Mikel Zubimendi | 69 lerroko poemaren hautsak

2012, 26 apirila

>> gara.net: Mikel Zubimendi | 69 lerroko poemaren hautsak

Mikel Zubimendi
69 lerroko poemaren hautsak

Günter Grass idazle alemaniarrak «Süddeutsche Zeitung» egunkarian argitaraturiko poema, «Was Gesagt werden muss», («Esan behar dena»), edo poemaz mozorroturiko polemika (hori literatur kritikoentzat), gustura leitu nuen. Harritu ninduen nola salatzen zituen Israelen potentzial nuklearra, irandar jendea arrasatuko lukeen «lehen erasoa» egiteko erabakia, Alemaniak urpeko ontzi nuklearrak Israeli saltzea, honen armamentu atomikoak munduko bake hauskorra nola mehatxatzen duen… eta are proposamen bat -Israelen potentzial atomikoa eta irandar instalazio atomikoak, biak ala biak, nazioarteko ikuskaritza iraunkor baten mende jartzea- nola kabitzen ziren 69 lerroko poema batean. Gai potolo horiek lirikarako nola erabili zituen.

Grassek pentsaezina egin omen du. Irandarren arabera, Israelen kontrako «eraso liriko suntsigarria» egin du. Israelentzat heresia barkaezina izan da -oh! aleman batek Israel kritikatzea!- eta ofizialki pertsona non grata eta Israelera sartzeko debekua ezarri diote, eternitaterako (!). Daniel Goldhagenen zoritxarreko tesia -alemanak oro Hirugarren Reicharen krimenen errudun dira- harago eramanez, eternitateraino errudun, alegia.

Antisemitismoa bezain pozoitsua deritzot muturreko prosemitismoari. Biek iturri beretik edaten baitute: Israelek estatuen mahaian aparte jaten omen du eta besteentzako estandarrak ezin omen zaizkio aplikatu. Bai, alemaniarrek munduko eskubide guztia dute Israel kritikatzeko eta munduak eskubide osoa du Palestinarekiko sinpatia adierazteko… zergatik ez poema batean?

Grass 17 urterekin, milaka eta milaka gazte alemaniar legez, Wafen-SSetakoa izan zen, eta? Ez al zuten gerraosteko Alemaniako agintaritzan zeuden nazi ohiek Israelen aldeko erreparazio ekonomikoa eta orotariko laguntza bideratu? Eta ez al du Gianfranco Fini italiar faxistak, Mussoliniren oinordeko konfesoak, Jerusalem bisitatu eta banaketaren murrua defendatu? Israel defendatzen duenari bere iragana erraz barkatzen dio Israelek.

Euskal preso poetiko lagunak behinola esan zidanaz akordatu naiz: «Poesiak agian ez ditu kausa justuak irabaziko, baina asko laguntzen du». Günter Grass ados legoke berarekin.

>> Wikipedia

Share

Iruzkinak