[GARA] Ataramiñek edozein irakurle aseko duen uzta aurkeztu du
2014 29 azaroa
→ Gara: Ataramiñek edozein irakurle aseko duen uzta aurkeztu du
Ekaitz Sirventek itzulitako Nelson Mandelaren autobiografiako atal bat, Ibon Muñoak idatzitako bertso-liburu berria eta hogei errepresaliaturen ekarpenak jasotzen dituen bilduma. Hori da aurten Ataramiñek aurkeztu duen uzta, edozein irakurlerentzat gozagarri izango dena.
Iker BIZKARGUENAGA BILBO
Ataramiñek ez dio hutsik egin urteroko hitzorduari, eta, ohi bezala, idazlan sorta erakargarria eramango du Durangoko Azokara. Ibon Muñoa preso eibartarraren «Ainarak herrira itzuliko dira» bertso-liburua, Ekaitz Sirvent zarauztarraren «Urte ilunak», Nelson Mandelak idatzitako «Long Walk to Freedom» autobiografiako pasarte baten itzulpena denak, eta Ataramiñe14 bildumak osatzen dute aurtengo uzta, estilo eta gustu guztiak asetzeko modukoa.
Mitxel Sarasketa eta Oier Gonzalez Ataramiñeko kideek eta Jon Benito idazleak -berak lagundu dio Sirventi lana aurrera ateratzen- agerraldia egin zuten liburuen berri emateko, eta Ataramiñe14 bildumarekin abiatu zuten prentsaurrekoa.
Hogei bat errepresaliatuk osatu dute aurtengo liburua, literaturaz harago doana, marrazkiak, ilustrazioak, argazkiak eta bestelako artelanak azaltzen baitira bertan, baina lehen hitzak kontrazalari eskaini zizkioten, edo hobeto esanda, kontrazalean azaltzen denari, Arkaitz Belloni. Otsailean, Puerto I kartzelan hil zen preso elorriarra, eta berari eskaini diote bilduma. «Bere oroimena bizirik dago Ataramiñe14n», aipatu zuen Mitxel Sarasketak, nabarmenduz idazteak «presoak bizirik daudela» erakusten duen bezala, ezin ahantz daitekeela kartzelak hil egiten duela.
Kontrazaletik, azalera, zeinaren egilea Joseba Arregi Erostarbe den. Oñatiko presoak kartzeletako kontrol dorrea irudikatu du herriko plaza batean. Marrazki horrek espetxeko literaturan sarri askotan errepikatzen den irudia ekartzen du gogora: espetxe txikia/espetxe handia, eta huraxe aukeratu dute «espetxe txikian» egositako lanak biltzen dituen liburuaren azalerako.
Hitzaurrea Jesus Mari Zalakainek idatzi du. «Egin» egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik kartzelatu zuten, 18/98 auzian. Izan ere, atzo nabarmendu zutenez, gure herrian jendea kazetaritzan aritze hutsagatik kartzelan dago.
Bilduman, gainera, 1983an izandako Carabancheleko borroka sonatua azaltzen duten bertsoak agertzen dira, matxinada hura bertatik bertara ezagutu zuten Txomin Eizagirrek eta Joseba Sarrionandiak idatzi zituztenak. Horiez gain, liburuan beste hainbat egilek parte hartzen dute: Aitzol Iriondok, Mikel Antzak, Marixol Iparragirrek, Alfonso Etxegaraik, Fernando Alonsok, Itziar Alberdik…
Robben Islandeko pasarteak
Arestian esan bezala, «Urte ilunak» Nelson Mandelak idatzitako autobiografiaren pasarte baten itzulpena da; hain zuzen, Robben Islandeko kartzelan emandako urteak gogora ekartzen dituen atalaren itzulpena. Jon Benitok azaldu zuenez, oso baldintza zailetan burutu behar izan du Sirventek bere lana; besteren artean, duela gutxi 96 ordu bakarturik eman baititu eta oraindik ere komunikazioak oso murriztuta baititu zarauztarrak. Horiek hala, azken zuzenketak berarekin kontrastatu gabe argitaratu behar izan dute liburua.
Ibon Muñoaren «Ainarak herrira itzuliko dira» duela hiru urte argitaratutako «Ametsen txokoan bizi naiz» bertso-liburuaren jarraipena da. Honek 162 bertso zituen eta 163. bertsotik abiatzen da idazlan berria.
Harpidetza sistema proiektua iraunarazteko
Liburuen aurkezpena egin ostean, Ataramiñeko kideek azaldu zuten euskal errepresaliatu politikoen literatura eta sorkuntza lanak hedatzea eta argitaratzea xede duen ekimenak harpidetza sistema jarriko duela martxan; alde batetik, egitasmoaren beraren bideragarritasuna bermatzeko bidean eta, bestetik, irakurleak nahi dituen liburuak modu errazago batean eskura ditzan, banaketa sistema hobetzeko, alegia. Horiek hala, Ataramiñek Durangoko Azokan jarriko duen postuan eskuragarri egongo dira harpidetza-orriak, nahi duenak harpidedun egiteko aukera izan dezan. I.B.
literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org
[berria.eus] Ziegatik kaleratutakoak
2014 29 azaroa
Jon Benito eta Ataramiñeko Mitxel Sarasketa eta Oier Gonzalez. M. DEL VALLE/ ARP
→ berria.eus: Ziegatik kaleratutakoak
Ibon Muñoaren Ainarak herrira itzuliko dira bertso liburua eta Ekaitz Sirventek itzulitako Mandelaren autobiografia kaleratu ditu Ataramiñek
2014-11-29 / Iñigo Astiz
«Hamabi urte hainbeste aje/ hormatzar hauen barnean,/ sasoi loriak geratu ziren/ dilindan iraganean,/ kurrilo aldrak urrian dira/ igaro hega betean,/ hantxe ikusi nahi genituzke/ gure sorterri maitean». Orain bi urte idatzi zituen bertso horiek Ibon Muñoa Arizmendiarrieta euskal presoak, Cadizko (Espainia) Puerto I espetxean zegoela kartzelan sartu zutenetik hamabi urte bete zirenean. Ainarak herrira itzuliko dira liburuan bildu dituzte orain Muñoak 2011tik 2013ra bitarte idatzitako bertsoak, eta idazleak espetxean hamalaugarren urtea betetzen duenean heldu dira kalera. Euskal presoen sorkuntza lanak argitaratzen dituen Ataramiñe argitaletxeak kaleratu du liburua. Hainbat euskal presoren sorkuntza lanak batzen dituen liburu kolektibo bat eta Ekaitz Sirvent presoak itzulitako Urte ilunak liburua ere kaleratu dituzte. Nelson Mandelaren Long Walk to Freedom autobiografiako kartzela urteak kontatzen dituen atala, hain zuzen ere. «Kartzelako murruak pasatzen lortzea da kartzelako literaturak duen arazo nagusietariko bat», zehaztu du Mitxel Sarasketa Ataramiñe Elkarteko kideak. «Liburuak argitaratzean horregatik esaten dugu liburuak kaleratu egin ditugula».
Espetxean liburu bat itzultzeko dauden zailtasunak izan ditu gogoan Jon Benito idazleak: «Bahituak zailtasunak ditu liburuak itzultzeko; ezinbestean itzulpen politikoa egiten du, beste itzulpen bat egiteko beste bitartekorik ez duelako eta bere asmoa bestelakoa delako». Sirventen itzulpen lana zuzentzen aritu da Benito, eta, azaldu duenez, liburuaren hautaketa ere ez da kasualitatezkoa. «Mandela bere bizitzako parte batean bahitu politikoa izan zen, eta joko ez oso lizito bat eginez, esango dugu bahitu politiko oro dela Mandela bat bere hersturan. Une horretan behintzat Mandela bat da. Hori sentitzen nuen liburuaren itzulpena zuzentzen nuenean». Mandelak 1966tik 1968ra kartzelan emandako urteen kontakizuna itzultzeaz gainera, horren osteko urteei buruzko kontakizuna ere itzulia du Sirventek, baina bakartze sasoiak, leku aldatzeek eta epaiketek ezinezko bilakatu diete argitaletxekoei liburuaren bigarren zati hori kaleratzea.
Aurten espetxean hil zen Arkaitz Bellon euskal presoa izan dute gogoan argitaletxekoek, hari eskaini diote Ataramiñe 14 liburu kolektiboko kontrazala eta testuetan ere behin baino gehiagotan aipatu dute bere izena sortzaile presoek. Joseba Arregi Erostarberen irudia ageri du azalak, eta Sarasketak deskribatu du: «Oso murriztuta dauka pintatzeko materiala, baina jarraitzen du sorkuntzarekin, eta kartzelatik herria irudikatzen du, baina herriko plazan kartzeletan ohikoak diren kontrol dorre bat dago». Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik preso dagoen Jesus Mari Zalakainek idatzi du hitzaurrea, eta haren testuez gain, beste 16 presoren testuak ere biltzen ditu bildumak. Mikel Antzaren poemak, Mikel Orbegozo Etxarriren kartzelako egunerokoari buruzko tira umoretsuak eta Joseba Galarragaren margolanak, tartean. Horiez gain, 1983an Carabanchelgo kartzelan izandako matxinadari buruz Joseba Txomin Eizagirre Mariskalek eta Joseba Sarrionandia Uribelarreak idatzitako bertsoak ere erreskatatu dituzte bildumarako.
Lanak eskuragarriago
Ainarak herrira itzuliko dira ez da Muñoa Arizmendiarrietak Ataramiñen kaleratutako lehen bertso liburua. 2011n kaleratu zuen Ametsen txokoan bizi naiz bilduma eta haren jarraipen zuzena da orain argitaratutakoa. Kronologikoki antolatuta daude bertso guztiak lehenengoan, eta berdin jokatu du bigarrenean ere. Kartzelari buruzko kronikak, gogoetak eta Euskal Herriko gaurkotasun gaiei buruzkoak biltzen ditu liburuak. «Bertso hauek ez dira soilik liburuan argitaratu, askok hartzaile zuzena dute. Hemen bilduta daudenak aurrez bere lagunei bidalitako bertsoak dira», azaldu dute Ateramiñekoek.
Durangoko Azokan postua jarriko dute aurten ere Ataramiñe Elkarteko kideek, eta han egongo dira aurten kaleratutako liburu guztiak salgai. Hemendik aurrera, harpidetza sistema bat jarriko dute martxan, halere. Liburuak eskuragarriago jartzea da ideia, egun maiz ez baita erraza izaten liburuak lortzea. Bidalketa gasturik gabe liburuak etxera bidaliko dizkie Elkarteak harpidetza egiten dutenei.
literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org
[naiz.eus] Uzta oparoa eramango du Ataramiñek Durangoko Azokara
2014 29 azaroa
Ataramiñeren 2014ko uztaren aurkezpena. (ARGAZKI PRESS)
→ naiz.info: Uzta oparoa eramango du Ataramiñek Durangoko Azokara
Euskal preso politikoen literatura eta sorkuntza lanak argitara eramateko xede duen Ataramiñek uzta oparoa dakar aurten ere.
@GARA_ikerbizkar | BILBO | 2014/11/28
Ostiral honetan aurkeztu ditu Ataramiñek, Bilbon, 2014ko liburuak: Ataramiñe14 bilduma, ‘Urte ilunak’ Ekaitz Sirvent zarauztarrak itzulitako Nelson Mandelaren lana –‘Long walk to freedom’ biografiaren pasarte bat– eta ‘Ainarak herrira itzuliko dira’ bertso-liburua, Ibon Muñoa preso eibartarrak idatzitakoa, ‘Ametsen txokoan bizi naiz’ idazlanari jarraipena ematen diona.
Horiek guztiak Durangoko Azokan Ataramiñek izango duen txokoan izango dira eskuragarri, eta bertan izango dira, baita ere, egitasmo honetako harpidetza egiteko baliagarriak izango diren orrialdeak.
Izan ere, Mitxel Sarasketa eta Oier Gonzalezek azaldu duten bezala, proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko eta liburuen banaketa sistema hobetzeko, harpidedun egiteko aukera irekiko dute.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Ataramiñe 2014 liburuen aurkezpena
2014 27 azaroa
Ataramiñe 2014 liburuen aurkezpena
2014an kaleratutako liburuak aurkeztuko ditugu azaroaren 28an -ostirala- Bilbon.
→ Ataramiñe14. Askoren artean. 20 preso eta iheslari politikoen lanak.
→ Urte Ilunak. Nelson Mandela. Eusk.: Ekaitz Sirvent (Zarautz) preso politikoa
→ Ainarak herrira itzuliko dira. Ibon Muñoa (Eibar) preso politikoa
Tokia eta ordua:
AZAROA 28 – ostirala – 11:00
Errondabide Kultur Elkartea [Herriko Taberna].
Erronda, 20. BILBO
Batetik, liburuon sorkuntza prozesuaz hitz egingo dugu.
Bestetik, aurkezpen hutsetik haratago, espetxearen inguruko zenbait zertzelada planteatuko ditugu, Ataramiñe eta espetxe sorkuntzari lotuak denak.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Joseba Arregi Erostarbe: “Kartzela handia”
2014 7 azaroa
Joseba Arregi Erostarbe Oinatiko preso politikoak kartzeletan egon ohi den kontrol dorrea irudikatu du herriko plazan. Espetxeko literaturan askotan errepikatzen den irudia ekartzen digu gogora: espetxe txikia / espetxe handia.
Irudi hau aukeratu dugu espetxe txikian egindako lanen aurtengo bildumaren azalerako.
Autoerretratua
Joseba Arregi Erostarbe
1946. Azpilleta baserria, Arantzazu. Oñati
Centro Penitenciario Alicante II (Villena)
Carretera Nacional 330, km. 66
03400 Villena (Alacant)
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Ernesto Prat: “Orpoz orpo”
2014 24 iraila
Orpoz orpo
Ernesto Prat Urzainki
-literotura-
Txalaparta, 2014
→ Gara. Orpoz orpo liburuaren aurkezpenaren kronika: Klandestinitatea, sexua eta umorea batu ditu Ernesto Prat Urzainkik
Xole ARAMENDI
Herrian egindako atxiloketak direla-eta ihesi doa Ipar Euskal Herrira. Han izandako gertakizunak tarteko, Europako hainbat hiritara eramango duen bidaia hasiko du. Bidean emakumeak ditu obsesio idazlearen esanetan «gazte pito eta zakilburua» den Karlosek.
HIRU KOLPETAN. Lehenbiziko atala, oso-osorik, sasian zebilela idatzi zuen. Tolosako (Okzitania) espetxean bigarren zatiari heldu zion, eta, behin espetxetik aterata, kalean bukatu zuen liburua.
Irribarrea sortarazten duen liburua da Ernesto Prat Urzainkirena (Berriozar, 1978). Umorea dario hasi eta buka. Klandestinitatearekin eta sexuarekin uztartu izana nabarmendu zuen Mikel Soto editoreak, Txalapartako Literotura sail erotikoan argia ikusi duen liburua aurkezterakoan. «Liburu erotikoa da, eta horrez gain badu nik literaturan asko estimatzen dudan zerbait: umorea. Oso zaila da liburu bat irakurtzean barre egitea edo gutxienez irribarrea sortzea. Horrekin batera, koktela berezi egiten duen hirugarren osagaia bat dauka liburuak: oso lotuta dago euskal gatazka deitutakoarekin», adierazi zuen.
Sotoren esanetan «euskaldunontzat oso zaila da gatazkara umoretik hurbiltzea, eta ia ezinezkoa umoretik eta erotismotik egitea. Pentsatu izan dut hori egiteko aukera bakarra ez ote den euskaraz egitea».
Sarrionandiak esan zuen euskara dela gure territorio libre bakarra, eta bat dator Soto. «Euskaraz lasaitasun handiz idazten da, Audientzia Nazionala ez duzulako atzetik izango, eta, zoritxarrez, euskaldungoaren zati handi batek ere bizkarra ematen diolako irakurtzeari. Baina euskaraz eginagatik ere, kosta egiten zaigu era honetako lanak idaztea», azaldu zuen liburuaren dohainak aletzerakoan. «Freskoa eta umoretsua» bezala deskribatu zuen liburua. Era berean, sakona. «Gauza batzuk oso errealak dira, Ernestori antzeko egoera batzuk bizitzea tokatu zaiolako», esan zuen.
Karlosen ihesaldi eroa -«gazte pito eta zakilburu» bezala deskribatzen du egileak- kontatzen da liburuan. Herrian egindako atxiloketa batzuk tarteko Guardia Zibila atzetik duela-eta, Ipar Euskal Herrira joko du lehenik. Gero, hainbat gertakizun tarteko, Europan barna ibiliko da -Paris, Berlin, Praga, Zurich, Bremgrten, Berna-, Italiara iritsi arte. Bidean ezagututako emakumeak izango dira Karlosen obsesio.
«Ezker abertzaleko ingurunearekin harremanetan jartzen da sen politikoak gidatuta baino, zakilak gidatuta -kontatu zuen editoreak-. Ihesean, gauzak konplikatu egiten dira, maila handi batean iheslari izanik zakilarekin pentsatzen jarraitzen duelako, ia nobelaren amaieraraino».
Ernesto Prat Urzainkik 2008an egin zuen Guardia Zibilarengandik ihes. Atxilotua izan ondoren Tolosako (Okzitania) espetxean egon zen. Ondoren, euro aginduaren ondorioz espainiar Estatura eraman zuten. Soto del Real eta Alcala Mecon egon zen. Iazko maiatzean epaitu eta aske utzi zuten. Lehenbiziko atala, oso-osorik, sasian zebilela idatzi zuen. Tolosako espetxean bigarren zatiari heldu zion, eta, behin espetxetik aterata, kalean bukatu zuen kontakizuna.
Soto del Realera eraman eta bere gauzak miatzen hasi zitzaizkionean pasatako larrialdia ere hizpide du liburuan. «Kartzelako kantinan erositako kaier berdean idatzi nuen bigarren zatia. Kartzelaria kaiera eskuan hartuta orriak pasatzen ari zen. `Segurtasun Batzordetik pasa behar da itzulpena egiteko’, esan zidan. Puf! Hura itzuliz gero espainiar hedabideetan zaborra sar zezaketen euskal militanteen eta nire aurka… Testua umoretsua da, baina testuingurutik atera eta gaztelerara itzuliz gero… Bestela kaiera familiakoei emateko aukera eskaini zidaten. Eta berehala esan nien halaxe egiteko…», gogoratu zuen.
Erlojua orpoz orpo
Soto del Realera eraman eta bere gauzak miatzen hasi zitzaizkionean pasatako larrialdia ere hizpide du liburuan. «Kartzelako kantinan erositako kaier berdean idatzi nuen bigarren zatia. Kartzelaria kaiera eskuan hartuta orriak pasatzen ari zen. `Segurtasun Batzordetik pasa behar da itzulpena egiteko’, esan zidan. Puf! Hura itzuliz gero espainiar hedabideetan zaborra sar zezaketen euskal militanteen eta nire aurka… Testua umoretsua da, baina testuingurutik atera eta gaztelerara itzuliz gero… Bestela kaiera familiakoei emateko aukera eskaini zidaten. Eta berehala esan nien halaxe egiteko…», gogoratu zuen.
Polizia, espetxea… ditu orpoz orpo protagonistak. Erlojua ere bai, Ernesto Prat Urzainkik bezala. «Ihesean zaudelarik, etxe batean gordeta, eguneko 24 orduak oso-oso luzeak dira. Horren ondorioz edo herriminaren edo gertukoak urrun izatearen ondorioz aunitz dira idazten hasten diren iheslariak», adierazi zuen aurkezpenean.
Liburua idazten hasi zeneko arratsaldea ondo gogoan du. «Garai gogorrak ziren, buru makur nengoen, eta horri buelta emateko modua nora nindoan jakin gabe idazten hastea», kontatu zuen.
Konplexurik gabe idatzitako testua da. «Ez dut konplexurik izan sexu eszenak idazterakoan, ezta protagonistaren jarrerak, erabakiak eta hautuak euskal gatazkan, klandestinitatean eta militantzia iraultzailean kokatzerakoan», aitortu zuen nafarrak.
Lehentasuna tramari eman dio. «Eleberri erotikoa da, baina sexuaz gain irakurlearen jakinmina piztu nahi duen trama dauka», nabarmendu zuen. Euskaldun berria izanik, euskaraz idaztea natural sortu zitzaion. Hizkuntzan sakontzeko bidea ere eman zion liburuak
Hiru ilargi laurden
Ernesto Prat “Little”ren bigarren liburua dugu hau. 2013an Hiru ilargi laurden argitaratu zuen (liburua osorik sarean HEMEN)..
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Fernando Alonso: “Luna de primavera”
2014 19 iraila
Luna de primavera
Fernando Alonso Abad
Autoedizioa
>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk
Fernando Alonso Abad (Sestao) euskal preso politikoak nobela berria argitaratu du: Luna de primavera.
Nobela hau 2009an idatzi zuen eta Interneten eman du argitara orain entreescritores.com atarian, modu librean zabaltzeko. PDF eta EPUB formatuetan deskargatu daiteke orri honetan (erregistratu beharra dago), eta bertatik egindako deskarga kopuruaren arabera paperean argitaratu egingo luke web atariak berak.
Deskargatu, irakurri eta zabaldu!
Fernando Alonsok argitaratutako liburuak:
> El repartidor de sueños (Txalaparta, 2000)
> El silencio del infierno (Ataramiñe, 2003) – deskargatu–
> ¿Por qué luchamos los vascos? (Txalaparta, 2004)
> Per qué lluitem els bascos? (Txalaparta, 2007)
> Una flor en el juzgado (Hiru, 2009)
> Al margen de la izquierda (Txalaparta, 2013).
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Argazkiak. Euskal preso politikoak 1983
2014 30 abuztua
ARGAZKIAK: Javier Gallego
> Argazki guztiak=229
> Aurkezpena
> EGIN egunkariko erreportajea
> Deskargatu argazki guztiak: SAKATU HEMEN + DOWNLOAD
1983ko otsailean, Espainiako Gobernua PSOEk eskuratu berri, Espetxetako Zuzendari Juan Jose Martinez Zato zelarik, baimena eman zitzaien kazetariei espetxeetako barrenak bisitatzeko. EGIN egunkariak euskal preso politikoak zeuden espetxeak bisitatu zituen eta erreportaje zabala argitaratu zuen.Puerto I, Yeserias, Carabanchel eta Alcala-Meco espetxeetara sartu ziren, euskal preso politikoak elkarrizketatu zituzten, eta argazki mordoa egin ere.Erreportajea Xabier Arzelus kazetariak egin zuen eta argazkiak Javier Gallegok. Argazkietan euskal preso poltikoak, espetxeetako instalazioak, ziegak eta bestelako xehetasun jaso zituen. Argazki gehienak orain arte inon argitaratu gabeak dira.
Guztiak, 229, hemen bildu ditugu.
EGINeko erreportajea
> Egin erreportajea. PDF
> Egin erreportajea. On-line
> 229 argazkiak. Javier Gallego
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org
Joseba Sarrionandia “LI PO poema batzu” (1982)
2014 24 uztaila
1982. urtean Idatz&Mintz literatura aldizkariaren 3/4 zenbakiarekin batera separata gisa argitaratu zen Joseba Sarrionadiak atondutako LI PO poema batzu hau. Eskaneatu eta sarean jarri dugu, PDF formatuan, ON LINE irakurtzeko zein e-book eta beste formatuetan deskargatzeko.
>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk
LI PO poema batzu
Joseba Sarrionandia
Idatz&Mintz 3/4 -separata-, 1982
wikipedia: Li Po
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
417 orrialde Kordoba bidean
2014 12 uztaila
Aurkezpenaren argazki gehiago: hemen
Untzaga plazan EUSKAL PRESO TA IHESLARIAK EUSKAL HERRIRA pankartaren inguruan bildu ginen Eibarren Kulturgunean Ibon Muñoaren Ainarak herrira itzuliko dira liburu berria aurkeztu aurretik.
Ixidrok gidatu zuen aurkezpena. Ibonen oraingo egoera ere aipatu zuen. 2000. urtetik espetxean, martxoan Puerto Ietik Kordobara aldatu eta espetxe berrira egokitu behar. Aurreko astean Ibon bisitatzen izan zen, eta haren irudia ekarri zigun: gure betiko Ibon. Aldarrikapenak ere ekarri zituen. Bertan geunden guztion gogoa: Ibon eta euskal preso politiko guztiak laster etxean ikustea.
Ibonen hitzak, Iraiak irakurri zituen:
“Eskerrik asko nik idatzitako bertso eta olerki batzuekin, Ataramiñek argitaratu duen Ainarak herrira itzuliko dira liburuaren aurkezpenera etortzeagatik. Sarritan esaten da idazle bat irakurlerik gabe ez dela ezer. Ni ez nago ados; azken finean idazle horrek, denobra ongi aprobetxatzeaz gain, bere irudimena lantzen ari denbitartean edozein egilek senti dezakeen zirrara senti dezakeelako, asmatzen dituen ipuinak, eleberriak edo olerkiak, euren barnean duten magiarekin liluratuta geratzen denean.
Ni ez naiz idazle bat baina zorionez irakurle gutxi batzuk ditut. Egia esanda euren elkartasunari esker, halabeharrez dira neure irakurleak ere, eta nik horrela adierazten diet nire esker ona.
Idazle bat ez naizen arren edozein idazlek senti lezakeen zirrara sentitzen dut konturatzen naizenean bertsoak edo olerkiak berak erabakitzen duela, nola garatu behar dudan buruak ekarri didan ideia. Horixe da magia.
Eta magia horrek kartzelaldia gainditzen laguntzen didalako idazten dut zuentzat astero bertso edo olerkiren bat. Horrela jarraitu nahi nuke. Horrela aprobetxatu nahi nuke kartzelaldiak eskaintzen didan denbora. Euskaraz idazten euskararen corpusa sendotzeko, neure ahalmen txikiaren arabera. Euskaraz idazten, euskalduna sentitzen naizelako deserrian. Horrela, gainerako kideak bezala idazten, ikasten eskulanak egiten edo zuekin gutunen bitartez harremanetan jartzen, eta Euskal Preso Politiko izanik, neure aleak eskaintzen ditut, gure jendarteari esateko:
Gure nahia,
gatazka Demokratizatzea dela.
Euskal Herria maite dugulako,
garai berriaren alde lanean ari garela.
Zuekin biltzeko ahaleginak egiten ari garela,
Gure HERRIA izan dadin, Giza Eskubideen lurralde miragarria.
Eskerrik asko etortzeagatik.
Maite zaituztet.
Laster arte“
Mitxelek Ibonek eskuz idatzitako koaderno bat ekarri zuen liburu bat zelan osatzen den erakusteko. Ibonen izkribuen ibilbidea jarraitu eta Ataramiñe ekimen kolektibo modura azaldu zuen. Ibonek idazten jarraituko duela eta hurrengo liburuaren aurkezpenerako Ibon bera bertan izatea espero duela esan zuen amaitzeko.
Jonek hitz mamitsuak izan zituen Ibonen liburua deskribatu eta kartzelan idaztearen zentzua azaltzeko. Idaztea komunikazioa dela esan zuen, eta Ibonentzat bizitzeko heldulekua ere badela, kartzelan bakoitzak bere heldulekua behar duenez, eta beste batzuek ikasketak, kirolak, esku lanak edo hobekien egokitzen zaionari heltzen dioten modura, Ibonentzat idaztea kartzelaldia eroateko ere balio diola. Liburua irakurrita liburu politikoa dela azaldu zuen, haren bertsoetan Euskal Herriaren jarraipen estua ikusten dela, eta irakurtzean oroitzapenetik ekarri dizkiola ia ahaztuta zeuzkan hainbat kontu. Idazteak motibazioa ere ematen diola presoari, eta idatzietan ikusten zaion kemena idazteak berak ere ematen duela. Irakurtzea ere merezi duela esan zuen, baina ez dagoela zertan nobela bat bezala irakurri: bertsoak dira, ohe ondoan eduki eta gaur bat, hurrengoan bestea, Ibonen mundutik barrena ibil gaitezkeela, sentimenduz jositako liburua dela.
Amaitzeko guztion artean liburuak dakartzan Txango bat Eibar ingurutik bertsoak kantatu genituen Itziarren semea doinuarekin.
Etxekoak, lagunak, eibartarrak, espetxean izandakoak, betiko borrokalariak, gazteak… denak Ibonen inguruan bilduta, elkartasun sentimenduarekin. Zerbait jan, zerbait edan, besarkadak, goraintziak, errekaduak… dena jaso eta Eibarko kaleetan kontu kontari itzuli ginen, liburua besapean, udako beroan, Ibonek aipatutako magia horretaz kutsaturik, 417 orrialdeko bidea aurrean.
Liburua 10 eurotan salgai dago: Eibarren BELEKO tabernan.
Internet bidez Ataramiñe webgune honen bitartez eros daiteke.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Ataramiñe 2014: Lagun, senide, kide preso maiteoi
2014 1 uztaila
Txoriak hizpide ditu Ibon Muñoak, Eibarren aurki plazaratuko duen Ainarak herrira itzuliko dira bertso-paper bilduman. Txoriak espetxearen iruditegian sarri azaltzen diren elementuak dira. Askatasunaren, izate librearen irudikapen bizi, espetxea bera inguratzen duen burdin-elorri arantzetan pausatzen dira aldiro, preso dagoenaren begi bistan. Presoaren begi bista mugatzen duen paretaren gainean salto-hegaldaka.
Txoriak txori, zioen zilar ahotsezko poetak eta txori-hanka arinen arrastoan jarri gintuen, hitza etengabe errepikatzeko eskatuz. Hitzek etenik izan ez zezaten, hitzok gogoratuz, gurera ekarriz. Hitzen beharra azpimarratzen dugu guk geuk ere Ataramiñen, pareta eta burdinaz eraikitako paisaia mortua azaltzeko, biluzarazteko, bere izugarrikeria horretan, den bezalakoa agerrarazteko. Txorien antzera ere, salto-hegaldaka, pareten gainetik iristen dira gurera lagun-senide espetxeratuen sorkuntza lanak.
Horrela plazaratu genituen lau liburuki iragan urtean: Jokin Urainek apailatutako Agurra eta Ohorea. Euskal militanteen heriotza kronika latza, Mikel Antzaren Z2 antzerki obra, Mikel Orbegozoren Preso Nago bi komiki sorta eta Ataramiñe 2013 Bilduma. Liburuotan ageri da Infernu Zulo Enea edo Inora-Ez Etorbidea Mikel Antzaren hitzetan, baina izan zitekeen Malkoen Katedrala zein Errautsen Gaztelua aspaldi Sarrik deskribatu bezala. Hain zuzen, espetxeak ageri dira, gure senide-lagun presoen sorkuntza lanetan, pluralean, espazio fisikoak eta pertsonak talka egiten dutenean, barreiatuak gelditzen diren GIZAtiek dimentsio-zentzu ezberdinak baitituzte. Espetxea bat eta bera izan arren, pertsona preso adinako espetxeak baitaude, egon.
Askotariko ertzok jasotzen ditugu Ataramiñen, salto-hegaldaka, konplizitate lerro atzeman ezinen bitartez, elkartasun keinuz, gurera iristen diren ilustrazio, bertso-paper, olerki, ipuin zein kronikei esker. Denon artean eraikitako puzzle honek izendaezina izendatzen laguntzen digu, urrutiegi dagoena zertxobait hurbiltzen. Larrutan nozitzen dugun errealitate bat, manera sentikorrean mahai gaine- an jartzen.
Espetxean zaituzteten kide, senide, lagun maiteok. Ertzok azaleratzeko, pareta atzean ezkutatutako paisaia hits hau deskribatzen lagundu behar diguzue. Zuen lanak behar ditugu, zuen irri, malko, oihuekin. Absentzia bat ezin daiteke hitzez osa, erdia huts den ohea betetzeko zenbat pintzelkada, zenbat errima? Eta, hala ere, egin beharko dugu literatura pizar bat, sorkuntza lan zenbait. Su apur bat piztu dadin, zirrara amiñi bat, bakarmortuko porlan aleak dantzan jarriko dituena, paretan arrakalak sortu arte.
Bidali, beraz, zuen lanak, irailaren 30a baino lehen ondorengo helbide honetara: 80. Posta Kutxa. 48.200. Durango. Bizkaia. Euskal Herria.
Etenik gabe, espetxea eteten ez den heinean. Beso zabalik, orri zabalik. Zuen zain, zuen lanen zain, beti.
Ataramiñe
Mitxel Sarasketa / Oier Gonzalez
→ naiz.info: Ataramiñe 2014. Lagun, senide, kide preso maiteoi
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Espetxeko gutunak: Saul Kurto, Fresenesetik
2014 27 ekaina
→ zorrotza.info: [GUTUNA] Saul Kurto espetxetik distantziak murrizten
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Ibon Muñoaren “AINARAK HERRIRA ITZULIKO DIRA” liburuaren aurkezpena
2014 25 ekaina
Uztailaren 10ean aurkeztuko dugu Eibarren Ibon Muñoa (Eibar, 1958) preso politikoaren bigarren liburua: Ainarak herrira itzuliko dira.
Ibon Muñoa 2000ko urrian atxilotu zuten. Harrez gero preso daukate: Valdemoro, Kordoba, Burgos, Langraitz, Puerto I eta, 2014ko martxotik hona, Kordoban. 2011n Ametsen txokoan bizi naiz liburua argitaratu zuen, eta liburu horretako hitzak hartuta Eibarko hainbat artistek Ametsen txokoan musika CDa grabatu zuten 2012an.
Ainarak herrira itzuliko dira
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta
Azaleko irudia: Mikel Zarrabe
Ataramiñe, 2014.
Neurriak: 10,5 x 15 zm.
420 orrialde.
Prezioa: 10 €
2011-2013 tartean Puerto I espetxean idatzitako bertso eta olerkiak kronologikoki antolatuta bildu ditu oraingoan, Ametsen txokoan bizi naiz liburuaren ildo eta ordenari jarraiki. Guztira 145 bertso eta olerki.
LIBURUAREN HITZAURREA
Ainaren zain
Ezagutzen ditut Ainara izeneko txori batzuk. Behin ehiztariek harrapatu eta urrutiko kaioletan sartu zituzten. Ez ziren loroak, ordea. Horiei gustatu egiten zaie itxita bizitzea, Ainarei ez; gainera, loroek maite dute nagusiaren esana behin eta berriz errepikatzea, Ainarek ez. Horiek garbi dituzte ideiak eta gai dira eskopeta-zale maltzurrei aurre egiteko ere.
Euskal Herrian bietatik dago ugari: batetik, badaude datorrena datorrela burua jaitsi eta isilik gelditzen diren hegazti akritikoak. Beldurrak eta erosotasunak geldiarazi ditu, eta ikasi dute bizitzen alpiste apur batekin. Elikatzen dira, batez ere, futbolaz eta komunikabideen gezurrez. Nahikoa dute, ez dute gehiagoren beharrik. Tarteka haserretzen dira, beraien kirol talde kuttunak galdu duelako, edo kaiolako atea estutuko dietelako apur bat gehiago, baina ez dute ozenegi esango, badaezpada. Bestetik, zorionez, hegodun kritiko asko dago gurean. Iritzia dute edozein gertakizunen aurrean. Haserretu egiten dira eta salatu egiten dituzte injustiziak. Ez dute gainekoen esana onartzen beraien galbahetik igaro gabe, hausnartu gabe. Beraien iritzia ematen dute ausardiaz eta zorrotz, baina baikortasunez.
Niri iritsi zait belarri ertzera, Eibarko Ainara baten kantu hots ederra. Abesten aritu zait 2011ko otsailetik 2013ko irailera arte. Zortziko zaharrean bota dit bertso ugari, hamarreko txikian ere ez gutxi, baina baita habaneran eta bederatziko txikian ere. Kartzelako gertaerei buruz, herenegun; Euskal Herriko gairen baten gainean, atzo; historiaren inguruan, gaur, eta sarri, politikaz, zein maitasunaz… ez dut aspertzeko tarterik izan inondik ere.
Zuri, irakurle, ez dizu inork kantatuko goxo-goxo belarrira, zorte izugarria duzu, ordea. Izan ere, bertso guzti-guztiak esku artean dituzu liburu mardul honetan. Hala ere, irakurri egin ditzakezu eta Ainara bat etxe ondoko zuhaitzetik ari zaizula irudikatu; edo zure ondoan dagoenari eska diezaiokezu abesteko, zu lasai-lasai etzanda zauden bitartean.
Begiz ikusi edo belarriz entzun, kontua da bertsook zeure baitan sentitzea. Barre egitea umore zipriztin bakoitzarekin, edo negar bere malenkoniarekin bat egitean. Konplizitate keinuak ere eragingo dizkizute, tarteka. Ez zaitez liburuaren gainetik pasa, senti ezazu zeure barrenean hitz bakoitzaren arnasa.
Orain isilik dago gure Ainara. Niri, behintzat, ez zait aspaldian iritsi bere kanturik belarri ertzetara. Bertso berriak prestatzen ariko da ziurrenik. Kukua bai, kukua sarritan entzun dut 2014ko udaberrian. Errepikakorra da bere jarduna, baina polita oso, beti adarra jotzen ariko balitz bezala. Askatasun izugarria du txori horrek. Nahi duenean etorri eta okupatuko du txantxangorriaren kabia, trukean ezer eskaini gabe, gainera. Libre ibiliko da zuhaitzez-zuhaitz eta kabiz-kabi . Boterea ere badu, bestalde. Entzuten dugun lehen aldian, aldean dirurik ez badugu, begizkoa botako digu, eta gure ekonomia apalari bere horretan eutsiko dio urtebetez. Hala eta guztiz ere, izugarri pozten gaitu bere soinua entzuteak, patrikan sosik izan ala ez izan.
Ainarek, aldiz, ezin dute Euskal Herrira etorri oraindik. Garesti ordaintzen ari dira txori konprometituak izatea. Izan ere, oso urrunetik heldu zait musika. Batzuetan, interferentziak izan ditu soinuak, baina azkenerako lortu dut dena garbi entzutea. Baikorra da mezua, gelditu zaidan sentsazioaren bestekoa. Lasai nago, Ainarak Euskal Herrira itzuliko direlako. Ea laster datozen gure basoetara, lastima baita horrenbeste zeresan daukaten txoriak urrun eta preso bizi beharra. Kuku bihurria entzuteaz hainbeste pozten bagara, zer sentituko ote dugu ainaren ahotsa gurean entzutean?
Ez dizut ezer gehiago aurreratu nahi. Nago honaino iritsi bazara liburu honetako bertso sortak ere gustura irakurriko dituzula. On egin!
Iritsi zait urrutiko
txoriaren kantu hotsa,
eta distantziak ez du
bilakatu kantu hotza.
Heldu zait malenkonia
haserrea eta poza,
bere deiadar ozena
polita bezain zorrotza.
Euskal Herriaz dihardu
ezer ez zaio arrotza,
gorputza Andaluzian
gure artean bihotza.
Kilometro asko dago,
baina oso tarte motza (ber.)Mikel Arrillaga
Eibar, 2014ko maiatzaren 18a
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Oroimena ala ia ezer ez, 2006
2014 20 ekaina
Igor Angulo (Santurtzi) eta Roberto Sainz del Olmo (Portugalete) espetxean hildako euskal preso politikoen oroimenez Askatasunak 2006an argitaratutako Oroimena ala ia ezer ez liburua eskaneatu eta sarean jarri dugu, PDF formatuan, ON LINE irakurtzeko zein e-book eta beste formatuetan deskargatzeko.
>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk
Oroimena ala ia ezer ez
Askatasuna, 2006
22×25 cm.
125 orr.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
Pello Mariñelarena, 1993
2014 17 ekaina
Pello Mariñelarena Imaz Etxarri Aranazeko preso politikoak ihesean eta espetxean idatzitako testuak eta egindako margolanak biltzen ditu liburu honek. Amnistiaren Aldeko Batzordeak argitaratu zuen 1993an, Parisen preso zeukatela ospitalean hil eta gero. Orain Pello Mariñelarena liburua eskaneatu eta sarean jarri dugu, PDF formatuan, ON LINE irakurtzeko zein e-book eta beste formatuetan deskargatzeko.
>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk
Pello Mariñelarena
Idatziak eta margo lanak
Amnistiaren Aldeko Batzordeak, 1993
105 orr.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /
« Mezu berriagoak — Mezu zaharragoak »