Mikel Antza, “Bakarmortuko kronikak”. Aurkezpena, Irutxulon.

2011, 6 abendua


Mikel Antzak kartzelan idatzitako kuadernoak eta ‘Bakarmortuko kronikak’ liburua.

>> irutxulo.hitza.info: Kartzelako bizitzaz idatzi du Mikel Antzak

Nerea Lizarralde

Idazle eta preso donostiarraren ‘Bakarmortuko kronikak’ liburua argitaratu du Ataramiñek

Mikel Antza (Donostia, 1961) 2004an atxilotu zuten Salies de Bearn-en, Marixol Iparragirre emaztearekin, eta bere semearekin batera zegoela. Isolamendu egoeran eman zituen lau hilabete, eta bakartze moduluan igaro zituen beste bederatzi hilabete. Egun Frantzian dago preso. Garai horretan idatzitako kronikak bildu, eta Bakarmortuko kronikak liburuan kaleratu ditu. Kuaderno batzuetan idatzi zituen testuak Antzak -sortzez, Mikel Albisu-, eta haren senideen laguntzari esker argitaratu ditu Ataramiñek.

«Kartzelan bizitzen ikasteko lagungarri modura izan zuen idazketa», adierazi zuen liburuaren aurkezpenean Mitxel Sarasketa editoreak. «Pasarte batean dio berak ez zuela kartzela ezagutzen, eta kartzelari buruz ere ez zitzaiola gustatzen irakurtzea, jakinik, Etakide izanik, kartzelan bukatzeko posibilitatea handia zela. Espainian atxilotutakoek komisariako infernutik kartzelara pasatzea infernutik zerura pasatzea bezalakoa zela uste zuen Antzak, baina bere kasuan, tortura kartzelara pasatzean hasi zen», jarraitu du Sarasketak.

Isolamendu egoera horretan idatzi zituen bere gogoeta eta sentimenduak kartzelan erositako kuadernoetan. Hain zuzen, 2004 eta 2005 urte bitartean idatzitakoa argitaratu du Ataramiñek: «Ez da fikzioa, ez da eleberri bat. Kartzelako errealitatea da. Testu laburrekin bertan bizitakoa islatu du. Etakide bat, idazle bat, eta batez ere espetxe sistema bat ikusiko ditu irakurleak liburuan, azaldu du Sarasketak.

Jon Benito idazleak ere parte hartu zuen Mikel Antzaren liburuaren aurkezpenean. Haren ustez, «Liburu asko idatzi da kartzelatik, eta kartzelaz; preso egotearen testigantza ia azpi genero literario bilakatzeraino. Liburu asko eta onak idatzi dira, baina ez dakit hainbeste idatzi izanak euskal iruditerian hain txertaturik dagoen presondegia eta bere errealitate makurra gehiago gerturatu duen jendearengana, ala fikzionatu egin duen kontatu beharraren kontatu beharraz».

Kartzela «erreala» dela gogora ekarri du Benitok, eta hain zuzen, «errealaren zentzu hori da ziurrenik liburu honen bereizgarria», azpimarratu du idazleak. «Edertasun nahirik ez da, asmo estetiko nabarmenik ere ez Antzaren prosan. Literaturik ez dago, bere buruari isolamenduan kantatzen dizkion bertso batzuk salbu. Baina ez ote du aldi berean, bere gordinean, bere zuzentasun eta zorroztasun hunkigarrian, beste edertasun bat?».

Antza askatasunaren galeraz ari dela uste du Benitok: «Liburu hau kartzelako garai desberdinen deskribaketa latza baita funtsean. Kartzelan egoteak esan nahi duena larritasun guztiarekin kontatuta dago». Liburua irakurtzen duena testuan zehar preso dagoenarentzat idaztearen ekintzak berak duen garrantziaz berehala jabetuko dela dio: «Antza idazle talentuduna zen 80ko hamarkadan, eta talentu hura ez duela galdu erakutsi zuen Ospitalekoak nobelarekin iaz. Lan hau, ordea, desberdina da. Antza idazlea eta pertsona ezin dira bereizi, baina esango nuke idazleak baino pertsonak idazten duela oraingoan. Idaztea ez da ariketa estilo bat kuaderno hauetan. Idaztea biziraupena da. Duintasuna gordetzeko geratzen zaion tresna da idaztea. Helburu bakarra, larritasunez idatzia bada ere, ez da besterik kontatzea zer gertatzen den eta nola funtzionatzen duen kartzelak. Bere buruarekin duen behar bat da, kartzelako errotarriak erabat zanpatu ez dezan, eta zapalkuntzaren logika zoroak irentsi ez dezan idazten du».

‘Odolaren usaina’ ipuin liburua argitaratu eta 23 urtera ‘Ospitalekoak’ (Susa, 2010) eleberriarekin itzuli zen iaz Antza euskal literaturaren plazara. Hain zuzen, Susa aldizkariaren eta izen bereko argitaletxearen sorreran parte hartu zuen 80ko hamarkadan Josu Landa, Eneko Olasagasti eta beste hainbatekin batera.

Share

Iruzkinak