Joseba Sarrionandiaren “Moroak gara behelaino artean?” 2011ko Literaturako Euskadi Saria

2011, 3 urria

>> kazeta.info: Eusko Jaurlaritza Joseba Sarrionandiari emandako Euskadi Literatur Saria bahitzeko prest

Joseba Sarrionandiari egokitu zaio aurtengo Euskadi Literatur saria saiakeraren arloan. Hala jakinarazi du azken urteotan ika-mika dezente eman duen sari hori ematen duen epamahaiak. Prentsa-ohar batean azaldu duenez, “Moroak gara behelaino artean?” liburuagatik saritu du 1985az geroztik erbestean bizi den idazlea. Eusko Jaurlaritzak ez dagoela ados erabakiarekin erran eta sariaren dirua “saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregulatu artean” atxiki egingo duela iragarri du.

Epamahaiaren askatasuna eta idazlearen literatur balioa ez dituela zalantzan jarri esan badu ere, Eusko Jaurlaritzak Joseba Sarrionandia idazleari emandako sariari oztopoak ezartzeko asmoa argi eta garbi utzi du.

“Eusko Jaurlaritzak, legea betetzeko eta terrorismoa irmoki arbuiatzeko daukan konpromisoarekiko koherentziaz, oztopo larriak ditu berak babesten eta diruz hornitzen duen saria horrelako pertsona bati eman dakion, hau da, ETA organizazio terroristako kide izateagatik kondenatua izan den, kartzelatik ihes egin duen, 1985az geroz leku ezezagunean den eta bere militantziaz sekula damutu ez den pertsona bati” azaldu du Jaurlaritzak prentsa-ohar baten bidez.

Are, “saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregulatu artean” sariaren dirua atxiki egingo duela gaineratu du.

Bistan dena, Euskadi Literatur Saria Sarrionandiari eman izanak soka luzea ekarriko du. Alde batetik, Euskal Herrian giro politiko berria bizi da eta, testuinguru horretan, keinu bat bezala ikus daiteke -uste anitzetako atzerapenarekin bada ere- Sarrionaindiari emandako saria.

Izan ere, aitzat hartu behar da, bestalde, Euskadi Literatura Saria ataka larrian dagoela. 2006az geroztik zonbait euskal idazlek eta itzultzailekkritika gogorrak egin dizkiote sariari. Hausnarketa horretatik 2007ko otsailaren 16an “Utikan Euskadi Sariak” agiria aurkeztu zuten Donostian.

>> sustatu.com: Joseba Sarrionandiarentzako Euskadi Sariak eman du jada zer komentatu
>> gara.net: Epaia «onartu» arren, Lakuak ez du Sarrionandia diruz saritu nahi

Share

Iruzkinak