Jon Esturo & Maximo Aierbe, «XAKE»
2022, 21 azaroa
XAKE
Jon Esturo & Maximo Aierbe
Hitzaurrea: J.K. Alberdi Krakas
Debako Irakaskuntza eta Kultur Aurrerapenaren Aldeko Elkartea, 1985
→ gari2017.wordpress.com: XAKE, Soriako kartzelatik
→ susa-literatura.eus: [Jokin Urain] Xakea
→ gari2017.wordpress.com: XAKE, Soriako kartzelatik
Xakeari buruzko euskarazko lehen liburua Jon Esturo eta Maximo Aierbe euskal presoek idatzi zuten, Soriako kartzelan. Debarrak eta ataundarrak sei hilabeteko lanari 1982ko otsailean eman zioten amaiera, eta hiru urte geroago argitaratu zuten, Debako Irakaskuntza eta Kultur Aurrerapenaren Aldeko Elkartearen laguntzarekin. Juan Karlos Alberdi Krakas lagunak espetxe berean idatzitako hitzaurrean nabarmendu zuenez, “liburuaren asmoa, kasu, ikastoletan, gazte eta zahar artean hain garrantzizkoa, pedagogikoa eta lagungarria daitekeen joko baten bultzatzea litzateke”.
Egileek ere lanaren sarreran adierazi zituzten asmoak. Liburuak “helburu orokor hau du: xakea euskararen arloan sartzea”, eta behin urrats hori eginda, “xakea ikastoletan sartzea da gure asmoa”. Xakea euskaraz lantzeko zegoen hutsunea bete, horretarako terminologia adostu, eta xakea euskarazko irakaskuntzara zabaldu nahi izan zuten.
Sarreran bertan aletu zituzten hiru kontuak. Lehenik, hutsunea: “Soriako espetxean daramagun eginkizun garrantzitsuenetariko bat euskara lantzea izanik, eta orain arte xakeari buruz ez dela ezer egin ikusirik, hau euskararen arlora eramatea pentsatu genuen. Xakea dugu hemengo aktibitateetariko bat. Zenbait lehiaketa ere jokatu izan ohi ditugu, denbora ere nolabait pasatu beharra dugu-eta. Baina beti erdaratik hartutako deiturak erabiliz, noski. Baina hori gure artean ez genuen ontzat hartzen eta euskaratzearen lanari ekin genion. Hara nola diren gauzak, eta berehala hasi zen JAIEGINgo JOKA EZAZU XAKEAN JAIEGINEKIN. Eta hori izan zen azken bultzada eman ziguna”.
Hutsunea betetzeko lanean hasita, xakerako euskarazko terminologia erabaki behar izan zuten: “Oztopo handiak izan ditugu lan hau osatzeko. Alde batetik ez genuen inongo terminologiarik euskaraz, eta bestetik, gauden egoeran egonik ez dugu hau leku egokiena ikerketarako. Beraz, eskuartean genuen material apurraz baliatu behar izan dugu, hots: gaztelania, frantsesa eta ingelesko liburuetatik”. Lanik handiena itzulpenak “eta liburuetatik hartutako zirrimarrak” izan zirela aitortu arren, “lehen pausoa eman dugulakoan gaude, batez ere, eta hau da liburu honen zeregin garrantzitsuena, arau eta terminologia mailan” zioten egileek.
Hirugarrenik, xakea eta hezkuntza uztartu eta xakea eskoletan lantzearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuten.
“Xakearen hezkuntzako balioa pedagogiko arloaren maila guztietan da preziatua. Bere praktikak, oroimena, irudimena eta kontzentrazioa bizkortu eta aztertzen, arrazoitzen eta, honen ondorioz, erabaki sendoak hartzen ohitarazten duela gauza jakina da. Hitz batean esanda, zaildu egiten du pertsona.
Xakeak onura handiak ditu hezkuntzarako eta, gainera atseginez egiten den gauza da, hots: jostotuaz, dibertituaz. Egun, xakeak harrera ezberdina du mendebalean eta, nolabait esateko, ekialdean. Herri kapitalistetan, kasu gehienetan behintzat gutxiengoen esku dago xakearen hedadura. Orokorki, gobernuek emandako dirulaguntzen mende daude federagintza estatalak eta hori beti urria izanik, taularen arteak gazteriaren hezkuntzarako duen garrantzitik at dagoen zerbait gertatzen da xakea.
Baino zeharo alderantziz gertatzen da komunista deituriko herrietan, dirulaguntza handiak ematen dituzte gobernuek eta ahalik eta jokuaren hedadura zabalena lortzeko helburuz ari dira lanean. Xakea da herri hauetan gaztekoen jostagailurik garrantzitsuena. Eta maisu bereziak dituzte horretarako. Honetaz gainera urte oro antolatzen dira mintegiak udako oporretan. Hauetan jokalari iaioenak hartzen dute parte, eta hauetatik ateratakoak dira Petrosian eta Spassky txapeldun ohiak, eta egungo txapelduna, Karpov, ere bai. Dudarik gabe Errusia dugu gisa honetako hezkuntzaren plangintzarik hoberena duen herria. Bigarren mailako ikastoletan aurkitzen da zehazki antolaketa ofizialaren oinarria. Hauetan, ikastola bakoitzak bere irakaslea duelarik, ikasleen arteko lehiaketak, ekipoak osatu, inguruko herrien konparaketak eta hainbat eta hainbat aktibitate aurrera eramanaz, beren zentzumenak hezi ezezik, xakea indartu ere egingo dute”.
Horrela, “xakea ikastoletan sartzea” erraztu nahian, lau ataletan banatu zuten liburua: lehenengoan xakearen historiaren nondik norakoak laburtu zituzten; bigarrenean, xakerako euskarazko terminologia zehaztu zuten; hirugarrenean, xakean jokatzeko oinarrizko arauak gogoratu zituzten, hasiberrientzat; laugarrenean, azkenik, ordura arteko xake partida sonatuenak bildu zituzten.
Euskarazko idazle presoei eta preso idazleen lanei buruzko ibilbide ederra da Jokin Urainek Dueñaseko kartzelan idatzitako Ez dago etxean (Susa, 2010) liburua. Bernat Etxepare, Joan Amendux, Juan Inazio Iztueta, Martin Larralde Bordaxuri edo Etxahun Barkoxerekin hasi eta gaur egun arte giltzapetik argitara ekarritako lanak bildu zituen mendarotarrak, eta Xakea atalean Aierberen eta Esturoren liburua izan zuen hizpide, azken honek liburuaren sormenari buruz erantzundakoekin osatuta:
«Ni nahiko sartuta ibili nintzen xake munduan, eta jendeak bidaltzen zizkigun xake liburuak. Gainera, Eginek txapelketa bat plazaratu zuen orduantxe. Partida bateko jokaldiak asmatu behar ziren, eta guretzako sekulako giroa zen astero-astero puntuak irabaztea eta egunkarian azaltzea. Giro horretan bilduta erabaki genuen nola gorpuztu liburua: xakearen historia ezkutua aipatu beharko zen; xakelari ospetsu garai ezberdinetakoak; eta zergatik ez euskal xakelariak? Baina, garrantzitsuena xakearen hiztegia; hau da, nola izendatu piezak eta zergatik. Eta hasiberrientzat (umeentzat alegia) lehen urratsak. Sei hilabete izan ziren, egunero zerbait aurreratuz. Sekulako folio sorta pilatu genuen eta, kontsulta asko egin ondoren, niri egokitu zitzaidan kalera ateratzea handik hilabete batzuetara. Pakete osoaz irten nintzen, eta gero argitaratu».
Gaur egun, Jon Esturo xake jokalaria, prestatzaile fisikoa eta xakean aditua da. Soziologia eta Zientzia Politikoak ikasi ostean, Gorputz Hezkuntzan lizentziatu zen, atletismoko entrenatzaile titulua lortu zuen, eta goi errendimenduari buruzko masterra egin zuen. Xakea hautatu zuen master amaierako lana egiteko, eta goi mailako xake jokalarien gorputzek, garunek eta bihotzek txapelketetan nola erantzuten duten aztertu zuen.
Maximo Aierbek sorterriko kopla eta kantu zaharrak bildu eta argitaratu zituen, eta gaur egun Ataungo Eate abesbatzako zuzendaria da.
Juan Karlos Alberdi Krakas Herrera de la Manchako kartzelan hil zen, 1988ko otsailaren 15ean. Bertsio ofizialaren arabera heriotza naturala izan zen, eta biriketako endema baten ondorioz hil zen, bat-batean. 30 urte zituen. Egun hartan, Sokolov, Karpov, Kasparov, Spassky eta abar munduko xake txapelketan lehian ari ziren, Frantziako Belfort hirian.
Erreferentziak:
· Jimenez, Edorta: Xake. Susa aldizkaria, 1989ko ekaina. Kritiken hemeroteka.
· Ibaibarriaga, Asier: Xake euskarari. erabili.eus, 2003.04.11
· Urain, Jokin: Xakea, in Ez dago etxean. Susa, 2010.
· Xakearen nondik norakoak Jon Esturo eta Leontxo Garciarekin. Helmuga. ETB. 2020.12.12.
→ susa-literatura.eus: [Jokin Urain] Xakea
Aierbe ataundarrak eta Jon Esturo debarrak elkarlanean idatzi zuten Xake liburua Soriako espetxean. Pentsatzekoa izan behar zuen, non eta kartzelan sortuko zela lehenago edo geroago horrelako zerbait.
Liburuaren aitzin-solasa J.K. Alberdi Krakasek sinatua dago 1982ko otsailaren 23an, Sorian, eta hitzaurre horren ondoren beste sarrera bat dakar: «Soriako espetxean daramagun eginkizun garrantzitsuenetariko bat euskara lantzea izanik, eta orain arte xakeari buruz ez dela ezer egin ikusirik, hau euskararen arlora eramatea pentsatu genuen. Xakea dugu hemengo aktibitatetariko bat. Oztopo handiak izan ditugu lan hau osatzeko. Alde batetik ez genuen inongo terminologiarik euskaraz, eta bestetik, gauden egoeran egonik ez dugu hau leku egokiena ikerketarako. Beraz, eskuartean genuen material apurraz baliatu behar izan dugu, hots: gaztelania, frantsesa eta ingelesezko liburuetatik. Beraz, originaltasun gutxiko liburua dugu hau. Lanik handiena itzulpena eta liburuetatik hartutako zirrimarrak dira. Eta akats handiak izango dituela ez dugu zalantzan jartzen, baina lehen pausoa eman dugulakoan gaude».
Urte batzuk joan dira ordutik, eta Esturori eupada egin diot; zintzo asko erantzun dit:
«Gure Soriako egoera aldakorra zen, baina momentu onenetan, bilerak egin genituen eta baita erabaki ere komenigarria zela ikastaroak egitea, irratiak ez piztea une jakin batzuetan izan ezik, eta 21 eguneko jardueratan sartzen ginen. Gehienek euskara ikasten zuten (maila ezberdinetan) eta, horren harira, Aierbe eta biok, batzuetan itzulpenak eginez eta bestetan jokatuz, animatu ginen xakeari buruzko lan hori egitera.
«Arrazoiak: Beti izan dugu eztabaida bat. Buruan darabilkizun hizkuntzan arituz askoz gehiago hausnartzen baduzu, zergatik xakean ari garenean jo behar dugu beti erdarara? Euskaraz bizitzeko asmo horretan, gure bizitzako esparru guztietara euskara ekartzea genuen asmoetako bat.
«Aierbek oso ondo kontrolatzen du hizkuntza, gustatzen zaio jokoa, nahiz eta gehiago gustatu nola jokatzen genuen ikustea berak jokatzea baino (ez baitzaio batere gustatzen galtzea).
«Ni nahiko sartuta ibili nintzen xake munduan, eta jendeak bidaltzen zizkigun xake liburuak. Gainera, Eginek txapelketa bat plazaratu zuen orduantxe. Partida bateko jokaldiak asmatu behar ziren, eta guretzako sekulako giroa zen astero-astero puntuak irabaztea eta egunkarian azaltzea. Giro horretan bilduta erabaki genuen nola gorpuztu liburua: xakearen historia ezkutua aipatu beharko zen; xakelari ospetsu garai ezberdinetakoak; eta zergatik ez euskal xakelariak? Baina, garrantzitsuena xakearen hiztegia; hau da, nola izendatu piezak eta zergatik. Eta hasiberrientzat (umeentzat alegia) lehen urratsak.
«Sei hilabete izan ziren, egunero zerbait aurreratuz. Sekulako folio sorta pilatu genuen eta, kontsulta asko egin ondoren, niri egokitu zitzaidan kalera ateratzea handik hilabete batzuetara. Pakete osoaz irten nintzen, eta gero argitaratu.
«Xehetasun gehiagoz ari naiteke, baina zein zaila eta eztabaidatsua izan zen xake mugimenduak euskaraz nola idatzi erabakitzea!
«Orduan oraindik sistema deskribatzaileaz idazten zen; ondoren algebraikoa nagusitu zen. Adibide bat:a) deskribatzailea: Peoia Erregearen 4ra 1.P – E4
b) algebraikoa: 1.e4a): Zalduna, Errege Alfilaren 3ra 2.Z – EA3
b): 2. Z f3«Guk, ingelesek erabiltzen zuten genitibo berdina erabili genuen eta ondo geratu zen korapilo hori; baina ondoren dena sinplifikatu zen algebraikoaz. Dena den, garrantzia handiko kontua zen eta da oraindik nola izendatu piezak.
«Orduko giroaz, zer kontatu… Batzuetan bakarrik izan genuela horrelako gauzak egiteko aukera, baina ondo antolatuta geundenean eta aktibitatea zegoenean…».
Hemen eten dut Jonena, eta eteten dut neurea. Berandu baita gauean, beste hark esan zuen moduan.