«Ataramiñe»: 2010eko hitzordua
2010, 17 abuztua
Agur bero bat espetxe ezberdinetan, erbestean, etxetik urrun zaudeten guztioi:
Azkenengo urte hauetan, «Ataramiñe»-ren ibilbidea hasi zenetik, euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoa den hau kanpoan, urrun, eta barruan gaudenen arteko ezinbesteko hitzordua bilakatu da. Elkartasunez, berotasunez eta hitzez osaturiko zubia den honetan, zuen ekarpenak liburu hau eraikitzen duten harriak dira, eta heldu da harri horiek biltzeko garaia, «Ataramiñe’10»-en agertuko diren lanak biltzeko garaia, hain zuzen. Aurtengo deialdia inoiz baino beranduago egin badugu ere, espero dezagun zuen erantzuna urtero bezain zintzoa izatea. Gaur hasita eta irailaren bukaerara arte bidalitako idazki, pentsamendu, oroitzapen edota irudiek lekua izango dute, neguarekin batera, esku artean izango dugun «Ataramiñe»-n.
Elkartasuna zigortzen denean, «zigortuen» hitzek haize fresko bezain askea ekartzen digutelakoan gaude eta, beraz, zaudeten bazterretatik eta ziegetatik bidalitako testuak amorruz, pozez, tristuraz ala indarrez josita jasotzeko irrikatzen gaude. Zuen guztien eguneroko bizitzan zuekin egon ezin garenoi zuek gertuago sentitu ahal izateko eta gure egunerokotasunean ondoan sentitzeko.
Zuen testigantzak gure historiaren lekukoak dira, ezabaezinak… horregatik ere, inork ezabatu ez ditzan, idatzi eta irakurri egin behar dira.
Aurten bereziki gogora ekarri nahi dugu Ataramiñe proiektuaren sortzaileetako bat eta motorra izan den gure laguna, lankidea eta preso politiko ohia izandako Jon Etxeandia. Aurten utzi bagaitu ere, haren presentzia inoiz baino nabarmenagoa izan dadin, zuen laguntza eta zuen lanak behar ditugu «Ataramiñe’10» hemendik hilabete batzuetara esku artean izan dezagun.
Animatu eta Ataramiñe, animatu eta Ataramihiñe.
Besarkada bero bana guztiontzat.
Maite zaituztegu.
Mitxel Sarasketa, Olatz Caminos, Edurne Sanchez del Arco, Maku Basabe, Amaia Urizar, Zaloa Basabe.