Mikel Ibarguren, Euskadiz eta sariez

2011, 22 azaroa

>> gara.net: Euskadiz eta sariez

Mikel Ibarguren

Lege guztien gainetik eta dogma guztien azpitik, ordea, elefante zuririk nahi ez duen idazleak gure literatura literaturago bihurtu du, guztion gozagarrirako

Literatura ez dela zeru platonikoa esan zuen Ander Iturriotzek elkarrizketa batean, botere esparrua baizik. Jon Alonsok, Euskadi sariak direla medio, kritika mamitsua egin zuen bere garaian eta «Utikan Euskadi Sariak» sinatu zuen idazle taldeak sarion gardentasun eza salatu zuen agiri batez. Aurten Sarrionandiari gertatua azken katebegia baino ez da izan, eta diru saria emango dioten ala ez laster jakingo dugun arren, franchement, sariok eman duten itxura tamalgarria izan da eta batek jada ez daki zer pentsatu. Izan ere, urterik urte ez da polemikarik falta izan, eta horrelako jokabidearekin -zer nahi duzue ba esatea- behe-laino artean bezala sentitu naiz, egia esatera. Azal guztiek bere mamia duten legez, kritika hauek bere mamia badutela argi gelditu da. Lehenaz gain, orain, demokrata ere -horra hitz sortzez garbia- izan behar dela ebatzi baitute Jaurlaritzako apopilo berriek, eta idazle sarituari -horra esperpentoa- dirua ukatu diote birgizarteratzen den arte edota justiziarekin -horra eufemismoa- zorrak kitatzen dituen arte.

Zinez, agintarien eskizofrenia eta hitzen tonua kezkatzekoak izan dira. Nik dakidala, ez da inoiz nehoren ideologiarik, norabide politikorik edo bestelako motibaziorik epaitu. Are, izan liteke norbait pertsona gorrotagarria, politikoki ez zuzena edo nahi dena baina idazle ona. Orduan, zergatik saritu dute «Moroak gara behelaino artean?» liburua eta zigortu Sarrionandia? Edo nahi bada, zergatik saritu dute Sarri idazlea eta zigortu Sarriren ibilbidea? Nola jaten da hori? Literaturaz ala norbanakoez ari gara?

Aldez edo moldez, gailentasun moraletik hitz egiten ohituak direnen ahotik baino ez dira entzuten horrelakoak, baina erakutsi duten mediokritatea sekulakoa da.

Dena den, ez dakit Euskadi sari horiez gain, Euskadiko instituzioek euskal literaturaren (diskurtsoetako apaingarriez gain) berri ba ote duten. Oro har, erdal kulturen menpe ez ezik, geure ahulezia eta konplexuen menpe ez ote gauden. Sari hauek (egiten diren moduan) horixe erakusten baitute, nire ustez. Zein dira bestela gure literaturgintzaren xedeak, erronkak, mamuak ala damuak? Nori interesatzen zaio euskal literatura? Zein da honen geroa? Eta ikusitakoak ikusita, ezer gertatu ez balitz bezala egiten jarraitu behar al dugu? Finean, gure kulturgintza ez al dago ajeak jota? Galdetzen dut, besterik gabe.

Nahikoa idatzi da, bai, Sarrionandiari buruz. Eta ez hainbeste bere obraz. Alta, Sarrik irakurleriari partikularki, baina baita herritar askoren imajinarioari ere egindako ekarria ukaezina da. Nolabaiteko ez-lekutik belaunaldi askorengan izan duen eraginak hala erakusten du. «Kartzelako poemak» edizio berritua dugu horren lekuko. Duen dimentsio humano eta heterodoxoarekin literatura dialogo sokratikoaren parte imajinatzen du, dogmarik eta legerik gabe, «hAUSnART» aldizkarian aitortu bezala. Baina, paradoxikoki, legearen dogma gailendu zaio idazleari.

Lege guztien gainetik eta dogma guztien azpitik, ordea, elefante zuririk nahi ez duen idazleak gure literatura literaturago bihurtu du, guztion gozagarrirako.

Hau da bere ondasun guztia. Gure ondasun guztia.

Share

Iruzkinak