Xabier Izaga: «Ez dok amaika»

2011, 3 abendua

>> gara.net: «Ez dok amaika»

Xabier Izaga

Orain aspaldi ez dela Durangon izan naiz, baina orduan baten bati hara nindoala esan izan banio, zertara galdetuko zidan, eta bihar Durangora noala esango banu, inork ez lidake zertara galdetuko.

2002tik ez dut behin ere Durangora huts egin, eta badakit, lagunekin hamaiketakoa egitea bezala, ez dela inolako meritua. Meritu handia da, esate baterako, ordutik, Azokan urtero Ataramiñek bere literatura koadernoen ale berri bat plazaratzea. Aurten ere, jakina, bertan aurkituko dugu: «Ataramiñe’11».

Hamaika, baina ez da hamaikagarrena, hamargarrena baizik. Eta nahiago nuke hamaikagarrenik ez balego.

Bernat Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae» hartatik, lau mende eta erdian zehar ugarituz joan dira euskal idazle kartzelatuak eta euskal preso idazleak, kartzelan egindako lanak. Azkenak «Ataramiñe’11» lan kolektiboa eta Mikel Antzaren eta Ibon Muñoaren poesia liburuak ditugu, hirurak Ataramiñek berak argitaratuak.

«Ataramiñe’11» hau 24 euskal presoren lanek osatu dute. Batzuk idazten edo margotzen -edo beren lanak argitaratzen- hasi berriak, beste batzuk literatura edo margo lanetan zailduak. Batzuk giltzapean pare bat urte dutenak; bestetzuk, berriz, 25. Denek ere herri honen borrokaren eta errepresioaren lekuko, herri honen bizimodu latzaren lekuko.

Lanak jasotzea ez da erraza izan, ohi bezalako zeregina baizik, Mitxel Sarasketak hamargarren ale honen aurkezpenean esan zuenez, «kartzelaren eta sakabanaketaren egunerokoan sartzen» baita zailtasun hori. Ohiko arazotxoak: gutunak bidean galtzen dira… baina ez beti, batzuetan urte biren buruan ager litezke eta. Ohiko arazotxoak, baina ez normalak. Euskaldunontzat kartzela bezala, sakabanaketa bezala.

Iaz Jon Etxeandia koadernoen sortzaile eta preso ohia omendu zuen Ataramiñek. Aurten, berriz, Joseba Asensio, joan den ekainaren 8an Herrera de la Manchako kartzelako ziega batean hil zeneko 25. urteurrena bete zen eta. Hari eskainiak dira «Ataramine’11»ko azken orrialdeak. Eta kartzelan edo kartzelaren ondorioz hildako lagunen oroitzapena ere badakar. Ez dira salbuespena. Horiek bai, hamaika dira eta. Zehatzago, hogeita bi.

Aurten ere ez dute huts egingo. Ea geuk ere ez diegun huts egiten.

Share

Iruzkinak