Ibon Muñoa Arizmendiarrieta: “Datorren urtean elkar ikusiko dugu”

2019, 20 abendua

Giro ederrean aurkeztu genuen atzo Ibon Muñoaren “Gure memoria, gure historia” liburua Eibarko Kulturreko goiko aretoan.

Aurkezpena beroa izan zen, hurbila eta hunkigarria. Eguraldiagatik aldatu zen lekua, Gudarien plazatik areto barruko epeltasunera eta horrek batu egin gintuen bertara hurbildu ginenok Ibonen kerizpera: Ibon Muñoa, 20 urte kartzelan, sei liburuetan barrena abiatu ginen une batean Haizea Kortabarriarekin. Ataramiñe zeregin kolektiboa dela nabarmendu zuen Mitxel Sarasketak, kartzelako sormena eta literatura sustatzen, presoen lanak kaleratzen eredugarria dela Eibarren erakutsitako kemena. Kantuan eroan gintuen Arrate Gisasolak. Bertso eta musiketan, Aitor Osak eta Jokin Bergarak. Kartzelako bertsogintzaz aritu zen Jokin Urain. Eta Ibon Muñoa, Kordobako espetxetik bidalitako agurra irakurri zigun Haizeak. Liburuaren izenburutik zuzendu zitzaigun Ibon, memoria eraikitzeaz, eta agur hitzekin iltzatuak gelditu ginen: “Maite zaituztet; datorren urtean elkar ikusiko dugu”.

Liburua ere bertan izan zen, liburua berez bitartekoa izanik, lanabesa, tresna, lantzeko, irakurtzeko, komunikatzeko baliabidea. Ibon kartzelan. Liburua erosi, irakurri. Ibon kalean. Datorren urtera arte!

Ibon Muñoak liburuaren aurkezpenerako bidalitako agurra

Kaixo herkide maiteak, etorri zareten solidarioak.

Ataramiñeri eskerrak emateaz gain, “Gure memoria, gure historia” argitaratzen didan seigarren liburua delako, izenburua nolabait sorkuntza batzuetan islatzen dela diotsuet.

Guk aurreko belaunaldien memoria, sukaldean, hitzaldietan, liburuetan… jaso genuen bezala, geure ondorengo belaunaldiek arbasoena eta gurea jaso ditzatela.

Gure memoria, adibidez, ezinbestekoa da, ez dadin gal Burgosko prozesua ahanzturan, edo 1977ko maiatzean polizien gorrotoa zela medio, amnistiaren astea odoltsua izan zela.

Guru kontatu zizkiguten lez Nafarroako konkista, gerra karlistekin foruak genituela, 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen ostean jasan genuen hondamendia…, gaurko belaunaldiei kontatu behar diegu Monzonek, Txillardegik, Txabik, Argalak… zer egin zuten. Halaber, eurek lez, 60. eta 70. hamarkadetan orduko gazteek eta helduek egin zituzten ahaleginak euskal kultura suspertzeko, euskara batua zertzeko, ikastolen mugimendua sortzeko.

Garai horretan gazteek eta helduek gure ideologia abertzalea sozialismoarekin uztartu zutela, gaurko gazteek jakin dezatela.

Euskal herritarra, Euskal Herrian lan egiten duena dela ebatzi zutela. Bestalde, euskalduna euskaraz mintzatzen dena dela (edo gutxienez maite duena), bertan, Burgosko edo Bordelen jaio den kontuan hartu barik. Gure etnia bertan eta diasporan bizi diren herritarrek osatzen dutela (kultura eguneroko ohitura delako). Aniztasuna gure aberastasuna dela mami dezatela.

Eibarren, gure memoria zainduko dugu, beste herrien memoriekin Euskal Herriaren historia etengabe osatzen aritzeko.

Liburu honetan edo aurreko batzuetan, Roberto, Xabier, Jokin eta Espe, Felix eta Sua, Josu, Azkoitti eta Eibartik kanpoko kide batzuk oroitu ditut. Baita, Eibarren (eta orokorrean Euskal Herrian) egin diren ekintza kulturalak, Korrika, Alfako greba, jubilatuen borroka…

Makrohistoria ahaztu barik, mikrohistoriak landu ditzagun, hau da, estatu frantsesak eta espaiñolak ez dituztenak inoiz gordeko, ez direlako eurenak, ez direlako eurekin hunkitzen, euren historia baldintzatzen dutelako.

Mikrohistoriak gure kontzientziak elikatzen dituztenak dira. Agian, subjektiboak izan daitezke, baina ezin dira gezurtiak izan, estatuen historia gehienak bezala. Egiak memoria indartzen du. Historia zuzenki idazten.

Iraganetik ez delako galdu herri honen memoria, gerora historia izango da.

Eskerrik asko zuen arretarengatik. Maite zaituztet; datorren urtean elkar ikusiko dugu.

Ibon
Kordobako espetxetik

Share

Iruzkinak