Sarean irakurgarri dago “EZ DAGO ETXEAN”, Jokin Urainen liburu berria

2010, 27 maiatza

Ez dago etxean, Jokin Urainen saiakera liburu berria, irakurgarri dago sarean, osorik, susa-literatura webgunean.

Ez dago etxean liburua Jose Luis Otamendik aurkeztuko du ekainaren 3an (osteguna) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.

Jalgi hadi kanpora

Norenak ziren ikasi aurretik abestu edo lardaskatu ohi genituen Kontrapas eta Sautrela: «Euskara da kanpora eta goazen oro dantzara!».

Geroago, plazara eta dantzara jalgi eta ibili eta apur bat sosegatu ginenean, orduan jakin genuen Bernat Etxeparerenak zirela bertsoak. Laurehun urte pasa lehenago idatziak, gainera. Jakingura pizteko lain bazen!

Baina ez zen dena kanta eta dantza; penak ere bazituen antzinako olerkariak. Tenebrosotzat begiz jota epaitegira dei egin zioten, eta, hara joan zenean xalo-xalo, barrura.

Ia bostehun urte eta, ura bere bidean!

1545ean argitaratuta euskarazko lehen liburua bada Linguae Vasconum Primitiae, kartzelan euskaraz idatzitako lehen bertso sorta da, nik uste, Mosen Bernat Etxepareren kantuia. Ez dakit zenbat denbora egin zuen preso; argiari miraz itxaroteko beste bai dena dela. Hori ematen du behintzat. Itxaronaldi horretan zer egin zuen, zer esan zuen edo leihotik nora begiratzen zuen asmatzea, ezina izango da. Baina ezbairik gabe esango nuke kartzelan zegoen denboran idatzi zuela.

Etxeparerenek, aurrenekoak izateaz gain, itzalpean bere buruari begira jarrita idatzi izanaren merezimendua daukatelakoan nago. Herri bakoitzak dauka bere doinua, bere kantatzeko era, oso litekeena da Etxeparek «Libertatia nola baita gauzetako hobena / Gatibutan egoitia hala pena gaitzena» idatzi zuenean hastea euskaldunok espetxeko literaturaren ondare unibertsalari geure ekarpena egiten.

Ohore zaigu eta gutartzat aldarrikatu nahi dut Etxepare, guztietan aurrena, zeren «bertze jendek uste zuten / ezin eskriba zaiteien» (eta gaur ere hamaikak «estimatze gutitan» daukate), baina ekin egin zion hala ere, espetxean euskaraz idatzi dugunon komunsailean.

Azken bertsoak ez dakit nork idatz litzakeen, nork emango dion amaia espetxeko euskal literaturari. «Gauza nola jinen zen» jakinean edo ezjakinean, ilara luzetxoa osatu dugu bost mendeotan euskal presook. Horien guztien artean ez dira gutxi, bakoitza bere ahalean, literatura egiten, testigantza uzten edo goi egitasmorik gabe soilik zerbait idazten aritu direnak.

Ihesa da presoaren ametsa. Hemen gaudenontzat sinonimo dira itxaropena eta ihesa. Eta idazten duen presoaren itxaropena ere ihesa da. Literatura amaituko balitz, ihesak jarraitu egingo luke. Idaztea itxaropenari letraz letra egiten zaion harbidea da. Liburu honek bereziki horretaz ari nahi izan du, ihesari buruz: egiazko eta alegiazko ihesaldiak, burutuak eta zapuztuak, amestuak eta amesgaiztotuak.

Ihesa eta kartzela, espetxea eta literatura, giltzapeko bizimodua. Horiek dira esku artean dituzun testu hauen zutarriak. Eta ihesaldi eta kartzelako literatura modernoa lehenetsi dira, modernotzat hartuz, Espainiako Gerra Zibil garaitik honako euskal presoen historia eta testu produkzioa. Baina Etxeparerengan jarri dugu oina lerro hauek abiarazteko. Eta garai batzuetako testigantzak gutxi izan arren, kartzelaren itzalak ez du eguterarik laga gure herriaren historian.

Mosen Bernaten ondoren, Joan Amenduxek uzten du hurrengo arrastoa 1564an: «Hemen natza ehortzirik (…) argi gabe, ilunpetan, ustel eta kirasturik». Eta bi mende pasatxo geroago datoz Juan Inazio Iztueta, Martin Larralde Bordaxuri, Etxahun Barkoxe…

Iztuetak ez du espetxea espresuki aipatzen Kontxesirentzat idatzi zituen bertso eder haietan, baina giltzapean egotearen oinazea, maiteminak damaion antsia, aski garden —aieneka, esango nuke— kantatzen du. Lotsa ote zen kartzelan zegoela, preso zegoela, argi esateko?

Iztuetak Etxahun Barkoxe hurbilago zeukan denboran, baina Iparragirreren gertuagokoa ematen du haren bertso-erak. Bestalde, irudian elkarren eitea badute Barkoxekoak eta Urretxukoak, eta horrexegatik dira apika bata bestearen aurkia eta ifrentzua. Bardo alderraia da Etxahun; ahotsa ez du gozo, zenbaitek dioenez: «Botza bera ez zion ez ejer ez justo, marraka itsusi eli bat, eta kantalotsez hasten zenean, beharri urratzen ez zian parerik». Ostera, «Iparragirre abila dela, askori diot aditzen; eskola ona eta musika, hori hoiekin zerbitzen» kantatu zion bertsolariak. Alderraia bat, ibiltari dotorea bestea.

Bere aurretiko Bordelek legez, gatibu aldia atzean lagatzean idatzi zituen Iparragirrek espetxe bertso ezagun haiek: «Giltzapean sartu naute poliki-poliki; negar egingo luke nire amak baleki», zioen, ez erromantizismoaren sasoian zebilelako, leku hauetan eta leku hauei lotuta dauden bihotzetan sentimendu batzuek, oinaze batzuek, denboraren denboretan mudakaitz dirautelako baizik.

«Negar egingo luke nire amak baleki» idatziko genuke geuk ere sarritan, eta horrelaxe idatzi zuen Idoia Lopezek Ataramiñe batean.

Giltzapeak itzalpea hedatzen du, dena ilunduz.

XVI. eta XVIII. mendeetakoak dira hurrenez hurren Joanes Leizarraga, Sebastian Mendiburu, Antonio Añibarro eta Bartolome Madariaga elizgizonak. Epaile jendearekin matrakak izan zituzten horiek ere.

Juan Antonio Mogel eibartarra (1745-1804) —tenebrosoa izan hau ere!— Inkisizioak epaitu zuen Logroñon. Ama Birjinaren agerpen batzuk zirela-eta, Markinako karmeldarrek egin ei zuten salaketa. Prozesuaren baitan, emakumeak irakurtzera bultzatu izana salatzen da.

Peru Abarka-n aurkituko ditugu bere esperientziaren aztarnak: «Badakit zer esan gura deustazun: emango dabela kerellaren bat nire kontra; etorriko jatazala eskribau eta aguazilen batzuk, egingo ditubela prozesotzarrak, eta ezarriko kostubak nire lepora, eta menturaz sartuko nabeela preso».

Prozesotzarrak lehen eta orain, eta Inkisizioa Jainkoa bezain betiereko.

XIX. menderaino iritsi garenez, egin dezagun keratxoa.

Bordaxuriren Galerianoaren kantua 1815ean idatzia bada, Barkoxekoak 1827an idatzi zuen Etxahunen bizitziaren khantoria; Hamalau heriotzarena 1825ekoa da; Estudiante kondenatuarena 1810-1830 ingurukoa ei da; Iztuetaren Kontxesirenak 1806koak; Bordelen Paluen kantia 1823koa; Iparragirre ez zen asko berandutu… Zehatz miatzen hasiz gero erruz luza litekeen zerrenda da agian. Espetxe eta zigor literaturan aberatsa da, aberatsa denez, aldi hori.

Ahozkotasuna aztergai; VIII. Jardunaldiak lanetik Xabier Kaltzakortaren kapitulu bikaina darabilt eskuetan. Hamalau heriotzarena, Hamahiru heriotzarena eta antzekoak, Urkabe-bertsu izendatu zituenak, kondenatuak berak jartzen zituela uste ei zuen Orixek.

Gerora eskarmentu propioz ikasi zuen seguru asko kartzelara sartu berritan, mundua gainera jausten zaizunean alegia —urkamena zain badaukazu areago izango da—, gogoa urri izaten dela bertsoak jartzeko. Dena dela, bertsoak hor daude, bidesaila eginda.

Aitorpena eta damua, etxekoez oroitzea, urkabeari izua… izen abizenak eta data ere bai gehienetan, ohi dira bertso narratibo hauen atalak.

Aldi honi amaiera emateko J.M. Satrustegik apailatutako Bordel Bertsularia liburua datorkit esku artera: «1823an Bordel soldadu zegoen Donostian. Bere denborako istilu larrienak han ibiliak ditu. Zorigaiztoko egun batez, uda sarreran, beste alderdira pasatu nahi izan zuen. Bederatzi lagun ziren, arratsaldeko bederatzietan murraila azpiko zulo baten sartu zirenak. Zulotik atera orduko erori ziren frantsesen eskuetan. Han hasi zen haien gurutze-bidea».

Paluen kantiak sortako 30 bertsoetan kantatzen du nola atzeman zituzten zortzi, bederatzigarrena izaki salataria. Hilko ez hilko herriz herri erabili ondoren, ehuna makilakada edo zigorrada emanda askatu zituzten. Askatu ondoren idatziak dira bertsoak, baina ondo gogoan geratu zitzaizkien, makilakadak ez ezik, «Lehenbiziko pena, zepoan sartzia / Bigarrena, esperantza galtzeko bizia».

Presondegi gorabeherak norbere bizipen moduan kontatuta, 1936-1939ko gerra urteetan —eta ordutik honantz— aurkitzen dira hurrengo, nik dakidala. Bitartean geratu da Sabino Arana, esate baterako, baina ez du ematen giltzape aldietan euskaraz idazten asko nekatu zenik.

1936-1939 aldiko gerra presoek Espetxean aldizkari kolektiboa egin zuten batetik: Santoñan, Larrinagan eta Burgosen. Eskutitzen atala azpimarratuko nuke bestetik, heriotza zigorrera kondenatuek azken orduari begira idatzi zituztenenak bereziki. Ikaragarriak dira hauetako batzuk, eta, gehien-gehienak erdaraz eginak daudela dirudien arren, merezi luke ondare horretan apur bat arakatzea, lan erraza ez du ematen baina.

Azken orduari begira, erdarazko poema bat utzi zuen Lauaxetak ziegan, ispiluaren atzealdean. Baina izan ote zuen ezer gehiago idazterik, euskaraz idazterik? Egingo nuke ez ziotela eman —Jose Markiegiri, Aitzoli eta beste hainbati legez— poemak egiteko bakegune eta astirik. Joseren anaia Polentzi Markiegiri ere ez zioten denbora asko eman, baina bera izan zen fusilatu aurretik azken orduko eskutitza euskaraz idatzi zuen bakarrenetakoa.

Beste askok bai, izan zuen denbora, eta nahi baino gehiago gainera: Jean Saint-Pierre (Lehen Mundu Gerran), Juan Izurrategi, Etienne Salaberri, Santi Onaindia, Salvador Zapirain, Nemesio Etxaniz elizgizonek, besteak beste, eta Nikolas Ormaetxea Orixek, Jose Agerre Gurbindok, Balentin Enbeita Goiriak, Augustin Zubikaraik, Sabin Muniategik, Koldo Mitxelenak, Iñaki Isasmendik, Txomin Garmendiak… Itzalpea ezagutu zuten guztiek.

Pentsatzekoa da hainbesteren artean idatzi zutela bertso, poesia edo prosa apurren bat bederen giltzape denboran, baina lan horiek galduta daude, edo ezkutuan… Batzuen batzuek gerora idatzi izan dituzte, euren eskuz edo besterenez, kartzelaldien oroitzapenak.

Kontzentrazio barrutietan egon behar izan zutenek gehiago idatzi zuten, edo gehiago azaldu ziren haien idatziak. Pepe Bolunburu eibartarraren bertsoak, Manex Bergararenak; Orixek Gursen egin zuen Idorreria poema, Ander Garate Gesalibar-ek Argeles-sur-Mertik aurrena eta Gursetik gero Euzko Deyarako idazten zituen kronikak… Gesalibarren hauexek dira nire iritzian, Espetxean aldizkariko artikulu batzuekin batera, 1936-1942 aldiko gatibutzaren literatur emaitza gordin, garden, hunkigarri eta ederrenetako batzuk, eta testigantza aldetik zintzo eta aberatsenetakoak ere bai. Baina, ofizioa jakin arren, kontzentrazio zelaietan ez ziren denak jotasu aritu idatzi eta idatzi.

Martin Ugalde Gursen eduki zuten; Piarres Larzabal Alemaniako, Poloniako eta Txekoslovakiako kontzentrazio esparruetan, Bigarren Mundu Gerraren itzalean… Zerrenda luzea dateke.

Ondorengo urte sorta handian ere gatibu aldia amaitu eta gerora idatziak dira, esana dudanez, lekukotza asko, eskutitzetan-eta emanak salbu.

1960-70 hamarkadetan gutxi batzuk dira —Gotzon Aleman, Xabier Amuriza…— preso dauden bitartean idazten dutenak euren testigantza, poesian eta bertsotan batik bat. Nobela bat idatzi zuen Mario Onaindiak. Eta Julen Kaltzadak historia lan gaitza ondu zuen Zamoran.

Gaur arteko azken 30 urteotan autoreak ugaldu egin dira, barne aldizkari kolektiboei esker batez ere, eta testigantzak, kartzela bizimoduaren kronikak… oparo aurki ditzakegu, batez ere poesian eta ipuinetan —Sarrionandia, Sarasketa, Izaga, Arburua, Lopez Riaño—, bertsoen baliabidea ahaztu gabe —Jon Tapia, Xabier Aranburu…—, narrazioak ere indarra du —Olatz Caminos, Karlos Apeztegia, Aitor Fresnedo, Igor Letona…

Edozein eratara ere, eskutitzetan bilatu behar litzateke —aurreko sasoietan baino areago— lekuotako testigantzarik zintzoena, baliotsuena, beti kontu bera errepikatzen ari denaren letania ematen du baina.

Zentsoreen begi eta atzapar mehatxaria gorabehera, inolako zalantzarik ez daukat eskutitzetan idatzi dela gure historiaren ataletatik bat, ezezagunena eta agian gordinenetakoa, inor gutxik ikusi nahi duena… Estoldetan egosten den historia alegia. Kartzeletako hormak eta hesiak, inork ihes egin ez dezan ez ezik, inor sartu ez dadin daude eraikiak, garai eta gotor, inork ez dezan ikusi itzalpeotan makurtuta bizi den munstroa.

Harreman tresna dira eskutitzak, labirinto honen pasabideetan joan-etorri gerakaitzean dabiltzan bitartekariak. Eskutitz asko egundo ez dira iristen iritsi behar luketen lekura; zentsoreen atzaparretatik pasaeran zaborrontzira joango dira batzuk, Kartzela Zuzendaritza Nagusiaren gordelekuetara, Barne Sailaren edo polizien eta epaitegien sotoetara besteak… Ilunpe horietan guztietan ezkutatuta dauden edo desegin dituzten eskutitzetan idatzi da desmundu honen azken 30 urteotako historiaren hamaika adabaki tolesgabe.

«Esaguzu / bizitzaren gazi-gozoak zenbat orban egin dituen zure bihotzean / zure aurpegiko marratxoek zer marrazten duten / zenbat sekretu gordetzen dituen zure isiltasunak / zer dakien haizeak zure maitasunaz / nork gordetzen duen zure konplizitatearen giltza / zer…» idatzi du Maritxu Uzkudunek 2008ko Ataramiñen, eta irudipena daukat, sentipen zehatzezin bat, asko garela urteotan korridore hauetan ibili garenon artean poema zati hori geure egingo genukeenak.

Erantzunik gabe galtzea izango da sarritan gure galderen patua.

Sarrera hitz hauen amaian naiz dagoeneko. Erruz luzatu baitzait jardun hau, neure alferguragatik batzuetan, lekuotan ezartzen dizkiguten trabengatik besteetan.

Liburuak, aldizkariak, fotokopiak, egunkari zaharrak… erretenitzen dizkigute, hilabete edo gehiagoren buruan emateko edo sartzea debekatu eta etorri diren bidetik atzera bidaltzeko. Azkue eta Orixeren lan batzuk, Amurizarenak, Manex Bergararena, Argia aldizkaria, gure kolektiboaren barne aldizkari eta liburuak… Tenebrosoen lanak denak: «No se hace entrega», «No procede su entrega…».

Badira, bada, nire eskuetara iritsi ez diren lanak, eta ezin esan espetxean euskaraz idatzi den guztiaren erreferentzia jasotzea lortu dudanik. Handi aurkiak bai beharbada, oraindik badagoke non arakatu eta zer bildu, baina etsipenari itzuri egitea ez da erraza.

Eta ihesi eta ihes saioei dagokienean, zer esan? «Ihes betea zilegi balitz…» abesten zuen hor, gitarrarekin-eta zebilen batek. Oraindik abestuko du herritarren memorian. Ihes bat nahi genuke geuk ere, amesteko ihes bat, bizitzeko ihes bat, kontatzeko ihes bat.

Ba ote da, izan ere, ihesen baten bila ez dabilenik? Bere baitatik egin nahi du batek ihes, dagoen lekutik besteak, denborari ihes egin nahi dio harakoak. Zinezkoa ezin duenak, balizkoa bilatzen du ihesa… Batzuetan zinezkoak asmatzeko kontatzen ditugu balizkoak, zinezkoak estaltzeko beste batzuetan. Baina kontatu behintzat, edonola ere.

«Iheserako planak eztabaidatu genituen. Beti ihes egiteko planak», dio Xanti Zapirain Kaiku errefuxiatuak bere liburuan. Honela ari da aurreragoko pasarte batean, idazketari buruz: «Hor daude, egunetan (polizia espainiarrak), inora mugitu gabe. Eta hala ere, oraingoz ez nago harrapatuta, idazten ari naiz, badakidalako idazten dudan bitartean ez naizela hilko».

Antzeko bulkadekin idazten dugu presook. Geure zerak kontatu beharrak estututa batzuetan, norbaitekin harremana eta komunikazioa izatea premiazkoa zaigulako gehienetan.

Kartzeletan, oraingo eta lehengo kartzeletan, zer idatzi duten arakatzen hasi gara, hitz bakoitza pauso bat, esaldia bide-sail, nondik nora ibili diren, zer ikusi duten, zein labirinto korritu dituzten jakin nahian.

…Amesteko ihes bat, bizitzeko ihes bat, kontatzeko ihes bat.

Ihesa izan zen lehenengo, eta berak ekarri zuen literatura. Zein da ba presoaren ametsa: idazten duen presoarena! Eta literatura amaituko balitz, ihesak jarraitu egingo luke ametsetan, bestela ezean. Hemen sinonimo baitira itxaropena eta ihesa.

Lan hau egiten lagundu didazuen guztioi nire eskerronik beroena adierazi nahi nizueke; zuek gabe, hasi ere ez nintzen egingo zeregin honetan, erabat ezina zatekeelako ezer bururatzea. Hemen bertatik eta beste espetxeetatik nola edo hala lagundu didazuen kideoi, kaletik eskatutakoa eta gehiago emanez erantzun didazuen lagunoi, eta batez ere etxeko handi eta txikioi —tribu osoari—, nire eskerronik sentituena denoi. Guztiokin egin dut beste zor bat gehiago, lehengoekin nahikoa ez banu bezala.

La Moralejan

2010eko otsailaren 28an

Share

Iruzkinak