Sarrionandiaren azkena: “Moroak gara behelaino artean?” liburuaren aurrerapena

2010, 27 azaroa

>> berria.info: “Moroak gara behelaino artean?” liburuaren aurrerapena

Joseba Sarrionandiaren liburu ezberdina da ‘Moroak gara behelaino artean?’, Pamiela argitaletxeak datorren astean kaleratuko duena, egile beraren aurrekoekin konparatuz gero. Bereber hizkuntzaren lehenetako gramatika egile Pedro Hilarionek Sarrionandiari piztutako jakin-minetik abiatuz sortua, liburua askotarikoa eta sendoa da. Bertan aurkituko dituzu pertsonaia historikoak eta gerla kolonialei buruzko gogoetak, aitormen pertsonalak eta iritzi politikoak, biografia bitxiak eta pasadizo sinesgaitzak, hizkuntzei buruzko ideiak… Atalaurreko zati bat da hau.

Moroak gara behelaino artean?

Behin, hoteletik irtetean, atezainak esan zidan: «Ez zaitez kasbara sartu!». Ez zen portutik urrun hotela. Oinez abiatu nintzen, artean datilak ezpainetan, haizea zetorreneko aldera, eta portutik zetorren. Kalea zabala zen, estilo frantses kolonialeko etxe bikainak, XIX. mendearen bigarren parteko eta XX.eko lehenengokoak, palmondoen itzal urduriak harlauzetan. Udaberria izan behar zuen, 14 edo 16 gradu egingo baitzituen, haize zuria zebilen oskarbipean. Kalean gizonak zurrun, txaketa ilunez jantzirik itzultzen zaizkit gogora.

Barku batzuk ikusi nituen kaian, garabiak, eta itsasoa bare, ez sinesteko moduko urdina. Itzelezko argitasuna egiten zuen. Baina ez dakit halako argitasunarekin hobeto ikusten ziren gauzak edo lausoago. Orduan, goiko alderantz joan nintzen. Kalea estua zen, bi ate halakoa. Ikusten ninduten batzuk zerbait esan guran bezala isildu ziren: «ez sartu kasbara!», ziur, edo «ezetz sartu kasbara!», edo «sar adi kasbara, ergel hori!». Aldapan gora joan nintzen labirintoan, ate itxien eta ate erdi irekien artetik, eta altxatzen zuten begirada batzuek barrutik, jaisten zuten beste batzuek, hitz entzunezinekin.

Gramatika baten bila nindoan. Neuk bezala Oiz barreneko baserri batetik irtendako mutil batek hor utzi zuena, mende bat lehenago.

Eta meskita handi bat ikusi nuen begirada argigabeen bestaldean, hamasei urte nituenean ikusitako pelikulako kaleen artean. Historia liburuetako Jema el-Kebir ote zen meskita zahar hori? Karrika mehe eta bihurriak, noraezean ibiltzea eta zuzen ibiltzea ere ezinezko egiten zutenak, hiri modernoetako kaleen zuzentasun eta zabaltasunik gabeak. Han behean zegoen, hala ere, etorbidea, portua, hiri modernoa.

Eta muezinaren boza entzungo zen kasbako zeru gainetik otoitz-ordua zela abisatzeko:

«Alahu Akbar, Alah Akbar…».

Iraganean nengoela iruditu zitzaidan momentu batean, XVI. mendean edo. Eta zer arraroa zen iragana. Zer arraroa zen dena begien aurrean.

Beste egun batean autobus zahar batera sartu nintzen, jende artean, gramatika horren bila. Aduar batean amaitu zen bidaia. Ez zegoen han ez libururik, ez gazterik. Hiru edo lau zahar, harri banaren gainean denboraren hormaren kontra eserita, itzalpean.

Eguzkiak asto batek putzuan bezala edaten zuen eremuan.

Isilik zeuden, baina ezin nituen paisaiatzat hartu. Zer gramatika ote zuten barruan? Hizkuntzaren gramatikarekin gertatzen da jendeak ez dakiela, baina egiten duela. Ez dakizki egiturak, elementuak, haien konbinazioak, eta hala ere ondo hitz egiten du.

«Nik eztakizut gramatikarik», oroitzen dut esaten zuela Garaziko neskatila hark. «Balinbadakizu, aski duzu zuhaurek itia!»

Pierre Lafitteren gramatikako arau guziak betetzen zituen, hala ere, gerezi aire harekin. Berez erabiltzen ditu izenordainak eta izenlagunak, deklinatzen ditu izenak, formulatzen ditu subjuntibozko baldintzak eta apailatzen ditu erlatibozko perpausak…

Jende isil hark ere gramatika bat izan behar zuen barruan. Haien eleketa amaraunduan. Haien solas entzunezin eta isilaldi luzeetan. Isiltasunak ere gramatika bat izan behar zuen.

«Fantasiaren gramatika» idatzi zuen Gianni Rodarik. Umearen baitan imajinazioa eragiteko mekanismo batzuk daudela uste zuen. Haurrak, gailu horiek topatuta, mila eta bat istorio kontatzeko ahalmena eta libertatea irabazten duela.

Haurtzaroa da pertsonaren aberria, fantasia sortzeko aparatuak funtzionatzen duelako. Eta dena egitear dagoelako. Hala ere, zer egin da? Eta zer laburrak diren gero umetako oroitzapenak. Kontu handiz fabrikatzen genituen lokatzezko kanikak, planetak balira. Ama Singer makinan josten egun osoa. Pupitre hotzetako ume kaligrafiak.

Laidako hondartzan, señora batek hiru ume baserritarri esaten umeok itsasoa lehenengoz ikusi zuten arratsaldean:

«¡Pero, niños, por qué no habláis en cristiano!».

Umeen artean ondo banatu zen lotsa eta zatitu zen mututasuna. Boterearen mihigaiztoak blusa horia zeraman egun hartan eta perlak belarritako.

«Españolez eitteko esan gure ixen dau!»

Olatuak betazalen moduan ixten ziren hareatzara orduko. Ez zegoen, orduan ere, norbere itzalarekin jolasteaz aparteko esperantza handirik.

Boterearen gramatikarekin gertatzen da ez dela jakiten zeintzuk diren elementuak,

zelan funtzionatzen duen. Kapitalen, armen eta legeen jabetza begibistakoaz aparte, esku ostenduek hedatzen dute sarea jendearen gainera. Baina hizkera erreproduzitzeko aparatu gisa instalatzen da jende askoren baitan:

«Ez zaitez moroa izan!», esan zion atzo euskaldun batek besteari.

«Hori talibana da…».

Artean talibanak bonbardaketapean lehertzen dira albistegietan. Berbaera nagusiaren jargoia. Piloturik gabeko hegazkinetatik ereindako lehergailuak. Batzuetan hizkuntza hitz egiten dugu, beste batzuetan hizkuntzak hitz egiten du geure bidez.

[…]

Badakit iraganaz eta botereaz idaztea gaur egun anakronismo ariketa dela. Lekuz kanpoko kaligrafia da, agintzen dutenek bizimodua self-service bezala antolatu zigutenetik. Jatorduetan ematen zaigun platera apurtzea bezala. Ez da txukuna, ez da kuriosoa, ez da Madril edota Parisko argitaletxe boteretsuetan plazaratzeko bidea.

Gainera, euskara normalizatu egin da Laidan, euskara ere espainola da jadanik. Baina gertatzen da denok garela Mohamed oraindik, 1967ko umeak bezala, eta 1110eko tuterarrak bezala. Eta judu alemanak gara. Baina Mohamed ere bai. Denak gara moroak, arrazoi batengatik edo besteagatik, baina batik bat mororik ez delako.

Edo, behintzat, moro izan beharrik ez dagoelako. Eta gertatzen zaigu, atomoen eta mineralen aldean, objektuak eta subjektuak garela aldi berean. Hagatik gabiltza beti ez dakigula gauzak dagozkigun ala besteen kontutzat hartu beharko genituzkeen.

Ni gramatika baten bila sartu nintzen kasba honetara. Gerla egitera ere bai, gerla hitzari Joannes Etcheberri Sarakoak eman zion zentzuan, non gerlak erran nahi duen inorantzia uxatzeko jarduna. Lauzpabost liburutan aurkez nezakeen: xelha gramatika egin zuen fraidearen biografia, Arrifeko errepublika artegaren historia, inperialismoaren kritika entsegua, amazigeraren edestia edota Espainiaren eta Frantziaren mendean euskaldunok egin beharreko protesta. Gaiak mugatuz gero, akademikoagoa litzateke dena, elementu diskordanteak kanpoan geratuko lirateke, ordea.

Eta nik diskordantziei buruz idatzi nahi izan dut. Diskordantziek elkarri argi apur bat emateko, konstelazioetan izar batek bestea argitzen duen moduan…

Ez dut sintesirik aldez aurretik emateko. Bizimodua denontzat ederragoa egiteko ametsak egin ditugunok, ate aurrean zabortegi bat dugula seinalatzea besterik ez. Ez teoriarik, ez araurik, ez on eta gaiztoen zerrendarik, denak gaude harrapaturik dominazio egituretan. Hau ez da gramatika bat. Hau boterearen gramatika, logika eta erretorika arakatzea besterik ez da, iraganak ate aurrean utzi digun zabortegi handi horretan bildu eta sailkaturiko material batzuekin…

[…]

Share

Iruzkinak