Sarrionandiak gogoetarako leihoak zabaldu ditu ipuin laburren liburuan

2010, 20 iraila

gaur8.info



«Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako» Joseba Sarrionandiaren lan berriak 133 ipuin labur jasotzen ditu. Hik Hasik kaleratu du, eta helduentzat gozagarri ez ezik, haurrentzat interesgarri izan daitekeela pentsatuta, lana baliatzeko proposamen didaktikoa erantsi dio. Lanak leihoak zabaltzen ditu, bertatik begiratzea irakurleari dagokio.


Maider Eizmendi

Ipuin bat asmatzea errealitatearen harresian leiho bat zabaltzea da, harginak edo zurginak egiten duen lez, ahalik eta egurrik hoberenarekin, bestaldean topatuko denaz jabetu gabe oraindik, zalantzaz, beldur apur batekin», hala deskribatu du Joseba Sarrionandia idazleak ipuingintza, eta zabaldutako leihoetatik ikusten denaz hausnartzeko, galderek erantzun bakarra ez dutela deskubritzeko, burutapenak norabide bakarrekoak ez direla baieztatzeko eta amets egiteko gonbit egin du, Hik Hasik kaleratu duen «Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako» bere liburu berrian.

Idazle handiaren 133 mikroipuin jaso dituzte, lau zatitan banatuta: irakurlea liburuaren bidean kokatzen duten sarrera, irudimena nagusi den «Leihoak egiten zituen neskatoa» atala, eskola gai nagusitzat duen «Biba zorrien izurritea» tartea, eta gai soziologikoak jorratzen dituen «Unibertsoaren historia eta beste istorio batzuk» atala.

Ipuin gehienak lerro bakan batzuetakoak dira; bi orritxo baino ez dituztenak, hiruzpalau. Laburrak, baina, aldi berean, irakurleak nahi adina luzeak, autoreak berak gaineratu duen moduan, «idazketa irakurketatik osatzen eta biderkatzen baita».

Liburu honetan, Xabier Mendiguren idazleak sarreran jaso duen moduan, ipuin laburren generoa Euskal Herrian gehien eta sakonkien landu duen idazleak umorea eta «ironia mehea» baliatu ditu eta, «paradoxa du, sarritan gogoetarako bidea, ezustearen aurrean buruko errota lanean ipintzeko tresna».

Gogoetarako bidea ematea bai, baina, noski, Sarrionandiak berak aitortu duen moduan, irakurketa gozagarria bultzatzea da, batez ere, lanaren helburua: «Hainbeste oinaze eta hainbeste umiliazio ikusten diren mundu honetan, batak besteari hainbeste min eragiten diola, atsegin apur bat eman ahal izatea ederra litzateke».

Hik Hasik idazlearen testuak eskuartera iritsi eta segituan nabaritu zuen lanaren kalitatea, baita balio didaktikoa ere. Hik Hasiko koordinatzaile Jose Mari Auzmendiren esanetan, hausnartzeko eskaintzen duen parada da, akaso, aipagarriena, «batez ere, garai hauetan, egia bakarraren eta norabide bakarrekoaren ideiak horrenbeste pisu duenean». Sarrionandiak idatzitako ipuinek, ordea, «gai beraren gainean edo egoera beraren gainean ikuspuntu desberdinak izan daitezkeela ikusteko eta horien gainean, bakoitzak bere iritzia emanda, eztabaida dezakegula frogatzeko bidea ematen dute», ohartarazi dute Auzmendik eta liburuaren ilustrazioak egin dituen Lierni Altubek.

Horregatik, hain zuzen ere, liburua kaleratzearekin batera, liburua erabiltzeko proposamen didaktikoa egin dute Hik Hasiko kideek, haurrekin eskolan, aisialdian, etxean… baliatzeko. Ohiko liburuarekin batera, beraz, ipuin laburren genero literarioaren historia eta ezaugarriak, autoreei buruzko argibide batzuk eta ipuin batzuen inguruko gogoeta egiteko Hik Hasik prestaturiko hainbat ideia eta eredu jaso dituzte, euren web orrian (www.hikhasi.com) eskegi duten liburuxka batean. Haren amaieran, gainera, ipuinetako bakoitzak zein gai lantzeko balio dezakeen jasotzen duen indizea gaineratu dute.

«Eskolan, batez ere, testu-liburuak edo testu oso zuzenduak eskaintzen dira eta, normalean, guk markatzen dugu ikasleen begiradaren norabidea. Gainera, gehienetan ez da beren ikuspegia eskatzen eta, eskatzen denean, euren begirada guk egin dugun horretan sartzea nahi izaten dugu. Zentzu honetan, asko gustatu zitzaigun autoreak leihoarekin egiten duen alegoria», nabarmendu du Auzmendik.

Askatasuna da, izan ere, liburu honen ezaugarri nagusietako bat. Sarrionandiak, oker ulertzeko arriskuarekin ere, testuaren malgutasuna bilatu du: «Ez dago testuaren mamia eta forma xehetasunez azaldu beharrik, leihotik begira lagun batekin paratzen garenean ikusten den guztia esplikatu behar ez diogun bezala. Idazleak leihoa zabaltzen du, zerbait seinalatzen du, baina lagunari dagokio nahieran begiratzeko libertatea».

«Irudimena lantzeko bidea ikusi genuen», esan du Hik Hasiko kideak: «Egia da haurretan mundu imaginarioa oraindik zabalagoa dela, gure pentsamenduan ezinezkoak diren gauzak haurrenean posible direla; ipuinak helduentzat ere aitzakia ederrak dira hori lantzeko, izan genuen eta galdu genuen gaitasun horri errepaso egiteko».

Horregatik, eskolan, aisialdian, haurrekin lantzeko egokia izanda ere, Auzmendik argi utzi du helduei bideratutako lana dela eta, entretenigarria ez ezik, irakaspenerako ere balio dezakeela: «Helduok haurrei gure logikatik abiatuta ematen dizkiegu azalpenak eta liburu honetan badaude beraien argudioetatik abiatuta emandako azalpenak. Horregatik da, hain zuzen, interesgarria helduontzat».

Lierni Altube arkitektoa da lanbidez, baina Hik Hasik liburuaren ilustrazioak egitea proposatu zion eta erronka gogo onez eta ilusioz hartu zuen. «Sarrionandiaren liburu baterako marrazkiak egitea ohorea da», esan du behin eta berriz. Lau hilabete luze pasatu ditu testuen osagarri diren ilustrazioak egiten. «Ipuinak banan bana irakurri eta bakoitzak iradokitzen zidana marrazten saiatu naiz. Batzuek ipuinarekin harreman zuzena dute, beste batzuek ez, nolabait esateko, marrazkia bera beste ipuin bat ere bada, kasu batzuetan. Baliatutako teknika akuarela da, guztiei beharrezkoa den lotura ematen diena».

Ipuinen malgutasuna gozagarria baina, aldi berean, traba ere gertatu zaio: «Pertsona bakoitzaren ulertzeko era besteenaren ezberdina izan daiteke, eta baliteke pertsona berak lehenengo irakurketan eta bigarrengoan ezberdin ulertzea ere. Horregatik, behin baino gehiagotan, ipuinei hasieran egokitutako ilustrazioa aldatu behar izan dut, baina gustura, betiere», onartu du Altubek.

Duen balio didaktikoagatik, jada pertsona askok liburuarekiko interesa agertu dute, Altubek eta Auzmendik aitortu dutenez, eta horietako asko eskolaren munduan murgildutakoak dira.

Haratago joateko aukera ere sortu zaie, ordea; izan ere, Ander Lipus, Miren Gaztañaga, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo aktoreek ipuinak landu eta eskoletan emanaldiak egiteko proiektuari heldu diote. «Oso begi onez hartu dugu ekimena. Ipuinak kalitate handikoak dira eta zenbat eta gehiago zabaldu, orduan eta hobe, zer erakutsi asko baitute», onartu du Auzmendik.

Share

Iruzkinak