In Fraganti: Mikel Etxaburu

2011, 20 ekaina

>> gaur8: In Fraganti: Mikel Etxaburu

Preso eraman zuten, baina ziega ilun eta hotzean askatasuna arnasteko zirrikituak aurkitu zituen, poesia bide hartuta. Bere burua ez du idazletzat jotzen, baina “Zu zara orain txoria” argitaratu berri du, kartzelan, maitasunean eta utopian oinarritutako olerki bilduma.

Oihana Llorente

Kartzelariek ematen zizkioten edalontzietan itsasoa, eta sabai hezeetan konstelazioak bilatzen zituen bitartean, makina bat olerki idatzi zituen Mikel Etxaburuk. Bere burua ez du idazletzat jotzen, baina «Zu zara orain txoria» liburua argitaratu berri du, espetxean gatibu emandako bi urteetan ondutako olerkiekin. Martxoan erditu zuen Elkar argitaletxeak Etxabururen lehen obra eta, egun, liburua aurkezten eta errezitaldiak antolatzen dihardu.

Ondarroako arrantzale familia bateko semea da Etxaburu eta, bizitokia Bilbon duen arren, astebururo ihes egiten du, herriminak hala aginduta. Maisu eta euskal filologia ikasketak egin zituen eta bere herri kutuneko arrantzaleen lexikoa zein toponimia aztertuz eskuratu zuen doktoretza. Orain, HUHEZIn egiten du lan, etorkizuneko irakasleak hezten.

Literaturarekin harreman estua du ondarrutarrak. Gaztetatik du idazteko zaletasuna, baina kartzelako egonaldian atera zion atarramentu handiena afizioari. 2008ko otsailean hartu zuten preso, beste 13 euskal herritarrekin batera, Batasunako mahai nazionaleko kide izatea egotzita, eta ia bi urtez atxiki dute gatibu, Madrilgo Soto del Realeko eta Alcalako espetxeetan.

Kartzelan zer edo zer ezinbestekoa bada, denboraren antolamendua ahal den estuena izatea dela dio ziur. Horixe da espetxetik atera duen irakaspen nagusia eta, eguna antolatu ezean, gauek eta egunek amaierarik ez dutela aitortu digu; «hormen atzean, orduak bete egin behar dira, gogor egin behar zaio buruari eta norberaren bizi-plangintza edukitzea beharrezkoa da», gehitu du.

Idazteko diziplina gogorra ezarri zion bere buruari, preso hartu eta berehala. Lehen olerkiak ere di-da ikusi zuen argia, lehenengo egunean idatzi baitzuen liburuan «Berandu» goiburuarekin aurki daitekeen poema.

Egunero, orduak eta orduak eskaintzen zizkion idazteari, nahiz eta, aitortu moduan, baziren ezer idazten ez zuen egun eta asteak; «Egunak eman nitzakeen gora begira ezer idatzi gabe eta, gero, bat-batean, olerkia goitik behera atera zitekeen, aldaketa beharrik gabe» dio. Ekarpen literariorik gabeko egunetan ere buruari bueltaka «gustura» aritzen zela ametitu du, izan ere, zenbat eta gusturago egon, orduan eta azkarrago joaten omen da denbora. Kartzelako denbora desberdina da Etxabururen begietara, eta beste era batera neurtzen dela mahaigaineratu du: «Batzuek patioan emandako urratsen arabera neurtzen dute, beste batzuek ezarritako betebeharren arabera; edonola ere, zenbatu behar da».

Idazteaz gainera, beste bi eginbehar ezarri zizkion bere buruari Etxaburuk: Filosofia ikasketak egitea eta arabiera ikastea. Filosofia karrerako lehenengo bi ikasturteak egin zituen ondarrutarrak eta lortutako arabiera maila ere ez zen nolanahikoa izan. Preso arrunt bat izan zuen arabiera irakasle: «Gerria erabat minduta zuen hark eta, nire masajeen ordainetan, arabiera irakasten zidan egunero bi orduz». Klase orduez gainera, ziegako ispiluaren aurrean orduak eman zituen Etxaburuk, arabierak berezkoak dituen soinu guturalak entseatzen.

Olerkiez gainera, eskutitzak ere idazten zituen preso ondarrutarrak. Ez, ordea, haren lagun, senide eta herrikideei. «Kartzelan eman nuen denboran ez nintzen batere gutun zalea izan, baina orain, idatzitako olerki bakoitza gutun bat zela ohartzen naiz, inori igorri ez nion gutuna», azaldu du.

Senideen postontzietara Etxabururen gutunik iritsi ez bazen ere, bospasei emakumerekin izan zuen gutun bidezko maitasun harremana. Kartzelan badira idazten eta irakurtzen ez dakiten herritarrak eta preso arrunt horien enkarguz euren emazte ala neskalagunei idazteri ekin zion preso politikoak, atsegin handiz, gainera. «Triangelu berezi bat sortzen zen hiruron artean, hirurok genekien gezurra zela, baina hain zen gezur atsegina. Nork ez du atsegin postariak bere bikotekidearen maitasun gutun bat ekartzea?», galdetu du. Etxaburu askatu ondoren, badira bere falta sumatu dutenak, gutunen hartzaileak ziren emakumeak, bereziki.

Orain gutxi jakin dunenez, idatzitako maitasun hitzak sarituak izan dira. Preso arrunt horietako batek Etxaburuk idatzitako gutun bat lehiaketa batera igorri zuen eta irabazle suertatu zen. «Asko poztu nintzen berria jakin nuenean, eskutitza berea zen eta jasotako sosak pekuliorako ondo baino hobeto etorriko zitzaizkion», esan du.

Etxabururen ustez, poesiaren gakoa ohituran datza, bere buruari ezarritako errutina eta diziplinan. Espetxean emandako denbora ondo baino hobeto antolatuta zuen eta eguneko ordu antzekoetan jartzen zen egunero paper zuriaren aurrean; «bilatzen badugu, etorriko da, hori seguru», dio. Orain, ume jaioberri baten aita da eta ordutegiak erabat aztoratu dizkio bere txikiak. Hortaz, gaur egun, konplikatua du idazteko errutina ezartzea.

Gutunik igorri ez bazuen ere, askatasuna berreskuratuta, senide eta lagunei irakurri zizkien findutako olerkiak; «errezitatu nituenean, poemekin asmatu nuela ohartu nintzen, eragin zuzena zutela nire ingurukoengan». Olerkiak poliki-poliki zabaltzen joan ziren, Elkar argitaletxearen eskuetara iritsi arte.

Martxoan argitaratu zuten liburua eta hiru atalez osatua dago: ez-lekuak, leku pribatuak eta leku posibleak. Ez-lekuez ari denean, kartzelaz ari da Etxaburu, bertan zegoela idatzi zituen poema gehienak eta horrek, nola ez, liburua baldintzatu du. Haatik, kartzelatik trantsizio bat egin du Etxaburuk, bere barruraino lehenengo eta, bertatik, utopiara. «Nire barruan bilatu dut eta bertatik herri berri batera, nire itxaropenetara, nire konpromisoetara egin dut bidaia», azaldu du.

«Zu zara orain txoria» liburuari oso intimoa deritzo Etxaburuk, barru-barrutik idatzitakoa. Dotore-ustea dela esan diotenak ere badaude eta argitaratzeko orduan zalantza franko izan zituela aitortu digu. «Horren aurrean, ordea, bi aukera nituen, sentitzen nuenaz lotsatzea ala errebindikatzea, eta bigarrena egin nuen, nola ez», esan du harro.

Etxaburuk ez du bere burua idazle kontsideratzen, hori lehentasun kontua dela uste baitu: «Idazle baten lehentasunak idaztea beharko luke eta nirea ez da hori, nirea, utopiaren alde egitea da». Poesia bere nahi eta beharrak bideratzeko, transmititzeko edo komunikatzeko modu gisa ikusten du Ondarroako bizilagunak. «Ez banu transmititzeko ezer, ez nuke idatziko, nire lehentasunen zerbitzura dago poesia», dio ziur.

«Zu zara orain txoria» liburua ez da, bere autorearen arabera, ariketa literario sakona. Molde arina darabil, lausoa, erritmikoa, errepikapenetan oinarritutakoa eta bereziki irudietan. Horren adibide argia liburuari izenburua jartzen dion olerkia da. Preso kolonbiarrek, kurriloei jaten emateko, patiora ogi apurrak jaurtitzen zituzten egunero; Etxaburu ziega ilunean patiora begira zegoen egun batean, ordea, kurrilo horietako bat nahastu eta bere ziegaren barroteen bestaldean paratu zen. «Irudi horrek egoera inbertitu eta txoria ni nintzela erakutsi zidan, nire kontuak entzutera zetorren txoria nintzen ni», adierazi du.

Kartzelan idatzi ditu poemak, baina harresiak zeharkatu ditu, poesia bide hartuta. «Preso egonda, oso aske egon naiz; barruan egonda, kanpoaldeari idatzi diot», dio konfiantzaz. Epaiketa zain dago orain Etxaburu eta gerta daiteke kartzelara bueltatzea. Ez dio beldur espetxeari, ordea.

Ondarrutarraren aburuz, preso guztiek beren ametsen errealitatean esnatu nahiko lukete, eta ez ziega hotz edo ilunean. Etxabururen ikuspegitik, idaztea amestea bezalakoa da. «Idaztean, ez dago funtzionariorik, ez dago zigorrik hori kontrolatuko duenik. Kontrolaezinak gara eta horren jakitun izan behar dugu. Gatibatuko gaituzte, leku batean fisikoki geldi izango gaituzte, baina gure burua ezin dute gatibatu, hori da gure ametsa, gure aberria», esan du idazteak askatasun arnasa ematen dion preso ohiak.

Share

Iruzkinak