[bertsolari.eus] ZIEGATIK BERTSOTAN II • XABIER ARANBURU “XOMORRO” ETA JOSEBA ARANIBAR

2020, 22 iraila


[ZIEGATIK BERTSOTAN II] XABIER ARANBURU “XOMORRO” ETA JOSEBA ARANIBAR
bertsolari.eus

Bertso sorta hauek eta beste hamaika bat sorta egin genituen garaian Herrera de la Mancha-ko espetxean geunden. Eta, oker ez banago, astean bitan arratsaldetan patiora jaisten ginenean (jaitsi aldi bakoitzean pare bat orduz) gogotik ekiten genion bertsoaren erreinuan murgiltzeari, aspalditik sorturik geneukan BERTSO ESKOLAN.

Kartzelako plazan bertsotan aritzeak, izan bat-batean, izan lardaskan, izan idatzian, izan puntuka… bertsoaren harra barruan zeraman edonori ekartzen zion bihotzera egunerokotasunaren histasuna zulatuko zuen argi printza sendoa. Egia esan arma zorrotza zen kartzelak sortzen zituen kamustasunei aurre egiteko eta aukera genuen aldiro hor ibiltzen ginen HIZTEGI ERRIMATUA Bibliatzat harturik jo eta su bertsoak osatzen.

Bertsotan hasten lehenengoak paperean idatzi eta kantatzen zuenean lekukoa bigarrenari pasaz, honek ere gauza berdina egin zezan. Gaiak garuna lauskitzen zigunean amaitutzat ematen genuen bertso sorta, eta ginda gisa banan banan kantatzeari ekiten genion.

Idi proben bertso sorta aldiz, modulo batetik bestera eskutitzen bidez banan banan egina dago, su hilean egosten diren babarrunen antzera.

Gogoa izanez gero beraz ez zegoen gaindiezinezko oztoporik .

Kartzelaldi osoan ene bizimoduaren parte zen bertsozaletasuna jorratzeak izugarri lagundu zidan, bertsogintzaren mundu aberatsean ikasiz aurrera egiten eta bide batez ikaragarri lagundu zidan iparra ez galtzen, nigan sortzen zuen bizipozaren argi printzei esker.

GAIA: Idi probak

DOINUA: Betroiarena

1
Usurbilgo jaietan
idi frogen txanda
hantxe aurkeztu gera
ederki janda
nire idietako bat
jarri da etzanda
hasi orduko egin
ote du eztanda?
Zer hago edanda?
Mugi hadi aida!
Akuluaz zanga!
Ez hadi defenda!
Lurrik jada ez lantzen
ta alfertzen da

2
bazkalduta etorri da
soilikan itzaina
belar pitin bat janda
nago alajaina
gose dagonak aise
eiten du labaina
eta etzan naizenean
nolako destaina
baina ezin engaina
gose den mingaina
non da kokaina
baba ta gaztaina
horrela ezin leike
egin azaina

3
esklabutza garaiak
ez dira inoiz laga
animali izaten
segitzen bada
gaur laneko ta bihar
jateko beharbada
zure desafioek
ez naute ikara
bukazak tirada!
Ta ez errepara!
emango haut baba
etzak gehio traba!
Orduerdi lan eiteko
kexatzen zara

4
gora animalistak
esanez naiz hasi
eta itzainak ez bitza
gauzak nahasi
txantaia egiteko
baba adierazi
baina gero belarrez
bakarrikan hazi
nekea itsasi
plakiak garrasi
egiten du kasi
urteak doazi
idiak ongi zaintzen
ez dula ikasi

5
gizon probak daudela
bota aurpegira
idi alferra dela
bai nabari da
hire etxeko lanak
traktoreak tira
ta hi baloratzeko
apustuak dira
plaza bat begira
dirua erdira
hitaz ezin fida
nirea kupida
gizon proba hoiekin
hoa hiltegira

6
hiltegira eraman nahi
nauzu lalafede
zure zitalkeria
bihurtuz lege
itzain apustuzale
gainera xelebre
soilik irabaztea
duzulako xede
aditu halere
ezta gizalege
bihurtzea abere
guztien errege
xomorrorikan gabe
etzara ezebe

Joseba itzaina eta Xomorro ez atzera eta ez aurrera gelditu den idia.

Share

Iruzkinak