Mikel Etxaburu: «Samurtasuna bilatu dut ia ezinezkoa dirudien lekuan»
2011, 10 martxoa
Mikel Etxaburu, Zu zara orain txoria poema liburuaren egilea. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
>> berria.info: Mikel Etxaburu: «Samurtasuna bilatu dut ia ezinezkoa dirudien lekuan»
‘Zu zara orain txoria’ argitaratu du, hitz gordinik gabeko poema liburua nahiz eta kartzelan idatzia izan
Juan Luis Zabala Donostia
Kartzelan, ziegako leiho barrotedunetik zehar patiora begira zegoela, kurriloak ikusi zituen Mikel Etxaburuk, ohiko kantoira jo eta kolonbiar presoek emandako ogi apurrak jaten. Baina, egun hartan, kurrilo bat besteengandik bereizi eta leihoaren bestaldean pausatu zen. Irudi hori dago Etxabururen Zu zara orain txoria (Elkar) estreinako poema liburuari izenburua ematen dion poemaren jatorrian. «Txoria ni kantuan entzutera dator, eta berriro gogoraraztera orain ni naizela txori kaiolatua».
Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) Soto del Real eta Alcala-Mecoko kartzeletan (Espainia) 2008, 2009 eta 2010ean idatziak dira liburuko poema ia-ia guztiak. Ez da kasualitatea. «Kartzelan errazagoa da poeta izatea», Etxabururen iritziz. «Nik lehen poesia idazten nuen. Kartzelan poeta egiten zara. Eta orain, berriro ere, poesia idazten dut». Kartzelatik at idazten jarraituko du, baina idazle izateko inolako asmorik gabe. «Neure burua ez dut idazle gisa ikusten. Idazlearen lehentasuna idaztea da, eta nire lehentasuna ez da idaztea. Idatziko dut, baina idaztea beti egongo da nire beste helburuen zerbitzura».
Liburuko poemetan «irudi samurrak, erraz identifikatzeko modukoak» bilatu ditu Etxaburuk. «Ez dut bilatu bakarrizketa sakon eta mamitsurik. Bakarrizketak normalean neuretzako direlako, eta horiek ez nituzkeelako sekula argitaratuko». Liburuaren atzean «komunikatzeko nahia» dago. «Jendeari, lagunei, hurbilekoei, ezagunei, ezagutzen ez ditudanei nire barruko gauzak adierazteko beharra. Baina ez neuk neure buruarekin, kanpoko proiekzioa bilatuz baizik».
Ez-lekuak du izenburu poemategiaren lehen atalak. «Kartzela ez-lekua da. Funtzionarioek ere ez lukete han egon nahi seguru asko. Inor ez da han bizi. Han dagoena pasatu egiten da handik. Kartzelari dagozkion poemak dira atal honetakoak, baina ez duzu topatuko poema bakar batean ere hitz gordinik, garratzegirik. Samurtasuna bilatu dut ia ezinezkoa dirudien lekuan».
«Zintzoa» izan beharra
Leku pribatuak atalak, bigarrenak, egilea bera du ardatz. «Poesiak zintzoa izan behar du», Etxabururen ustez. «Ez dut konzebitzen poesian gezurrera hurbiltzen denik ere adieraztea. Leku pribatuei buruz hitz egiteko, neure buruaz idazteko, zintzoa izan beharra neukan neure buruarekin eta inguruko guztiekin». Badaki zintzoki esandakoek irakurlea asaldatzeko arriskua dutela. «Baina nik maite zaitut adierazi behar badut, maite zaitut idazten dut». Atal hau kurtsia baldin bada, Etxaburu prest dago kurtsitasuna erreibindikatzeko. «Agian asaldatuta sentitzen denak berak dauka zer pentsatua, eta ez nik».
Hirugarren atala, Lekuak, «esperantzara» begira idatzia da. «Esperantza, niretzat, utopia da. Baina utopia ez dator, nire ustez, esperoan egotetik. Utopia gauza errealak dira, tangibleak, lorgarriak. Ez da bakarrik bidea egiteko». Atal hau surrealista dela esan diote Etxabururi, eta berak uste du balitekeela hala izatea. «Utopiak, gauzatu arte behintzat, nahiko surrealistak direlako».
Harkaitz Canok idatzi du liburuaren hitzaurrea. «Zarata eta espanturik gabeko poemak» dira Etxabururenak, Canoren ustez. «Lekurik ospelenetan ere oihartzun gozoak posible direla gogorarazten digute, eta oihartzun gozo horiei heldu behar diegula».