Joseba Sarrionandia, “Eskerrik asko”
2011, 25 azaroa
“Eskerrik asko, lehenengo, euskaraz bezala beste hizkuntza guztietan hain ederra den esaera, eta baztertuek laguntza eskertzeko erabiltzen dutenean are ederrago egiten dena. Eskerrik asko, beraz, epaimahaikoei, ausardiagatik, hartutako erabakiak erreakzioak izango zituela jakin arren aurrera egin zutelako. Eskerrik asko, baita ere, satanizatuaren defentsa egin dutenei, espainiar prentsan batez ere, non euskaldunok hainbat alorretan arerioen lurrean bezala ibili behar izaten dugun.
Eskerronez gogoratu nahi ditut, bestalde, aurten irakurri ditudan saiakera lau liburu eder: Autopsiarako frogak Koldo Izagirrerena, Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik Ignazio Aiestaranena, Goizuetan bada gizon bat Patziku Perurenarena eta Darwin gurean Kepa Altonagarena. Irakurriala ikusi dut nire kezka eta larritasunak haienak ere badirela, eta ez dutela sari hau nik baino gutxiago merezi.
Baina ez naiz etorri eskerrak ematera bakarrik. Gauza eskergabe batzuk ere aipatu nahi ditut. Prentsan esan da ez dudala gure herriko politikari buruz idazten,neure defentsan bezala. Baina Moroak gara behelaino artean? liburuko orrialde guziak politikari buruzkoak dira. Ez kaleko edo prentsako ohiko eztabaiden terminoetan beharbada, baina, sarrera historikoaren ondoren, batez ere azken hirurehun orrialdeak geure gatazka eta aukerei buruzko hausnarketak dira.
Nire ume denboretako Don Celesen periodikua izan da sariaren iskanbilari buruz paperean heldu zaidan bakarra. Besteren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko Teoria Politikoko irakasle baten artikulua irakurri dut. Esaten du, gutxi gora-behera, edozein gobernuk bere sokako literatura bultzatzeko obligazioa duela. Hortik atera daitekeen ondorioa da literaturak berak egiten duela sasoian sasoiko gobernuaren promozio lana, eta ez alderantziz.
Literaturak naturalago azaltzen ditu arazoak eta formulatzen ditu galdekizunak, nik uste, egia zuzenetsiak eta instituzioak promozionatzea besterik da…â€