Martin de Aranezio, ‘Araguaney lorea’

2023, 10 azaroa

Araguaney lorea
Martin de Aranezio
Ataramiñe, 2023

Azaleko irudia: Arantza Eziolaza Galan
15cmx21cm
226 orr.

→ berria.eus: Isildutako tortura kasu bat, argitara
→ naiz.eus«Araguaney lorea», Meliton Manzanasen «izugarrikerien etxean» barneratzea

Hau ez da autore honi idaztea gustatuko litzaiokeen liburua.

1961eko udan Maria Mercedes Antxeta euskal-venezuelar gazteari Donostian gertatu zitzaiona ahalik xehetasun handienekin kontatzea baitzen helburua hasiera batean. Gertaera haien kronika zehatza egin ordez eleberri forman idazteko erabakia urrats bakoitzean aurkitutako informazio faltaren ondorioa izan da. Ezin izan da Maria Mercedes gaztearen zuzeneko ondorengorik edo familiakorik aurkitu, ez Venezuelan, ez Euskal Herrian. Espainiako poliziarengandik jasan zituen torturei buruzko argibiderik ematen digun dokumentu ofizialik ez dago Venezuelan, emakume gaztearen senideak saiatu ziren arren garai hartan Hego Amerikako herrialde horretako agintarien aurrean nolabaiteko salaketa jartzen.

Espainiako artxibo ofizialetan kasua ez da existitzen.

Maria Mercedes Antxetaren oroimenez, araguaney lore hondatu guztien oroimenez.

Hitzaurrea

«Tortura ahalguztiduna da; haren menpe dagoen gizakia torturatzailearen esku dago guztiz, erabat, eta nahi duena egin diezaioke. Ezer ez da geratzen torturatuarengandik: bere gorputza eta arima birrinduta daude, garaituta, “bihurrituta”, dardarka eta minez garrasi eginarazten diotenen zerbitzura. “Tortura” izenean bertan dago “txarkeria” bat. “Bihurrituz” torturatzen da, eta “gaizki” bat da emaitza. Torturak ez du “zuzenbidea” jasaten. Gizabanako batek jasan dezakeen tirania handiena da; gizakiaren subjektibotasuna bera suntsitzen du, eta horregatik bakarrik bateraezina da zuzenbidearekin».

“Cautio Criminalis”, Friedrich Von Spee, 1631.

Von Spee jesuitak ezer gutxi imajinatuko zuen idatzi eta ia bost mende geroago oraindik gaurkotasun handikoa izango zenik bere lan humanista.

Komunikabideen bonbardaketa etengabearen menpe dagoen mundu honetan, planetako edozein tokitan gertatzen dena ia denbora errealean ezagutzeko aukera ematen digute. Estatuak eta Elizak, mendeetan zehar ezarri duten iluntasunean, beren lan zikina sekretu bat izan zedin ahalegindu dira, gehienera ere kondenatuz, baina torturaren gaitzak gure gizarteetan presente jarraitzen du zoritxarrez.

Estatuek, eta baita Elizak ere, beti justifikatu dute beren jokabidea, tortura modu sistematikoan erabiltzea gizartea etsaiarengandik defendatzeko premian, barnekoa zein kanpokoa izan etsai hori. Torturari buruzko legeak ere egin zituzten hasiera batean, eta tormentuari babes legala eman zioten, ustezko «guztien ongiaren» arabera. Baina praktikan ez da izan une bakoitzean Estatuan nagusi diren klaseen interesen defentsarako baino. Ezarritako ordena onartzeko uzkur ziren indar edo norbanakoek boterearen baliabideak arriskuan jartzea eragoztea zen helburua. Horrela, oinazea ez zen oposizioko bitartekoetan egon zitekeen bilbadura ezagutzeko metodo soila, masa-izua sortzeko eta matxinadarako tentaldia zutenei atzera eginarazteko erreminta perfektu bat ere bazen. Antzinako zuzenbidean —eta gure egunetako praktikan ere— delitu arruntez akusatutakoek beren egitateak aitor zitzaten erabili zen tortura, jakina, edo konplizeak sala zitzaten. Une batean, baina, Estatuak eta Elizak beren aurkariengandik defendatzeko darabilten metodo gisa hartzen da oinazea, eta erakunde horien segurtasun-sarearen parte bihurtzen da tortura.

Batzuk saiatu dira konbentzitzen tortura Estatu ez-demokratikoek erabiltzen duten zerbait dela, beren burua defendatzeko eta beren sistema politikoa deuseztatzeko edozein ahalegin zapaldu eta zapuzteko modu sistematikoan erabili duten arma dela. Esan digute iraganeko kontua dela eta gizarte demokratikoetan gai hori gaindituta dagoela, legeek herritarrari ematen dioten babesari esker. Errealitatetik oso urrun daude, hala ere, diskurtso horiek.

Darius Rejali, jatorri irandarreko ikerlari estatubatuarra, bere bizitzako urte asko tortura aztertzen eman dituena, oso kritikoa da Estatu demokratiko deritzotenek torturarekin duten harremanari dagokionean. Rejalik dioenez, torturaren arloko berrikuntzarik zitalenak gizarte demokratiko deiturikoen baitan egin dira. Horregatik, gizarte ez demokratikoen berezko zerbait dela esanaz oinazea iraganeko zerbait dela sinetsarazi nahi diguten Estatu hipokrisia salatzen du. Estatu demokratikoek tortura metodoak “hobetu” dituztela salatzen du Darius Rejalik bere obran; torturatuengan arrastorik ez uzteko eta tortura estaltzeko helburu bakarrarekin egin dutela, hain zuzen. Beraz, ondoriozta daiteke edozein sistema politikotan tortura aplikatzea behin eta berriz errepikatzen den praktika dela, eta Estatuak horretara jotzen duela bere interesak eta une jakin batean nagusitasuna gauzatzen duten klase sozialak defendatzeko.

Are gehiago, torturan bereizketa egiten duen tesia onar genezake, tortura “gogorra” edo “biguna” bereizten duena alegia. Egiatzat onar genezake, nahiz eta gertakariek beti ukatu, tortura “gogorra” Estatu autoritarioen edo Elizetako garairik ilunenaren ezaugarria dela; aldiz, Estatu moderno eta demokratikoek (hemen Elizak ikusezin bihurtzen dira, beren erantzukizun historikoa alde batera utzita) presio psikologiko eta tortura “biguneko” metodoetara jo behar izaten dute, legezko bizikidetza arriskuan jartzen dutenen aurrean gizartearen eta guztion ongizatea defendatzeko… Baina geure burua engainatzen ariko ginateke.

Edozein tortura mota erabiltzeak esan nahi duen krudelkeria beti bat eta bera da: tortura. Pertsona bat kolpeka txikitu daiteke, elektrodoen bidez erre daiteke, oxigeno faltagatik bihotza ia gelditu arte urperatu daiteke, gurpilean muskulu-zuntzak luza dakizkioke ia urratzeraino… Baina, tortura “biguna”ren kasuan, egun askotan lo hartzen ez uztea bezalakoa izango litzateke erasoa, edo pertsona bat elikatzeari edo edateari uzten bazaio, zentzumen isolamenduan jartzen bada edo, alderantziz, zarata lehergarria jartzen bazaio. Desberdintasun bakarra da tortura erabiltzeagatik jarritako salaketen aurrean Estatuaren erantzukizuna lausotu egiten dela, eta tortura aplikatzean sortzen diren marka fisikoak desitxuratzen direla. Tratu txarrak epaile edo fiskal baten aurrean salatu nahi baditu torturatuak, jada ez du tratu txarren frogarik edukiko, ez da tortura frogatzen duen ebidentziarik egongo. Baina pertsonaren suntsipen gradua berbera izango da.

Ezberdintasunik ba al dago Maria Mercedes Antxetak eta garai hartako beste milaka atxilotuek Meliton Manzanasen eta BPSeko agenteen eskuetan 1961ean jasan zituzten oinazeen eta 1983an Joxean Lasak eta Joxi Zabalak Galindo eta bere tropen eskuetan jasandakoaren artean? Lehenak frankismo garaiko gertaerak dira, eta Joxi eta Joxeanenak, berriz, “demokrazia” garaikoak; hori da desberdintasun bakarra. Bi kasuek erakusten digute, edozein garai edo erregimen politiko dela ere, Estatuak tortura baliatzen duela disidenteak menderatzeko tresna gisa, eta horrela egin zuen Antxetaren kasuan, ustezko disidentea baitzen.

Joxi eta Joxeanekin ere ez zuten lanik hartu jada inposatzen ari ziren metodoa, tortura “biguna” deiturikoa alegia, erabiltzeko. Estatuaren erantzukizunak salbuetsi eta tortura praktikak ezkutatzen ditu metodo honek. Bi kasu horiek tortura “gogorraren” adibideak dira; bi kasu horietan Estatuak ziurrenik hasieratik aurreikusia zuen atxilotuen gorpuak desagerraraztea, ahalik eta sufrimendurik handiena eragin eta zekiten edo izan zezaketen informazio guztia atera zietela ziurtatu ondoren.

Joxi eta Joxeanen kasuan, Joseba Arregi edo Mikel Zabalzaren kasuetan bezala, batzuk aipatzearren, Estatuak azken ondorioetaraino eraman zituen bere planak, zoritxarrez, eta torturatzaileek hildako bi gazte gipuzkoarren gorpuak urte batzuk geroago agertu ziren. Mercedes Antxetak zorte pixka bat gehiago izan zuen, baina ez askoz gehiago, askatu eta 46 egunera hil baitzen Venezuelako ospitale batean bere gorputza txikitu zuten tortura izugarrien ondorioz.

Frankismoaren eta haren ondorengo sistema politikoaren artean jarraipen-hari sendoak daude, eredugarri izan nahi baina aurreko jardunbideak ezertan aldatu ez zituen trantsizio baten ondorengo sistema baita. Oposiziogileak heriotza zigorrera edo espetxealdi luzeetara kondenatzen zituzten epaile eta fiskal berberak utzi zizkion Frankismoak “demokraziari”. Erregimen frankista babestu zuten figura politiko asko utzi zizkion frankismoak ondorengo sistemari; bere jardunbidea ezertan aldatu ez zuten polizia gorputzak eta militarrak utzi zizkion; Frankok agindutako Monarkia utzi zion… Eta batez ere tortura utzi zion disidentziarekin amaitzeko arma gisa. Torturak berak denbora zeharkatu zuen, Estatua babesteko sofistikatuagoa bilakatuz, hori bai, baina polizia eta militar berberek jarraitu zuten statu quo hegemonikoaren aurka zeudenak torturatzen eta nola torturatu erakusten. Oso desberdintasun gutxi dago frankismoko Manzanas edo Conesa edo Billy el Niño, eta trantsizioko eta demokraziako Hidalgo edo Galindoaren artean. Estatu baten aparatuetako tresnak baitira guztiak; iragana eta oraina parekatzen dituen denbora lerroak, denbora ezberdinak batzen dituzten tresnak, garai batean oposiziogileak edo bestean “terroristak” akabatzeko esku indartsua behar dela erabakitzen duen Estatuaren tresnak.

Ofiziozko torturatzaileek duten zigorgabetasunari dagokionez, Estatuaren konplizitatea dute uneoro beren lana edo lanaren ondorioak ezkutatu edo minimizatzeko; epaile eta fiskalek beste alde batera begiratzen dute torturaren ebidentzia nabarmena denean, eta biktima biktimario bihurtzen dute gehiegitan, funtzionarioen praktikak salatzen dituenean batez ere. Eta tortura estaltzeko eta babesteko prozesuan parte hartzen dute komunikabideek, jakina, prozesu horretan Estatuaren eginkizuna defendatuz, ebidentziak ezkutatuz edo albiste faltsuak emanez, defendaezinak diren gertakarien aurrean beharrezkoa iruditzen bazaie ikusleen arreta desbideratzen saiatuz.

Polizien eta militarren ezaugarri izan den ustelkerian ere agertzen da garai ezberdinen antzekotasuna. Estatuak ematen dien boterea erabiltzeko izan duten onargarritasuna ikusi besterik ez dago, “legezko” gaietan ez ezik legez kanpokoetan ere. Meliton Manzanas buru zuen Brigada Politiko Sozial frankista erreferentea bazen Bidasoaz alde bietako Euskal Herrien arteko merkantzia kontrabandoan, Galindo eta bere gizonak ez ziren gutxiago euskal hiri eta herrietan heroina tonak sartzeko orduan. Trafiko horrek asmo politiko eta sozial argiak zituen, jakina; euskal gazteria desaktibatu behar zen, egiteke zeuden aldarrikapenetan konprometitu ez zedin; baina beren zerbitzuen ordainetan Estatuak ematen zien sari gehigarri bat ere bazen.

Ez zen kasualitatea 1980ko hamarkadan kontrabandoko tabako-trafikoa ere Intxaurrondoko kuarteletik babestu, monitorizatu eta kontrolatzea, halakoak baitziren Estatuak, kondekorazio eta soldata edo gradu igoera ugariez gain, lehen lerroa sutsuen defendatzen zuten haiei ematen zizkien sariak.

Estatu espainiarrean torturak jarraikitasun historikoaren ildo doilorra du, eta, ondorioz, sortzen joan diren polizia-kideak ere kutsatu ditu, Ertzaintza kasu, aurreko egoera eta metodo mingarri horiekiko haustura puntua izan behar zuen arren. Gai errepresiboetan hain sartuta egon ez diren foruzain edo udaltzainak ere kutsatu egin ditu.

Euskal Herrian polizia-eredu berri baten beharraz hitz egiten da orain. Ez da eztabaida berria, eta ez da kasualitatea poliziaren bat edo beste herritarren aurkako indarkeriaren protagonista den bakoitzean agertzea gai horren inguruko debatea. Baina gizarteak jakin behar du aldaketak erabatekoa izan behar duela; ezin da kontzientzia polizial berri bat sortu iraganeko kontsignak bizirik mantenduz. Oposizioaren errepresioan eta barne etsaia akabatzeko logikan hezi eta trebatutako poliziak agintez aldatzea ez da nahikoa. Ezinezkoa da tratu txarretan eta torturetan parte hartu duten polizia-kideak birziklatzea, horrela eginez gero eredu berria hilda jaioko litzatekeelako eta abiapuntuko portura itzultzea litzatekeelako. Herritarren kontzientzia berri bat nagusitu behar da, beti atzerriko lurretan okupazio-indar gisa jokatu duten poliziak Euskal Herritik behin betiko aterarazten dituena. Baina, era berean, beharrezkoa da euskal polizia, euskal gizarte osoaren zerbitzura egongo den polizia, zuzenbidearen mende ariko dena, gure hizkuntzan zuzenduko zaiguna, guztion eskubideak errespetatuz eta gizarteari eragiten dioten arazo larriak konpontzeko lan egingo duena eta ez interes partikular batzuen zerbitzuen arabera. Herrialdearen parte sentitzen diren pertsonek osatu behar dute polizia hori, eta ez atzerritar polizia edo militar infiltratuek. Jokabide humanista, gizartearekiko hurbila, lagunkoia izan behar dute poliziek. Esango genuke Ertzaintza orain bihurtu den horren guztiaren kontrakoa behar duela izan. Euskal gizarteko sektore zabalek arbuiatzen duten polizia eredu bihurtu baita denboraren poderioz, gazteriaren eta lan-gatazka eta mobilizazioetan dabiltzan langileekiko jarreran erakutsi duten jarreragatik. Arazoak daudenean gizarte sektore batzuen aurka zakarki jarduteko, zigortzeko eta zapaltzeko tresna bihurtu dute polizia hau, Euskal Herriaz kanpoko ordena politiko eta sozial bat ezartzeko, euskal gizartearen nahien etsai izanez.

Polizia gizartearen isla dela esaten da. Gure gizarteak balore faltak, ezaugarri autoritarioak eta irizpide errepresiboak baldin baditu, poliziak ezaugarri horiek izango ditu, halako izaera izango du, balore falta berberak partekatuz. Polizia desberdin bat posible izan dadin, beharrezkoa da aurretik gizartea ere aldatzea, paradigmak beste batzuk izatea. Eta hori gauzatzen ez den bitartean, beharrezkoa da bidea egiten joatea gutxienez. Polizia-jarduerak herritarren kontrolpean jarri behar dira, eta akademietan, kuarteletan eta polizia-etxeetan irakasten diren balioen kudeaketa gardena izan behar da, giza eskubideekiko errespetuzkoa dela bermatuz. Beharrezkoa da poliziaren korporatibismoa ez onartzea, ez dadin bihurtu edozein gizarte-aldaketaren aurkako botere faktiko berri.

Hau ez da autore honi idaztea gustatuko litzaiokeen liburua. 1961eko udan Maria Mercedes Antxeta euskal-venezuelar gazteari Donostian gertatu zitzaiona ahalik xehetasun handienekin kontatzea baitzen helburua hasiera batean. Gertaera haien kronika zehatza egin ordez eleberri forman idazteko erabakia urrats bakoitzean aurkitutako informazio faltaren ondorioa izan da. Ezin izan da Maria Mercedes gaztearen zuzeneko ondorengorik edo familiakorik aurkitu, ez Venezuelan, ez Euskal Herrian. Espainiako poliziarengandik jasan zituen torturei buruzko argibiderik ematen digun dokumentu ofizialik ez dago Venezuelan, emakume gaztearen senideak saiatu ziren arren garai hartan Hego Amerikako herrialde horretako agintarien aurrean nolabaiteko salaketa jartzen.

Espainiako artxibo ofizialetan kasua ez da existitzen, eta hori “normala” izan daiteke, Espainiako polizia-indarrek egindako tortura kasu guztiekin, orduan eta beti, ezarri nahi izan den amnesiagatik. Historia edo memoria historikoa berreskuratzeari begira ari diren pertsonen laguntzak ere ekarpen baliotsuak egin zituen, baina ez zen lortu emakume gazteari gertatutakoa leialtasunez kontatzeko aski material biltzea. Bere izena eta jasan zituen torturak beti agertzen dira Meliton Manzanas Donostiako Brigada Politiko Sozialeko buru zen garaiko biktimen inguruko lan, artikulu edo salaketan. Errepikakorra da bere kasua garai hartan Brigada Politiko Sozialak eta bereziki polizia horren buruak donostiarren eta gipuzkoarren aurka egindako gehiegikeriak salatzen direnean. Polizia-artxiboak oraindik itxita daude ikertzaileentzat, jakina, eta litekeena da horietan ezer ez agertzea; izan ere, haien lanaren helburua ez baita egia ezagutaraztea, ezkutatzea baizik, eta edozein garaitan sistema babestu duten morroiak babestea.

1961ean Maria Mercedes Antxetak jasandako torturak salatu zituen komunikabide bakarra Caracaseko “El Nacional” egunkaria izan zen. Egunkari venezuelarrak bere editorialean kontatu zituen neska gazteak jasandako tortura-metodo gogorrenak. “El Nacional” egunkariak salatzen zuen oinaze horiek «Espainiaren batasuna defendatzen ez laguntzeagatik» eragin zizkiotela Mari Mercedesi, eta edozein logika argitik kanpo zegoen hori. Izan ere, komunikabideak esan zuen moduan, «neskak ezin zuen ezer jakin, turista soila zelako Donostian».

Bazegoen agerian nahiko arrazoi, zerbait idazten hastekotan, eleberri bat idaztea erabakitzeko, gertaeretara ahalik eta gehien atxikiz, Antxetari egin zizkioten torturei dagokienean batez ere. Berarekin erabili zituzten tortura-metodo gogorrenak eleberrian islatu dira, “El Nacional” egunkariak bere editorialean ezagutzera eman zituen bezala. Hemen azaltzen diren beste tortura-metodoak egileak egindako ikerketa zabal baten emaitza dira. Ikerketa horren zatirik garrantzitsuena azken 60 urteetan Espainiako kuarteletan, komisarietan eta polizia-etxeetan, eta baita Ertzaintzaren komisarietan ere, torturatutakoen ehunka testigantzetan oinarritua da. Inplikatuek beren haragitan bizi eta sufritu zutena bere horretan islatuko da istorio honetan, eta esan behar da sufrimendu eta oinaze horietako asko eta asko oraintsukoak direla. Beraz, hemen azaltzen diren tortura-metodoak frankismoan, trantsizioan eta demokrazia garaian erabili dituzte polizia indarrek atxilotuen aurka.

Kontaketa hau fikzioa dela esan daiteke, baina benetako gertaeretan oinarrituta dagoen eta benetako gertaerak jasotzen dituen historia da. Maria Mercedes Antxetak ez zituen agian xehetasun guztietan jasan tortura-metodo batzuk, baina bai urte batzuk geroago poliziaren eskuetan erortzeko zoritxarra izan eta ankerkeria berarekin torturatu zituzten beste pertsona batzuek. Eleberria gorpuzteko dokumentazio modura aintzat hartutako testigantza horiek irakurri eta aztertzean benetan larritu da lerro hauen idazlea ere; zinez latza eta ikaragarria baita ikustea norainokoa izan daitekeen torturatzaileen krudelkeria eta inpunitatea, batetik, eta torturatuaren ezina eta oinazea, bestetik.

Larritasun oihuak, beldurra larruazal kolpatuan zehar, elektrodoek eta zigarroek erretako haragiaren usaina, heriotzaren hurbiltasunaren pertzepzioa likido zikinez betetako bainuontzi batean burua murgiltzean, kolpeen mina, mehatxuak, bakardade infinitua, inpotentzia, usainak, kateen hotsak… Sentipen horiek bere baitan bizi izan ditu autore honek dokumentatze eta ikerketa lanak iraun duen hilabeteetan. Batzuetan zalantza handiak nituen, hain handiak ezen ezin bainuen jakin aurrera egin eta lana amaitzeko adina indar izango ote nuen. Azkenean kontzientzia nagusitu zitzaidan; torturaren biktima izan direnei euskal gizarteak asko zor diela jakitearen kontzientzia batez ere. Egia zor diegu, ordaina zor diegu, inposatutako isiltasuna haustea zor diegu, eta, batez ere, bizi izandakoak bezalako egoerak berriro inoiz ez gertatzeko bermea zor diegu.

Gure aukera da torturari buruz hitz egitea iraganeko zerbait balitz bezala; gutako askok guztion askatasunen alde borrokatzeagatik iraganean sufritu dugun zerbait balitz bezala. Agian azken aukera da torturari buruz hitz egiteko jakinez ez dela berriro inoiz gertatuko… Historia nobelatu hau izan dadila omenaldi bat torturatzaileek eraildako neska gazte euskal-venezuelar batentzat, baina, era berean, izan dadila omenaldi bat tortura beren baitan jasan duten guztientzat.

2022ko uztaila.

Share

Iruzkinak