Bizitzen ikasteko liburua. Joxemari Iturralde
2011, 3 urtarrila
Moroak gara behelaino artean?
Joseba Sarrionandia
Pamiela, 2010
armiarma.com
Vademecum berezi bat da liburu hau, urte askoan erabiliko duguna. Balioko digu behin eta berriz irakurtzeko, hausnarketa sakona egiteko, geure buruari hainbeste galdera planteatzeko. Burua astindu eta martxan jartzeko motorra izango da obra hau, bertan begiratzeko ispilua, aurrera egiteko pizgarria eta mugitzen hasteko bultzagarria.
Hasten gara irakurtzen eta xelha gramatika egin zuen fraidearen biografiarekin egingo dugu topo, frai Pedro Hilarion Sarrionandia frantziskotarrarekin, Bizkaian jaioa, Garai herrian, eta arriferaren ikertzailea izan zena. Afrikako iparraldean dagoen Arrifeko errepublikaren historia kontatzen du Sarrionandia batek bestearen bizitza aintzat hartuta. Apaiz honen bizitza eta gorabeherak oso gustura irakurtzen dira, liburuaren hasiera honetan, nobela bat bailitzan, hain goxo eta erakargarri baitago idatzia.
Baina liburu sendo, trinko indartsu hau ez da hori bakarrik, inondik ere. Bertan irakurleak aurkituko du Joseba Sarrionandiaren jakintza eta ideien entziklopedia. Horrexegatik esan dut lehen liburu hau vademecum berezi bat dela. Dauzkan zazpiehun orrietan denetik aurki dezake irakurleak, horregatik ohartarazi behar zaio ez daukala zertan liburua modu lineal batean irakurri, badaukala edozein kapitulutik irakurtzen hastea lasai asko, irakurri, gozatuz, eta hausnarrean jarri gaiak horretarako bidea emango baitio.
Berrogei bat gai garrantzitsu eta ezin interesgarriago jartzen dizkigu liburu honen egileak begien aurrean, historia, filosofia, literatura, artea eta kultura orokorrean, politika, soziologia… Adibidez, inperialismoaren kritika zorrotza dator bertan; egileak esplikatuko digu nolaz egin duten porrot sozialismoak eta kapitalismoak, zergatik ailegatu garen egungo egoera honetaraino, non societé guztiz programmé batean murgilduta bizi garen, Alain Tourainen hitzak erabiltzearren, edota Monopolville batean, Manuel Castells pentsalariaren terminoa aipatuz. Liburutik tarte handi bat hartzen du amazigeraren edestiak edo historiak. Kasu honetan irakurleak jakin behar du ikusten zergatik eman dion idazleak halako garrantzi handia berbereen historiari. Ba ote du horrek zerikusirik Espainiaren eta Frantziaren mendean euskaldunek bizi duten egoerak? Halaxe uste du Sarrionandiak eta hitz egiten digu euskaldunek egin beharreko protestaz.
Behin baino gehiagotan aipatzen da liburuan Hannah Arendt pentsalariaren gogoeta bat, hots, historia zabortegi bat delakoa eta bertatik, hainbat hondakin, harritzar eta adreiluren artean, posible dela aldika perlaren bat edo beste kausitzea. Ideia horri eutsiz Joseba Sarrionandiak esaten digu liburu honetan bere helburua izan dela aurrean zabortegi bat dugula seinalatzea, ohar gaitezen geure egoeraz. Bere asmoa ez da, inolaz ere, historia ortodoxo eta akademiko bat burutzea (horretarako dagoke unibertsitatea), berak ez digu horrelakorik eskainiko ezta sintesirik ere, bere nahia izan baita alderantzizkoa juxtu, elementu diskordanteak sartu guk egin dezagun geure hausnarketa. Boterearen gramatika, logika eta erretorika aztertuz bere gramatika propioa azaltzen digu, “esperantzaren gramatika batâ€.
Liburu hau bidaia luzea da, eskailera itxura daukana, baina M.C. Escher-en irudietan bezala, engainagarria suerta dakigukeena, ematen baitu igotzen ari garela berehalaxe ohartzeko jaitsi egin garela eta irteera puntuan gaudela ostera ere. Ez dugu �â€diosku— mektub (idatzita dago) esan behar, arabiarrek esan ohi duten moduan, dena egiteko baitago oraindik, idatzitakoa emenda daiteke, geuk idatzi dezakegulako gainetik. Energia piloa aurkitu dut liburu honetan, indar handia dago bertan. Hainbat pasarte historiko erakutsiz egia da historia zabortegia bat dela, hainbeste injustizia burutu direla ehunka urtetan, jendea zapalduta bizi dela, kultura espektakulu hutsa bihurtu dela, Guy Deborden esaldia errepikatuz…, baina esango nuke kutsu baikorra eskaintzen digula liburu honek, kemenez beteriko espiritu batekin amaitzen duela irakurleak liburutik irten orduko. Iruditzen zait jendeak gaurkotu egin beharko duela orain arte zeukan Sarrionandiaren irudi finko hori, hemen aurkituko duguna Sarrionandia gaurkotua baita. Bere entziklopedia dela honako hau esan dut arestian, sartu-irten ugari eskatuko diguna bertan proposamen ugari hausnartzeko, aintzat hartzeko edo ez, aurkezten dizkigulako.
Eztabaidarako gaiak hainbeste dira, batzuk besterik ez ditut nik hemen zeharka aipatuko. Nafarroako egoera, esate baterako: “Euskaldunak moro dira Iruñeanâ€, irakurriko dugu pasarte batean. Esan liteke, horren arabera, kanpotarrak direla bertan jaioak, atzerritarrak. Inmigranteak beren jaioterrian? Eta zein gradutan edo fasetan daudeke? Zer dira euskaldunak Iruñean: asimilatuak, integratuak, bereiztuak, marjinatuak? Berbereeak eta euskaldunak paretsu ote gaude? Gure egoera eta haiena berdintsua liteke? Horrela izanda orain hobeto uler dezake irakurleak Pedro Hilarion Sarrionandia apaizaren zeregina eta Joseba Sarrionandia idazlearena. Biak datozkigu bere gramatika eskuan egoera zehatz batean egonik jakin dezagun zer egin behar dugun. Euskaldunek eta berbereek beren historia dute errekuperatzeko, hori esaten zaigu liburuan. Baina geuk izan behar dugu geure aldaketaren motorra: “Politika egitea ez da derrepentean dena erabat aldatzea. Ez da derrigorrez mundu osoa aldatu behar, nahikoa dira puntu txiki batzuk. Esaten dena baino inportanteagoa da egiten dena. Jendea ezin da urterik urte itxarongelan egon. Jende horrek nahi duena egiteko posibilitate irekia da askatasunaâ€. Geu gara ekaitza!, esaten du Ray Bradburyren ipuin batean azaltzen den pertsonaia batek. Hau da, subjektu arduradun eta aktibo izan beharra dago. Horregatik Sarrionandiak nahiago du “autodeterminazio obligazioaz†hitz egin “autodeterminazio eskubideaz†baino. Berak dioenez: “libre izateko eskubidea libre izateko obligazioa daâ€.
Egungo bizimoduari ere kritika latza egiten zaio liburu honetan, “American way of life†delakoa mundu osora zabaldu baita dagoeneko. Ekonomia aldetik globalizazio itzela dugu, eta geopolitika aldetik, berriz, terrorismoaren kontrako gerra globala dago. Ezin da nahastu, ordea, unibertsaltasuna globalizazioarekin, globalizazioak gaur egun amerikanizazioa besterik ez baitu esan nahi. Eta jada progresoaren kontzeptua lausoa da oso, mundua “self service†erraldoia bihurtu da, non bakoitzak bere interesak defenditu behar dituen. Informazio mundua aski aldatu da azkenaldian, kazetaritzaren mundua oso bestelakoa delarik: egun ez dira sinonimoak albistea eta egia, inondik ere. Bakoitzak nahi duena esan dezake, baina benetako aldaketarako erabakirik ezin da inon hartu. Eta, orduan, hauteskundeak? Hauteskundeak —Joseba Sarrionandiaren aburuz— estatuaren funtzionamenduaren egiaztatze eta zuritzea dira. Botoa ematea, jakina, inportantea izanda ere, ez da benetako ekintza politikoa. Ekintza estatala da: estatuak esaten baitigu non, noiz eta zer aukeratu behar den.
Agian eta askorentzat liburu honen atalik interesgarrienetakoa izan daiteke egilea naziotasunaz eta egungo Euskal Herriaren egoeraz mintzatzen zaigunean. Izan ere, naziotasunaren kontzeptua finkatzen hasteko Ulises Moulinesek erabilitako bi urrezko arau aurkezten dizkigu, hona hemen biak: a) komunitate batek independentzia nahi badu horretarako eskubidea izatea; b) nazio bat eraikitzeak ez dezala ekarri beste nazio bat ezabatzea. Nazioa ez da lurra, baizik eta jendea, eta espazioa konpartitu egin daiteke. Euskal Herriaren inexistentzia da independentziaren aldeko arrazoirik behinena. Euskal nazioa egiteko dago. Euskaldunak, besteak bezala, egiten dutena izango dira.
Bizpahiru gai garrantzitsu besterik ez dut hemen aipatu, dozenaka daudenean liburu mardul honetan. Nire irudiz gure herrietan, kultur etxeetan eta bestelakoetan, bertako arduradunek, kultur dinamizatzaileek (orain modan dagoen hitza erabiliz) irakurle taldeak, hausnarketa gune edo txokoak antolatu beharko lituzkete liburu honen inguruan, hartu edozein kapitulu, hartu bertan lantzen den edozein gai garrantzitsu eta hasi eztabaidatzen, hausnartzen, hitz egiten horren inguruan, alde eta kontra mintzatuz, zerbaiten hasiera izan dadin arte. Esan bezala, liburu honek abiadan jarriko gaituen motorra izan behar baitu. Ibilbide luzea antzematen diot nik obra honi.