[berria.eus] Musika, kartzelatik ihes egiteko

2019, 18 abendua

→ berria.eus: Musika, kartzelatik ihes egiteko

Musika, kartzelatik ihes egiteko

Deusek kausitu ezin duena musikak lortzen du: kartzelatik ihes eginarazten baitu. Musika eta kartzela lotzen dituzte Romain DutterrenSymphonie carcérale‘ komikiak eta Mixel Etxekoparrek koordinatutako ‘Musiheska‘ diskoak.

Ainize Madariaga

Hartan ihes egiteko manerarik? Bakan zenbait helikopteroz heltzen dira, edo saiatzen bederen, eta besteak, familiaren maitasunaz, ikasiz, hitzez, musikaz, artez, harrigarri bazaigu ere guri, libertatea hurbilegi duguner, ohartzeko zeinen eder den. Ihes, Musikihes, baietz!», izkiriatu du Mixel Etxekoparrek Maiatz aldizkariko kronikan. Bertan kontatu du Lannemezango (Okzitania) kartzelan 2007az geroztik eman dituen musika ikastaldietatik jalgi den diskoaren grabaketan bizitakoa. Musikiheska eman zioten irudimenezko askatasunaren eta zinezkoaren arteko zubi lan horri. Kartzelara sartzeko hamabortz ateek ez dute kausitu sorkuntza bahitzea: junta haietatik jalgi baita Musikihes diskoa, zeinean parte hartu baitute, bertzeak bertze, Didier Agerre, Frederique Haranburu Xistor, Joseba Segurola eta Iñaki Esparza euskal presoek. Haien arima etxera itzuli da hein batean. Eta bidaia hori ahalbidetu die musikak.

«Musikak eragiten digu, hunkitzen gaitu nahiz eta guk ez jakin: erran dezakezu gogo aldarte onean zaudela, baina musika bat entzun eta nahi gabe negarrez hastea, konektatzen baitzaitu momentu jakin batekin, oroitzapen batekin. Bidaian eramaten zaitu: kartzelan ere, hemen eta orain kokatzen, eta beste guztia desagertzen da, momentu horiek emozioetatik biziaraziz», azaldu du Idoia Lekue musika terapeutak. Azpimarratu du bertze ezerk lor ez dezakeena musikak ahalbidetzen duela. Konparazione, haur autista zenbaitekin inolako harremanik ukan ez eta musikarekin kausitzen duela; edo alzheimerrak joa den jendeak noizbehinka argialdi batzuk ukaitea.

Etxekopar ongi oroitzen da duela hamabi urte Lannemezango ikastaldiak abiatu zituelarik Xixtor Haranburu euskal presoak erran zionaz: «Bi oren hauetan ez ninduan gehiago presondegian».

Romain Dutter kartzelako kultur animatzailea izan zen hamar urtez Fresnesen (Frantzia): «Ikusi izan dut jendea zinez deprimitua, eta kontzertu batetik landa irria ezpainetan jalgitzen. Hor ikusten duzu kulturaren baliagarritasuna, indarra», kontatu du. Bizi izandakoaz «herexa utzi nahi» izan du iaz Julien Bouque marrazkilariarekin batera atera zuten komikia dela medio: Symphonie carcérale (Steinkis, 2018). Joan den astean aurkeztu zuen Baionan.

Jatorri zinez desberdineko jendearekin ari zen egunero lanean, baina azpimarratu du: «Musikari eta kulturari darizkien emozioak unibertsalak dira. Begiradak, irriak…». Kumbia Boruka mexikar taldea jin zenekoaz gogoratu da: «Lehen notatik beretik, emakume preso guziak altxatu, eta dantzan hasi ziren, oren bat eta erdiz tai gabe. Tarte horretan kartzelatik ihes egin zuten. Ez da gauza handirik, baina behar-beharrezkoa».

Ez zuen erruduntasunik sentitzen gauero etxera itzultzeagatik; frustrazioa, berriz, bai: «Hamar aldiz ekitaldi gehiago egin beharko lirateke. Preso franko auzo herrikoietakoak dira, zeintzuetan kultura kapitala ahulagoa baita. Horregatik, haientzat bereziki, kultura arma bat da, aitzinera segitzeko baitezpadakoa». Gatibuen hitzak oroitu ditu gero: «On egiten digu, soziabilizatzeko parada ematen baitigu, lagun berriak egiteko, kanpoko jendea ezagutzeko eta ideiak aldatzeko. Kulturak zentzua badu».

Hamar urteetako anekdota azpimarragarrienetariko bat Berri Txarrak taldearen kontzertuarena izan zitzaion, 2015ean; hala azaldu du Dutterrek: «Eromena izan zen! Publikoa zein musikariak hunkiak baitziren».

Galder Izagirre Berri Txarrak taldeko bateria joleak gogoan du egun hura: «Kartzelara sartu ginen gure tramankulu guztiekin, eta, instalazio betean geundela, irrintzi bat entzutea iruditu zitzaigun, baina kasurik ez genion egin. Alta, behin eta berriz errepikatu zen. Azkenean, leihatila batetik begiratu, eta hor ari zitzaizkigun euskal presoak deika! Irrintziak berezko funtzioa bete zuen: komunikatzeko oihua! Eta norberarena delarik, badakizu identifikatzen».

Kontzertutik landa halako mahai inguru bat bezala egin zuten, eta indiar jatorriko hirurogei bat urtekoaren erranez oroitu da: Berri Txarrak taldearen musika estiloa baitezpada harena ez bazen ere, «bidaia» izan zela harentzat, eta «kartzelatik ateratzea». Irtete hori egin zaio bereziki gogorra Izagirreri: «Ezin diezu erran: ‘Nahi duzuen arte!’. Emozio anitz eta kontrajarriak sentitzen dituzu. Poza bai, lortzeagatik abstrakzio momentu hori beraientzat. Baina zu bazoaz, eta haiek hor uzten dituzu… Bihotza borborka, ez dakizu hori kudeatzen».

Lekue musika terapeutak etengabe baliatu du bidaiaren kontzeptua: «Bidaiak desberdinak dira, baina beti egin daitezke; berdin aktiboki musika egiten delarik, nola modu errezeptiboan entzuten delarik ere. Ororen buru, pertsonaren ongizatea da helburua, nahiz eta une txarretatik pasatu behar den: frustrazioa, amorrua, pena, nostalgia, haserrea… Emozio guztiak ateratzeko espresio anitz daude: arnasestuka, garrasika, negarrez, eztulka…».

Azkenak zerra borta

Agerre presoak Herri txikia kantuaren hitzetan barrena kanalizatu ditu arrangurak, Etxekoparrekin koordinatutako diskoan: «Zapalkuntza da mendez mendetakoa. Asimilatu guk ezin onartua. Aitortza oro bilakatu zen denborarekin errautsa. Herririk gabeko herritarrak izena eta izana hutsa. Historiaren gure haria kontatzeko gu ez gauza».

Dena den, Lekuek azpimarratu du musika eta musika terapia desberdindu egin behar direla: lehenak «onura pila-pila» ekar ditzake edonori, baina bigarrenak hiru hanka beharrezkoak ditu: musika, terapeuta eta pazientea. Terapiarako tresna gisa baliatzen dute musika: «Barneko bidaia egiten laguntzen du musikak, eta bestela lortu ezin den informazioa ateratzeko, modu holistikoagoan lan eginez».

Gorputza osorik zeharkatu eta altxatuko lukeen zurtoina izan daiteke musika. Peio Serbielle musikariak halatsu bizi izan zuen preso egon zen garaian: «Presondegian, musikari esker egon naiz zutik. Musika ene pasioa dut. Kartzelan zarelarik, musika orgasmo gisako bat da, plazeraren momentu bat». Alta, borrokatzearen poderioz lortu zuen. Iragan zen presondegi guzietan musika jotzeko eskariak egin zituen, bata bertzearen ondotik, 2004. eta 2006. urteen artean. Azkenean, astean hiru orduz lehenik, hamar orenez gero, musika jotzeko eskubidea eman zioten. «Kartzelan zaudelarik, haiek dute manatzen, baina garrantzitsua zitzaidan nik nire denbora hori manatzea: musikarena». Hitzik gabeko Otoitza kantua izan da kartzelak Serbielli kateatu dion oroitzapena: dutxatik, zazpi segundoko oihartzunari esker, bere boza entzuten zuen, «horrek laguntzen ninduen».

Serbiellek azpimarratu du presoentzat zinez garrantzitsua dela kanpotik kultura eta jendea sartzea; bertze gisaz, «telebistaren bidez kontsumoaren sistema horretan sartzen zaituzte, eta bizi osoa izorratzen. Gizarte bertikala eta poliziala dugu; kartzelan ere berdin da: armadaren araberako. Musikak balio du jendearekin berriz bizitzen ikasteko. Bai plazera hartzeko ere. Zinezko eskola litzateke, kondena inteligentea, zeren eta kultura garatu ezean ez baituzu ezer garatzen». Hartara, kartzelan askoz ere kultura gehiagoren beharra badela ikusten du; alta, «Frantziak ez du segurtasuna baizik gogoan».

Serbiellek harresien barnetik bizi izan du musikaren falta; Etxekoparrek, berriz, kanpotik ez du «sekula neurtzen» sartzen duen musikaren eragina. «Txirula dut giltza hara sartzeko eta ateratzeko. Xixtor eta Agerrek jotzen ikastea baita estakurua. Musika da bizia den baino ederrago bihurtzen duena».

Patrick Perrochon presoaren oinazezko gogoetak lau haizeetara hedatzen ditu musikak, murruek ito gabe, Musiheska diskoan: «Hilen atean jo dut, gogor jo. Buruz, oinez, arimaz, hutsaz. Jainko baten gisa sortu nintzen, zerri bat bezala hilen».

Etxekoparrek gatibatzen ikusi du musika: «Ederra izan da ikustea [Iñaki] Esparza transformatzen; ez baitzuen sekula bozik eman, ez eta musikarik jo ere. Baina lotu zaio musikari, kantuari; are, gitarrak fabrikatzen ere hasi da!». Kartzelak ez die umorea galarazi. Diskoa grabatzen bukatu zutelarik, Etxekoparrek Xixtorri galdetu zion bukaerako hitz batzuk bota zitzala. Hauxe erantzun zion: «Ederki, gisakoak izan zarete; beraz, askatzen zaituztet, libre zaudete! Gu hemen egonen gara oraindik, garbitzeko pixka bat…».

Share

Iruzkinak