Batzorde Ikusezina, “Heldu da matxinada”

2011, 23 azaroa


Argazkian, Oier Gonzalez eta Lander Garro —Zigor anaiaren argazkiarekin— (Andoni Canellada / Argazki Press)

Batzorde Ikusezinaren “Heldu den matxinada” aurkeztu dute Donostian. Oier Gonzalezek eta Zigor Garrok euskaratu dute, espetxean.

>> gara.net: Kartzela banatan bakartutako bi lagunek eskuz esku itzuli dute «Heldu den matxinada»

Txalapartaren «Heldu den matxinada» liburu bitxia da arrazoi batengatik baino gehiagorengatik: alde batetik, ez dakigu zeinek idatzia den, Batzorde Ikusezina izenez sinatua dagoelako. Bertzetik, bi lagunek euskaratu dute jatorri frantseseko lana, kartzela banatan, bata bertzearengandik 500 kilometrora isolatuta zeudela. Zigor Garro eta Oier Gonzalez dira itzultzaile horiek; lehendabizikoa preso dago oraindik, baina bigarrena ez, eta aurkezpenean izan zen atzo Mikel Soto editorearekin eta Lander Garro Zigorren anaiarekin batera. Kontatu zutenez, 2008an frantziar poliziak komuna autogestionatu bat eraso zuen Tarnac izeneko herrixkan, eta zortzi gazte atxilotu zituen. «Hainbat sabotaje ekintza leporatu eta inolako frogarik gabe kartzelatu zituzten, `terroristak’ zirelakoan». Horietako bati, Julien Goupati, liburu hau idaztea leporatu zioten.

Hala hurbildu zen Gonzalez lan honetara, «kuriosoa» iruditu zitzaiolako «intelektualen herrialdean liburu bat idazteagatik inor terrorismo aferetan sartzea». Atxiloketok zirela-eta, hainbat intelektual altxatu ziren horren kontra eta polemikak obra gehiago zabaltzea ekarri zuen. Sotok gaztelaniaz irakurri zuen eta adierazi zuenez, bitxiena zera da, anitzez gehiago gustatu zaiola euskarazko bertsioa. Izan ere, «frantsesek filosofia idaztean transmititzeko gai diren poesia hori baitauka».

Lander Garroren hitzetan, gizartea aldatzeko eredu erabat berriak, borroka modu guztiz aitzindariak proposatzen ditu liburuak, eta horixe du hain zuzen bertuterik handiena. «Bitxia, paradoxikoa da azalean bonba bat marraztuta dakarren liburu bat garai honetan kaleratzea, baina ez kontraesankorra», adierazi zuen.

Gaineratu zuenez, anaiak xarma ikusten dio lanari ez dakigulako zeinena den eta Batzorde Ikusezinak lan kolektiboa proposatzen duelako gizarte hau aldatzeko. Itzultzaileek ere elkarlanean lortu zuten kartzelako isolamendua haustea eta bi pertsona inkomunikaturen arteko komunikazio zubi bilakatu zen liburua.

Oinarrizko erantzuna

2007an idatzi zuten jatorrizko liburua, eta bi urte lehenago Parisko auzoetan gertatutako liskarrak ditu abiapuntu. «Oso oinarrizko krisi bati erantzun oinarrizkoa ematen dio. Oso erradikala den krisi bati, erantzun erradikala». Gaurko gizarteaz egiten duen irakurketak herri ugaritarako balio duela eta gu guztioi eragiten digula ere nabarmendu zuten.


Heldu den matxinada

2008an, frantziar poliziak Tarnac izeneko herrixkan zegoen komuna autogestionatu bat eraso zuen zortzi gazte atxilotuz. Hainbat sabotaje ekintza leporatu eta inolako frogarik gabe kartzelatu zituzten, «terroristak» zirelakoan. Haietako bati, Julien Coupati, eskuartean daukazun panfletoa idatzi izana egotzi zioten.
Atxiloketon bidegabekeriak Badiou, Zizek, Ranciere eta beste hainbat intelektualen manifestua ekarri zuen, eta polemika orokorrak libeloaren ohiz kanpoko zabalkundea. Hala, bada, errepresioaren garrek hauspotu dute mundu garaikidearen irakurketa filosofiko, politiko, teoriko, praktiko, ikonoklasta, heterodoxo eta erradikal hau.

>> irakurtzeko zatia. liburuaren lehen 26 orrialde, Zigor Garroren hitzaurrea barne.pdf

hitzaurrea

2005eko urrian, paris inguruetako Clichy-sous-Bois auzunean, polizia segika zuten bi gazte hil ziren elektrokutatuta. Ustekabeko heriotzak, bazter-auzoekiko politika jakin baten enegarren albo-biktimak, sutan jarri zituen frantziar bazter-auzoak –banlieu ezagunak–. Aurrekaririk gabeko oldarraldi hark sekulako zalaparta eragin zuen Frantzian.

Gertakizun horixe dauka abiapuntu Heldu den matxinadak. Auto pribatuak nahiz eraikin administratiboak amorrazio ezezagunez kiskaltzenaritu ziren gazteek paradigma moduko bat osatzen dute, liburu hau sinatzen duen «batzorde ikusezin» misteriotsuarentzat. Izan ere, «alferrik da aldarrikapen edo mezu jakinik gabeko oldar mehatxagarri hark azaleratu zituen ebidentzia pila estaltzen ahalegintzea, hain zuzen, politikari ez, baizik eta politikoei ezaxola. Itsua behar du politikaren ukazio irmo horren izaera politiko garbi-garbia ikusten ez duenak; itsua, edo zeharo ezjakina, hogeita hamar urteotako gazte mugimendu autonomoei dagokienez behintzat».
Askotxo irudituko zaio irakurleari, lehen begiratu batean, egun gutxitako kale-istilu xumeoi paradigma iriztea. Normala da. Jakin behar da, ordea, Frantzian, auzo txiroetako biztanleen «integrazioa» egitura politiko osoa kolokan jartzen duten arazoetako bat dela. Baina ez gara ur horietan sartuko. Egungo egoera sozialaren erakusle soil gisa hartuta ere, derrigorrezkoa da galdera: zer ari da gertatzen? Horra, gutxieneko intuizio eta sentikortasuna galdu ez dugunok gure buruari egunero egiten diogun galdera: zer kristo ari zaio gertatzen mundu honi?
Txileko gobernu sozialdemokratak soldaduak bidaltzen ditu lurrikarak deuseztatutako eremuetara, ez kaltetuei laguntzera, baizik dendak olde gosetietatik babestera. Bitartean, interes pribatuen harrapaketaren aurrean beren lurren defentsan ari diren indigena maputxeei Pinocheten lege antiterrorista aplikatzen die, ekintzaile anarkistei bezalaxe. Negozioak agintzen du mundu osoan, gudaz konkistatzen dira merkatu berriak, eta salbuespen legediz mantendu. Nonahi.
Israelek gizadiak inoiz ezagutu duen kontzentrazio esparru handiena bilakatu du Palestina, espainiar ereduan inspiratuz besteak beste. Espainiako Estatua eredu baita gizarte zibila inpunitate osoz jazartzeari dagokionez, sekula inork egin ez duena egiten ausartzeari dagokionez. Honezkero, horrorearen mugak susmatu ere ez ditugu egiten.
Politikaren molde burges klasikoen agorpena gertatu dela edonon dago agerian. Demokraziarenak egin du. Botere ekonomikoak gainerako botere guztiak bahitu ditu: legegilea, exekutiboa, judiziala, mediatikoa. Herritarren botere instituzional erreala hezurretan geratzeraino argaldu da, ihartuta, ezereztatua. Herrikontrol orotatik kanpo eratutako nazioz gaindiko erabakiguneek gobernatzen dute mundua, aberatsen nahierara egin eta deseginez, eraiki eta suntsituz, bere garro hiltzaileak planeta osora hedatuz.
Nahiago genuke hala ez izatea, itxaropenari eutsi nahiko genioke, sinetsi gure askatasunaren prezioa ez dela kartzela, heriotza eta oinazetan neurtzen. Irtenbide zibilizatu bat nahiko genuke, irtenbide sozial bat: kapitalismoa erregulatu, birmoldatu, tasa sozial hainbat behartu, boterea instituzioen bidez demokratizatu, humanizatu. Baina, bai zera!
Gero eta nekezago suertatzen da demokrazia neoliberaletan oposizioaz hitz egitea. Demokrazia esaten dioten antzerki makabro honetan, oposizio homologatuak aktore nagusiari erreplika besterik ez dio egiten. Ikuskizun negargarri, izugarri mediokre eta gustu txarrekoa bihurtu dute sistema parlamentarioa. «Neoliberalismo garailearen sudur faltsua» da Daniel Bensaïdentzat demokrazia, eta Giorgio Agambenentzat, «salbuespen egoera permanentearen itxura faltsua». Europan, gaur, une honetantxe, oposizio erreala terrorismotzat jotzen da. Azken urteotan zizak bezala ugaldu diren legedi antiterroristek zedarritzen dute oposizio errealari ekiteko geratzen zaion zirrikitu gero eta txikiagoa. Euskaldunok puska bat badakigu
horretaz.
Mundua hondamendirantz doa, eta saiakera honen egileen ustetan, kontua ez hondamendia geraraztea, baizik eta bizkortzea, hondamendiaren ahalmena profitatzea, hondamendia eragin dutenak eta beren sistema ordezkatzea zerotik hasiz, guztia berregiteko. Eta horretarako, iraultzaren molde agortuak ere alboratu behar dira, bereziki erakundeak. Izan ere, «antolatzea ez da ezintasunari egitura bat ematea». Are gutxiago
gizartearen beraren gaitzak erreproduzitzen dituen egitura bat. Ur tanta batek bere bihotzean ozeano guztiak gordetzen dituen bezala, zeinahi ekinbidek, zeinahi moldek bere baitan darama azken helburua.
Gisa berean, sistema hau ezin izanen litzateke inongo irtenbidez erditu. Kasu iruzurrei. Batik bat, ekologiaren iruzurrari, kapitalismo berdeari.
Sinetsarazi nahiko ligukete hondamendia eragin dutenak soluzioak pentsatzeko gauza direla, konfiantzarako tarte bat badagoela, eurak ere jabetu direla akatsez, urontzi berean gaudela denok, helburu berak ditugula. Baina ez. Ez dago kon promiso posiblerik. Ukoak erabatekoa behar du.
Hauxe da irakurleak saio honetan aurkituko duena: sistema menperatzailearen uko erabatekoa, sakona, xeheki eta estilo dotore batez arrazoitua. Ez dezala inork pentsa hala moduzko eskuorri bat daukanik begi aurrean. Ez eta ezeren tesi definitiboa, edota mundu petral honen metafora totala ere. Hipotesi bat dela esan genezake, munduaren irakurketa filosofiko, politiko, teoriko, praktiko, argi, ikonoklasta, heterodoxo eta gaurkotu bat, handikeriarik gabe baina eutsiezineko pasio kutsagarri batez idatzia.
Aldi berean, basakeriaren areagotzeari eta politikaren amaierari buruzko diskurtso errotik ezkor nahiz zinikoki buruargi ohikoekin hausten duen lana da hau. Analisi bakoitzaren baitan, ekintzari heltzeko perspektiba bat zabaltzen digu. Zer egin gaur, denbora presente honetan, egoera zehatz honetan. Nola borrokatu. Testu honek afera politikoa ekintzari lotuta irudikatzen baitu, zutabe berrietan oinarrituta betiere: auto-antolakuntza, koordinakunderik gabeko koordinazio askea, eraginkorra, eta guztiaren bihotzean, Komunaren ideia.
«Errealitate partisanoaren oinarrizko unitatea da Komuna»: egungo gizartearen antipodetan legokeen antolamendu unitate basikoa. Egungo gizartea: diziplina, kontrola, ordena, obedientzia, azpiratze otzana, doi-doi neurtua, arbitrarioa, burugabea, neurotikoa, zoroa, atzeraezina, erabatekoa. Hondamendi gobernagaitza. Izan ere, nola gobernatu hirurogei milioi bizilaguneko herrialde bat? Eta hiru milioikoa? Ba ote dago autogobernuaz besteko gobernu zuzen posiblerik? Eta, ba ote dago sistemari oposizio efektiboa egiteko modu hoberik, gobernatzeko beste modu batzuk gaurgero jorratzea baino? Ezin ote gara de facto
gobernaezin bilakatu? Horretarako deia da Heldu den matxinada, hain zuzen, Foucaultek erabilgaiztasun boluntarioa deitzen zuena jorratzeko deia.
Komunak? –harrituko da bat baino gehiago–. Zer txantxa klase da hori? Bazter ditzala aurreiritziak, ez da-eta txantxa bat. 2008ko azaroan, frantziar poliziaren interbentzio taldeek Tarnac izeneko herrixkan zegoen komuna autogestionatu bati eraso zioten goizeko ordu txikitan, eta zortzi gazte atxilotu zituzten. sncfren aurkako hainbat sabotaje ekintza leporatu, eta inolako frogarik gabe kartzelatu zituzten, «terroristak»
zirelakoan. Akusazioa justifikatzeko, euren bizimoduaren xehetasunak eman zituzten, gauza arras susmagarriak: komuna moduko bat osatzen zuten Frantziako ipurtzuloan –Tarnacen!–, azenarioak landatzen zituzten, herra zieten telefono mugikorrei, halako edo holako manifestaziotan parte hartu zuten… Hitz batean, sistemaren morrontzatik libre-edo bizi ziren, eta horrek, terroristak zirela frogatzeaz gain, kartzelatzeko beharra azaltzen zuen. Haietako bati, taldeko burua omen zen Julien Coupat izenekoari, eskuartean daukazun L’insurrection qui vient saiakera idatzi izana ere egotzi zioten.
Komunikabideek, aurreneko egunetan, Barne Ministerioaren bertsioa ontzat ematearen ohiko aldapa ibili zuten (Libération egunkariaren azaroaren 12ko titularra: L’ultra-gauche dérraille), baina senitartekoen mobilizazioei esker eta, batez ere, froga gabezia nabarmenengatik, harrotuz joan ziren hautsak, hainbeste non Alliot-Marie anderea eta bere oinpekoak (edo alderantziz?) ipurdi-bistan geratu baitzen.
Testuinguru horretan, hainbat pentsalarik manifestu bat plazaratu zuten, Non à l’ordre nouveau izenekoa. Tartean ziren Alain Badiou (Heldu den matxinadak asko zor dio Badiouri), eta ezker ko herentea osatzen duten beste hainbat: Jacques ancière, Daniel Bensaïd, Slavoj Zizek, Giorgio Agamben, Jean-Luc Nancy… Manifestu honek ere eragin zuen bere polemika, Alain Brossaten Touscoupat! saiotxoan mamitu zena. Manifestuaren epelkeriak espantatu zuen Brossat, nolabait, estatu demokratikoaren alde, eta salbuespen eta
basakeriaren aurka egiten zuelako, salbuespena eta basakeria horiek demokraziaren berezko elementuak izango ez balira bezala.
Bestetik, baina zentzu berean, akusatuen errugabetasuna azpimarratzea deitoratzen zuen, (ohiko kalaka homologatzailea), alegia, elkartasun politikoa, ideologikoa eta filosofikoa faltan hartzen.
Hartara guztiok errudun! aldarria. Irakasleek huts egin digute –zioen–. «Argi eta garbi esan behar da –eransten zuen–: askatasun publikoen degradazioak, salbuespen erregimenaren ugalketak, hauxe eragiten du: horrela eta jende horrek gobernatuta izateari uko egiten dion oro ilegaltasunean kokatua izatea, eta modu kontsekuentean erreprimitua. Horra Tarnac aferaren lehen ikasgaia: ez dela hutsegite bat, abusu bat, baizik eta arau berri honen zorroztasunaren agerpen bat».
Ondorioztatzeko, orobat, euskaldunok hamaika bider ondorioztatu duguna, alegia, gure gobernatzaileen hiztegi eta eskemak balioztatzeak gobernu horrexek arau legitimo gisa ezarri dituen eta salbuespen egoera elikatzen duten arauak onartzearen hasiera baino ez dela. Humberto Ecoren Arrosaren izena eleberrian bezala, mingaina zikintzen duenak barrunbeak ere pozoitzen ditu.
Zer geratzen da zalaparta guzti hartatik? Gauza handirik ez, egia esatera. Baina inork erantzun badio egungo krisi ekonomiko ospetsuari, inork hartu badu haustura agerrarazteko ardura (eta orain ez bada unea, noiz izango da?), aitortu beharra dago, ezker klasikoa baino, liburu honetan formulatzen den erresistentzia subjektibotasun «berri» horren protagonistak izan dira. Heldu den matxinadak azalarazitako paradigma izan da Greziako kaleak hartu dituena, «edo zuek edo gu» guda-oihua ahotan eta, batez ere, asmo bera ekintzetan.
Izan ere, «ez du balio itxoiteak –argitzea, iraultza, apokalipsi nuklearra edo zeinahi mugimendu sozial–. Itxoiten jarraitzea erokeria da. Katastrofea ez da datorrena, hemen duguna baizik.
Zibilizazio baten erorketaren baitan gaude honezkero. Erabaki bat hartzeko unea iritsi da. (…) Ezerk ez dirudi matxinada bat baino gertagaitzago, baina ezer ez da beharrezkoago».

Zigor Garro Perez
Fresnes, 2010eko uztaila.

Share

Iruzkinak