Joseba Sarrionandiaren “Moroak gara behelainoaren artean?” liburuaren aurkezpenaren kronika
2010, 4 abendua
Joxemari Iturralde, Txomin Peillen eta Jose Angel Irigarai, Joseba Sarrionandiaren liburu berriaren aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS
>> berria.info: Sarrionandia «eguneratua»
Juan Luis Zabala.
Gaur egun gai askoren inguruan duen pentsamoldea jaso du idazleak ‘Moroak gara behelaino artean?’ saiakeran
Kapitalismoa, kultura eta Euskal Herriaren etorkizuna daude gogoeta gaien artean
Haren azken urteetako argazkirik ezagutzen ez denez, zuri-beltzeko aspaldiko erretratuak erabiltzen dira Joseba Sarrionandiari buruzko berriak ilustratzeko. Moroak gara behelaino artean? (Pamiela) saiakerak, ordea, Sarrionandia «eguneratua» erakusten du, Joxemari Iturralde idazleak atzo, liburua aurkeztean, esan zuenez. «Gai askoren inguruan pentsatzen duena hemen dago: Nafarroaren egoera, egungo kazetaritza, sozialismoaren porrota, kapitalismoaren porrota, zer egin horren aurrean, nola bilakatu den kultura espektakulu huts, hizkuntzaren aurrean zer egin behar dugun… Euskaldunok Euskal Herria egin gabe daukagula dio, eta Euskal Herria izango dela guk nahi duguna. Eztabaidarako motor bat izan behar du liburu honek».
Zazpi urteko lanaren ondoren, 700 orrialdeko liburuaz erditu da Sarrionandia, orri azpiko 1.387 oharrez hornitua gainera, horietako batzuk aski luzeak. Ez dago zertan beldurtu, ordea, Iturralderen ustez. «Oso goxo idatzita dago eta oso erraz irakurtzen da». Liburua, izan ere, «bidaia bat» da.
Pedro Hilarion Sarrionandia fraide frantziskotarraren (Garai, Bizkaia, 1865-Zornotza, 1914) gorabeherak kontatzen ditu liburuak hasieran, «nobela batean bezala». Bizkaiko Garai herritik Afrika iparraldera joan, eta bereber hizkuntzaren lehen gramatika idatzi zuen han fraide hark. «Ondoren, Arrifeko errepublikaren barruko zenbait jende klaserekin lotzen du Joseba Sarrionandiak Pedro Hilarion Sarrionandiaren istorio hori, eta amazigeraren historia ere kontatzen du, oso modu erakargarrian. Ondoren, pixkana-pixkanaka, munduari pare bat buelta eman eta munduaren egungo egoera deskribatu ondoren, gaur egun Euskal Herria nola dagoen kontatzen du, Espainia eta Frantziaren mendean euskaldunok nola bizi garen eta zer protesta egin behar dugun».
Perlak historiaren zabortegian
Hannah Arendt filosofoaren ideia bat aipatzen da maiz liburuan: historia zabortegi bat dela dioena. Zabortegi horretan denetik dago, eta hondakinen artean, sarritan, harribitxiak, perlak. «Perla horiek berreskuratzen saiatu da Sarrionandia».
Liburuan «energia pila bat» dago. «Gaurko egoera penagarria bada ere, horren azpian optimismo handia ikusten da, bai liburuan eta bai egilearen jarreran. Askotan aipatzen du liburuan arabiarren esaldi bat: mektud. Hots, ‘dena idatzi dago’. Sarrionandiak dio dena dagoela idatzita baina guk gainetik idatzi behar dugula. Dena egiteko dagoela esaten digu, eta geuk egin behar dugula dena. Oso ideia baikorra iruditzen zait, positiboa».
Liburuak hausnarrerako eta eztabaidarako zabal ditzakeen ildoen lagin moduan, liburuko esaldi hauek irakurri zituen Iturraldek, azkenekoa nabarmenduz: «Komunitate batek independentzia nahi badu, horretarako eskubidea badu». «Nazio bat eraikitzeak ez dezala beste nazio bat ezabatu». «Euskal Herriaren inexistentzia da independentziaren aldeko arrazoirik behinena». «Euskal nazioa egiteko dago. Euskaldunak, besteak bezala, egiten dutena izango da». «Nazioa ez da lurra, baizik eta jendea, eta espazioa konpartitu egin daiteke».
Gai asko aztertzen ditu liburuak, «sakontasun handiz». Horietariko bakoitzak «ikastaro trinko baterako» emango luke. «Proposamen asko dago liburuan, hausnartzeko eta aintzat hartzeko edo ez hartzeko». Iturraldek ere proposamena egin zuen: «Herrietan eta kultur etxeetan irakurle taldeak sortzea liburua irakurri eta liburuaren inguruan eztabaidatzeko».
Unamunok idatzitako poema batean du jatorria liburuaren izenburuak, Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko ordezkariak azaldu zuenez, Unamunoren poema bateko lerroa da zehazki. «Moroa hameka aldiz aipatzen da liburuan zehar. Moroa beti bestea da, arbuiatu behar dena, konkistatu behar dena, menderatu behar dena».
Liburuari buruz duen iritzia emateko, pasarte bat hautatu zuen Irigaraik, pasarte horrek Sarrionandiaren jarrera laburbiltzen duelakoan: «Eta kasba eta behelaino artetik ekarri dudan bakarra gramatika hau da, esperantzaren gramatika moduko bat. Elkarrekin sortu zaizkigun desirei eta esperantzei forma ematen lagunduko duena».
Liburuak «gaur eskas dugun pentsamolde bat gaur egungo munduan kokatzen» laguntzen du, Irigarairen ustez, «balioetan eta beste zutabeetan oinarritutako mundu baten aldeko pentsamolde bat, ez itxia, irekia baizik. Berebiziko lana da, bai egilearentzat, bai Euskal Herriarentzat». Liburuaren lerroen atean, Sarrionandiak parte hartu nahi duela irakurri du Irigaraik.
«Historia praktikoa»
Nahiz eta Sarrionandiak ez idatzi historialari baten talaiatik, nahiz eta ez egin historia ofizialik, historiaren ikuspuntutik ere liburu aberatsa da, Txomin Peillenen ustez, Moroak gara behelaino artean? «Liburu hau ez da historia teorikoa, historia praktikoa baizik. Lekukotasunak eta dokumentuak ematen ditu, falta zaizkigun lekukotasunak eta dokumentuak. Gazteei euskaldunek Arrifeko gerra horretan nola parte hartu zuten irakasteko ere baliagarria da liburua, baita espainol militarismoak, aurretik Kuban hasirik, Afrikan zer jarraipen izan zuen ikusteko ere».
Jende askoren laguntza izan dute Sarrionandiak eta Pamielak, liburuak egilearen gogo-eskuetatik plazaraino egin duen bideko lanetan, baina modu berezian Iñigo Aranbarrirena eskertu zuen Irigaraik, Pamiela argitaletxearen izenean, hark egin baititu edizio lanak. «Labean sartzeko prestatu beharreko orea, azken uneko atonketa hori, bere eskuetan egon da bereziki, eta zor berezia dio liburuak».