[berria.eus] Itziar Moreno: «Espetxeari aurre egiteko tresna eta arma da feminismoa»
2020, 11 urtarrila
→ berria.eus: Itziar Moreno: «Espetxeari aurre egiteko tresna eta arma da feminismoa»
→[PODKASTA] Berria FM: Arrakalak horma lodiari
Itziar Moreno: «Espetxeari aurre egiteko tresna eta arma da feminismoa»
Euskal Herritik 800 bat kilometrora, Roazhoango (Bretainia) espetxean dago Itziar Moreno Martinez euskal presoa (Bilbo, 1982). Ipar Euskal Herriko ordezkariek Frantzia Justizia Ministerioarekin egindako negoziazioen ostean, espetxe horretan elkartu nahi dituzte euskal preso andreak aurrerantzean. Eta, hain justu, lekualdatze horren aurreko egunetan egin du kontaktua telefonoz BERRIArekin Roanneko kartzelatik (Frantzia), espetxe barruko emakumeen egoeraren inguruan hausnartzeko eta barruko borrokaldien berri emateko. Andreak «bigarren planoan» daudela dio Morenok, eta, hain zuzen ere, Sarek ekitaldi bat egingo du gaur, Bilboko mobilizazioaren aurretik, euskal gatazkan emakumeek bizi izandakoaren inguruko gogoeta bultzatzeko.
Hainbat ikerketak diote espetxe egitura are zapaltzaileagoa dela emakumeentzat. Zu andre presoa zara, eta euskal herritarra. Zer eragin du egunerokoan?
Jazarpen handiagoa baino gehiago, jazarpen gehigarria dugu. Batetik, militanteak garelako, eta, bestetik, sistema patriarkala erreproduzitzen duen espetxe baten barruan legea haustera ausartu garen emakumeak garelako. Une honetan, ordea, ez nuke esango euskal preso kide gizonezkoek baino baldintza okerragoak ditudanik; izan ere, baldintzak espetxearen araberakoak dira, eta, Espainian ez bezala, Frantziako kideok ez gaude bakartuta, bisitetarako aukera malguagoak ditugu, eta bizi baldintzak hobeak dira.
Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak Frantziarekin negoziatu du euskal presoen baldintzak hobetzea. Gizonezkoak hurbildu dituzte, baina emakumeek urruti segituko duzue, ezta?
Gizon gehienak Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara gerturatu arren, emakumeok ehunka kilometrora segitzen dugu. [Frantziako] Gobernuak aitzakia gisa erabiltzen du ez dagoela emakumezkoentzat egokitutako espetxerik Euskal Herritik gertu, baina, nire ustez, arazo hori konpontzeko, borondatea da falta dena. Emakume izate hutsagatik urrunduta segitzen dugu. Espainian, berriz, bakartuta daude emakume preso gehienak.
Genero sistemaren arabera, zer alde dago gizonezko edo emakumezko presoa izan?
Espetxe sistemak genero zapalkuntza erabiltzen du presoa zapaltzeko. Binarismo hertsia dago: edo zakildun gizonezkoa zara, edo alua duen emakumea. Ez dago tarteko aukerarik, eta elkar ikusi ezin bagenu bezala banatzen gaituzte, baita fisikoki ere. Hori oso bortitza da. Horrez gain, emakumeok ditugun jarduerak erabat «feminizatuak» dira, gure gorputzaren gaineko sekulako kontrola dute… Horrela, emakume otzan gisa hezi nahi gaituzte, nolabait galdu genuen bide hori berreskuratzeko. Finean, gure izaera borrokalaria ezabatu nahi dute, eta gu ahalegintzen gara horri eusten.
Zuk zeuk ere parte hartu izan duzu emakume presoen bizi baldintzak hobetzeko borrokaldietan. Zeinetan?
Euskal emakume presook halako hainbat borrokalditan parte hartu dugu, gainontzeko andre presoekin. Horren adibidea da iaz Granadan [Espainia] egin zuten borrokaldia, kartzelak derrigortu egiten zituelako garbiketa lanak egitera, edo Fleury Merogiseko patioko blokeoa [Frantzia], Fresnesen [Frantzia] emakumeon bizi baldintzak hobetzeko abiatutako borrokaldi hura… Gainontzeko andre presoekin egindako borrokaldiak izan dira, eta sekulako ilusio zartakoa izan dira guretzako. Izan ere, kartzela sistemak ongi egiten du presoa beldurtu eta hari jazartzeko lana, eta oso zaila izaten da errepresio horri aurre egitea. Horregatik, elkartasuna eta ausardia baloratzen direla ikustea bizipen indartsua da.
Halakoetan, hautsi egin duzue gatazka politikoagatik preso egotearen eta preso sozialen arteko bereizketa. Emakume preso izateak batu zaituztete.
Guk diogu euskal preso politikoak garela, gure herriko gatazkaren ondorioz kartzelan gaudelako, baina preso guztiak daude espetxe politika baten ondorioz kartzelan. Niri ez zait gustatzen bereizketa hori. Hemen denok gara emakumeak, denok gaude preso, eta halako borrokaldietan erakutsi dugu nolako gaitasuna dugun indarrak batzeko eta elkarrekin borrokatzeko.
Maiz heldu diozu begirada feministari kartzelaz aritzean eta emakume presoen eskubideak defendatzerakoan. Zer garrantzi du feminismoak zuretzat?
Kalean esaten badugu kapitalismo heteropatriarkalari aurre egiteko ezinbestekoa dela feminismoa, kartzelan beste horrenbeste da. Espetxea sistema horren isla besterik ez da, eta kartzelan azkar identifikatzen dugu nork eta zertarako zapaltzen gaituen. Uste dut kalean zailagoa dela hori identifikatzen. Esango nuke borroka feministak beharrezko ikuspegia ematen diola askatasunaren aldeko borrokari, hala kanpoan, nola barruan. Espetxean egin ditudan urteotan feminismoa izan da tresna eta arma honi guztiari aurre egiteko.
Hortik harago ere, kartzelako emakumeen sexualitateari buruzko gogoeta egin duzu. Iaz, Tinder ligatzeko aplikazioaren erabiltzaile izan zinen. «Ekintza pornoterrorista txiki» gisa definitu zenuen ondoren.
Sexualitateak funtsezko garrantzia du pertsonen garapenean eta ongizatean, eta, kartzelan, presoen sexualitate askea mendean hartzen dute; horretarako, gure gorputzen gaineko kontrola arma gisa baliatzen dute, are gehiago emakumeon kontra. Janzkera etengabe zentsuratzen digute —daramaguna laburregia, gardenegia, aldarrikatzaileegia, sexyegia… baldin bada haien begietara, arropak aldatzearen edo zigorraren artean aukeratu beharko dugu—, emakumeen arteko sexu harremanak eragotzi edo zigortzen dituzte, bisitetan sexua debekatzen digute, ziegan une oro zelatatuak izan gaitezke… Beraz, nola bizi sexualitatea kartzelan ahalik eta askatasun handienarekin? Bada, gorputzean eta buruan jarri nahi dizkiguten harresi horiek etengabe apurtzeko bidezidorrak topatuaz. Alde horretatik, Tinderren ekintzaren xedea izan zen azalera ekartzea kartzelan sexualitatearekin ditugun mugak eta zailtasunak.
Sormena ere ihesbidea da espetxean zaudetenontzat?
Bai. Topikoa izan daiteke… baina egia borobila da. Geure burua aske mantentzea da gure eguneroko borroka kartzelan, eta sorkuntzak askatasun espazio horiek eskaintzen dizkigu. Artelanak baliagarriak dira gure aldarrikapenak kanpora ateratzeko; kanpora eta barrura begiratzeko leihoa da sorkuntza.