko orduan gutunetan erabiltzen dudan laburdura ere bada Z² hori).
Azkenik, zerbait egitea erabakitzen baduzue eta laguntza behar bazenute, nahi duzunerako hemen naukazuela jakin ezazu.
Besarkada bat
Réauko urrezko kaiolan bahituta, 2013ko irailean
Mikel ANTZA
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Mikel Orbegozo, “Preso Nago 2”
2013 2 abendua
Preso Nago 2
komikia
Mikel Orbegozo
2013
Neurriak: 17 x 24 zm.
89 orrialde.
>> PDF formatoan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formato batzuk
Hitzaurrea
Bigarren parteak inoiz ez omen dira onak izan. Orain ere hala dela aitortu beharko, bigarren parte hau iritsi izana oraindik preso segitzen dugunaren adierazle bada.
Komiki honetan Espainiako espetxeetako errealitatea ikus daiteke nolabait islatuta. Baina ezin ahaztu Frantzian ere, eta Europako beste herrialderen batzutan, badirela euskal preso politikoak. Espetxe guztiak ez dira berdin/berdinak, nahiz eta espetxeari aurre egiteko presoak dituen bitarteko eta jarrerak (duintasuna, borrokak, umorea…) antzekoak izango diren gehienetan.
Preso egonik ere espetxean arrotz sentitzeak ikuspuntu berezi bat eskaintzen dio presoari, mila egoera, agindu, arau eta zigor absurdoen lekuko bihurtzeaz gain, hauek ikuspegi zorrotz batetatik aztertzeko gaitasuna garatzen duelarik.
Zanpatzeko pentsatua dagoen tresneria honek guztiak goibel eta burumakur nahi du presoa, ezer epaitu eta zalantzan jarri gabe obeditu eta errenditu dadin. Zorionez, basaloreak bezala hazten dira kidetasuna, elkartasuna eta goxotasuna bezalako sentimenduak, eta espetxearen asmoen aurka hazten jarraitzen du presoak.
Bizitzea tokatzen zaizkigun une gogorrak etorri bezala badoaz, eta beti itzultzen da irribarrea, gatibatzaileen etsipenerako.
Preso gaude, baina…
irribarrez pixka bat libreago!!!
Mikel Orbegozo
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Ataramiñe 2013 liburuen aurkezpena, Bizkaie web gunean
2013 29 azaroa
Ezkerretik eskumara: Mitxel Sarasketa eta Oier Gonzalez Ataramiñeko kideak eta Karlos Apeztegia, preso ohia
> bizkaie.net: Kartzeletan egindako idazlan eta marrazkiak argitaratu ditu, beste urte batez, Ataramiñek
Dabi Piedra Robledo
Bilbon aurkeztu dau Ataramiñe alkarteak euskal presoek egindako lanen aurtengo bildumea. Alde batetik, 23 presok egindako lana batzen dauen koadernoa kaleratu dabe eta, bestetik, Mikel Antzak idatzitako antzerki-liburu bat eta Jokin Urainen hausnarketa eta ikerketa lana be atara ditue. Ganera, Preso nago 2 marrazki-liburua berrargitaratu dabe.
Euskal preso politikoek, espetxean dagozan artean egindako sorkuntza lana batu eta zabaltzea da Ataramiñeren zeregina. Joseba Tapiak dino, idaztea askatasuna bizitea dala aitatu dau Mitxel Sarasketa Ataramiñeko kideak. Aurtengo bilduman parte hartu dau eta 21 urteko espetxealdiaren ostean maiatzean kalera urten eban Karlos Apeztegiak eta, azaldu dauenez, espetxean idaztea bizirik zagozala adierazoteko modu bat da, edo bakardadea gainditzeko modua. Ganera, kasu batzuetan, presoaren bizi baldintzak salatzeko bidea be izan leiteke, Apeztegiaren arabera. Mitxel Sarasketak azaldu dauenez, Ataramiñek kaleratzen dituan lanak erresistentziaren irudia dira, espetxeko historia modu askotan idatzita topauko dogu, presoen bizipenen zati bat ekarten ahalegintzen gara.
Aurtengo Ataramiñeren koadernoan, 23 presoren lanak dagoz batuta. Orain, horreetako batzuk kalean dagoz, azkenaldion preso asko askatu dituelako, Parot doktrinea balio barik geratu dalako edo beste arrazoi batzukaitik. Esate baterako, Teresa Todak atzo bertan urten eban kartzelatik, kondenea beteta, eta Ataramiñeren bilduman haren idazlan bat dago. Ezin da ahaztu, Euskal Herrian, idazle izateagaitik preso dagozala batzuk, poteredunen kontra idazteagaitik, ohartarazo dau Sarasketak. Batutako 23 lanetan, danetariko formatuak dagoz, irudiak, kronikak, poesia, istorioak eta abar.
Aurtengo uztea oparoa izan da, azpimarratu dau Oier Gonzalez Ataramiñeko arduradunak. Urteroko koadernoagaz batera, liburu bi argitaratu ditue. Bata, Mikel Antzaren Z² liburua da, zigor ziega baten dagozan preso biren arteko hartu-emonak kontetan dituan antzezlana. Antzezlan arrunta baino gehiago da, azaldu dau Gonzalezek, irakurleak jarrerea hartzea dauka helburu, interpelazinoa egiten jako. Beste liburua, Jokin Urainek idatzia, Agurra eta ohorea da. Urain urte askoan egon da espetxean eta joan dan astean urten eban. Agurra eta ohorea, ikerketa eta gogoeta lana da aldi berean. Heriotzearen eta doluaren ingurukoa da liburua, testigantzez eta errepaso historiko batez osotua. Bere sakonean, harribitxi bat da, dino Sarasketak, oso liburu hunkigarria da. Heriotzan eta doluan presentzia handia daukan isiltasunari garrantzia emoten deutso lanean Urainek, isiltasunean hausnartzera bideratu nahi dau irakurlea. Mikel Antzaren eta Jokin Urainen liburuakaz batera, Ataramiñek Preso nago 2 marrazki-liburua berrargitaratzea erabagi dau. Irudien eta biñeten bidez, Mikel Orbegozok kartzelako eguneroko bizipenak jasoten ditu bertan.
Espetxean dagozanen lanak, neurri batean, talde lana izaten dirala nabarmendu dau Mitxel Sarasketak, Ataramiñeren bildumearen berezitasuna azaltzeko. Batzuetan ez gara konturatzen, baina preso batek baliabide asko ditu faltan: eskuz idazten dau eta konsultarako material guztia beste batzuek ekarri behar deutsie. Beraz, liburu honeetan ohikoa izaten da autoreak jente askori eskerrak emotea. Ataramiñe alkartea Durangoko Azokan egongo da aurten, argitalpenak aurkezten eta zabaltzen. Azokearen beraren gunean ez eze, Ahotsenean be egongo da.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
FALTA. (Ez) diren gauzak
2013 29 azaroa
Ainara Lasaren erakusketaren bideoa. Bideoan agertzen direnak, Ainara Lasa bera eta Peru Iparragirre argazkilaria dira. Lander Garro da bideoaren egilea.
Ainara Lasa, Luis Mari aitarekin, Hendaiako (Lapurdi) Orio auzoko frontoian. / AINARA LASA
> berria 2013.11.29: Ainara Lasa. Artista «Pertsonala da nire historia hau, baina kolektiboa ere bada, eta ezin politikoagoa»
Gurasoen kartzelatzeak eta erbesteak haurtzaroan utzitako zuloak irudikatu ditu Ainara Lasa sortzaileak 13 argazki muntaketen bidez. Gaur zabalduko du ‘Falta (ez) diren gauzak’ erakusketa Errenterian.
Edu Lartzanguren
Ainara Lasa artistak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1975) Falta (ez) diren gauzak argazki erakusketa zabalduko du gaur, 19:30ean, Mikelazulo Kultur Elkartean, Errenterian (Gipuzkoa). Egitasmoaren berri jasotzeko: www.ainaralasa.com.
Hautsi zenuen hezur batetik abiatu zinen lanak sortzeko Hariketak; lotzea askatzea denean aurreko lanean. Honako honetan ere autobiografia da iturburua?
Bai. Ama 1984ko ekainean atxilotu zuten, eta aitak ihes egin zuen. Ama lau hilabetez egon zen espetxean. Aita lau urtez iheslari, gero atxilotu egin zuten, eta beste lau urte kartzelan. Zortzi urteko bizipena izan zen ahizpa eta biontzat. Horren lagin bat dago erakusketa honetan. Nik sentitutako faltaz hitz egiten du. Hendaiako argazkiak dira, aita han egon zeneko garaiko lekuak. Gure bestaldeaz mintzo naiz.
Manipulaturiko argazkiak dira. Besteak beste, zulatu egin dituzu.
Argazkiei osagarriak sartu dizkiet, eta gero zulatu egin ditut. Hutsunea eta galera adierazteko daude zuloak, noski, baina gero zulo horiek hariz josita daude. Aurreko lanarekin lotzen du horrek. Hura ariketa bat izan zen, baina oraingo hau da benetan egin nahi dudana. Lotzeak motibatzen nau, asko.
Bide batez, antzeko egoera pairatu duen jende askorekin lotzen zaitu lan honek, ezta?
Lan honen harira, topo egin dut antzeko egoera izan dutenekin, eta testuak sortu ditut horietako batzurekin. Atxiloketaren aurretik klandestinitate egoera bat genuen, haurrok bizi izan genuena. Egoera horrek eragindako ausentziaren inguruko lana izan behar zuen honek, eta, azkenean, presentziei buruzkoa bihurtu da. 29 urte geroago, orduan sentitutakoaren kontakizuna eta gogoeta egiteko modua da hau.
Pilota eta frontoia erretratau dituzu. Zergatik?
Klandestinitateak zure mundua asko murrizten du. Nire Hendaiako mundua txikia zen: hondartza, etxe aurreko kulunka eta frontoia. Badirudi frontoian askatzen nuela nire mina. Nafarroako Asterain herrian ikusi nuen, zebra bide batean nintzela, han parean frontoian falta idatzita. Orduan argi ikusi nuen, nire falta jokoa eten zenean hasi zela.
Tipula zuritzearena erabili izan da bizitzaren muinaren bilatzearen metafora gisa, geruzak kendu eta muinik ez dagoela konturatzen zarelako. Zuk pilotak zuritu dituzu erakusketarako prestatu duzun bideoan, eta erakutsi duzu pilotek muina izan badutela.
Bai, pilotek muina dute, batzuetan bola jauzilari horietako bat da; bestetan, egurrezkoa, edo kautxuzkoa… Eta muin horren inguruan hariak daude, nik hau josteko erabili ditudanak. Baina hori ikusteko larrua ireki behar izan dut. Deseraikitze prozesu bat dago, eta saila ixteko sortu dudan koadroan, argazkiei kendutako puska horien mosaikoa egin dut.
Memoria ariketa bat egin duzu, baina bizipenak ez dira begi bistakoak irudietan. Hori ez al da arazo bat?
Testuak jartzea erabaki dut, gaia zehazten duelako. Ez naiz dena mamitua ematearen aldekoa. Ariketa intimo bat da, baina errealitate kolektibo baten mostra bat. Denok ez dugu berdin bizi gertaera bera: batzuei ez die arrastorik utzi, edo ez dira gogoratzen, edo ez dute minik. Nik beharra nuen hau egiteko, eta iruditzen zait ekarpen bat izan zitekeela. Nire historia hau pertsonala da, baina kolektiboa ere bada, eta, beraz, politikoa; eta, kasu honetan, ezin politikoagoa.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Ataramiñe 2013 liburuen aurkezpena, Gara egunkarian
2013 29 azaroa
> naiz.info/gara 2013.11.29: Ataramiñe, presoen begirada komiki, antzerki eta saiakera bidez
Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak argitaratzea xede duen Ataramiñek bi lan aurkeztu ditu: Mikel Antzaren «Z²» antzerki obra eta kaleratu berria den Jokin Urain Larrañagaren «Agurra eta Ohorea. Euskal militanteen heriotza kronika» saiakera.
Anartz BILBAO BILBO
Durangoko Azokara begira, Antzaren «Z²» (antzerkia), Urainen «Agurra eta Ohorea» (saiakera) eta Ataramiñe bilduma, hamahirugarrena, plazaratu berri ditu euskal presoen lanak kaleratzen dituen argitaletxeak -abenduaren 8an Ahotsenean aurkeztuko dituzte-. Gainera, agortua dagoela-eta, Intxaurrondoko Mikel Orbegozoren «Preso nago 2» komikia berrargitaratu du.
Aurkezpen lanak Oier Gonzalezek eta Mitxel Sarasketak egin zituzten, bi hamarkadatik gora preso izan eta orain gutxi aske geratutako Joxe Karlos Apeztegiarekin batera. Azken honek Ataramiñeren bilduma guztietan parte hartu du eta bi hamarkadatik gora preso izan ostean orain gutxi dago kalean, bildumakide izan dituen Teresa Toda eta Txomin Troitiño bezala; Mikel Zarrabe astelehenean askatuko dute. Guztira hogeita hiru presoren margolanak, poemak, itzulpenak, kantuak eta narrazioak gordetzen ditu aurtengo bildumak, gaztelaniaz zein euskaraz idatziak. Aurten zendutako Xabier Lopez Peña eta Angel Figeroari -berak idatzitako «Ametsak» olerkia ere bada bilduman- eskainia dagoen bildumaren hitzaurrea Aitzol Iriondok egina da.
Bildumak gatibu direnen begiraden mosaiko bat izan nahi du; izan ere, Apeztegiak adierazten duenez, «espetxean idaztea zer den galderak erantzun ugari ditu -zerrendatxoa irakurri zuen-; bakoitzak du egokiena». Zerrendako erantzun batean, Tximela kapitainak El Dueson aspaldi idatzitakoarekin bat egiten du Apeztegiak, «idaztea, preso izanik, askatasuna bizitzea da».
Antzaren «Z²» ere argitaratu du Ataramiñek, Mitxel Zarraberen margolan ederra azalean duela. «`Zaindaritza zorrotza‘ edo `zigor ziega‘ laburtzen du izenburuak; izan ere, antzerki obra honetan, euskal preso batek zaindariarekin duen harremana agertzen du; agintea bera ere antzezlaneko pertsonaia bihurtuz. Azken honen zoritxarrerako gainera, lanak antzezle eta publikoaren (irakurlearen) arteko mugak pikutara bidali eta interpelazio zuzena egiten du». Liburuarekin, kartzela kontatzeko gramatika berri bat ematera dator Mikel Antza, Ataramiñeko lagunen aburuz.
Aurkezpen sorta etxetik kanpo hiru hamarkada eman dituen Jokin Urainen «Agur eta Ohore» saiakerak ixten du -27 urteko itxialdiaren ostean kalean da-. «Liburuak maite dugun jendearen heriotzaz, hileta-errituez, doluaz eta Estatuek haienganako erakutsi izan duten logikaz dihardu» dio Ateramiñek atzeko azalean. «Harribitxi bat da -gehitu du Sarasketak-. Gaia karga handikoa da, sakona, eta guretzat hunkigarria».
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Ataramiñe 2013 liburuen aurkezpena, Berria egunkarian
2013 29 azaroa
Ataramiñe argitaletxeko kideak aurtengo nobedadeak aurkezten. / MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
> berria.info 2013.11.29: Zaindariak aurkitu ez dituenak
Mikel Antzaren liburu bat, Jokin Urainen beste bat eta 23 presoren lanak biltzen dituen bilduma kaleratu du Ataramiñek
Iñigo Astiz Bilbo
Joseba Sarrionandiaren aipu bat dakar gogora Oier Gonzalez Ataramiñe argitaletxeko kideak. Galtzetan gordetzeko koblak poemako lerro bakar bat. «Zaindariak paper bila ari dira zeldetan». Azaltzen du bere hautua Gonzalezek. «Poemak dio zaindariak paper bila dabiltzala. Ez dabiltza dinamita edo arma bila, eta aipu horrek oso ongi laburbiltzen du zein den espetxean sorkuntzak duen balioa, zaindariak paper bila aritzeraino». Eta zaindariek aurkitu ez dituzten horiek dira Ataramiñek argitaratzen dituenak. Hiru nobedade kaleratu dituzte aurten. Mikel Antzaren Z² antzezlana, Jokin Urainen Agurra eta ohorea. Euskal militanteen heriotzaren kronika saiakera eta 23 presok idatzitako testuak batzen dituen bilduma.
Espetxerik espetxeena da Antzaren lanaren abiapuntua. Zigor ziega. Eta hortik dator piezaren titulua ere, Antzak liburuaren hitzaurrean azaltzen duenez. «Aspaldian Jean Geneten Haute Surveillance itzuli nuen. Susak argitara eman zuen Zaindaritza zorrotza izenburupean. Antzezlan honetako pasarte batzuek badute haren oihartzunen bat. Eta izenburuak ere horri egiten dio erreferentzia: Zaindaritza Zorrotza: zaindaritza ber bi: Z² ». Baina ez da hori bakarrik. Bere eskutitzetan ere hala izendatzen baitu Antzak Zigor Ziega: Z². Eta hori da bere antzezlanaren erdigunea.
Autoreak espetxeari begiratzeko gramatika berri bat bilatu duela dio Gonzalezek. Eta adibide bat ere jarri du hori frogatzeko. Zigor zelda deskribatu beharrak hizkuntza behartzera baitarama une batean antzezlaneko pertsonaia: «Nor etzan zen ni baino lehen lastaira honetan? Atzo. Nor etzango da ondoren? Bihar. Gaur, ni, gu gara. Hire gorputzaren kontra estututa, hire azala jantzita besarkatzen naut, harriduraz, gramatika ausartzen ez den lurraldetan, aditz laguntzailearen konbinatoriak etsi duen zingiran, maite gaitut».
Estrasburgoko auzitegiak Parot doktrina bertan behera utzi, eta astebete darama kalean Jokin Urainek. 27 urte egin ditu espetxean, ordea. Kartzelan zegoela idatzi ditu aurrez bere liburu guztiak, eta han idatzi du Agurra eta ohorea. Euskal militanteen heriotza kronika saiakera ere. «Harribitxi bat da lan hau», adierazi du Mitxel Sarasketa Ataramiñe argitaletxeko kideak. Heriotza, hiletak eta dolua ditu gai nagusi Urainek, eta hildako hainbat euskal militanteren senideen testigantzak jaso ditu. Azken hamarkadetakoak dira bildu dituen testigantza gehienak, baina atzera ere egiten du zenbaitetan. 1936ko gerran hildakoen senideen bizipenak biltzerakoan, kasu.
Errespetuzko isilunea
Doluaren beharraz ere mintzo da idazlea. Hitzaurrean azaltzen du zergatik. «Ondo ikasi dugu euskal militante abertzaleen hiletak eta hilobiak, oroitarriak eta omenaldiak jo puntu lehenetsiak direla (…). Hileta horiek baliatu izan dituzte sarritan senideak areago mindu eta umiliatzen saiatzeko». Ahanzturaren isiltasunaren kontra, errespetuzko isiltasuna sortu nahi du idazleak, argitaletxeko arduradunen hitzetan.
Espetxean sorkuntzak duen garrantzia azpimarratu du Karlos Apeztegiak. 21 urte egin ditu preso, eta aurreko astean gelditu zen aske. Bera da Ataramiñeren aurtengo testu bilduman parte hartu duen sortzaileetariko bat. Barruan idatzitakoez aritu da kanpoan. «Beharra bihurtzen da barruan dagoenarentzat sorkuntza espetxean, barruak husteko modu bat». Kronika bat idatzi du bildumarako, baina orotarikoak dira liburuan bildutakoak. Badaude poemak, badaude ipuinak, marrazkiak… «Euskal preso politikoen kronika intimo bat da liburua», azaldu du Gonzalezek. Besteak beste, Ekaitz Samaniego, Ekhiñe Eizagirre eta Ibon Muñoaren lanak batu dituzte, eta baita jadanik kalean diren Teresa Toda eta Txomin Troitiñoren piezak ere. Datorren astean kaleratuko duten Mikel Zarrabek egin ditu, gainera, hiru azalak.
Nobedadeez gainera, Mikel Orbegozoren Preso nago 2 komiki liburua argitaratu dute berriz. Durangoko Azokan egongo dira salgai guztiak, eta baita dendetan ere. Sakoneko helburua, baina, liburu gehiago ez ateratzea dela diote argitaletxeko kideek. «Guk ez dugu argitaletxe bokaziorik. Guk presoak kalean nahi ditugu, eta halako libururik argitaratu behar ez izatea».
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Joseba Tapia: “Tximela kapitainaren izarrak”
2013 27 azaroa
>> Joseba Tapiaren disko berria TXIMELA KAPITAINAREN IZARRAK
Luis Rezola Arana (1914-1993), Tolosako tximelatarretan sortu zen. Hamabost urteko hasi zen tailer mekanikoetan lanean eta lagunartean bertsoak moldatzen. Zaletasun handia zeukan. Altxamendu faxista hasi orduko sartu zen erresistentzian (1936, uztaila). Gero Eusko Gudarostean enrolatu zen, Loiola batailoian aurrena, Lenago Il izenekoan gero. Gorbeian, Oizen, Gernikan eta Bilbon borrokatu zen. Hogeita bi urte zituela egin zuten kapitain, izardun gazteenetakoa bihurturik.
Tximela kapitainaren izarrak disko berria
Joseba Tapia. Tximela kapitainaren izarrak. Kepa Gonzalez
Idaztea, preso egonik, askatasuna bizitzea da. Dueso espetxe gogorretik ihes egiteko hasi zen idazten Tximela kapitaina: alerta bat gizarteari edo geroari, salaketa garratza, sufrimenduaren lekukotza. Gosea, eritasunak, herrimina. Epaiketa militarrak. Anaia bat frontean hila. Bestea zauritua, Iparraldean aterpeturik. Ama semeen aztarrenik hartu ezinda. Eta gaua, gaua bere sarraila hotsekin: jendea ateratzen fusilamendura.
Kantu sorta zirraragarri bat osatu zuen horrela Tximela kapitainak, Duesoko Kantutegia izenda genezakeena Joseba Tapiak musikatu eta gero.
Honela dio gure kantariak diskoan:
“Sei zaineko gitarra batek lagundu dit idatzia kantu bihurtzen. Gitarra jotzeko modua antzinakoa da. Estiloa ezaguna egingo zaizue. Kantaera ere bai. Gaia, betikoa dela esan liteke. Baina entzungo dituzuen kantuok, ederrak dira”.
Bideoaren kantaren hitzak: INORK NAHI EZ DUN ETXEA
Hitzak: Luis Rezola Tximela kapitainak 1937an El Duesoko kartzelan idatzitako bertso zein poemak
NORA?
GUDAN GUDARI IBILI NINTZAN
TA TXIMELA KANTARI
HARRI GAINEAN LOTAN
TXIMUTXA KILIMAKA
BAKAR NAGO
ORAINDIK ERE BIZI NAIZELA
TXERRI GOSEAK EZKUR AMETS
AMA, ZUTIK
PIZTI BEZELA NAUKATE
JUEZA ETA NI
EGUN ILUNA DATOR
GURETZAT ZER DATOR?
GUDALDIAK PROBATU, GAINERA KARTZELA
INORK NAHI EZ DUN ETXEA
AI HAU BIZITZA ILUNA!
EZ ZAITUT MAITE
BALDIN ESKUTAN IZAN BAGENDU
Bibliografia: Bakardadeko ametsak I. Auspoa, 1989
> Bakardadeko ametsak I eta II.pdf
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Idazle Espetxeratuaren Eguna
2013 15 azaroa
> euskal PEN kluba : Idazle Espetxeratuaren Eguna Urtzi Urrutikoetxea Euskal PENeko lehendakaria
PEN Internationalek 32. aldiz antolatu du gaurko egunez Idazle Espetxeratuaren Nazioarteko Eguna. Salaketarekin batera, adierazpen askatasunaren alde borrokan ari diren lagun guztien ausardia ospatu gura dugun data azaroaren 15a. Tamalez, Euskal Herrian berriz ere eraso berri batekin datorkigu data. Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunearen itxiera agintzea onartezina den neurria da Estatu demokratiko batean. Ahots garrantzitsu bat isilarazi nahi dute. Askorentzat oso deserosoa den ahotsa, bai; horrexek berak ematen dio balioa bere lanari. Erakundeen aldeko gehiegikeria batean baino gehiagotan, Ateak Ireki izan da haren berri eman duen lehena. Gaur herritarrak babesgabeago gaude.
Nazioartera etorrita, bost kasutan jarri du arreta PEN Internationalek, urte osoan zehar gertatu diren urraketa guztien adierazle, eta gainontzeko idazle zein kazetari guztiak gogoan. 2013 urte berezia izan da, adierazpen askatasunaren aurkako errepresioak bide berria aurkitu baitu. Nolabait kontrol digital masiboen berri azaleratu den urtea izan da. Gure komunikazioak zelatatzea aspaldi susmatu eta bizi arren (Euskal Herrian bereziki), kontrol horren neurriaren berri ari gara izaten hilotan. PEN Internationalek Askatasun Digitalaren Kanpaina abiarazi du aurten. Gura duenak, bai PEN Internationalen orrialdean bai Euskal PENenean, irakurgai du Askatasun Digitalari buruzko manifestua.
Honakoak dira aurten nabarmendutako lagunak:
1.- Liberiako Rodney Sieh FrontPage Africa Interneteko egunkariko zuzendaria da. Ministro bati buruzko erreportaje batengatik egon da preso. Osasunez gaixo, 30 egunez etxeratzeko aukera eman diote, baina baliteke berriz ere espetxeratzea.
2.- Tibeteko Kuchok Tsephel Gopey Tsang. Tibeterazko kultura eta literatura sustatzen dituen Chomei webguneko editorea da. 2009ko otsailetik preso, hamabost urteko espetxe zigorra dauka «estatuko sekretuak argitara emateagatik».
3.- Hondurasko Dina Meza. COFADEHn (Hondurasko atxilotu eta desagertuen senideen batzordea) egiten duen lanagatik, hainbat mehatxu jaso ditu telefonotik, bai ahotsez bai sms bidez.
4.- Turkiako Fazil Say. Idazle eta musikaria, 2013ko irailean hamar hileko espetxe zigorra hartu zuen «biztanleriaren zati baten balio erlijiosoei publikoki irain egiteagatik», Twitterreko txio eta bertxioengatik.
5.- Irango Zahra Rahnavard. Akademiko eta idazlea. 2011ko otsailetik senarrarekin batera (Mir Hossein Mousavi, 2009ko presidentetzarako hautagaia) dago etxeko espetxeratze ez-ofizialean, Egipto eta Tunisiako herritarren aldeko protestetara dei egin zuelako sare sozialetan.
Ezin ahaztu Euskal PENeko Ohorezko kide diren Adnan Hassanpur eta Hiwa Butimar Irango kazetari kurduak heriotzaren korridorean egon zirela luzaroan. Butimar libre gelditu da aurten, baina oraindik ere arriskuan dela jakinarazi digu. Nazioartean egin genuen kanpainak lortu zuen Hassanpurri ere heriotza-zigorra kentzea, baina preso dago oraindik.
Euskal kazetariak ere beste PEN zentro batzuen ohorezko kide izan dira, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran esaterako. Tamalez, beti ez dugu oihartzun bera lortu. Aurten Egin egunkariko kazetari eta langileen aurkako errepresioa salatu du berriz ere Islandian egindako kongresuan. Ebazpena ere onartu dugu aho batez. Baina sei urte betetzear dira espetxean Egin-eko lagunak. Badaukagu poza, Teresa Toda Egin-eko zuzendari ohia datozen egunetan libre geratuko da eta. Baina egoera guztiz bidegabe batean sei urtez preso egon ondoren, zer eta, kazetaritza egiteagatik. Eta are okerrago, Jabier Salutregi eta beste langileak giltzapean geldituko dira.
Euskal gatazkak adierazpen askatasunaren aurkako eraso larriak izan ditu hainbat hamarkadatan. Hildako kazetariak, atentatuak, hedabideen itxierak, boikotak, kazetarien aurkako jazarpenak… atzean utzi dugun orri beltza izatea nahiko genuke, adierazpen librea gailenduko den sasoi berri baten abiapuntu. Badakigu horretarako gizarte kritiko eta jantzia daukagula, hedabide independenteak bultzatzen dituena. Hitza askatasunez hartuko duena, esatekoa gustuko dugunean eta, batez ere, gustuko ez ditugunak ere entzuteko.
Idazle Espetxeratuaren Egunean nabarmentzen diren ia kasu guztiak Europaz kanpokoak dira. Horregatik, aski zaila izan ohi da Euskal PENen jarrera. Nahiko genuke elkartasuna ematen duen europar elkarte arrunta izan, etxeko kasuak fiskalizatzen baina adierazpen askatasuna bermatuta dagoen herrialde batean bizita. Urrian Londresen bildu ginen PEN Internationaleko arduradunekin gure lanaren berri emateko. Orain, tamalez, Euskal Herriak arreta behar du berriz ere, adierazpen askatasuna urratzeagatik.
Amaitzeko, agur berezia mundu osoan preso edo jazarriak diren idazle eta kazetariei, hitza erabiltzeagatik errepresioa jasaten duen orori. Beste horrenbeste, gure herrian alde bateko edo besteko jazarpena jasan dutenei, eta animoa, hitza ausart balia dezaten, deserosoa izanda ere. Azkenik, Egin-eko espetxeratuei gure agurra, eta berehala askatzeko galde irmoa.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Gabi Mouescak “Borrokak presondegian” liburua aurkeztu du
2013 29 urria
(arg. Le Journal du Pays Basque)
Gabi Mouescak “Borrokak presondegian – Lekukotasunak” / “Luttes en prison – témoignages” liburua aurkeztu du. Zortziko etxean eman du argitara, euskaraz eta frantsezeko edizio ezberdinetan. Dagoeneko salgai dago liburutegietan 10 eurotan. Durangoko azokan ere, Ahotsenean aurkeztuko du liburua, abenduaren 6an.
> lejpb.com: Gabi Mouesca : «Même enfermés, nous avons notre dignité»
> gara.net: «Presondegia sufrimendu fabrika da, mintzen duen tresna bat da»
> kazeta.info: “Presoak gauza gutti dira, hala ere atxematen dugu manera eta indarra administrazioari “ez” errateko”: Gabi Mouesca
1961eko irailaren 7an sortu zen Gabi Mouesca, Baionan. Hamazazpi urtez presondegian egon ondoren, 2001eko uztailean libratu zuten, eta berehala OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiko lehendakari kargua hartu zuen. Gaur egun Harrerarentzat ari da lanean. «Borrokak presondegian» liburua argitaratu berri du Zortziko argitaletxearekin.
Ainize BUTRON
«Borrokak presondegian» liburua kaleratu berri du Gabi Mouesca preso ohiak Zortziko argitaletxearekin. Euskaraz eta frantsesez, bi ediziotan argitaratua, liburuak 1985 eta 2000 urte artean, preso zegoelarik, idatzitako hogeita hamahiru testu biltzen ditu. Gutxitan aipatua den presondegiko borroken lekukotasunak ematen ditu bertan. Mouescak argitu zuenez, presondegian bidegabekoaren aurka borrokatu, borrokatzen eta borrokatuko diren guztientzat omenaldi bat da.
Liburuaren 33 testuen bidez, presondegiko borrokak agerian jartzen dituzu. Zerendako horrelako liburu bat?
Biltzen dituen testu guztiek ideia bat agerian jartzen dute: presondegian garelarik bidegabea iruditzen zaigunari ezetz esaten diogu. Kolektiboki edo pertsonalki eramandako borroken lekukotasunak dira. Presondegiko administrazioari ezetz esateko martxan jarri genituen mekanismoak ziren. Gutxi ezagutzen da presondegiaz. Askotan fantasma asko pizten dituen leku bat da. Liburu honek argitasun bat ematea du xede, hau da, Estatu frantseseko 197 presondegietan zuzenbide estatuaren eginbehar eta eskubide berdinak aplikatzen direla erakustea. Bertan, beraien duintasuna, baina, era berean, eskubide indibidual eta kolektiboak defenditu nahi dituzten emakume eta gizonak daudela azaltzen du.
Zer erresistentzia mota bideratzen da presondegian?
Gose grebak, plater ukatze ekintzak, blokeoak eta beste ekintza mota batzuk aipatzen ditu liburuak. Horiek surrealistak izan daitezke kanpoan direnentzat, baina batzuetan, surrealismoa adierazpen askatasuna ez dutenek baliatzen duten arma bat da, zeren, lekukotasun horien gibelean, liburu horren gibelean, presondegian, adierazpen askatasun indibidualik eta kolektiborik ez dagoela ikusten da. Hori da presondegiaren bizitzaren eta egungo funtzionamenduaren zutoinetariko bat.
Borroka horiek aipatzen dituen beste libururik ba al da?
Ez dago presondegietan eramaten diren borrokei buruzko libururik, edo barnean antolatzen diren erresistentziei buruzkoak. Umilki hutsune hori betetzen saiatu naiz. Presondegian borrokatu diren eta direnentzat omenaldia da liburua, eta borroken oroimenen nozioari lotua den idatzia ere bada. Preso gaudelarik memoriarik gabeko bizitza bat eramaten dugu, 9 metro karratutan bizi garelarik ez baitugu deus egiten.
Presondegitik ateratzen garelarik bizi-ez bat eraman dugula iruditzen zaigu. Liburu honek hori ez dela egia erakusten du. Presondegian, sinpleki, bizi gara, borroka faseak bizi ditugu, eta erresistentziari loturiko ekimenak bideratzen ditugu. Erresistentziatik at, herritar aktibitate bat ere badaramagu. Presoek administrazioari ezetz erranez hartzen dituzten arriskuak ezagutzen dituzte, baina, halere, herritar bezala engaiamendu bat izan nahi dute.
Orain dela hamabi urte atera zinen presondegitik. Beharra sentitzen zenuen hori guztia kaleratzeko?
Badago liburuan «Murruen oroimena» izeneko testua. Harleseko presondegi segurtatuan nintzela, kaleratu aurretik egun batzuk geratzen zitzaizkidan. Horma puskatxo bat hautsi nuen, 3 zentimetrokoa. Hori eginez helburu bat nuen: nire bizitzan noizbait gertatzen bazitzaidan nondik pasa nintzen ahaztea, egunero, parez pare, harri puskatxo hori ukanen nuen oroitarazteko. Koadro txiki batean jarri dut, eta etxeko bulegoaren parean daukat. Egunero, begiratzen dudalarik, nire iragan hori eta oraindik milaka jenderen oraina den hori gogorarazten dit… eta ez dut ahantzi nahi. 17 urteko presondegia inposatu didatenei egin diezaiekedan opari txarrena gogoratzea baita. Gogoratu behar da, etengabe, presondegia sufrimendu fabrika bat dela. Presondegia mintzen eta mutilatzen duen tresna bat da, eta horregatik, ihes egiteko, askok bizi izandakoa idatzi behar dute. Nik ez dut horretarako egiten.
Liburuan dauden lekukotasunen artean, zein goraipatuko zenuke ?
Bistan dena, hogeita hamabi eguneko bi gose greba egin ditut, beraz, egunez egun bizi nuena aipatzen dut. Preso edo kanpoan zaudelarik zeure buruari inposatu diezaiokezun gauzarik txarrena da gose greba, zure buruari min egiten diozulako, eta goiz ala berandu, fisikoki ordainduko duzula jakin baitakizu. Bestalde, presondegian, baldintza izugarrietan zendu diren ezagututako jendeak aipatzen ditut ere. Liburuan dauden pasarte gogorrenak horiek dira.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Ernesto Prat Urzainki ‘Little’ren “Hiru ilargi laurden” liburua osorik sarean
2013 11 urria
Ernesto Prat Urzainki “Little“ren HIRU ILARGI LAURDEN, ihesean idatzi eta kartzelan amaitutako liburua, osorik sarean dugu orain, PDF formatoan, ON LINE irakurtzeko zein e-book formatoetan deskargatzeko.
>> PDF formatoan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formato batzuk>
Hiru Ilargi Laurden
Ernesto Prat Urzainki “Little”
Metaziri, 2013
188 orrialde.
>> Ernesto Prat Urzainki ‘Little’: Hiru ilargi laurden
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Mikel Zarrabe: Espetxea iruditan
2013 10 urria
Mikel Zarrabe Elkoroiribe Eibarren jaio zen 1960an. 1978. urtean Eibartik alde egin zuen. 1989ko abenduaren 11n atxilotu zuten Iparraldean. 1995ean entregatu zuten, Frantziako poliziak Espainiako poliziaren esku laga zuen. Ordutik estatu espainoleko kartzeletan egon da. Egun, Teruelen, 2. graduan daukate preso. 2012ko abenduaren 11n 23 urte bete zituen kartzelan. 24 urteko kartzela zigorra dauka. Kondenaren 3/4ak aspaldi bete zituen. Kalean egon beharko luke harrez gero. 2013ko abenduaren 2an kaleratuko da.
Kartzelako urte guzti hauetan margo lan ugari egin du, batez ere Frantziako espetxeetan izandako denboran, Espainiako kartzeletan pintatzeko materiala eskuratzeko arazo handiak dituelako. Giltzapeko Sukaldaritza (Josu Urrutikoetxea. Hiru, 1996) liburuko ilustrazioak egin zituen, Ataramiñe liburuetan agertu dira bere irudi batzuk, Ibon Muñoaren Ametsen txokoan bizi naiz liburuko azaleko irudia berak egin zuen, Ametsen txokoan musika CDko irudiak, Atarmiñe12ko liburuaren azaleko irudia ere bai, eta Eibarren hainbat erakusketa antolatu dituzte bere lanekin. Ataramiñe13an ere bere lan batzuen irudiak agertuko dira, eta liburuaren azalerako bere irudi bat aukeratu dugu.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Huggins | Shakur : Askatasunez haurdun gaude, konspirazio bat gara
2013 8 urria
> g.ensslin&a.baader: Askatasunez haurdun gaude, konspirazio bat gara [Huggins | Shakur] [samizdat]
Zorionez, panfleto hau egin genuenetik albiste onak izan ditugu. Pasaporterik gabe, atxilotu ostean eta hamabostero epailearenera joango dira atxilotutako Herrirako 18 kideak. Hori da egungo demokrazia: okerrena erakusten du oso txarrak ona dela eman dezan. Baina tamalez, kartzelaren gaia ez da konpondu. Ez Errusian, ez AEBtan ez eta Espainiako Erreinuan ere.
Ez zaigu ahazten Brechtek esaten zuena: «ez da justua ontasuna ahuleziarekin lotzea». 5 eta 9 urte arteko kartzela zigorra eskatu diete Mugituko kideei hiru tarta aurpegi batean jartzeagatik. Lirikaren garaia da eskubide galera masiboaren garaia delako. Eta horregatik honakoan bi preso, bi poeta.
Hemen duzu Ericka Huggins eta Assata Shakur panteren poesia, pdfan: 38_Huggins_Shakur
Kartzelak eraitsi, finantzen mundua atxilotu!
[2013ko iraila Iruñea–Hernani–Bilbo–Gasteiz–Toulouse
Ericka Huggins & Assata Shakur & Gudrun Ensslin & Andreas Baader
Ericka Huggins 1969an atxilotu zuten konspirazioa egotzita. 18 urte zeuzkan. Pantera Beltzen Alderdiko liderra zen. 19rekin ama izan zen eta hiru astera bere senarra hil zuten UCLAko campusean. 2 urtez itxaron zuen epaiketa eta azkenerako kargurik gabe gelditu zen. 1972an gelditu zen aske eta Pantera Beltzen Udalerrien Arteko Komunikazio Zerbitzuko kide egin zen. Huey P. Newtonekin Insights and Poems argitaratu zuen 1974an. Jarraian duzun olerkia Angela Y. Davisen kartzelaldiaren aurkako testu bilduma kolektibotik hartu dugu (If they come in the morning…, Orbach and Chambers, 1971 Londres).
Assata Shakurek bere bizitza itzel kontatzen du berriki espainieratu duten autobiografian. 1987an idatzi zuen Assata: An Autobiography.pdf (Lawrence Hill Books, 1987 Chicago), bertan 20 poema daude. Hemen 4 dauzkazu, gaurko gaiari lotuenak daudenak. Baina zoaz autobiografiara zorroztasun garratza dauka eta errelato gutxi daude hain sinesgarriki artikulatuak lehenengo pertsonatik. Assata Shakur da AEBtako FBIren bilatuenen zerrendan egon den lehenengo emakumea, aurten bere gorpuarengatiko saria bikoiztu dute, 2 milioi dolar. Berak ez zuen Wemer Foester hil. Assata Shakurek kartzelatik ihes egin zuen eta 1984an Kubara heldu zen. Lehenago kartzelaz kartzela egon zen AEBtan, torturatu zuten, zoratu zen ia. Baina, berak dioen bezala, zutitzen jarraitu zuen, eta askoz modu hilgarriagoan.
Jarraitzen du