MusikHerria “Elkarrekin: errepresaliatuak eta musikariak”

2012, 1 urtarrila

MusikHerria herri disketxeak 2007an Durangoko Azokara begira kaleratutako disko berezia da “Elkarrekin: errepresaliatuak eta musikariak”. Disko honetan, musika talde batzuek zenbait errepresaliatu politikoren hitzak, poemak eta gutunak musikatu dituzte. Taldeak: Kloratita, Kop, Anger, Gartzen, El Trono de Judas, Korumbà, Kasu!… Abestien hitzez eta parte hartu duten taldeen zein errepresaliatuen informazioaz gain, errepresioari buruzko zenbait testu ere jasoko ditu diskoaren liburuxkak. Diskoak 6 euro balioko ditu eta lortutako irabaziak errepresaliatu politikoen sustengurako bideratuko dira.

IDEIA

MusikHerriak hasiera-hasieratik erabaki zuen herri mugimenduarekin estuki lotuta joan behar zen kolektiboa zela. Hori dela-eta, aurreko urteetan zenbait proiektu eraman dira aurrera AHTren aurkako bilduma edo Ikasle Egunerako diskoa kasu. Bide horretatik, aurtengoan errepresaliatu politikoei bultzada eman eta elkartasuna helarazi behar geniela erabaki genuen. Gainera, urte honen hasieran MusikHerriako kide den Markel Ormazabal donostiarra atxilotu zuten Jarrai-Haika-Segi auziaren epaiaren ondorioz eta Markel berak idatzitako testuren bat musikatzeko ideia atera zen. Ideia honetatik abiatuz, talde desberdinek beste errepresaliatu politiko batzuekin harremanetan jarri ziren olerki, letra edo gutunak musikatzeko asmoz. Urtean zehar abesti horiek grabatu eta egun eskuetan dugun disko honetan daude bilduta kantuok.

ELKARREKIN = ELKAR+EKIN

Diskoaren izenburua hitz joko bat da. “Elkarrekin”, errepresaliatu politikoek eta musikariek elkarrekin egindako diskoa delako. Baina “elkar” eta “ekin” hitzen lotura ere bada, elkarrekin errepresaliatu politikoen alde ekiteko deia, errepresaliatu politikoekiko elkartasun ekintzak eta ekimenak egiteko deia. Eta diseinuan ikusten den bezala, “elkar” eta “ekin” hitzen lotura amnistiaren irudia da, errepresaliatu politikoentzako amnistia osoa, herri honek bizi duen gatazka politikoaren konponbiderako ezinbesteko den amnistia; baina amnistia ez errepresaliatu politikoen askatasun soila bezala ulertuta, herri honetan errepresalituak izatea sortu duten salbuespenezko lege, tribunal eta polizia guztien etetea bezala ulertuta baizik.

ERREPRESALIATUAK

Esan bezala, disko honetako abestien hitzak errepresaliatu politikoek eginak dira, gehienak preso politikoek eginak eta espetxeari, borrokari edo elkartasunari lotuak. Baina badaude baita Joseba Sarrionandia iheslari politikoaren bi poema, diskoan iheslari politikoen presentzia ere bermatzeko. Abestietako batzuk, disko honetarako propio idatziak izan diren arren, espetxeetako inkomunikazio politikaren erruz zenbait letra lortzea ezinezkoa izan da. Horrela, Sarrionandiaren letrak zein presoetako batzuenak, aurrez liburu desberdinetan argitaratutakoak izan dira.

MUSIKARIAK

MusikHerriak bultzatutako proiektu bat izanik, diskoan parte hartu duten talde gehienak MusikHerriako partaideak dira. Hauen artean, Anger, Gartzen, Kloratita edo Kasu! bezalako taldeak topa ditzakegu. Bestalde, badaude MusikHerriako taldeen artean hiru kasu berezi:

-Zein da Zein?: Oliba Gorriak, Feos Pero Majos eta Amaiur taldeetako kideek osatutako proiektua. Proiektua geldirik zegoen arren, disko honetarako abestia egiteko elkartu dira berriz.

-Basque Rap Conspiracy: Anger eta Feos Pero Majos taldeetako kide ezberdinek osatutako hip-hop proiektu berria. Diskorako prestatutako abestiarekin aurkezten duten euren burua.

-Izeba Pilarren Ilobak: Anoetako talde honek abesti honekin eman dio agurra bere ibilbideari.

Bestalde, disko honetarako, proiektuarekin bat egin duten MusikHerriatik kanpoko bi talde ere baditugu:

-Kop: Herrialde Katalanetako talde ezagunak abesti bat sartu du diskoan. Juanra Rodríguez abeslariak 2002an Holandako espetxe batetan idatzitako letraz eginda dago abestia. Juanra aurtengo udaberrian bertan gelditu da aske.

-El Trono de Judas: Iruñeko punk-rock talde honek ere bat egin du diskoarekin bi preso politikok elkarrekin egindako letra batetan oinarritutako abestiarekin.

ABESTIAK

Diskoan parte hartu duten taldeen zerrenda ikusita, estilo aldetik disko nahiko gogorra eman badezake ere, benetan disko nahiko anitza osatu dugulakoan gaude. Horrela, ohiko rock eta punk doinuez gain, badaude ska, reggae, pop edo hip-hop doinuak ere. Hauxe da abestien zerrenda:

1 Intro

2 Duintasunaren itzala [ogg] [mp3]
Anger – Zuhaitz Errasti

3 Pausoak [ogg] [mp3]
Gartzen – Harriet Agirre

4 Sustraiak han dituenak
Xopapo – Joseba Sarrionandia

5 Tu voz estalla dentro
Kop – Juanra Rodríguez

6 …ikusiko dugu elkar
Basque Rap Conspiracy – Gari Arruarte

7 Dena emango nuke
Kloratita – Naiara Mallabia

8 Panopthikom
Korumbà – Markel Ormazabal eta Fernan Elejalde

9 Geografia
Kasu! – Joseba Sarrionandia

10 Musikarekin, askatasuna
El Trono de Judas – Juli Moreno eta Iratxe Yañez

11 Eredu. Argi [ogg] [mp3]
Zein da Zein? – Maite Pedrosa

12 Irriak behar ditu
Izeba Pilarren Ilobak – Haimar Altuna

13 Loreak udan ihintza bezala
SKT Sekuentzia – Xabier Izaga

NOLA ESKURATU

Diskoari 6 euroko prezioa jarri diogu eta Durangon egongo da salgai Liburu eta Disko Azokako MusikHerria, Presoen Lagunak, Gaztesarea eta Xirikaren stand-etan, Elkartasun Dendan eta gaztetxeko Azoka Alternatiboan. Durangoko Azokaren ostean, Euskal Herrian zeharreko denda eta taberna desberdinetara eramango dugu. Bestalde, diskoaren prezio honekin, musikaren munduan dauden prezio izugarriak salatu nahi ditugu. Gure ustez, badago aukera lan txukunak prezio herrikoietan kaleratzeko eta gainera, horrela, lan honen hedapena errazten dugu. Horrez gain, diskoaren salmentatik lortutako irabazi guztia errepresaliatu politikoen sustengurako bideratuko da.

ELKARREKIN ELKARTASUNA LANDU

Disko honen protagonista nagusiak errepresaliatu politikoak dira eta, horregatik hain zuzen ere, ezinbestekotzat ikusten dugu disko honen ale bana preso politiko guztiei helaraztea. Hori dela-eta, ?Elkarrekin elkartasuna landu? egitasmoa jarri dugu martxan. Egitasmo honen bitartez, Durangoko Azokan 10 euro ordainduz gero, disko bat zuretzat izango den bitartean, MusikHerriak bigarren ale bat espetxera bidaltzeko konpromezua hartuko du. Horrela, preso politiko orori ale bana ailegatu arte.

WEBGUNEA

Diskoari buruzko informazio jendeari helarazteko http://www.musikherria.org/elkarrekin helbidean webgunetxo bat jarri dugu martxan. Bertan topatuko dituzue taldeei buruzko datuak, bilduma eskuratzeko moduak Durangoko Azokaren ostean eta diskoaren zenbait aurrerapen kantu deskargatzeko.

>> http://musikherria.org/elkarrekin/
>> http://euskalherria.indymedia.org/es/2007/12/43906.shtml

Share

Iruzkinak