Joseba Sarrionandiari buruz, Marie Darrieussecq
2011, 26 urtarrila
>> zuzeu.com: Joseba Sarrionandiari buruz, Marie Darrieussecq
Les Inrockuptibles aldizkariaren papereko edizioak, Marie Darrieussecq-en lan bat argitaratu berri du. Bertan Joseba Sarrionandiarekin eta Joseba Sarrionandiaz mintzo da Basusarriko idazlea. Guk honaxe dakargu itzulita, egilearen baimenarekin.
«Harriak ditugu baina ez dugu herririk», idatzi zuen Joseba Sarrionandiak bere poema ezagunenetako batean, Harriak eta herriak izenekoan. 1958an jaio zen, nazionalitate espainiarrarekin, eta gaztaroa «Jainkoa hilda zegoen, baina Francok Jainkoak baino pixka bat luzaroago iraun zuen» herrialde baten iparraldean, Espainiaren iparraldean, eman zuen. Soziologia eta Filosofia ikasi zuen, T.S. Elliot, Villon edo Pessoa euskarara itzuli zituen, eta Pott artista taldea sortu zuen, Bilbon, Bernardo Atxagarekin eta Ruper Ordorika abeslariarekin batera. 19 urte zituela, borroka armatuari heldu zion.
22 urteko espetxe zigorra jarri zioten, baina 1985ean ihes egin zuen, presoei eman zieten kontzertu batean bozgorailuetan ezkutatuta. Oraindik erbesteratuta dago, eta ez dakigu non. Ekintza horrek, berak nahi izan ez arren, mito bizi bihurtu du. Baionatik Durangora, eta Bilbotik Gasteizera, Sarri, Sarri abestia, Kortatu taldearen ska euforikoa, saltoka dantzatu dute, ihesaldia ospatzeko. Duela gutxi Manu Chaorekin egindako bira batean berriz abestu izanak AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen gaitzespena eragin du.
«Bai, armak hartu nituen –idatzi dit Sarrionandiak–, ETAko kide izan ez banintz, Espainiako armadakoa izango nintzen, zerbitzu militarra nahitaezkoa baitzen. Betebehar horretaz, behintzat, libratu nintzen».
Mandelstamek «benetako idazlearen kanon poetikotzat» jotzen zuen bertso bat, Esseninek idatzia, aipatu nion: Ez dut gizajo bat kobazuloaren barru-barruan fusilatu. Berak yaki indioen esaldi batekin erantzun dit: «Norbait epaitzeko, aurretik bere sandaliekin ibili behar da, gutxienez bi astez». Eta Lewis Mumfordek, zeinen arabera armak teknika demokratikoen aurkako teknika autoritarioak diren, ondokoa dio: «Armak berez desastre bat iruditzen zaizkit. Armek ondorio atzeraezinak dituzte. Armak ez dira objektu neutroak, aurretik hartutako erabakiak baizik. Hasteko, zapalkuntzarako tresnak dira, edozein erakunde demokratikok baino askoz ere botere handiagoa duen megateknika bihurtzen baitira. »
Sarrionandia gazteari «Sartreren konpromisoa» ezinezkoa iruditzen zitzaion: «Ez zegoen inongo bitarteko literariorik arazo politiko hau konpontzeko». Euskal literatura Pascale Casanovak literatura txiki deitzen zuena zen, inperio literario frantsesaren eta espainiarraren aurrean (ingelesa ez aipatzearren). «Baina indarkeria politikoa, gurea eta Estatuarena, desastrea da»(1).
Bere delitua preskribatuta dago. Nik dakidala, Sarrionandiak ez du inor hil. Dena den, ez da «herrira» itzuli. Erbestealdi luzatu honek zalantza sortzen du Euskadin (euskal herritzat jotzen den herrialde horren bertako izena). «Bere poesiak –bere letra onuragarriek– ere beldurra ematen digute, idazleak toki ezezagun batetik idazten digulako eta zaila zaigulako seinale hori interpretatzea», idatzi zuen Ruper Ordorikak, Hau da ene ondasun guzia(2) bildumaren hitzaurrean.
Nirekin ibiltzen diren frantses gehienentzat nazionalismoa ulertzea zaila da, eskuin muturreko bilaukeria gisa ez bada. Ontologikoki zaila da, frantses izaera sortzez jakobinoa baita, herri txikien eta hizkuntza txikien aurkakoa, ideia independentistak mehatxu terroristarekin nahasteraino. Baina Sarrionandia haratago dago: ez da nazionalista. «Existitzen ez den herri batean jaio gara, eta, esan gabe doa, gu ez garen zerbait gara», idatzi zuen, Ez diren gauzak lanean. Ondokoa ere bai: «Toki bat besterik ez dut izan nahi, urruntasun izena duen aberrian (Ene begiek). (Oharra azpian)
Itzultzeko, herrialde bat izan beharko luke. Euskal Itaka existitzen al da? Sarrionandiak independentziaz hitz egiten du, ez nazioaz. Bere Herri proiektua horixe da: «Euskal herria benetako herria dadinean / asmaketa ahaztuko dugu. / Estatu tekniko bat utzi eta ikurrinak / sukaldeko trapu bihurtuko ditugu, / euskal herriak izatearenekin batera / ez izatearen abantailak izan ditzan». Poema horretan bertan, Mathusi desafio eginez, «euskal herria euskaldunez, koreanoz, swahili beltzez eta eskandinabiar blondez» gainpopulatzeko deia egin zuen.
Nik «zer da euskaldun izatea galdetuta», berak zera erantzun dit: «Gizaki izateko modu bat besterik ez. Txekiar, homosexual, suhiltzaile edo asmatiko izan gaitezke, gizaki izateko modu asko daude eta asko, era berean, modu baldintzatuan edo aukerak egiteko nolabaiteko askatasunarekin. Batzuek diote euskaldun izatea ezberdina izatea dela. Kontrakoa esatea arrazoizkoagoa iruditzen zait: euskaldun izateak besteen berdin egiten gaitu. Euskaldun izateak ez du arazorik sortzen, ez du ezer berezirik esan nahi. Arazoa modu batera edo bestera euskaldun izatea ukatzen digutenean sortzen da. (…) Frantsesak, kurduak edo euskaldunak beren buruari horixe deitzen diotenak dira. Niretzat, eta beste euskaldun askorentzat, espainiar izateko obligazioa traumatikoa izan da. Espainiar izan beharra herritar normala izateko… Coluchen kanpaina garaian (1981), Frantzian egon nintzen, eta ondoko esaldiaz gogoratzen naiz: ‘Nik ez dut bortxatu emakumea. Bortxaketa nahi ez dugunean gertatzen da. Nire kasuan, nik nahi nuen!». Botereak horrela hitz egin du betidanik. «‘Nik nahi nuen’, horixe esaten zaie euskaldunei, nahiz eta beraiek nahi ez izan».
Sarrionandiak Orwellen artikulu bat aipatu dit, Marrakech, «zapaldua, baztertua, gizartearentzat ikusezin izateari eta arazoa ikusten ez dutenek behin eta berriz errepikatu eta toki guztietan zabaltzen den ‘nik nahi nuen’ esaldiaren oihartzun karrankariari buruzkoa. (…) Jakina, gure herria oso plurala da, ikuspuntu asko daude, horrexegatik aldarrikatzen dugu nahi duguna izateko eskubidea». Zapalkuntza eta amnesia deskribatu ditu; mojen eskolan zegoela, nola galdu zuen ama hizkuntza «lotsagarria» eta nola berreskuratu zuen. «13 edo 14 urte nituela, ezin nuen aiton-amonekin hitz egin, beraiek ez zekitelako espainieraz (…). Euskaldun belaunaldi oso bat pixkanaka-pixkanaka konturatu zen hori dena ez zela ez naturala, ez normala, botereak sinetsarazi nahi zuen bezala. Hizkuntza berreskuratzearen aldeko borrokak diktadura frankistaren aurka borrokatzera eraman gintuen».
Sarrionandiak ihes egin eta Sarri, Sarri abesti arrakastatsua sortu zen garaian, Baionako lizeoan nengoen. Suposatzen zen euskarazko hitz bakar bat ere ez genuela ulertzen, nahiz eta askok euskaraz hitz egiten genuen edo gutxienez ulertzen genuen, baina ez genion elkarri esaten. Lotsak Sarrionandiaren edo Atxagaren belaunaldia markatu bazuen, nirea ukazio ia erabatekoak markatu zuen. Jende guztia urruneko zapatisten alde sutsuki agertzen zen edo The Clashen Sandinistarekin pizten zen, baina «horrek ez dauka inolako zerikusirik» esaten zion bere buruari. Hementxe bertan, mugaren bestaldean, polizia-etxeetako tortura salaketak, Amnesty Internationalek berak baieztatuak, konplot teoriatzat jotzen ziren. «Mundua Pierre Lotiren(3) eleberri bat balitz –idatzi zuen Sarrionandiak–, ze zoriona litzatekeen euskaldun izatea…» (Mugaz bestaldera doazenak).
Sarrionandiak gaur egun bere hizkuntza ulertu gabe idazteko zailtasunak deskribatzen dizkidanean, bereganatuta ez edukitzearen beldur izateraino, erbestean latina galdu zuen Ovidiorengan pentsatzen dut (Sarrik ere irakurtzen du). «Nire herritik urrun bizi izan naiz, euskal izenik gabe noski, euskal nortasuna susmoa pizten duen horietakoa baita. (…) Bizimodu saihestezina izan da, erremediorik gabekoa. Literaturak beste bizitza batzuk, irudimenezko bizitzak, bizitzeko aukera ematen dizu. Niretzat idaztea pentsatzeko modu bat da. Errealitatearekin zerikusirik ez daukan irudimen ariketa bat ere bai. Hilda ez egotea esan nahi du, bizi garen espazio-ontzian parte hartzea».
Harriak eta herriak poemako azken zatia galdera ireki bat da, ametsezko muga bat bezalakoa, zeharkatzen ditugun horiek bezalakoa: «Harriak ederragoak al dira harresian?».
Marie Darrieussecq
———–
Oharra: Ez dugu Sarrionandiaren eta bestelako aipamenen euskarazko jatorrizko testurik jartzeko modurik izan. Hemengo hauek itzulpenak baino ez dira. Iruzkinetatik zerorrek lagun lan horretan zenezake.
[1] Hasier Etxeberriarekin elkarrizketa, Bost idazle, Alberdania, 2002.
[2] Joseba Sarrionandia, Txarlaparta arg., 2000.
[3] Ramuntxo bitxiaren egilea.
(Eskerrik asko Ainara Mendiola eta Maramara zerbitzuei, itzulpenagatik)