[bertsolari.eus] ZIEGATIK BERTSOTAN IV • PAKITO LUJAMBIO
2020, 2 urria
[ZIEGATIK BERTSOTAN IV] Pakito Lujanbio
bertsolari.eus
Nahiz eta Joxe Manuel Lujanbio “Txirrita” bertsolari handia nire birraitonaren lehengusua izan, niregana ez zen beraren bapateko bertsolari sen handirik iritsi. Zaletasun apur bat bai, baina apenas bertso paper batzuk moldatzeko eta ez bat-baterako.
Nire espetxealdian bertso paperak erabili nituen nire senideekin uztarketa modura, hots: Gabonetako afariak, gure amaren urtebetetze bazkari ospakizunetarako eta abar idazten nituen bertso batzuk. Eta hitzordua jartzen genuen ordu jakinen batean senideak bazkarian edo afarian kantatzeko, eta nik ordu berean kantatzen nituen nire ziegako bakardadean. Horrela lortzen genuen uztarketa are sendoago bat oraindik, beraien nirekiko eta nik beraiekiko maitasunean.
Amaren urtebetetzea, 2005, Herrera de la Mancha espetxetik
1
Kaixo amona, zer moduz?
Ondo dirudizu!
Laurogei urte gaur zuk
beteak dituzu.
Zorionak amona
zuk merezi duzu
hiru edo lau bertso
eta mila muxu!2
Pozik gaude guztiok
gaur zuri kantari,
zu baitzara oraindik
guretzat gidari
osatu zarela da
ederki nabari
ta hori ikustea
da guretzat sari.3
Lehor xamarrak gara
gauza hauetako,
maite zaitugula ta
adierazteko.
Baina sekula ez denez
berandu aldatzeko
gaurkoa aproposa
behingoz ba hasteko.4
Nahiz eta ez jakin guk
behar dan bezela
zuri adierazten
kuttuna zarela,
ea ikasten dugun
saiatuz honela,
erruz maite zaitugu,
zara gure perla.5
Koadrila ederra
zure inguruan,
txitoak bezalaxe
oiloan onduan,
segi ezazu horrela
betiko moduan
eta urte askuan
txapela buruan.