Ekhine Eizagirre “ALDE ERANTZIRA NABIL”

2016, 5 apirila

Alde erantzira nabil
Ekhine Eizagirre
Susa, 2016ko apirila

Alde erantzira nabil poema liburuaren aurkezpenerako hitz batzuk eskatu dizkidate eta hemen natorkizue, labur-labur, egindako lana zuei azaltzera.

Liburua azken hamar urteetako ibilbidearen uzta da, eta izenburuak aditzera ematen duenez, alderantzizko bide-zidorretan galdu edo bilatu izanaren emaitza ere bai.

Hiru etapa nagusi bereiziko nituzke idazketan: lehenik, Euskal Herrian bizi nintzeneko garaia; bigarrenik, klandestinitatea; eta hirugarrenik, espetxealdia.

Poema batek dioen bezalaxe, “neure-neurea” da egindako lan hau, intimoa, erraietatik jalgitakoa. Baina neurea izanik ere, igurtzi eta fereka ugari bildu ditu bidean. Jarraian kontatuko dizuet, zein osagaik borobiltzen duten egindakoa.

Liburuko olerki askok emozio jakin bat azaltzea eta transmititzea dute xede. Denboraren joan-etorrian, nire zein hurbilekoen memorian marrazten joan diren gertaeren kontakizun laburrak bildu nahi izan ditut.

Ene baitako oroitzapen kuttunek bizia gal ez dezaten, berreskuratu, elkarri josi eta atondutako hitzak dira, bat-batekoak gehienak, inprobisatuak, uneak eskatzen zuelako idatziak, eta momentu txikiei arreta berezia eskaini nahi dietenak.

Inguratzen nauen egoerari baino, uneari eta nire momentuko bizipenei eman nahi izan diet tartea. Gogo-gorputzaren adierazpen anitzek osatzen dute lan hau, olerkiok gogoak ez ezik gorputzaldiak aginduta idatzi ditudalako. Horregatik, emozioei estu lotuta, gorputza oso presente dago liburuan.

Borroka zaporea eta labanda usaina duen alde erantzirako bidea izan da nirea. Ehundura askotarikoa, latza zein leuna; inoiz ez laua, ordea, beti koskaduna, malkartsua. Legaltasunaren altitude eta latitudeetatik haragoko lurralde ezezagunetan ibilitakoa. Egun, ordularietako orratzak lozorroan eta lau hormetan iltzatuta diruditen ez-leku arrotz honetan izanik ere, atzera buelta etengabean, beti aurrera tiraka dabilena.

Ikuspegi feministatik idatzitako lan honetan, azken urteetan feminismoaren inguruan irakurri, entzun eta eztabaidatutako zenbait gai jorratzen saiatu naiz. Bestalde, gai pertsonal gisa izendatu izan diren horiek lehen lerrora ekarri nahi izan ditut. Azkenik, bizipen pertsonalek leku berezia dute; borrokaren hautuak, militantziak, errepresioak, klandestinitateak, espetxeak… Fantasiak, desirak eta autoerotismoak ere badute bere tartea.

Egun, Frantziako Fresnes espetxean bahituta naukatelarik, ihesbide paregabea da niretzat poesia. Idazten hasten naizenean, hitzen unibertso amaiezin batean murgiltzen naiz, eta buruak hegan egiten dit, hegan nik nahi dudan lekura. Gaurkoan, poesia bidez ez, baina hitz labur hauek baliatuz, zuen guztien ondora bidaiatu nahi dut. Espero dut nik idazten adina disfrutatzea zuek liburua irakurtzen.

Eskerrik beroenak liburu hau posible egin duzuenoi, besarkada bat eta agur bana aurkezpenera hurbildu zaretenoi, eta agur berezi bat gaur bertan egon ezin izan duten horiei guztiei.

Fresneseko espetxetik, Euskal Herria bihotzaren erdi-erdian,
Ekhine Eizagirre
2016ko martxoan


Katallin Miner, Maite Egiguren Golmaio eta Edurne Epelde Pagola, goian; idazlearen aita Joxemari Eizagirre, behean (argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS)

→ zarauzkohitza.eus: Ekhine Eizagirreren ‘Alde erantzira nabil’ poema liburua aurkeztu dute (Aritz Mutiozabal)
→ uberan.eus: Ekhine Eizagirrek ‘Alde erantzira nabil’ (Susa) poesia liburua plazaratu du
→ berria.eus: Pertsonalaren neurri politiko poetikoa (Gorka Erostarbe)
→ naiz.eus: Borroka zaporeko labanda usaina (Ariane Kamio)

Ekhine Eizagirrek aurkezpen gisa idatzitako testua irakurri du Maite Egiguren Gomaiok

Kattalin Miner, liburuari buruz

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Iruzkinak