Jose Mari Sagardui Moja «Gatza», ‘Zaldi Berdea’

2022, 21 azaroa

Zaldi Berdea
Jose Mari Sagardui Moja ‘Gatza’
Ataramiñe, 2022

Azaleko irudia: Unai Iturriaga Zugaza-Artaza
Hitzaurrea: Joseba Sarrionandia Uribelarrea
15cmx21cm
194 orr.

Egiteko leku aproposean idatzi zuen Jose Mari Sagarduik narrazio hau, kartzelan ia 31 urte zeramatzala, ordu arte saiatu gabe zuen hanka egiteko moduari helduta, betiere kaleko askatasuna eta bertako eta barruko lagunak gogoan. Hiru hamarkadan hainbat aldiz saiatu zen ihes egiten, eta haietako batean erreka jo zuen. Ez zuen erraz ahaztuko egun hura, eta une batez askatasuna usaintzeko bide eman zion saio haren berri ematea erabaki zuen, beraz, batez ere zulo ilun eta beti urrun haietan izandako sentipenak, milaka euskal herritarren sentipen direnak, harresietatik kanpo barreiatzeko asmoz. Gogoak denboran aurrera eta atzera eginez, bertatik bertara bizi izandako hainbat gertakari ezagunen eta hamaika pasadizo ezezagunen berri ematen digu narrazio gordin bezain hunkigarri honetan. Bereziena, Granadako espetxean huts egin zuen ihes saioaren zazpigarren urteurren eguna, Gatzaren alaba jaio eta Zaldi Berdea sortu zenekoa.

 

GATZAREN HARIA • Hitzaurrea • Joseba Sarrionandia

Euskarazko hitz bat erakutsi zidan Gatzak:

Koiu!

Zer dok koiu?

Koiu!, Gatzak Arratiar jatorrikoa zuen familia eta koiu esaten zuen, hartu esan beharrean.

Puerto de Santa Mariako zigor zeldetan, preso komunek El Palomar deitzen zuten goialde hartan, behin baino gehiagotan suertatu ginen bata bestearen alboan.

Teknika bat zegoen zigor zeldetan gauzak leihorik leiho pasatzeko. Hari bat jaurtitzen zen, hariaren puntan pisuren bat, abisatuak besoa ahalik eta kanporen atera behar zuen, pisua besoaren gainetik pasatzean hariari heltzeko. Behin haria konpartituta, edozer pasa zitekeen: esne botila, liburua, ogi zatia, playboy, edo sagar bat…

Batzuek hari hauskorrak erabiltzen zituzten eta, haria apurtuz gero, zena zelako gauza erortzen zen lurrean itzelezko zarata egiteko. Gatzaren haria lodia izaten zen eta ez zen apurtzen.

Mantarena, akorduak okerrik esaten ez badit, Carabanchelgo mutinaren ondoren izan zen. Goizean goiz, Puerto de Santa Mariara trasladoa abisatu zutenean hasi zen jaikialdia: galeriako ateak itxi, barrikadak eraiki, sarrerako zaborrontziei sua eman… Laster ilundu zen dena, eta han ibili ginen ito beharrean luzaroan. Azkenean, polizia tropa bereziak sartu ziren…

Puerto de Santa Mariarakoak, esposaturik eta keaz belz-belzturik, kolpe-bidea egiten zigutela eraman gintuzten trasladoaren furgoietara. Maletarik gabe, ezer gabe heldu ginen Puertora, eta zuzenean sartu gintuzten zigor zeldetara. Leihotik deitu eta, Gatza nuen albokoa, ezkerraldean. Hiru, lau, bost, egunak emango genituen larrua garbitzen eta kedarra birikietatik atera ezinik eztulka.

Halako batean, Gatzak koiu esan, nik besoa atera eta, hariari lotuta, Leon Tolstoi-ren Resurrección eleberria pasatu zidan. Nobela lodi bat.

Nundik atara dok hau?

-Alboko zeldara etorri dan bati eskatuta, liburua hobeto aprobetxatuko dok hik.

Komunerako erabiltzen zituela orriak bestaldeko preso komun batek, bestaldeko bizilagunak. Liburuak azkenengo berrogei edo berrogeita hamar orrialdeak falta zituen, hain zuzen. Liburuaren hasierako orriak oso ondo zeuden beste mundu eta beste sasoi batera sartzeko…

Jauntxo gazte bat, Dmitri Ivanovitx Nejliudov, bere sorlekura itzuli da, Nizhni Nóvgorod izeneko herritik hurbil. Bizimodu lasaia du lagun onekin, eta laster ezkondu behar du familia noble bateko alabarekin. Militarra da eta goi mailako etorkizuna aurreikusiko lioke edozeinek. Baina, Armadara itzuli orduko, epaile moduan konbokatu dute tribunal bat osatzeko. Ustekabean, bere lehenengo neska-laguna da auzipetua, Ekaterina Maslova. Nejliudov jauntxoak, maiteminduetara jolastu ondoren, engainatu eta abandonatu egin zuen neskamea. Neska prostitutara jausi zen. Orain, Nejliudoven tribunalak neska hori gogor kondenatzean, hasiko da jauntxo ondoeza…

Bi edo hiru bider irakurri nuen eleberria, harik eta falta ziren orrialdeetaraino.

Gatzak ez zuen leitzen, aspertu egingo zen eta, lantzean behin, koiuka hasten zen:

Nundik atera dok laranja hau?

Hor, beste komun bat etorri dok eta, badakik…

Hariak komunetik behera botatzen ziren, ustekabeko katxeoren batean harrapatuak ez izateko.

Baina, handik laster koiu entzuten zen berriro. Gatzaren haria hartzen nuen, eta hara, esnea, plastikozko ur-botila txiki batean.

-Nundik atara dok hau?

-Badakik.

Gatzaren koiu bakoitza sorpresa baten anuntzioa izaten zen.

Baina, gauerdi batean, katxeo jenerala heldu zen ustekabean. Zarata entzun zen pasiloetan, jaiki orduko ateak ireki zizkiguten. Zeldetatik korridorera atera, hormari begira jarri gintuzten, eskuak horman gora altxatuta, eta funtzionarioak gure zeldak errebisatzera sartu ziren. Hormaren kontra, Gatza eskuinaldean nuen pasiloan, harantzago komun bat, gero beste euskaldun bat…

Atzean, funtzionarioak ziegak errekistatzen, gauzak bota eta apurtu ere egiten zituzten entzuten zen zaratagatik. Bat-batean, funtzionarioa irten Gatzaren zeldatik geu bion artean paratzeko trapu bat erakusten.

–¿Y ehto?

Toalla bat ematen zuen. Toalla txiki bat ematen zuen, baina apur bat luzea. Kartzelako manten kolorekoa. Gatzaren manta zen, baina goitik behera ehuneko 80-edo hariz gabetua.

¿Que eh ehto?

Bigarren astean edo, moduluetatik arropa batzuk heldu ziren. Artean, kamiseta bat urdin iluna, Harvard unibertsitatekoa, Nenerena.

Irakurri nuen Resurrección laugarrengoz, eta bosgarrengoz, laurehun eta ez auskalo zenbatgarren orrialdean bat-batean eteten zen arte… Nejliudov Katiusharen ondoezaren eragilea sentitzen da, haren alde zer egin ez dakiela, baina bien arteko harreman sentimentalaz baino gehiago da aberatsez, laborariez, legeen injustiziez, kartzelazainez

Ez dakit hamabost egunetara, edo bi hamabost egunetara atera gintuzten zigor zeldetatik eta jaitsi ginen modulura. Jaistean ikusi nuen lehenengoa Xabier Izaga izan zen.

Eskerrik asko hire kamisetagatik.

Heurea duk –erantzun zidan Nenek bere urduritasun eskuzabal irribarretsuarekin.

Poz handia ematen dit hemen prologoan berriro topo egitea Gatza idazlearekin eta Xabi editorearekin, pozik berriro elkartzeko suertea izan dugulako, kartzelatik urrun; espero dugu. Barruan geratu direnak ere libre aterako direla espero dugun artean.

Joseba Sarrionandia Uribelarrea

Share

Iruzkinak