[naiz.eus] Ataramiñek euskal presoen beste hiru lan plazaratu ditu
2019, 30 azaroa
Ataramiñeko liburuen aurkezpena (Argazkia: naiz.eus)
→ naiz.eus: Ataramiñek euskal presoen beste hiru lan plazaratu ditu
Hodei Ijurkoren ‘Basatza’, Joseba Erostegi eta ilobaren artean landutako ‘Amonaren ipuin magikoak’ eta Ibon Muñoaren ‘Gure memoria, gure historia’ plazaratu ditu aurten Ataramiñek. Kartzelak husten ez diren bitartean, presoen lanak dira kaleratzen direnak. Durangoko Azokaren atarian, aurten ere kartzelako sorkuntzari leihoa ireki diote.
PATXI GAZTELUMENDI
Ataramiñek Hodei Ijurkoren ‘Basatza’, Joseba Erostegi eta ilobaren artean landutako ‘Amonaren ipuin magikoak’ eta Ibon Muñoaren ‘Gure memoria, gure historia’ plazaratu ditu aurten. Gaurko aurkezpenean Ijurkok adierazi duenez –jadanik kanpoan da– «ez nuen liburu bezala argitaratzeko helburuarekin idatzi, espetxearen baitan bizirauteko estrategia moduan idazten nuen nik». Baina behin kanpoan egonik, liburuaren aurkezpenean parte hartu du beste hainbat preso ohirekin.
Mitxel Sarasketa eibartarra espetxetik atera zenetik, kartzeletan sortzen den literatura eta sorkuntzarekin lanean ikusi dugu urteotan. Eta azken urteotan bezala, aurten ere beste eibartar nekaezin baten lana aurkezteko parada izan du. ‘Gure memoria, gure historia’ Ibon Muñoaren zazpigarren lana da, eta aurten ere bertso sorta ederra eskaini die bere irakurleei. «Espetxea bizitzaren aldeko etengabeko borroka» dela azpimarratu du Mitxel Sarasketak, «eta sorkuntzak bizitza hori ematen du» gaineratu du Ibon Muñoaren lagun eta herrikideak.
Joseba Erostegiren liburuaren haritik, Ataramiñeko kideek adierazi dutenez osaba eta ilobaren arteko lana da eta kartzelan obra oro da «lan kolektiboa».
Kartzelako lanak Durangon
Ataramiñeko Oier Gonzalezek deialdi berezia luzatu du datorren Durangoko Azokarako. Abenduaren 7an eguerdiko 12.30ean ziega bat paratuko dute Azokaren inguruan, eta bertan poema irakurraldia egingo dute hurbiltzen diren guztiekin.