Jon Mikel Arano ‘HERIO KARGAMENDU ETA PIKOA’

2023, 27 apirila

Eustakio Mendizabal. Argazkiak: Euskal Memoria Fundazioa- Daniel Velez
Eustakio Mendizabal. Argazkia: Euskal Memoria Fundazioa- Daniel Velez

→ Jon Mikel Arano: HERIO KARGAMENDU ETA PIKOA.PDF

ANTOLOGIA POETICA VASCA

(FRANKISMOAREN BIKTIMEI ETA ASKATASUNAREN ALDEKO BORROKARIEI OMENALDIA, GERNIKAKOAZ 50 URTE BETETZEAN, 1987)

JON MIKEL ARANO, “ARANO BELTZA”

HERIO KARGAMENDU ETA PIKOA

(“TXIKIA”-RI OMENALDI, GIZON TXIKI-HANDIARI)

Eustakio Mendizabal “Txikia”:
Herio kontrabandua dakarkiate
Nahi eta nahitaez
Heu haiz jasotzaile
Algorta-Getxon seiak eta pikoetan
Setioa hausten habilenean arratsez
Hamar gizatzar hiltzaile gris arre
Kali jainkosa zitalaren gurtzailek!

Izan ere,
Nor ez da erortzen
Behin behintzat
Aingura gisara
Gezurraren Historia
Jasan ondoren?

1973. Frankismoaren 34. “urte loriatsua”. Ostegun santu gaua. Aita gurea irrati zaharra sintonizatu nahian. BBC Londreskoa… fiiiuuu… Radio Pirenaica… urrutiko uhin hots gehiago, a ze txistuak…! Interferentziak… Aquí Radio Paris… Icí Radio France International… hainbeste eta hainbeste megaziklo/kiloziklo… entzuten geunden irratian gau hartan ere, misterio eta ilegalitate kutsu batez…

“Eta gero?”. “Borrokan hil!”. “Horrelaxe, ahotsik mudatu gabe”. La España que duele. …piñaun, piñaun!!! “Txikia hil dutela!”. Non, non? Nola? Nola? Hola?

Herio, maite haudan herio,
Halako zortez,
Non bizitzan ere izan haizen,
Baina liskarti izateagatik
Galdu duan, izanki.

Inork ulertu ez badu euskaraz:

Muerte que te quiero muerte
De tal suerte
Que en vida ya has sido
Pero por pendenciera
Has perdido.

“Aquí murió el jefe de ETA”.
Ez huen Bilbora joan nahi. Ez eta Zumalakarregik ere. Mendira, mendira! Che-rekin batera. Federico, Lauaxeta, Saseta, Txabirekin, eta hi. Eta hainbat eta hainbatekin. Urbasako Pilatosen Balkoitik amilarazitako kamioikada gizonekin. Gerokoak gero. Milioika heriotza (ez)berdin.

Guk gura diaguna
Hi gurutzeduna?
Oi Arbelaitzeko seme langile
Arbel-haitzetan erne
Basoetako olerkari lerdena
Gaizkileen beldurgarri
Haien lotsaizun handi
Robin Hood berri…

Eustaki, izorratu haute
Izorratu hautenez!
Gizon osoa hi
Erditu dituk
Milaka ama-seme
Larrua zulatu diate
Nekeen seme hi.

“Eta Eustakitoren aurpegian heriotza zen, klabao! Eta ezpain-ertz inguruak zuri-zuri”.

Eta jada ez zaiguk geratzen
Justizia egarririk
Giza justiziarenik
Bestelakoa, bestelako
Egarria, poetikoa.

Eta azkeneko kartzelatik
Zerraldotik ihes egingo
Huelakoaren beldur,
Beste horiek zuzenean
Lurperarazi hinduten.

Itsasondoko kanposantuak
Itsasontzi antza du,
Badu bai Pilotu
Eta zink-fluxua dariola.

Ontzi sentina/pontzatik gora odola
Gainezkatzen diola,
Idi-begietatik
Debekatua denaren ahoetara doakiola.

Kapitainari laket zaio
Gure ofrenda eskaintza,
Elur-ura erretzea
Langar/antzigarraren orduetan.

Itsasondoko hilerriak Nuarbekoak adineko aldapa pikotxa du, eta
“Hemendik aterako dituk ernamuinak!”, esan zian Andres Debak, ukabil goratuen desafioa, eta munduko epitafio aproposenaz estalia izan hintzen.

“Ikastola eta eliz askotan
Atea didate itxi;
Atzerritarrak ta seme askok
Lapur bat antzo ezetsi!
Nere izena apaldu arte
Ezin dute etsi…
Zer egin diet etsai bezala
hainbat nazaten gaitzetsi?!” .

Eta poema profetiko berean:

“Euskal herriko bazter denetan
Atzerrian antzo nabil…,
Ez-ezagunen artean haur bat
Bezain apal eta ixil!
Ene burua gara ez dadin
Baditut mila maratil…
Gaiztaginari lez, arrano begiz,
Etsaiak so ditut hurbil!”.

Eta kontsumatu huen biktima horren patua.

Madrilen Txikia komandoa, Carrero gero.
Makina bat aldiz jaurti genizkian
Jendetzak airera jertseak geroztik,
Zerura gorantz eup la-la!
Hamaika gauza gertatu zaizkiguk
Hainbatetan harakoaz geroztik.
Zerbait aldatu ote? Espoliazioak jarraitzen dik.

Nork ebatsi zizkian
Hire azken poemak?
Amets batean bezala
Ikusten ditiat.
Epikoak eta finak dituk.
Eta madarikazioa betierekoa
Profanatzaileentzat!

Hona hemen Eustakioren bertso batzuk:

“Gizonen pausuak itsasora
Doazen urak dira…
Bizitzaren gurpilak garamatza
Ilunpetako hobira,
Argia gautzen eta bizia
Finitzen den ur handira.

Egun-txintak gaua dakar,
Biziaren gau gordina!
Baina heriotza guztiak
Ez dute esanahi berdina.

Goiz-ihintzak sortutako lorea
Arratsean hiltzear dago…
Hala, gu ere herio segak
Denok gaitu eramango…
Baina heriotza batzuk ditugu
Besteak baino pisuago.

Herri-interesengatik hiltzeak
Mendien pisua dauka,
Baina faxisten morroi bizi eta
Zapaltzaileentzat hiltzea
Xoriñoen luma grisa baino
Pisu gutiagokoa da.

Ideal gabe morroi hiltzeak
Ez du deus ere balio…
Herriagatik hil denak aldiz
Bizitzari argi dagio…
Ur guziak ez dira gaziak
Herio denak ez herio”.

“—Zapalduen zerbitzuan
bihurtuko da ene heriotza;
kalte latza,
jarraipen gabea balitza…
-—…Entzun ezak hilobitik
Justizia datorrela herri behetik… “

“Iba acompañado de otro activista que consiguió fugarse”.

Garai gris ilunak.
`Usain´ aparta omen huen
Ez zian kalerik egin
Ez hutsik egin ziaten
Ez eta hire orduan ere.

Eta lurrak eta elurrak
Mundu honetan
Geldituko dituk
Gau gizaki izaki
Mendi eta gauza
Zaharrei begira.

“Ez haute gelditu arazi
Gure Ene bait haiz”,
Ziok memoria kolektiboak.

Eta nagusien bozeramaileek
Etsai hurkoak zakurrak
Edozeri ziok zaunka:
`Bere mugetan´ sartu denari,
Udazkeneko hosto eroriari,
Edonori zaunka,
Iraultza-gauei zaunka,
Baina gizon apal baten
Heriotza usainari ez,
Hari barrea. Hiena kiratsa.

Baina egiaztaturik zegok
Herrixka bakoitza
Herri auzo bakoitza
Euskal bailaretako
Anatomia banak
Jantziko direla
Gure koloreak
Dituen zetazko
Soineko egoskorrarekin
Lainoan bildutako
Krisalida haiei esker.
Eta adio! Oraindik ez haiz guztiz joan baino…!

Eta hik, dantzari,
Zer egiten duk hor?
Atsekabe malura eta
Destitxa esanaren dantza
Borobildua behar huen honez gero!

Txikia zuen guda izena:

“Harro hadi Kantauri itsasoa
Ta heien betiko loa
Betiko kanta zak…!”.

Collagearen osagarriak: Eustakio Mendizabal Txikia, Larrun Aldizkaria (1. Zenb. 1985), Telesforo Monzon Olaso eta Hitz etena, Jon Arano, 1992.

Share

Iruzkinak