[berria.eus] Kartzelak kolpatutako literatura bat

2022, 3 abendua

[berria.eus] Kartzelak kolpatutako literatura bat

Iñigo Astiz

2002tik 2017ra bitartean kaleratutako liburu kolektiboetako testu hautaketa bat, Jose Mari Sagardui ‘Gatza’-ren memoria liburu bat, eta Gartxoten ‘Barruan’ komikia kaleratu ditu Ataramiñek

Gartxot komikigileak sortutako Barruan komikiko irudietako bat.



«Euskaldunik?». Eta isiltasuna, oihuaren ostean. «Euskaldunik?!!». Eta bigarren saiakeraren ostean jasoko du erantzuna Odei izeneko euskal presoak barrotedun leihotik Creteileko kartzelako B moduluko patiorantz zabaldutako galderak. «Ta gueule fils de pute!». Kartzelako lehen egunak dakarren kolpearekin abiatu du Barruan komikia Gartxot marrazkilariak, eta kartzelatik atera ondorengo lehen egunak dakarren shockarekin amaitu. Azken binetan, espetxetik atera berri irudikatu du protagonista, gauez hor ere, bakarrik orduan ere, farol baten argitara. «Nolako poza!! Eta orain zer?». Komiki hori ez ezik, beste bi liburu ere argitaratu ditu Ataramiñek Durangoko Azokarako: Jose Mari Sagardui Moja Gatza-k idatzitako Zaldi berdea memoria liburua, batetik, eta Urrun da zeru urdina bilduma, bestetik, argitaletxeak 2002 eta 2017 bitartean kaleratutako testuak hautatuta.

2000ko hamarkadan ETAko kide izateagatik espetxeratutako gizon bat da Barruan komikiko protagonista. Fikziozkoa da haren izena, eta fikziozkoak dira kontatzen diren gertakariak ere, baina, egileak onartu duenez, oinarri erreala dute guztiek, Gartxotek berak bere larruan bizitakoekin eta beste euskal preso batzuek kontatutako pasarteekin osatu baitu kontakizun hori.

Autorea kalean da jadanik, baina, liburuko hitzostean azaldu duenez, ez du lana bere izen-abizenez sinatu nahi izan. «Zoritxarrez gaur egun ere preso ohiok maila askotan jasaten dugun estigmak behartu nau komiki hau ezizena erabiliz argitaratzera. Horrela ez balitz, agian nire lana galduko nuke, edota semeak arazoak izango lituzke eskolan, bikotekideak lanean… Kartzelak itzal luzea du kalean ere».

Huts egindako ihesaldia

Kartzela da, ezinbestean, Jose Mari Sagardui Moja Gatza-ren memoria liburuaren gai nagusietako bat ere. 22 urte zituela sartu zuten espetxean, 1980an, eta hamalau kartzelatatik igaro ostean, eta Parot doktrinaren eraginez aurreikusia zioten irteera eguna bi urte atzeratu ondoren, 2011n atera zen kalera azkenik, 31 urteren buruan, 52 urte zituela. Eta liburua atontzen lagundu dion Xabier Izagak azaldu duenez, «gordin» kontatzen ditu egileak, besteak beste, kartzelaldi horretan bertatik bertara ezagututako bortizkeria, sakabanaketa politikaren ondorioak eta jipoien kontaketak.

1993an Granadan [Espainia] egin zuen ihesaldi saiakera da liburuaren ardatz narratibo nagusia, eta, horrekin batera, espetxeko bestelako pasarteak ere tartekatzen ditu egileak.

Izagaren hitzetan, ordea, alderdi «epikoa» nabarmendu beharrean, alderdi «emozionala» da liburuaren muina. «Soka bat egin zuen kable batzuekin, zulo bat eginda atera zen teilatutik, harresiraino gako bat bota zuen, eta, zintzilikatu zenean, lurrera jausi zen. Besoak apurtu zituen, hankak ere bai, eta, han zaurituta zegoela, guardia zibilek jipoitu egin zuten. 1993ko martxoaren 6an izan zen hori, eta egun horretan berean, zazpi urte geroago, jaio zitzaion alaba ere: 2000. urteko martxoaren 6an. Eta, orduan, lur jota geratu zeneko egun hori helduleku bihurtu zitzaion, eta aurrera egiteko motibo. Eta hori da liburuaren zentzua».

Joseba Sarrionandiak idatzi du liburuaren hitzaurrea, Izagarena da hitzostea, eta Unai Iturriaga bertsolari eta irudigileak egin du azala.

Kolektibotasuna aldarri

Hogei urte beteko ditu aurten Ataramiñe argitaletxeak, eta, denbora horretan, euskal presoek idatzitako 47 liburu eman ditu argitara; saiakerak, nobelak, itzulpen lanak, komikiak, poemak eta bertsoak tartean direla. Haien artean dira 2002tik 2017ra bitartean urtero argitaratutako lan kolektiboak ere, eta haietan bildutako testuen antologia bat osatu du orain Jokin Urain Larrañagak: Urrun da zeru urdina.

Guztira, 150 egile baino gehiagoren lanak bildu dituzte argitalpen kolektibo horiek urteotan, eta haien arteko 71 hautatu ditu Urainek orain bildumarako. Euskarazko lanak lehenetsi ditu, eta kartzelarekin lotutako testuak hautatu ditu nagusiki. Egile bakoitzaren lan bakarra bildu du, bestalde, eta espetxean idatzitako euskal literaturari buruzko hitzaurre bat ere idatzi dio lanari. Hartan gogoratzen duenez, Bernat Etxeparek berak ere 1516an Biarnon preso emandako egonaldia aipatzen baitu Linguae Vasconum Primitae liburuan. «Kartzelako euskal literaturak ibilbide oso-oso luzea dauka, zorionez literaturarentzat, eta zoritxarrez egile horientzat».

Eta bata bestearen ondoren datoz espetxean idatzitako aipamenak edo espetxean idatzitako liburuenak Urainen hitzaurrean.

Ataramiñeko liburuak kaleratzeko, idazleen lana ez ezik, haien senideek emandako laguntza ere beharrezkoa izaten dela gogoratu du Oier Gonzalez Ataramiñeko kideak. Maiz, «kontrabandoan» atera behar izan dituztelako lanak kartzelatik. «Kolektibotasunaren aldarrikapen bat da hau, kolektibotasuna zigortuta dagoen gune batean».

Durangoko Azokan izango duten mahaian egongo dira salgai liburuak, eta baita egutegi bat ere.

→ https://www.berria.eus/paperekoa/1872/032/001/2022-12-03/kartzelak-kolpatutako-literatura-bat.htm

Share

Iruzkinak