Mikel Antza, “Bakarmortuko kronikak”. Aurkezpena, Berria egunkarian
2011, 3 abendua
Mikel Antzaren Bakarmortuko kronikak liburuaren eskuizkribua. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS
>> berria.info: Idaztea, bakartzearen aurkako salbabidea
Mikel Antzak espetxean idatzitako ‘Bakarmortuko kronikak’ plazaratu du Ataramiñek
Gorka Erostarbe
Pernandoren egia da, baina egia. Kartzela benetan zer den bertan egon denak soilik jakin dezake, hark baino ez daki. Zuzenean kontatutakoek edota sorkuntza bidezkoek lagun dezakete preso izatearen errealitatera hurbiltzen. Preso bakoitzak bere moduak erabiltzen ditu errealitate horren berri eman soilik ez, hari aurre egiteko ere bai. «Kartzelak irentsia ez izateko, norberak hobeki egokitzen zaion jarrera hartzen du. Isolamenduaren aurrean, idaztea izan zen nik hautatu nuen defentsa tresna».
Mikel Antzak (Donostia, 1961) idazteari ekin zion 2004an Frantzian atxilotu eta lau hilabetez bakartua izan zutenean, bina hilabete Moulins-Yzeuren (Frantzia) eta Naoneden (Bretainia). Batetik besterako lekualdatzean, Lyongo ospitale bateko kartzela-moduluan egonaldi laburra egin zuen, zazpi eguneko gose eta egarri grebaren ondorioz hara eraman baitzuten. Bakartze erregimena amaitzea erabaki zutenean, Okzitaniako Tolosa-Seysseseko kartzelara lekualdatu zuten, eta modulu arruntean kokatu. Hiru kartzela horietako bakoitzean kaiera bana bete ondoren, kronikagintzari amaiera ematea erabaki zuen. Ataramiñe kolektiboak plazaratu ditu kronika horiek Bakarmortuko kronikak izenburupean.
Bakartze aldi horretan izandako sentimenduak, egindako gogoetak bildu ditu kronika erako testu laburretan. Horietako batzuk esaldi bat baino ez dute, Descartes izeneko honek, esaterako: «Descartes kaleko 9.ean naukate: idazten dut, beraz bizirik nago». Kronikekin batera, bertsoak nahiz poema tankerako testuren bat ere tartekatu ditu, orden kronologikoan emanak. Moulin-Yzeure-ko kaiera 2004ko urriaren 8tik abenduaren 13ra bitartean idatzitakoa da. Naoneden idatzitakoa abenduaren 17tik 2005eko otsailaren 1era artekoa, eta Seyssekoa otsailaren 1etik ekainaren 7ra artekoa.
Kronikek gordin eta zorrotz kontatzen dute Mikel Antzak kartzelan eta bakartze aldi horretan bizi eta sentitu izandakoa. Jon Benito idazlearentzat, «errealaren zentzu hori» da liburuaren bereizgarri nagusia: «Edertasun nahirik ez da, asmo estetiko nabarmenik ere ez Antzaren prosan: literaturarik ez dago, bere buruari isolamenduan kantatzen dizkion bertso batzuk salbu». Baina, era berean, gordintasun horrek ematen dio balioa liburuari, Benitoren iritzian: «Liburu hau kartzelako garai ezberdinen deskribapena latza baita funtsean. Kartzelan egoteak esan nahi duena larritasun guztiarekin kontatua dago. Ez dago narraziorik, pertsonaiarik, garapenik. Justu kontrakoa da, deskribapena da dena: egiten duenarena, ikusten duenarena, pentsatzen duenarena».
Antzak idazle hasiberri zela 80ko hasieran argitaraturiko lanen eta iaz plazaraturiko Ospitalekoak nobelaren aldean, idazlea lanbroago geratzen da lan berrian: «Esango nuke idazleak ez baino pertsonak idazten duela honakoan. Idaztea ez dela estilo ariketa bat koaderno hauetan; idaztea biziraupena dela, duintasuna gordetzeko geratzen zaion tresna presoari». Duintasuna gordetzeko modu horretan, gordintasunak gordintasun, umoreak eta norberari ez hain estu begiratzeko gogoetak ere badira liburuan. Honela dio Aberria, zientzia, osasuna izenekoak: «Berriro ere odol azterketa egiteko eraman naute erizaindegira. Oraingoan txantxa egin diot erizainari: ‘aberriaren alde ematen omen da odola; nik orain zientziaren alde ematen dut…’. ‘Ez, zure osasunagatik ematen duzu’, erantzun dit lehor».
Poesia eta komikia ere bai
Urtero egin ohi duenez, Ataramiñek hainbat presoren literatur koadernoak kaleratu ditu. 24 presok idatzitako testuekin osatu du hamargarren koadernoa, eta Joseba Asensio Kirruli omendu dute, duela 25 urte kartzelan zendutako presoa. Garai hartan Egin egunkarian agertutako tituluak, eta Erramun Landak, Jokin Urainek eta Jon Iturriaga Baltimorek eskainitako lanak bildu dituzte, besteak beste. Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburutik hautatutako poema batekin osatu dute kontrazala. Oier Gonzalez preso ohiak egin du hitzaurrea.
Horrez gain, Ibon Muñoaren Ametsen txokoan bizi naiz poema liburua ere argitaratu du Ataraminek. Preso dagoenetik pasa dituen hiru kartzelatan idatzitakoak dira, kronologikoki ordenatuak. Gainera, dagoeneko kalean den Borxa Urberoagak Espetxetik at komikia egin du: «Ahal izan dudan heinean, umore klabean egin dut, kanpoko jendeari erakusteko nola kudeatzen diren graduak, bakartzeak…».