Ataramiñe 2016. Espetxea eta sorkuntza

2016, 4 abuztua

Zein da sorkuntzaren balioa espetxean? Zer suposatzen du espetxean sortzeak? Zenbat min? Zenbat irri? Nola eragiten dio itxituraren baitan dagoenari? Ataramiñekook sarri asko entzun ditugun galderak, eta erantzun borobilik atontzea zaila da, zinez zorrotza den espetxe errealitateari erreparatzen diogularik. Preso haina espetxe dago, bere baitan harrapatua daukana burnizko instituzioak oso manera intimoan urratzen duenez.

Zertarako sortu beraz? Sentimendu, emozio, estimuluen eremu-laua den ez-lekuak, gorputz otzan eta ideia propiorik gabeko norbanako bilakatu nahi ditu bere baitaratuak. Helburua erdiesteko, instituzioak darabilen estrategiak hamaika ertz ditu, baina bada bat bereziki zorrotza, norbanakoa manera apartekoan urratzen duena: bakardadea.

Bakarlekua, bakarmortua… eta beste hainbat izendapen espetxe instituzioaren erraietan ematen den indibiduazio prozesua adierazteko. Bakardadea sortzeko makina erabatekoa, totala, baita izan instituzioa. Bakardade fisikoa, agerikoena, baita intelektuala, afektiboa… kanpoan dagoenarekiko erlazioa errazten duen zubi/hari bakoitza moztua, filtratua, sistematikoki eraitsia da bertan. Halaz, espetxeratua eta kanpoaren arteko erlazioan, espetxe-instituzioa bitartekari ekidinezina bilakatzen da. Kanpo errealitatea antzemateko interface-a, norekin, noiz, non, zenbat denboraz, zer, zertarako, nora… Espetxeak antolatua, neurtua, ebaluatua, diagnostikatua dauka presoak, egunerokoa. Diagnostikatua, ezen bakardadea eta honek eragiten dituen aje, ezinegon eta keriak, erantzun terapeutiko baten aurrebaldintza baitira. Bakardadea sortu, beroni aurre egiteko bitarteko terapeutikoak eskaintzeko (ze pildorita nahi duzu? Gorria, urdina, txuria…).
Nola irudikatu izugarrikeria guzti hau? Zeintzuk lirateke bitartekoak? Nola biziraun?

Sorkuntzaren nozioari helduta, akaso, erantzun baten lehen trazuak marraztu ditzakegu. Bakardadeari aurre-jartzen zaion sorkuntza kolektiboa, esaterako. Bide xidor hori egiten ari gara azken 15 urteetan Ataramiñen. Espetxean ditugun kide zein senideen bidaide, beraien sorkuntza lanen plazaratze bidean lagun gaituzte.
Edo areago, “lagun gaituzue” esan beharko genuke? Hitzok, beste urte batez, zuei bereziki, zuzenduak baitaude. Espetxean zauzkaten lagunoi edo (Reau-ko espetxetik iritsitako oihuaren oihartzunean aditu dezakegunez) kanpoan gaudenon (gure) ez-munduaren copyrighta den eremu horretan bizi/borrokan zaudetenoi. Zuen esperoan zuen hitzak behar ditugu, hariak josi ahal izateko, eraitsitako zubia hitzez hitz, pintzel kolpeka berreraiki ahal izateko.

Beste urte batez beraz zuen sorkuntza lanak, Ataramiñe den plazatxoan kaleratzeko eskean gatoz, lagunok. Bilduma atondu ahal izateko, irailaren 30a baino lehen zuen lanak ondorengo posta kutxara bidaltzeko eskatuz:

Ataramiñe
80 posta kutxa
48200 Durango (Bizkaia)

Edo bestela helbide honetara: ataraliteratura@gmail.com

Zuen lanen zain beraz, zuen zain, beti. Orri zabalik, beso zabalik. Etenik gabe, espetxea eteten ez den heinean.

Mitxel Sarasketa
Oier Gonzalez Bilbatua

Ataramiñe

→ naiz.eus: ATARAMIÑE 2016. ESPETXEA ETA SORKUNTZA

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Iruzkinak