Jokin Urain: “Kirruliren oroimenez”
2011, 1 ekaina
Jokin Urain: “Kirruliren oroimenez“
KIRRULIren OROIMENEZ
Gaztela Berriko lurrak ahazteko adina denbora igarota, antzinako lekuak eta gorabeherak gogoratzea da Herrera de la Mancha aipatze soila. Gertaera mingarriak gogoratzea da batzutan memoria atzera egitea, mingarritik ere asko duelako historiak. Atzera begiratze horretan dago gure aldiko sakabanaketaren hasiera, duela hogeitik gora urtera… baina sakabanaketa ez da gauza amaitua, behin eta berriz berritzen dute erasoa baizik.
Egunkarien orripasan, badirudi jada ez dela ezer gertatzen, presoak ez gaituztela espetxez aldatzen orain. Esan liteke nekatu egin direla euskal presoon kartzela aldaketa guztien berri ematen, etsi egin dutela edo ez daki zer esan. Dispertsioak jarraitzen du, ordea; behin eta berriz aldatzen gaituzte espetxez orain ere, Euskal Herritik ahalik eta gehien urrunduz. Eta dispertsio politika horretan, Herrerara naramate.
Herrera de la Manchara, hainbeste urteren ondoren. Valdemoron topo egin dut kide batzuekin; horien artean Oier Zuñiga gaztea, Herrerara daramatena hau ere. Goizean abiatuta, bazkal ordurako iritsi gara. Sarreretako moduluan sar gaituzte, biok ziega berean.Leihotik begiratuta, Herrerak lehengo hormak eta barroteak, teilatu gorriak…ezagutu ditut, eta aurrez aurre hirugarren modulua. Ezinbesteak datoz oroimenera gertaera batzuen aztarrenak
– Hirugarren modulua du aurreko hau -esan diot Oierri-; hementxe hil zuen Kirruli, 1986an.
– Kirruli ? Nor zen Kirruli?
Hogeita lau urte ditu Oierrek, eta hogeita lau urte pasata daude Kirruli hil zenetik. Berau jaio aurreko kontuekin ari natzaio; ez da harritzekoa ez jakitea ezer. Baina geure Kolektiboko kidea zen Kirruli.
Hala ere, ez dut uste errua berea denik erabat. Gure transmisio lanean, gure bizipenen eta gure historiaren memoria ondorengoengana pasatzeko arduran, huts egin dugu beharbada. Bere garaian egunkariek jaso eta idatzi zutenaren baitan utzi dugu gure memoria, eta agian ez da harritzekoa 80. Hamarkada hartan jaio eta gaur gure kolektiboan daude 24-26 urteko gazteek ez jakitea nor zen Kirruli, edo nola hil zen, zer gertatu zen hemen , Herrera de la Mancha honetan.
Arratsaldean pasa gaituzte moduluetara. Laugarrenean sartu dute Oier, eta hirugarrenean ni. Hemen aurkitu ditut, besteak beste, Pakito Lujanbio eta Ander Errandonea, aurreko aldiz elkarrekin egon ginenetik hainbeste urte igaro ondoren. Labirinto madarikatua osatzen dute kartzelek, eta labirinto honetako pasabideetan topo egiten dugu batzuetan aspaldian elkar ikusi gabeko kide eta lagunok, eta kontu zahar edo berriez aritzeko baliatzen dugu goragunea.
1986ko ekainaren zortziko igande goizean, kontaketa egitean,hilik aurkitu zuten Joseba Asensio, “Kirruliâ€. Orduan Pakito berau ere hirugarren modulu honetan zegoela jakitun, egun hartakorik zer oroimen gordetzen dituen galdegin diot.
“Oso oroimen zehatzak batzukâ€, dio; “beste batzuk lanbrotsuagoak, ez hain argiak. Bezperan, larunbatean, bisita eguna izan zuten bizkaitarrek, eta, bisita ostean, patioan paseatzen ikusten dut Kirruliren irudia. Ordurako udaberritik udara zihoan eta eguraldia berotzen ari zen hemen. Txankleten antzeko narruzko sandalia batzukin, praka motxetan, patioan alde batera eta bestera, presook sarri ohi dugu paseoan ibili zen, bisitaren gorabeherak bergogoratzen, berbizitzen, dudarik gabe. Gogoan dut oso eguraldi ederra zela egun hartan. Hilabeteren batzuen buruan zigorra beteta kaleratzekoa zelakoan nago, eta horretan ere ilusioa handia zeukan dudarik gabe…Politika, kaleko gizarte giroa, oso modu aktiboan bizitzen zituen Kirrulik. Kaleratzean zer egingo zuen, zer egin zezakeen… Kezka horiek bazituen,..
Gipuzkoarrok hurrengo egunean, igandean, genuen bisita, eta bisita egunetako alaitasun punttu honekin jaiki, ahalik eta apainen prestatu eta patiora jaitsi ginen. Gogoan dut galeria ezberdinetan geundela; batzuk jangela aldetik jaisten ginen, eta besteak liburutegi aldetik. Orain gu gauden galeria honetan zegoen Kirruli. Kontua da gu patiora jaitsi eta gerora ere ez zela inor agertzen galeria honetatik; kartzeleroren batekin matrakaren bat zutela agian pentsatu genuen, eta ez genion garrantzia handirik eman.
Zenbait denborara, ordea, Busselo jaitsi zen galeria honetatik, eta oso goibel, burumakur jaitsi ere.
Zer gertatzen zen galdetu genion.
“Kirruli hilda dagoâ€, erantzun zigun.
“Zer esaten ari zara?â€, galdetu genion sineskoritz.
“Kirruli hil dela!†bota zigun berriro, bere onetik aterata.
Denok atera gintuen gure onetik gertaera hark; eguna bera puskatu zitzaigula esango nuke.
Bisitara joan ginen eta gogoratu uste dut iloba jaioberria ekarri zidatela aurreneko aldiz. Baina ezinezkoa zen bisita egunetako ohiko aldartea aurkitzea norbere baitan.
Egun hartan eguraldi txarra, lanbrotsua edo, egin zuela oroitu uste dut, baina memoriaren moldaketa izan daiteke, egun hartako geure tristuraren ondorioa alegia.â€
Guk, laugarren moduluan geundenok, bisitako lehen txandan edo pilaren baten bitartez jakingo genuen Kirrulirena. Ez dut zehazki gogoratzen. Harridura gogoratzen dut: “nola liteke!†“Baina zer gertatu da?â€.
Batzarra egin, zeuden berriak azaldu, eta zerbait egin behar zela proposatu genuen. Berrienok artean hilabeteren batzuk bakarrik generamanok batez ere, nahiko tematu ginen planteren bat egitearen alde. Baina lau modulutan banatuta egotea traba handia zen harremanerako eta denon artean zerbait adosteko.
“Guk ez geunden planteetarakoâ€, jarraitzen du Pakitok. “Burua jaso ezinik, elkarri begirada eta keinu tristeak eginez igaro genuen eguna. Batzarrak… bai, egin ziren. Baina beste ezeren aurretik zegoen guretzat, egun hartan behintzat, lagun hilari beila egitea. Beste moduluek baino hurbilago ere bageneukan, astunago zitzaigun beharbada gertaera hura…. Isiltasuna gogoratzen dut, gure arteko isiltasun hura.
Ezagutzen genuenon artean, moduluan berarekin geundenon artean, bazegoen gertatua sinetsi ezin bat ere. Futbolean eta aritu ohi zen, beste batzuen mailan. Sendagilearengana izana zen aurreko egun batean…Baina inork ez genuen uste gaixo zegoenik, are gutxiago larri egon zitekeenik. Eta, modu horretan, gauetik goizera hiltzea, zinez gogorra egin zitzaigun. Moduluko guztiontzat izan zen gogorra, baina bere betiko lagun minentzat eta berearen alboko ziegetan zeuden kideentzat bereziki gordina eta urragarria izango zen. Seguru nago bazituela hurrengo egunerako asmoak, eta agian kideren batekin hitzartua zen hau edo hori egiteko, hamaiketakoa elkarrekin egiteko edo zerbaitetaz hitz egiteko. Denok izaten ditugu biharamonerako plan txiki horiek, eta beharrezkoak zaizkigu aurrera jarraitzeko.
Alboko ziegako kideak, oker ez banago, berpizte saioak egin zizkion, besteren batek lagunduta. Baina ordurako berandu zen, oso berandu.
Bai, eraitsita utzi gintuen, eta isiltasuna hedatu zen gure artean. Keinu goibelak, keinu mutuak egiten genizkion elkarri. Heriotza, kide edo lagun batena denean batez ere, itogarria, beldurgarria da kartzelanâ€.
Kartzelako erdigunetik, zentrotik, bisita lekuetara bitarteko pasiloan ipini zuten Kirruliren gorpua, ikurrina gainean zuela. Moduluetatik taldeka atera ginen gorpua ikusi eta azken agurra egitera. Agur xumea izan zen, baina agur sentitua eta zintzoa dudarik gabe. Kirruliren inguruan egon ginen, zutik, otoitz isilean. Otoitz paganoa, nahi bada, baina otoitza azken batean. Zer besterik da ba azken agurra, bidean erori den kideari egiten zaio aintza eskaintza, batak eskaintzen dion pentsamendu isil, besteari barru-barruan puskatzen zaion negarra?
Kide hilotzaren aurrean, samina ezezik inpotentzia sentitzen duzu; inpotentzia eta amorrua. Kartzelan hil izanak badu desolazio kutsu bat ere, bakarkadearen zera hots hori. Zeu zauden horretxen moduko ziegan, hor alboan, hil da kidea, bakarrik… Inork ezin izan dio lagundu, inor ez zegoen bere ondoan azken ordu horretan. Horixe da kartzela, besteak beste. Kartzelak bai baitu ikusten ez den itzal ilun bat, eta itzal horretan dabil Herio kartzelako galeria hauetan haruntz eta honuntz, gaueko orduetan ere bere urratsak eta oinotsak kartzeleroen oinotsekin batuz.
Kartzela ez baita eraikin fisikoa bakarrik. Kartzela ez da hormak eta barroteak bakarrik. Horrez gain kartzeleroak daude, eta kartzeleroen oso antzekoak diren sendagileak, eta bakarkadea…Eta azkenean munstro bizidun bilakatzen da kartzela.
“Gogorra egin zitzaigun Kirrulirena, eta bere betiko lagunentzat gogorrago. Hemen talde handian egoteak lagundu zigun beharbada hura gainditzen eta aurrera egiten, bidean jarraitzen, baina batzuei gehiago kosta zitzaienâ€, dio Pakitok, eta horrela jarraitzen du: “Kirrulirena gertatu eta luzera gabe, ez dakit zehazki zenbat denborara, hauteskundeak izan ziren, Madrilgo Gorteetarakoak oker ez banago.
Afalondoan, jangelan geundela, telebista hasi zen hauteskunde emaitzak ematen. Oso emaitzak onak ziren Herri Batasunarentzat, oso onak, eta ez zen harritzeko denok pozik izatea. Halabaina, “Erroâ€, Kirruliren lagunminetako bat, negarrez zegoen; emaitza haiei begira negarrez.
Zer gertatzen zitzaion galdetuta, Kirrulirekin gogoratzen zen: Zela disfrutatuko zukeen Kirrulik emaitza hauek ikusitaâ€, zioen “Errokâ€.
Guk gogoratzen ditugun bitartean biziko dira bidean gure ondoan erori diren kideak, baina, geuk gogoratu ezezik, gure eginbeharra da gure ondorengoek, gure gazteek, ezagutu dezaten kontatzea eta idaztea gure historia. Bidean erori diren kideekin dugun zorra da gure historiari bizirik eustea, ahazten utzi gabe.
Bihoa hau Kirruliren ohorez eta oroimenez, eta bi urte geroago, 1988an hemen bertan, Herrera de la Manchan, hil ziren Mikel Lopetegi eta Juan Karlos Alberdiren goratzarrez.
Besarkada handi bat guztioi.
Herreran, 2011ko martxoan.
Jokin Urain