Ataramiñe Ahotsenean

2011, 7 abendua

>>gara.net: Presoen ahotsa ekarri du Azokara Ateramiñek

Ateramiñek Joseba Asensio «Kirruli»-ren omenez plazaratu duen liburukia, Mikel Antzaren «Bakarmortuko kronikak», Jon Muñoaren ametsak eta «Kartzelatik at!» komikia ezagutarazi zituen atzo.

2011ko Ataramiñe hildako preso guztiei eskainia dago, eta bereziki Joseba Asensio Kirruli-ri. Bere lanik ez dago liburuan, baina bai, adibidez, Jon Iturriagak edo Joseba Sarrionandiak haren omenez idatziak. Liburuak preso eta iheslariek idatzitako lanak gordetzen ditu, ohi duenez.

Urtero-urtero euskal preso politikoek eginiko idazlanekin ateratzen duten liburukiaz gain -iazkoa Jon Etxeandiari eskaini zioten, Ateramiñeren sortzailetakoa-, beste lan pare bat ere aurkezteko baliatu zuen Ateramiñek eguerdian Ahotsenean izandako hitzordua, solasa gidatzen Edorta Jimenez idazlea zela.

Guztira beste hiru lan aurkeztu dituzte. Baga, Mikel Antzaren «Bakarmortuko kronikak» liburua. Xabier Zamakolak, egilearen lagunak, irakurri ditu liburuko pasarte batzuk: «isolamenduko kuadernotxoak dira».

Lanak egiteko oztopoak

Biga, Jon Muñoaren «Ametsen txokoan bizi naiz», kartzelako ametsak batzen dituen lana. Eta higa, Borxa Uberuagaren komiki fanzinea, «Kartzelatik At!» deitzen dena. Autorearen beraren esanetan, oso zaila da lan hauek kaleratzea, kartzelan egin ahala zaindariek arkatzak eta lan tresnak bahitzen dizkietelako, idaztea eta marraztea zaildu nahian. Beraz, lana doble egin behar kronikak, komikiak eta ametsak plazaratzeko, katxeoak eta beste medio.

Aurkezpenean, Zamakolaz gain, Mitxel Sarasketa editorea eta Borxa Uberuaga gernikarra ere izan dira. Beraien esanetan, «literatur koaderno bat da `Ateramiñe’, beti bukatzeke dagoena, bidean gelditzen baitira makina bat lan.

Share

Iruzkinak