“Kartzelako poemak” liburuaren edizio berria
2011, 4 azaroa
Susa argitaletxeak Joseba Sarrionandiaren “Kartzelako poemak” liburuaren edizio berria argitaratu du.
KARTZELAKO POEMAK liburua 1992an argitaratu zuen Joseba Sarrionandiak lehen aldiz, duela 19 urte. Edizio berritu honetan idazleak gaurko grafiara aldatu ditu poema guztiak, eta sei poema gehiago txertatu ditu.
Liburuaren edizio berritua aurkezteko ERREZITALDIA egingo dute bost idazlek Doka kafe antzokian: Joxemari Iturraldek, Jon Benitok, Mikel Etxaburuk, Oier Guillanek eta Jose Luis Otamendik.
KARTZELAKO POEMAK liburuak bi atal nagusi ditu:
–luzeena “Kartzelako poemak 1980-1985” da; kartzelan igarotako garaian idatzi poemak biltzen ditu.
–laburragoa da “Post-scriptum” atala, Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu ondoren idatzitakoak dira, bizirik zuen esperientziaren ondokoak (azken poemaren data 1991koa da).
Edizio berri honen azalaren egilea Lander Garro da.
Liburuaren hitzaurre berria Jose Luis Otamendik idatzi du. Hauxe:
EZIKUSIA EGIN OTE DAKIOKE ITSASOARI?
Ezikusia egin ote dakioke itsasoari? Haren aditzerarik ez baduzu, denik ere ez badakizu, agian; bestela nekez. Liburu honetan sartzen den irakurlea itsasoan murgilduko da. Aspaldiko itsaso berritu batean.
Zilegi bekit itsasoaren metafora hitzaurre honekin hasteko, itsasoa baita, aurrerago gogoratuko dugunez, Joseba Sarrionandiak hemen usuen darabiltzan sinbolo eta motiboetako bat.
Duela 19 urte, 1992ko urrian kaleratu zen estreina Kartzelako poemak, beste koska nabari bat ezarriz euskal poesian. Kartzelako poemak dira, ez besterik. Egilea preso egon zen aldian idatzitako poema sorta mardula du ardatza, eta ihes saioa arrakastaz burutu ondoren espetxeari buruz eta han utzitakoez idatzitako beste zenbait poemarekin osatzen da bilduma. Batasun tematiko harrigarrian.
2011ko edizio honi gaurko begia eta eskua ezarri dizkio poetak, eguneratu egin dira testuak eta orain arte argitaratu gabeko sei poema datoz osoa zena osatzera.Lehen lerrotik aipatu nahi izan dut itsasoa, liburuaren zabaltasun eta sakontasun anitza adierazteko asmoz aurrena —unibertso hondar gabe bat—, eta hurrena, berriz, bide ematen didalako hainbat alderdi ikuskatu eta haietaz hitz egiteko.
Itsasoak badu memoria,
badu beste itsasoen berri
Kate luze baten hondarrek, harri bolek eta haitzek dakarte liburu hau datorren hegira. Asko dira antzeman daitezkeen tradizio poetikoak, iturri ugaritatik bildutakoak dira entzun daitezkeen oihartzunak.
Batetik, Kartzelako poemak espetxeko euskal literaturaren tradizio aspaldikoan eta berriagoan txertatzen da, baina, bestetik, munduko literaturaren ur handietan ere txairo dabilelakoan nago.
Badakigu ziega euskal literaturaren mintegi emankorra izan dena poesia idatziaren hastapenetik, eta badakigu joera horretan ez dela erabateko etenik gertatu egundaino. Kartzela hor egon da beti, euskaldunarentzat abegikor, sartzeko ateak zabalik. Eta, esan gabe doa, gaur egun ere badirela idazle euskaldunak preso.
Giltzapean edo giltzapeaz ale zoragarriak utzi zizkiguten Etxeparek, Amenduxek, Iztuetak, Bordaxurik, Etxahunek… zeinek bere mendean, eta tradizio klasiko horren oihartzunek isla badute orri hauetan. Galerianoaren edo urkamendiko bertsokera, edo erromantzeen irudi eta sentimenduen mundua oroitarazten duen lirikotasun eta epika mindua ere ageri da. Maitemina, oroimina, herrimina kantuz eman beste aukerarik ez dagoela dirudi batzuetan, etxeko musika dakarte bertsoen doinuek, koplen lelo errepikakorrek haurtzaro mitikora garamatzate, edo urrunagora oraindik.
Baina tradizio modernoaz ere ari garenez Xabier Amurizak edo Gotzon Alemanek ezarritako lehen urrats haien oinarri garrantzitsuari esker, Joseba Sarrionandiaren lan hau erreferente gotorra da euskal poesia garaikidean eta espetxeko literaturan. Gainera, liburu honek espetxeko literaturako lan zeharo nabarmenak argitaratu dituzten Mikel Ibarguren, Xabier Izaga, Urtzi Zubizarreta edo Mikel Etxaburu poeten ekinari bidea zabaldu zienik ezin uka.
Hala ere, esan dugu, gure poesiaren putzua ez da etxeko harraskan errenditzen, munduari begira bizi da, eta handik eta hemendik ito izan du egarria. Munduan barrena eta denboran zehar izan diren hamaika poesia moldek isla gardena daukate testuotan: klasizismo latinoaren ukituak sumatuko ditugu, elezahar eta tradizio arturikoaren bristadak han-hemen, Txinako poesiaren edo Japoniako haikuen lilurak joko gaitu deblauki…
Gauzak multzotan ipintzeak ulerbideak errazten dituelako ustean, hesiak jarri eta itsasoak lotzea maite dugu. Horrenbestez, arestian aipatutakoez gain badago beste eremu bat ere, liburu honentzat neurri-neurrira egina bezala dakusaguna. Sailkatzen hasita, Kartzelako poemak munduko kartzelako poesiaren itsaso zabalean marraztutako uberetako bat da. Hori aipatu orduko, langintza horretan Iurretakoaren kideko eginda, idazle saila datorkit gogora: Oscar Wilde, Paul Verlaine, Miguel Hernandez, Jean Cayrol, Ho Chi Minh, Roque Dalton, Wole Soyinka, Mahmud Darwish, Gloria Arenas Agis… eta horien arteko itsasketan.
Itsasoak zenbat aldarte hainbat ahots
Kantatzen duenaren ederrari ez doakio atzetik poetaren bizitza. Ideal erromantikoaren eta punk kulturaren zordun ere izan daiteke gorabehera hori nire iritzian. Banaezinak dira poetaren obra eta bizitza. Denok amestu dugu geure Itaka inoiz, baina batzuk itsasoak aurrera abiatu ziren ausarki utopiaren bila. Eta preso erori den poetarentzat poesia libre izaten jarraitzeko zinezko modu bat da.
Sarrionandiak kartzelako egunerokotasun hertsagarritik abiatuta idazten du. Esperientzia pertsonaletik hitz egiten hasi, norbere mugak gainditu eta munduarentzat mezu bat ondu du. Ezin dira bereizi deskripzio objektiboak eta ondorio subjektiboak, gorputz bereko hezurra eta mamia dira nola sinboloak hala deskribapenak. Unean-unean bizi dituenak (isolamendua, nostalgia, zaindaritza zorrotza, gose grebak…) transzenditzeko gaitasun miragarriak, poetaren hitzak esperientzia humano unibertsalaren ondarearekin uztartzera daramatza. Hala, poeta, tribuko aztia ez bada, tribuaren eledun bilakatzen da gutxienik. Hunkitzen gaituzten, ulertzen ditugun irudiak eta egoerak hautatzen daki, gutaz mintzo diren sinboloetan islatuta ageri gara, gure egiak, gure ezinak, gure grinak…Tarte batez haren ahotik hartzen du arnasa itsasoak.
Urondoan dira zelaiak eta malkarrak
Espetxea dugu poema gehienen gertaleku, sasia bestela. Eta ziega eta giltzapeko mundua bizitzaren ifrentzu moduan azaltzen dira. Bizitzaren karelean ageri da kartzela, ekidin gaitza da elkarren kontrako talka. Borroka baten parte bilakatu da eguneroko gauza txikienen mekanika: irakurtzea, idaztea, lagun artea, bisitak hartzea…
Sokatira gordin horretan eusteko, ordea, kemena eta gertukoan babesaz gainera, umorea eta bizi-poza gauza oso beharrak dira. Carpe diem delakoa, egunean egunekoari ekiteko aldarria, ez da ahoberokeria bizitzaren alargun bilakatu nahi duten presoarentzat.
Harritzekoa ere ez da, beraz, dialektikaz baliatzea. Aurrez aurre dauden indarrak, sentimendu kontrajarriak eta kontraste jokoak erabili ditu egileak, nahiaren eta ezinaren, errealitatearen eta desioaren arteko leizea nabarmentzeko. Kultismoa eta herri-tradizioa, etxeko su-bazterra eta kosmopolitismoa eskutik helduta dabiltza.
Eta mezuen aldetik ere halatsu. Maitasun eta gogoeta barnekoi eta partikularrenekin batera, borroka kolektibo bati loturikoak aurkituko ditugu. Ez gara bakarrik ari, presoak zerbait handiagoren parte ikusten du bere burua, eta hori onartzen bada, erresistentziaren baloreak transmititzeak garrantzi berezia hartzen du. Borroka militantearen on-gaitzei erreparatzeak, berriz, hausnarketa sakonagoentzat bidea ematen du: poesiaren mugak zein diren, eustearen garrantzia, etika iraultzaile baten zerak.
Hari horietatik tiraka, nonahi azaltzen dira gai ezatseginen muturrak (suizidioa, tortura, borroka moduak…) zintzotasun iraultzailearen mende jarririk. Zehar haizeak bezala borrokaren inguruko kezka etikoak behin eta berriz urratzen du segurantzia erosoen azalean laketzeko arriskua. Inon egiarik bada, egia hori erlatiboa izango da; printzipio sendorik badago, printzipio horiek antidogmatikoak behar dute, jendetasun humano eta zabalean.
Berez kartzelak leku aproposa ematen du estereotipo zurrun edo heroikoetan jausteko, baina presoaren irudia eta bere sentimenduak pertsonaren neurri doietara ekartzeko ahalegin kontzientea dago hemen.
Darabiltzan gaietan eta emandako erantzunetan belaunaldi baten erretratu gardena begitantzen zait liburu hau poema askotan: hartutako deliberoak, egindako juzkuak, asmatu eta erratutako bideak. Zurrunbiloak, ur loak…
Ortziko formak erakusten ditu ur gainak
Darabilen tresneria estilistikoarekin maisuki jokatzen daki Sarrionandiak, beti ere emozio estetikoaren pentzura. Planoen, irudien edo esanahien kontrasteen bitartez, metafora eta konparazio joko joriak lagun hartuta, ebokaziorako eta enpatiarako gaitasun ikaragarria erakusten du. Pentsamenduaren sakonak, esanahiaren askotarikoak, kontzeptu abstraktu eta deskribapen xeheenen arteko gurutzaketak liluramendu halako batean harrapatzen du askotan irakurlea.
Kontzeptu edo ideia nagusiak definitzen direnean, bigarren zentzu bat daukate ia beti, sinboloaren, alegoriaren edo parabolaren estalkiaren baitan emanak. Berdin dio denboraz ari garen, kartzelaz, urtaroez, hegaztiez edo beste zernahiri buruz. Hori bai, behin definizio, metafora, sententzia edo esamolde horien giltzaz jabetuz gero, hunkidura eta plazer estetikoaren ukaldia saihesten zaila da.
Paradoxa bikainek gogoetarako deia eta barre-iritzia eragin ditzakete gugan, biak batera. Kartzelaren izatasunaren irudia osatze aldera, espetxeko fauna edo fantasiak sortutako ikuskari edo irudipenak ez dira bazterrera uztekoak. Poemen izenburuek, bestalde, egiteko argigarria daukate, batzuetan amu eta inoiz aingura, beti ematen baitute gaiaren arrasto garbia.
Denbora eta itsasoa dira liburuaren ardatz nagusi bi. Maila errealean edo maila sinbolikoan izan, bi horien artean txirikorda daiteke ederki asko gure bizitza.
Funtsean denboraren makinak baino beste ezer bagaren ez dakigularik, ez dakioke denborari ezikusia egin. Eta ez dirudi erraza bizi garen gure aldiaren galernatik onik ateratzea inor. Ia ezinbestez gertatzen da maiz leit motiv nagusi denbora, kartzelan idatzitako poesian.
Presoari kasik bahituran jarri diote bizitza, eta literatura baliatzen du gauza garrantzitsuak adierazteko. Haurtzaroko argazki bat da aski, denboran barrena txangoa egiteko, historiaren erroak zertan diren ikusarazi eta gaur egun zertara etorri diren jabetu, eta bihar-etzietan zer nolako fruitua eman dezaketen antzemateko. Soziologia poetiko eta afektibo bat.
Egileak, hala irizten dionean, teknika narratiboak poesiaren zerbitzura jartzen daki, tentsio dramatikoa eragiteko hor, sentimenduen klimaxa sortzeko aurrerago. Elementuen metatzeak edo doi-doi graduatzeak ondorio estetikoak trinkotzea dakarte.
Itsasoa ere nonahi ageri da. Berriaren eta iraunkortasunaren eredu izaki, bidaiaren, borrokaren eta askatasunaren plaza da. Baina sinbolo edo parabola gisa ulertuta, ezin konta ahala ideia iradoki diezazkiguke: nostalgia, memoria, bizitza, kartzela… Hainbeste gauza da itsasoa, hain da zabala, hainbeste dira bere doinuak eta kantuak, hain dator aspalditik eta hain urrunera joateko luzatzen digu eskua… Libertatea eta ekaitza da, itxaropena eta beldurra.
Halako batean, itsasoak berriz ere abiatu ginen puntura ekarriko gaitu, baina, noski, inor ez gara izango hasi gineneko hartan ginenak. Denok ordainduko dugu egin dugun osteragatik geure bahia: onurak, galerak eta, oroz gainetik, eskarmentua esaten zaion hori.
Itsasoa eta denbora kiribilka doaz aitzina, bizitza bezala. Borroka ere ziklikoa da, dena aldi bakoitzean berritu egiten da, hutsetik hasi beharra dago berriz, baina hasiera bakoitza ez da behin baino hasten. Errepika ezintasunak gauzekiko distantzia dakar nahitaez, galera sentimendua, eta horiei estu-estu itsatsita zirrikitua ireki nahiko dute nostalgiak eta malenkoniak.
Beti dago, ordea, kartzelako logika eta larderia itsuari ihes egiteko modua etsian amildu gabe. Presoak beste mundu batzuk asma ditzake, bere burua itotzen duen denboratik eta lekutik ateraz. Libertatea dastatzeko eta makur larriei izkin egiteko harrigarrizko lanabes hori, jakina, ez da literatura beste ezer. Hitzen kresal hegalaria.
Itsasoko izaki ez gara
Itzelezko errekurtso eta erregistro aniztasunarekin jokatu du Joseba Sarrionandiak Kartzelako poemak osatzeko. Hala ere, aberastasun eta oparotasun horrek ez dio liburuaren batasunari kalterik ekarri, alderantziz baizik. Bati baino gehiagori erraz sortuko zaio, agian, itsasketa zail eta arriskuz bete baten nabigazio liburua eman digula egileak, bitakora kaiera bat dela azken beltzean poema sorta hau.
Orain ikusita ez zaigu bururatzen ahal, kartzelako poema hauek beste era batera osa zitezkeenik. Liburu honen nortasunaren marketako bat horixe baita, neurri, tonu, kolore askotasuna, itsasoaren beiratean bezala. Modernitatearen hondarreko ezaugarri iruditzen zaizkit guztiak ere.
Kartzelako poemak aurrena kaleratu zenetik, bestalde, jendarteratze prozesu azkarra nozitu du. Poesia, batzuetan, egia berriak agerrarazteko gai izaten da, eta beste zenbaitetan gure baitan sentimendu berriak sortzea lortzen du. Oso bakan bada ere, inoiz edo behin gerta liteke harri bakar batek jotzea bi txoriok.
Poema hauek zainera egiten dute artez, kartzelaren muina erakusten digute, baina kartzelako ilunbista luzaz gainditzen duten esperientzia humano askoren kriseilu itsugarri dira.
Gainera, liburuko hainbat testu herri honen imajinario kolektiboaren parte bilakatu dira. Izan ere, urteotan musikari askok (Mikel Laboa, Imanol Larzabal, Ruper Ordorika, Mikel Markez, Bittor Aiape, Deabruak Teilatuetan, Dantzut, Naun…) poema hauetara jo izan du, mezuok doinuz betikotu eta herriaren gogo-bihotzetan irarrita lagatzeko.
Klasiko baten aurrean gaude, eta ezer nekez bihurtuko da klasiko, ez bada bere garaiari hertsiki lotua sortu. Pertsonaren lana sarritan sasiaren edo lizunaren mende ahitzen da denboragarrenean. Hala ere, beste zenbait lan denborak indartu egiten ditu, sendo irauten du, tantai, tente.
Kartzelak, bestetik, beti dirudi uzkur euskaldunekin ahazteko, eta zorionez literaturaren indarra ez da suntsitu oraino. Horra gurean, ez kartzela eta ez poemak ez ahazteko berme bi.
Ez dago jakiterik garaikidetasunaren adina zein den, noiz iraungitzen den literatur lan bat, hitza noiz hasten den higatzen, esanahia edo edertasuna galtzen. Ezer betiko ez dela onartuta ere, egingo nuke liburu honek guztizko gaurkotasuna duela, eta, beharbada, puska baterako biharkotasuna ere bai. Egungo jendeari esandako poemak dira.
Bizia itsasoan sortu zela aski kontu onartua da, baina gu lehorrekoak gara. Harenganako zorra eta maitasuna aitortuagatik ez gatoz itsasotik. Pertsonok itsasoak asmatzeko eta amesteko gaitasuna garatu dugu ordea.
Liburu honetan itsaso bat daukazu aukeran. Sartu edo ez, eta sartzeko erak, zeuk hauta.
Jose Luis Otamendi