[berria.eus] Isildutako tortura kasu bat, argitara

2023, 4 abendua

[berria.eus] Isildutako tortura kasu bat, argitara

Ataramiñe elkarteak ‘Araguaney lorea’ liburua plazaratu du. 1961ean Maria Mercedes Antxetak jasandako tortura kasua kontatzen du.

Mitxel Sarasketa, Jokin Urain Larrañaga eta Arantza Eziolaza, ‘Araguaney lorea’ liburuaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Olatz Enzunza Mallona

«Hau ez da autore honi idaztea gustatuko litzaiokeen liburua». Hala dio Araguaney lorea liburuaren kontrazalak. 1961eko uztailaren hasieran girotuta dago liburua, eta Maria Mercedes Antxetaren tortura kasua du hizpide. Sei egunez egon zen atxilo hartuta, eta handik berrogei egunera hil zen, jasandako tratu bortitzaren ondorioz. Gertaera hori isilpean egon da urte hauetan guztietan, eta, orain, Ataramiñe elkarteak argitara atera du. Urtero, ziegetatik kanpora jaurtitako halako sormen lanak jaso eta argitaratzen ditu elkarte horrek. 

Martin de Aranezio da liburuaren egilea. Fikziozkoa da haren izena, eta fikziozkoak dira kontatzen diren gertakarietako batzuk ere, baina, Jokin Urain Larrañaga editoreak onartu duenez, oinarri erreala dute guztiek: «Gertaera haien kronika zehatza egin ordez, eleberri formatuan idatzita dago liburua: ezin izan da Maria Mercedesen senideen aztarnarik aurkitu ez Venezuelan, ez Euskal Herrian; dokumentu ofizialik ez dago; eta Espainiako artxibo ofizialetan kasua ez da existitzen. Venezuelako El Nacional egunkariko erreportaje batean oinarritu da idazlea eleberria idazteko».

Venezuelara emigratutako iheslari euskaldunen alaba zen Antxeta. Venezuelan bertan jaio zen, eta 1961. urtean bidaiatu zuen Donostiara, «gurasoen aberri hori ezagutzera». «1961eko uztailaren 18an istiluak izan ziren Donostian, atxiloketak egon ziren, eta, tartean, Antxeta atxilotu zuten», kontatu du Urainek. Sei egunez egon zen atxilo hartuta, Donostiako Brigada Politiko Sozialean, eta handik zuzenean itzuli zen Venezuelara: «Handik berrogei egunera hil zen, torturen ondorioz». Antxetak sei egun horietan jasandako torturak eta haren bizipenak biltzen ditu liburuak: «Erabat ezezaguna izan da kasu hau, eta informazio falta ere agerikoa da».

Liburuaren bitartez, baina, hainbat istorio tartekatuko dira. Besteak beste, Venezuelako giro soziopolitikoa, Donostiako «mundu polizial mafiosoa» eta ETAren sorrera izango ditu hizpide. Alabaina, tortura kasuek izango dute protagonismorik handiena: «Antxetaren bizipenak modu gordinean kontatuko dira: emakumeak bizitzeko eta irauteko ahalegina egiten zuen, eta, horretarako, abstrakziora joko du egileak: umetako oroitzapenak ekarriko ditu gogora». Horrez gainera, Euskal Herrian torturatuak izan diren guztien testigantzetan oinarritu da idazlea liburua idazteko.

Liburu «oso gogorra eta lazgarria» dela errepikatu du Urainek behin baino gehiagotan, baina haren garrantzia ere nabarmendu du: «Tortura ez da antzinako kontu bat. Bada garaia torturak izan duen pisua eta krudelkeria agerian jartzeko; oso beharrezkoa da halako liburu bat gaur egungo gizartean».

Arantza Eziolazak egin du liburuaren azala, eta Antxeta eta haren oroitzapenak islatu ditu: «Antxetaren larruan jartzen saiatu naiz: sufritzen ari den emakume baten aurpegia erakusten da, eta Venezuela ordezkatzen duen araguaney zuhaitzaren loreak ditu esku artean, umetako oroitzapenak islatuz bezala».

Espetxean sortutako lanak

2002. urtetik dihardu Ataramiñe argitaletxeak martxan, eta, denbora horretan, euskal presoek idatzitako 48 liburu eman ditu argitara. Besteak beste, saiakerak, nobelak, itzulpen lanak, komikiak eta poemak. Haien artean dira 2002tik 2017ra bitartean urtero argitaratutako lan kolektiboak ere. Era berean, gogoratu dute idazleen lana ez ezik haien senideek emandako laguntza ere beharrezkoa izaten dela Ataramiñeko liburuak kaleratzeko.

Durangoko Azokan izango duten mahaian egongo dira salgai liburu guztiak, baita 2024ko egutegia ere. 

Share

Iruzkinak