[GAUR8] ESPETXEA ETA SORMENA Sorkuntza presoarentzako, ihesbide ez ezik, ihesaldi ere badenean
2016, 10 urtarrila
→ naiz.eus: GAUR8 -ESPETXEA ETA SORMENA- Sorkuntza presoarentzako, ihesbide ez ezik, ihesaldi ere badenean
→ GAUR8 2016ko urtarrilaren 9a | IX. urtea • 450. zbk.pdf
Erreportajea
ESPETXEA ETA SORMENA
Sorkuntza presoarentzako, ihesbide ez ezik, ihesaldi ere badeneanHitzak miatuak eta ideiak jarraituak diren eremuan, sormena, ihesbide ez ezik, ihesaldi ere bihurtzen da presoaren egunerokotasunean. Gatibutasunari aurre egiteko edo buruari ziegako lau pareten artetik ihes egiten laguntzeko, hamaika dira presoa sorkuntza garatzera eramaten duten arrazoiak.
Aimar Etxeberria Korta
Eskuetan margoak hartzen dotazenien espetxetik ihes egiten dot. Eta kartzelari aurre egiteko margoak leiho bihurtu ziren, barrote bako leihoak». Oier Andueza (Durango, 1975) euskal preso politikoaren hitzak dira, Hernaniko Biteri aretoan zuen erakusketari ongi etorria ematen ziotenak. Hitzok modu zorrotzean erantzuten diote artikulu honen xedeari: zertarako sortzen du presoak? Zer ekarpen egiten dio sormen ariketak presoari?
Ziegetara begira jarri gara, beraz, artikulu hau osatzeko orduan. Gaur arratsaldean Bilbo eta Baionako kaleak beteko dituzten mobilizazioen aitzakiapean, euskal presoen egunerokoan alderdi garrantzitsua den sormenari heldu diogu, bere adiera eta dimentsio guztietan. Horretarako, espetxea zuzenean ezagutu edo ezagutzen duten pertsonekin jarri gara kontaktuan, euren esperientziaren berri lehen pertsonan eman dezaten. Horrek esan nahi du egun espetxean diren kideen esperientziak ere irakurtzeko aukera izango dela datozen lerroetan. Zentzu horretan, doakiela eskerrik beroena hauen senideei, GAUR8 eta presoen arteko zubi-lana egiteagatik.
. . . . . . . . . .
Bota harresia
Bota harresia
hautsi aulkiak
lehertu hormak
tirokatu kristalak
luza eskua
gerturatu gorputzak
estutu ipurmasailak
nahastu ezpainak
urratu arropak
zabaldu hankak
egin irrintzi
bota harresiak.
Bota beltzak
arau hertsiak
kristal atzeko begiak
ezleku itxiak.
Jaso ukabila
ireki begiak
gehitu indarrak
apurtu distantziak
egin garrasi
AaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaMNISTIA!Ekhiñe Eizagirre
. . . . . . . . . .
« Bi ahoko arma izan daiteke denbora faktorea presoarentzat: beronen kontrola har dezake edo bere besoetara eror daiteke. «Mendean hartzeko dago egina kartzela», dio Mikel Ormazabalek »
« Irudimenak presoa ziegako lau pareten artetik kanpora eramateko gaitasuna du. «Kartzelan zaude, baina kartzelak ez zaitu», sentitzen zuen Jon Gaztelumendik »
Mikel Orbegozo, «Preso Nago»
Esan dugu sormenari bere adiera zabalenean heldu diogula. Horren espresio bat baino ez da komikigintzarena, eta horretan dihardu Mikel Orbegozok (Donostia, 1979). “Preso nago I” eta “Preso nago II” komiki liburuen egilea bera, “Ilargiraino” izenburua jarri dion bere hirugarren lana argitaratu berri du. Espetxean marraztu zuen bere lehenengo bineta, «kide bati urtebetetze opari bezala». Egin zuenarekin bere burua harrituta utzi eta gauzak kontatzeko bitarteko berri bat zuela jabetu zen: «Aurkikuntza bat izan zen; horrela hasi nintzen».
Orbegozoren esanetan, presoa eta espetxea harremantzeko orduan bi faktore hartu behar dira kontuan: «Daukagun denbora pila, batetik, eta espetxe sistemari aurre egiteko ditugun baliabideak, bestetik». Sorkuntza garatzearen bidez presoak denboraren kontrola hartzen duela aldarrikatu du, eta gozamenerako edo espetxean bizi duten egoera salatzeko tresna bilakatzen dela azpimarratu du: «Marraztea boterea hartzeko modu bat da».
Aipatu dugu aurrez denboraren faktorea. Sormena garatzeko erraztasunak ematen dituen faktorea dela pentsa dezakegun arren, dio Orbegozok denbora hori «zailtasunez beteta» egon ohi dela: «Egunerokoan ikusi edo bizitzen ditugun kontuek, gure aurka hartzen dituzten neurriek, sortzen diren tentsio uneek geure buruak kezkaz betetzera eramaten gaituzte; beti ez da erraza sosegua topatzea». Baina zailtasunak bertute egiten ikasi du donostiarrak, eta bizi dituen une latzak txiste bilakatzen ahalegintzen da, «barreak eragitearekin batera hemen ikusten ditudanak salatzeko». Bestalde, espetxeak sarri zailtasun teknikoen aurrean jartzen du komikilaria: «Batzuetan beharrezko materialen aldetik, eta, besteetan, landu nahiko nituzkeen gaien inguruko informazio faltagatik, hemen ez baitago Internetik».
Marraztean, ordea, zail egiten zaio espetxea ez den kontuez egitea. «Kaleko inork ikusi ezin duena ikusten dugu; beraz, gure ardura da hemen bizi duguna, pairatzen ditugun bidegabekeriak, kontatzea», adierazi du Orbegozok. Hala ere, presoaren ametsak espetxea ez den edonon kokatuta daudela gaineratu du: «Nire kasuan, kalea, etxea, taberna edo mendia, espetxea ez den edozer marrazten dudanean ez da soilik marrazki bat; hemen baino han egotea nahiago nukeen leku bat da».
Ibon Muñoa, «Ametsen txokoan»
Ibon Muñoaren (Eibar, 1958) kasuan, espetxean sartzeak eragin handia izan zuen paperari eta boligrafoari berriro heltzeko orduan. Gaztaroan piztu zitzaion idazteko grina, baina bizitzaren egoerek afizioa alde batera uztera behartu zuten. Espetxean, ordea, denborarekin egin du topo, afizioa berreskuratzea ahalbidetu dion denborarekin: «Ordu asko igarotzen ditugu ziegan sartuta, eta idazteak burua okupatua izatea ahalbidetzen dit».
Denbora ez ezik, espazioa ere eskaini dio espetxeak idazterako orduan, baliabide asko ematen dizkiolako: hormak, bisitak, lagunei zuzendutako eskutitzak… «Kartzela barruan edozein une eta euskarri da egokia idazketarako», aitortu du. Sormena garatzea erabakitzen duten preso gehienek bezala, Muñoari ere kosta egiten zaio espetxea ez den kontuez idaztea, «bertan bizipen asko daudelako». Baina ororen gainetik, burua okupatua izatea du xede preso eibartarrak, baita euskarari bere ekarpen txikia egitea ere. Berak, ordea, argi dauka non dagoen eta zer egoeratan aurkitzen den, horregatik argitaratu zuen lehen liburuari izenburu argigarria jarri zion: “Ametsen txokoan bizi naiz”.
Ekhiñe Eizagirre, poesian
Oso gaztetatik du idazteko zaletasuna Ekhiñe Eizagirre (Zarautz, 1984) preso politikoak. Txikitatik ekin zion egunerokoak, ipuinak, bertsoak, abestiak eta abarrak idazteari: «Idaztea maite nuen». 14 bat urterekin, baina, olerkigintzari heldu zion, eta orduz geroztik asko idatzi izan du. Gaur egun, berriz, eta oso boladaka bada ere, idazten jarraitzen du, «batez ere poesia».
Espetxeko egunerokotasunaren baitan denbora asko eskaintzen dio Eizagirrek sormena garatzeari, nahiz eta uste duen espetxeak ez duela zertan presoa horretara eraman. Kide ugari ezagutu ditu, eta dio, modu batera edo bestera, guztiek dutela sormenarekiko lotura: «Batzuek gutunak idazten jorratuko dute haien sormena; beste batzuek, aldiz, eskulanetan edo margotzen». Baina gaineratu du egoera ezberdina dela presoa dagoen espetxearen arabera. Hala ere, nabarmendu du baliabide eskasia dagoen kasuetan irudimenak bere papera jokatzen duela eta inprobisazioaren bidetik emaitza «imajinaezinak» lortzen direla: «Egur-puska edo ahuakate hezurrekin egindako zintzilikarioak, kartoi puskekin txabola atontzeko egindako apalak, eta abar».
Sormenak, Eizagirreri, modu ezberdinetan eragiten dio. Lagundu diezaioke amorrua eta emozioak kanporatzen, lasaitzen edo denboraren astuna arintzen, «baita lau pareta artetik ihes egiten ere. Plazera ematen dit –jarraitu du– kideen sormen lanak ikusteak eta nireak haiekin konpartitzea gozamen handia da». Zail egiten zaio espetxea ez den kontuez idaztea –espetxean izanik espetxeaz idaztean bertako errealitatea islatu eta salatu nahi izaten dute–, baina horrek, modu berean, lagundu ere egiten diola adierazi du: «Sabel barruko garratza kanporatzen laguntzen dit, horrek hustuko nauelakoan».
Jon Tapiaren autodefentsa
Oroitzapenetan oinarrituta hitz egiten du Jon Tapia zizurkildarrak. 2005etik da aske –22 urte espetxean igaro ostean–, eta 1999an argitaratu zuen “Gartzelatik” poema eta bertso bilduma. Beste askoren gisan, kartzelako kontua du idaztearena, nahiz aurretik bertso-paperak edo olerkiak bezalako espresioak oso gustuko zituen.
Kartzelak eraman zuen Tapia sormena garatzera: «Berehala ohartu nintzen zein den espetxe-sistemaren funtzioa euskal preso politikoekiko: errepresio itogarrian eta mendeku jarreran oinarrituta dagoela eta, nola ez, gu pertsona bezala deuseztatzeko tresna dela». Hori horrela, halabeharrez, autodefentsa mekanismo bezala ekin zion idazteari. Aipatu egoeran zail egiten zitzaion, tarteka bazen ere, goibelaldiaren zulo beltzean ez murgiltzea: «Beraz, zulo horretatik ateratzeko, autodefentsa-sistemari heldu behar zio, halabeharrez. Esaten nuen –jarraitu du–: ‘Gorputza kartzelan, baina nire gogoa eta pentsamendua Euskal Herrian’. Animo horrekin aurrera begira jarri eta gogoz ematen nion idazteari».
Era berean, pentsatzen zuen hori adierazteko bitartekoa zuen idaztearen artea Tapiak: «Nire militante kontzientzia, nire herrimina eta nire ametsak ez zeuzkatela preso, alegia». Eta gainerakoen gisara, zertaz idatziko eta kartzelaz, «batez ere lagun-minen kategorian dituzunekin. Zoragarria izaten zen horietako bateren baten gutunak jasotzea». Bestalde, Estatu frantsesean preso zituzten hainbat kiderekin ere harreman zuzena zuen zizurkildarrak. Horrela ezagutu zuen egungo bere bikotekidea; biak preso zirela gutun bidez ezagutu zuten elkar.
Kartzelatik irten ostean, ordea, ez du idazten jarraitu. «Nire burua ez daukat idazleen kategorian, ezta pentsatu ere! Horretarako dohain bereziak behar dira izan, eta nik gabeziak baino ez dauzkat alor horretan», azaldu du. Ez idazteagatik, preso diren kideei ere ez diela idazten aitortu du, atsekabez eta amorruz. Baina barruan dauden guztiak gogoan dituela aldarrikatu du: «…eta gaurko gau ilunak, otoi dagio ilargiari; Egun Berria etor bekion, Gure Herri Zaharrari».
Mikel Antza, hitz egiteko idatzi
Gainerako sortzaile gehienak bezala, oso gaztetatik izan du Mikel Antzak (Donostia, 1961) ere idazteko grina: «Unibertsitatera joan ordez idazle izan nahi nuela esan nion aitari. Aholkatu zidan hobe nuela karrera bat hastea, idazteari utzi gabe, hartuko nuela erabakia aurrerago». Baina bizitzaren joan-etorriek moztu zioten idazketarekin zuen harremana: «Une batean ezinezkoa egin zitzaidan nire sorkuntzarako grina eta Euskal Herriaren askapenaren aldeko borroka bateratzea». Espetxeak, ordea, berriro jarri du harremanetan idazketarekin: «Atxilotuz geroztik, isolamenduan nindutela, idaztea bizirik irauteko borroka-tresna bihurtu zitzaidan».
Idaztea espresio bide bat da berarentzat, mundua ikusten duen modua azaltzeko eta besteei erakusteko aukera ematen diona. «Idaztea hitz egiteko modu bat da niretzat», adierazi du. Espetxean den heinean, gainera, askatasun gabezia den «eraso jarraitutik» aldentzeko balio diola gaineratu du: «Lau pareta artean itxita egotea izugarria da. Gizakia ez dago horretara egina». Hori hala, dio egoera horretan dagoen presoarentzako sorkuntza ihesbide ez ezik, ihesaldi ere badela.
«Kartzela ez da ezertarako espazio egokia», dio, «norberak sortu behar ditu espazio egokiak idazteko». Agian, despistatzerako orduan distrakzio gutxiago daudela onartu du; baina, bestalde, kartzelari aurre egiteak energia handia eskatzen duela azpimarratu du: «Gainera, nik beti uste izan dut sormen artistikoa talde giro batean, jendarte giro batean, herri giro batean egiten den zerbait dela; eta hori da kartzelak ekiditen duena».
Lan ugariren egilea da, baina ez du bere lanen arteko sailkapenik egitea atsegin. «Beraz, ez dut ezberdintasunik egiten kartzelan idatzitakoaren eta atxilotu aurreko idazlanen artean. Gainera, ez naiz hierarkia eta sailkapenak egitearen batere zale».
Markel Ormazabal eta denbora
Markel Ormazabalek (Donostia, 1982) bazuen esperientziarik idazketarekin espetxeratua izan aurretik. Dio, eskolak bezain beste, militantzia politikoak trebatu duela: «Jarduera honi lotutako idazketan aritu izan naiz bereziki, baina baita zutabegintzan ere». Espetxean zeneko garaiak oroituz, adierazi du presoak sormena behar duela garatzen duen nekeari aurre egiteko: «Mendean hartzeko dago egina kartzela; eta horretarako, lehenik, preso harturiko pertsona nekatu egin behar da, akitu, gorputz otzan eta ideia propiorik gabeko bihurtzeraino».
Dio kartzelak bere helburuak lortzeko diziplina eta denbora jakin bat jarriko dituela, «eta hartan datza presoaren borroka behinenak: nola lortu norberaren denboraren gaineko erabaki ahalmena? Sormenaren bidez, denbora eta autonomia propioa irabazi ditzake presoak». Denbora hori, gainera, inolako erraztasunik emango ez dizun espazio batean irabazi behar dela gaineratu du: «Bitartekoak mugatuak dira oso: orri zuria maiz luxuzko produktua da, boligrafoak ere hainbat isolamendu modulutan erditik ebakiak dira, miaketen jomuga dira hizkiak eta orrialde zirriborratuak…».
Baina kartzelak adierazpenari mugak ezartzen dizkion arren, azpimarratu du Ormazabalek askotariko lengoaiak erabiliz eman daitekeela aditzera gatibutzaren esperientzia. «Kartzelako sorkuntzaren bitartez presoak ahotsa gorpuzten du, eta gizarteak nahiz espetxeak ukatu dion hitza eta nortasuna aldarrikatu», adierazi du. Hori hala, espetxean gatibutzari aurre egiteko idazten dela nabarmendu du, «eta horixe da sorkuntza lanak itzalpean dagoenari egiten dion ekarpen baliotsua».
Jon Gaztelumendi: Egoera leunduz
Jon Gaztelumendik (Errenteria, 1961) perspektiba luzez begiratzen dio espetxean igaro zuen denborari eta urte horietan idazteko izan zuen ohiturari. Gaztetan idazlan batzuk egin arren, dio espetxean sartzearekin batera hasi zitzaiola idaztearen errotarria mugitzen. Denbora zuen, eta denbora hori antolatzeko beharra, kartzela bakoitzeko bizi-baldintzek uzten duten modura: «Eta sormenak hor aurkitzen du bere lekua; jartzea da, hari batetik tiraka hasi eta horretan jardutea».
Sormenak, ordea, denbora eskatzen du, eta espetxeak eman zion Gaztelumendiri kanpoan ez zuen denbora hori. Bestalde, sormena garatzeko, espetxeak «atmosfera berezi bat» eskaintzen duela gaineratu du: «Ez da soilik aparteko mundu surrealista bat; hitz egiteko joko asko emango luke». Ekite hori, gainera, alde guztietara lagungarri izan zuela azpimarratu du: «Sormen prozesuak atal asko ditu, eta ariketa horietan guztietan murgiltzean abstrakzio egoera batean sartzen zara; kartzelan zaude baina kartzelak ez zaitu».
Bere espetxeko igaroaz oroitzen duenaren arabera, kartzelan bizitzea oso agresiboa da. Zentzu horretan, arlo psikologikoez gutxi hitz egiten dela nabarmendu du, eta, horregatik, kartzelan kartzelaz idaztea –egoera mingarrienetatik gertaera komikoetaraino– oso lagungarria dela dio. Espetxetik ateraz geroztik jarraitu du boligrafoa hartu eta orri zuriaren aurrean jartzen, baina beste era bateko idazlanak osatuz.
Itziar Plaza: Esna ametsetan
Sormena, idaztea ez ezik, margotzea ere bada, eta horretan dihardu Itziar Plazak (Bilbo, 1982). Amarengandik jasotako dohaina dela dio berak, preso izanik gehiago garatzeko aukera izan duena. Garatu, espetxeko pareten artean bizirik irauteko garatzen duela dio, espetxeak egunero erakusten dion paisaia grisari aurre egiteko: «Egunero panoramika bera ikusteak eta mugaz josita egoteak ondorio kaltegarriak eragiten dizkio presoari».
Eguneroko paisaia grisei aurre egiteko margotzen du, beraz, Plazak. Eta aurre, ametsekin egin dio aurre egunerokotasun monotonoari: «Espetxeak lapurtzen dizkigun egoera guztiei aurre egiteko amets egin behar dugu. Lehen ere egiten nuen amets, noski, lo egiten nuenero. Baina espetxean ametsak esna nagoenean datozkit bata bestearen atzetik, eta eskerrak!». Amets egiteko aukera emateaz gain, margotzeak barrutik bizirik dagoela adierazten dio Plazari: «Espetxeak, beste hainbat helbururekin batera, gizatasuna suntsitzea bilatzen du. Horren aurrean, gizaki egiten gaituzten emozioak eta sentimenduak adieraztea funtsezkoa da».
Ametsetan egin, bizirik sentitu eta… espetxetik irteteko aukera eman. Marrazketak ematen dion beste irtenbideetako bat, «irudimenak limiterik ez baitu». Espetxetik irten ez soilik fisikoki, baita mentalki ere, marrazkien bitartez barruan giltzapeturik dituen sentimenduak kanpora ditzakeelako, «gainetik zama bat kenduko banu bezala. Marraztea komunikatzeko bitarteko bat da –jarraitu du–. Ez du zertan besteekin komunikatzeko izan behar, bereziki norbere buruarekin komunikatzea garrantzitsuagoa dela esango nuke».
Oier Andueza, espetxetik ihes
Espetxeratua izatearekin batera hasi zen Oier Andueza (Durango, 1975) margoekin esperimentatzen: «Geroztik, etengabe aritu naiz pintura krema margoa hatzetan hartu eta paperak zikintzen». Modu horretan, esan daiteke espetxeak eraman zuela Andueza sormena garatzera. Dio bertako egunerokotasuna oso mugatua eta monotonoa dela, «eta bertatik ateratzeko beharra izaten dugu. Nik –jarraitu du– orduak ematen ditut margotzen, normalean bazkalostean hasi eta arratsaldean zehar. Espetxetik ihes egiteko behar horrek irudimena garatzera narama, beraz, baita sormena ere».
Baina hainbat oztoporekin aurkitzen da durangarra: «Batzuetan materialak sartzeko arazoak izaten ditut, Teixeiron adibidez. Aranjuezen ere mihise txikiak soilik sartu ahal nituen». Margotzeko orduan begiradei erreparatzen die batez ere: «Ehun paisaiek baino askoz gehiago esaten didate». Espresioak bilatzen ditu, eta inoiz liburu edo argazki batean zerbait iradoki dion begiradaren bat ikusiz gero hura paperera eramaten ahalegintzen da.
Orain gutxi arte erakusketa bat izan du Hernaniko Biteri kultur etxean. «Ez nuen sekula pentsatu erakusketa bat izatera irits nintekeenik. Niri zerbait esaten didaten irudiak jendearekin konpartitzeko aukera eman dit, nire ihesaldiek eraman nauten leku desberdinak jendearekin konpartitzekoa», dio erakusketaren harira. Era berean, jende askoren iritziak jasotzeko aukera izan du, modu batera edo bestera helarazi dizkiotenak: «Oso eskertua nago horregatik».
Ataramiñe, presoen sormen lanen bozgorailu
Ataramiñe euskal preso politikoen artean literatura sustatu eta haien lanak zabaltzeaz arduratzen den elkartea 2002. urtean jaio zen. Bi pertsonen arteko koordinazio lan baten ondorioz egiten du aurrera, baina ezin da ulertu Ataramiñeren jarduna presoek, euren senideek eta lagunek edota herrietako elkartasun sareek egiten duten ekarpenik gabe. «Guztion artean egiten dugu lan, lan kolektiboa da; presoen mundu hau ez dago bestela ulertzerik», diote koordinatzaileek.
Batez ere, presoek –eta batzuetan iheslari eta deportatuek– eginiko lanez osatutako urtekaria argitaratzeaz arduratzen da elkartea: bertsoak, poesia, hausnarketak, kontakizunak, margolanak… Baina euren asmoa ez da presoen sorkuntza lanak eurek argitaratzea: «Ez dugu ghetto bat eratu nahi presoen inguruan. Euskal presoek han eta hemen argitaratutako liburuak kaleratzen dira urtero, Ataramiñez aparte». Diote, euren helburua plataforma bat eskaintzea dela, presoei bururatzen zaien hori argitaratzeko. Era berean, hitzaldiak edo errezitaldiak ere antolatzen dituzte: «Herrietako presoen aldeko ekimenak izan ohi dira».