Apaiz kartzela
2019, 9 abendua
Apaiz kartzela
Dokumentala
Oier Aranzabal ~ Ritxi Lizartza ~ David Pallares
SIPNOSIA: “Espainiar Estatuan memoria historikoa guztiz garatzeko asko falta da oraindik.Maria Servini Argentinako epailea da egoera horren lekuko. Zamoran, Konkordatuko kartzela itxita eta utzita dago, eta metafora egokia da orain 50 urte bertan preso izan ziren apaizen egungo egoera azaltzeko. Europan ultraeskuindarrak gorantz egiten duen bitartean, oraindik ere aitortzeke daude iraganean eragindako giza eskubideen zapalketak. Kartzela hura pairatu zuten ia 60 apaizen historia kontatzeko, Juan Mari Zulaika preso eta fraide ohiak urteak eman ditu lanean bidegabekeria haren inguruko oroitzapena gal ez dadin. Bera izango dugu bide erakusle eta berarekin abiatuko gara 1973an Zamorako kartzelan izan zen mutinaren inguruan mundu zabaleko hainbat telebistatan emititu ziren irudien bila. Hala biziberrituko dugu garai latz haietan herritarren eskubideak defendatzeagatik preso joandako apaizen bizimodua.”
Bideoa → goiena.eus
→ berria.eus: Iraganeko orainaldiak
← Ritxi Lizartza eta Oier Aranzabal, Apaiz kartzela dokumentalaren egileak, kartelaren alboan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ainhoa Sarasola
Haien lekukotzen bidez, 1960ko eta 1970eko urteetan Zamoran preso izan zituzten apaizen istorioa kontatzen du ‘Apaiz kartzela’ dokumentalak.
Argazkiak gizon bat erakusten du, ziega batean. Kamerari bizkarrez eserita dago, leihoko barroteen artetik sartzen diren argi izpiei begira. Baina ziegako atea irekita ageri da oraingoan. Zamorako (Espainia) kartzela konkordatuko ziega hartan bertan preso egon zen Xabier Amuriza duela 50 urte. Hara itzuli da orain gutxi, orduan espetxekide izan zituen beste hiru lagunekin. Beren gogoz oraingoan. Apaiz kartzela dokumentala grabatzera joan ziren hara joan den irailean, Oier Aranzabal eta Ritxi Lizartza zuzendariekin —David Pallaresek ere zuzendu du lana—. Protagonisten lekukotzen bidez, frankismo garaian kartzela hartan preso eduki zituzten abadeen istorioa kontatu dute filmean. Eta lan horren irudiak erakutsiko dituzte Durangoko Azokan, abenduaren 7an.
Duela lau urte inguru hasi ziren dokumentala prestatzen, eta ordura arte Zamorako kartzelaren ingurukoak nahiko ezezagunak zitzaizkiela azaldu dute Lizartzak eta Aranzabalek. Horixe izan zuten filma osatzeko motiboetako bat. Bestea, Lizartzaren hitzetan, kartzela berezia izan zela, «apaizentzat munduan izan den bakarra» ziurrenik. Bakarra ez bada, kartzela konkordatu bakarrenetakoa izango da. Hala esaten zaio, Francoren erregimenak eta Vatikanoak 1953an egindako konkordatuaren emaitza izan zelako. Hitzartu zutenez, atxilotutako elizgizonek han bete beharko zuten zigorra, gune berezi batean, beste presoengandik bereizita. Eta hala espetxeratu zituzten han hainbat euskal apaiz eta fraide, 1960ko eta 1970eko urteetan. Ia 60 izan ziren handik pasatu zirenak, gehien-gehienak euskal herritarrak, baina izan ziren zenbait abade katalan, galego eta madrildar ere, langile-apaizak horietako gehienak. «Jatorri ezberdinetakoak zeuden han, eta arrazoi ezberdinengatik, baina bat egin, eta kolektibo gisa aritu ziren», azaldu du Lizartzak.
Alberto Gabikagogeaskoa izan zen kartzela hartan sartzen lehena, 1968an. Eta haren atzetik joan ziren iritsiz Xabier Amuriza, Josu Naberan, Jon Etxabe, Julen Kaltzada, Martin Orbe, Nikola Telleria, Juan Mari Zulaika, Felipe Izagirre, Pedro Berrioategortua, Periko Solabarria, Lukas Dorronsoro… eta beste elizgizon ugari. Batzuk, torturak jasan ostean; beste asko, errepresioa salatzeagatik.
Horietako asko elkarrizketatu dituzte dokumentalerako, eta horixe da lanaren oinarria: haien lekukotzak. Katalunian ere antzeko lan batekin ari zirela jakin zutenean, koprodukzioa proposatu, eta Pallares batu zen proiektura. Euskal Herritik kanpoko apaizen lekukotzak ere jaso dituzte, eta preso egon ez arren, auziarekin lotura izan zuten hainbatenak ere bai.
Filmak iraganeko gertaerak aztertzen baditu ere, hori orainalditik egiten duela nabarmendu du Aranzabalek: «Memoria ariketa bat da lan hau. Memoria bada, definizioz, oraingoa den zerbait; beti da gaurkoa. Iragana du erreferentzia, baina orainean gertatzen da. Filmak joko hori egiten du etengabe: aingura botatzen du orainean, memoria historikoaren aferan kokatuz, baina, aldi berean, garai hartan gertatutakoari etengabeko erreferentziak egiten dizkio». Garai bateko irudiak —inoiz erakutsi gabeak batzuk— eta egungoak baliatu dituzte joko hori egiteko, eta animazioak ere bai, iraganeko zenbait egoera irudikatu, eta orainarekin lotzeko. Bat dator Lizartza ere lanaren gaurkotasuna azpimarratzean. Gogorarazi duenez, Maria Servini epaile argentinarraren aurrean kereila aurkeztu zutenen artean Zamoran egondako hemezortzi lagun daude, /eta memoria historikoa lantzeko elkarteetan ari dira lanean horietako batzuk. «Haiek Derioko seminariotik atera ziren pentsatuz bakoitzak bere arlotik eragin behar zuela gizartean. Denek zeukaten inplikazio bat, eta kolektibo gisa indartu egin ziren. Niri gehien gustatu zaidana da ikustea 50 urte pasatuta, oraindik ere eragile aktibo dira zerbaitetan».
Besteak bezain gogorra
Juan Mari Zulaika dago horien artean; Goldatu elkartean dabil. Hiru aldiz sartu zuten Zamoran, ongi gogoan duenez: 40 egunerako batean, hilabete pasatxorako beste batean, eta zortzi hilabeterako hirugarrenean. Felipe Izagirrerekin batera atxilotu zuten, bitan; Arantzazuko fraideak ziren, Eibarren (Gipuzkoa) abade-langile zebiltzanak. 1968an Donostian egin zen Aberri Egunera bidean atzeman zituzten lehen aldiz. Txabi Etxebarrieta hil ostean egin ziren mezen harira, bigarrenez. Eibarreko mezara zihoazela atzeman zituzten, eta gero aske utzi. «Gauean Guardia Zibila bila etorri zen, eta gau osoa zigorra jasoz pasatu genuen kuartelean, gerritik behera mailatzeraino». Epaiketa militarra egin, eta Zamorara eraman zituzten.
Garai hartan izan zen lehenengoz kartzela hartan Amuriza ere. Durangora (Bizkaia) abiatu zen bera, Etxebarrietaren aldeko mezara; hainbeste jende zegoen, ez zen elizara hurbiltzera iritsi ere egin. «Baina norbaitek salatu, eta denuntzia bat jaso nuen, eta 30.000 pezetako isuna». Ordaindu ordez, hilabete egin zuen kartzelan. Urte bereko azaroan, zenbait elizgizonek itxialdia egin zuten Derioko seminarioan (Bizkaia), eta parte hartu zuten bostek gose greba ere bai hurrengo urtean, Bilboko Gotzaindegian: Amuriza, Naberan, Gabikagogeaskoa, Kaltzada eta Telleriak. Atxilotu, epaiketa militarra egin, hamar eta hamabi urteko zigorrak ezarri, eta Zamorara eraman zituzten.
«Hara sartu gintuztenean, motibo asko zeuden», azaldu du Zulaikak, sermoi batean tortura salatzea edo manifestazio batean parte hartzea adibidetzat jarrita. «Gure aldarrikapenen artean zeuden langileen aldeko elkartasuna, naziotasun arazoa behingoz konpontzea, euskararen alde egitea, torturaren eta salbuespen egoeraren kontra… Herriaren zapalketaren kontrako aldarrikapenak ziren gureak, giza eskubideen aldekoak. Diktaduraren kontra erresistentzia jarri nahi izan genuen, eta horretan ibili ginelako izan zen Zamorakoa».
Kartzela handi bat zen hangoa, baina «hegal txiki bat» egokitu zuten abadeentzat. Bizi baldintzak «gogorrak» zirela dio Zulaikak. «Ez pentsa konkordatukoa zelako bigunagoa zenik, e; besteen parekoa zen, eta gauza batzuetan okerragoa ere bai». Gela handi batean egiten zuten lo denek, eta eremu txiki bat zuten hortik kanpo egoteko. Janari eskasa du gogoan Zulaikak, eta neguko hotz handia zein udako sapa. Amurizak, berriz, beste presoekiko eta kanpokoarekiko bakartzea.
Tunela eta mutina
Lehen urteetan dozena bat lagunetik gora batu ziren han, eta ihes egiteko plan bat egin zuten. Urtebete baino gehiago eman zuten garbitegitik kalerainoko tunel bat zulatzen, tresna guztiz xumeekin. Amuriza aritu zen zeregin horretan, txandaka, Naberan eta Etxaberekin. Gainerakoak, aldiz, kartzelariak zaintzen eta haien arreta galarazten. Eta bukatu zuten halako batean, baita zirrikitu batetik kanpoko argia ikusi ere. Hilabete eta erdi egin zuten kanpoko eremua prestatzen, eta irteera data ere jarri zuten. Baina astebete falta zela, aurkitu egin zuten espetxezainek. «Hain zegoen egina, gero deskubritu zutenean-eta, zuzendariak esan zuela: ‘Baina hauek nolatan daude barruan?’».
Handik aurrera, gero eta preso gutxiago geratuz joan ziren han, bakarrik eta luzerako. Beste presoekin elkartzeko eskatzen zuten. «Zigor txikikoak edo isundunak Madrilera bidaltzen hasi ziren, eta zazpi edo zortzi geratu ginen han, linboan bezala. Gure eskaria zen beste preso politikoen tratu normala izatea. Baina hori nola ez zen konpontzen, azkenean gauza berotuz joan zen, eta hortik etorri ziren mutina eta gose greba». 1973. urteko gertaerez ari da Amuriza, protesta gisa koltxoiak erre eta zigor ziegetara eraman zituztenekoez, eta egin zuten gose grebaz.
Zulaika ordurako ez zegoen espetxean. «Niri ez zitzaidan tokatu, baina irudimen handia behar da hori egiteko! Honek ondo adierazten du kartzelan dagoenaren lehen eginbeharra, ahal badu, ihes egitea dela. Eta adierazten du kartzela hura gorroto genuela».
Bizipenak berritzea
Iaz mende erdia bete zen kartzela ireki zutela. Bere murruak zutik daude oraindik, baina barrualdea sasiek hartua dute. Hori baieztatu zuten Amurizak eta Zulaikak, Naberan eta Eduard Fornes apaiz eta preso ohi kataluniarrarekin hara itzuli zirenean. Pozik abiatu ziren Amuriza eta Zulaika, eta hunkituta itzuli. Amuriza: «Oso aldatuta dago, utzita, puskatuta. Baina gu izan ginen tokiak milimetroan errekonozitu genituen! Niretzat hunkigarria, izugarria izan zen atzera han ibiltzea». Sentsazio mingotsagoarekin itzuli zen Zulaika. «Hainbeste sufrimendu… Kartzela edozein moduko broma ez da; zure libertate dena kentzen dizu. Mingotsa izan zen, baina pozgarria ere bai, grabaketak balio duelako testigantza bezala, jendeak ikusteko non egon ginen eta kartzelak barrutik nolakoak diren, ze ez dira batere politak e!».
Zuzendariek baimena lortu zuten kartzelara sartu eta grabatzeko, eta dokumentalean jaso dute emaitza. Bien ustez, kartzela bera beste pertsonaia bat da filmean. Aranzabal: «Memoriaren metafora bat ere bada. Berez, kartzela sortu zuten inor ez zedin atera barrutik, eta orain kateatuta dago, inor ez dadin sartu. Memoriarekin bezala da: badirudi espainiar estatuak ez duela nahi inor horretan sartzerik, inork kasualitatez gogoratzerik gertatu zirenak».
Durangoko Azokan bai izango dituzte gogoan; gertatutakoak eta protagonistak. Erakutsiko dutena ez da filmaren behin betiko bertsioa izango, hori datorren urterako egongo baita prest. Baina berezia izango da ekitaldia, protagonistetako asko izango baitira han, omenaldia jasotzen. Aurrera begira, lana amaitu eta erakusten jarraitzea da egileen nahia. Istorioa ezaguna eta oroitua izan dadin.