[Berria] Barrote artetik ihesean
2015, 3 abendua
Ataramiñe elkarteko kideak eta preso sortzaileen senideak, Donostiako aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS
→ berria.eus: Barrote artetik ihesean
Barrote artetik ihesean
Ander Perez
Euskal presoen sorkuntza lanak argitaratu ditu, aurten ere, Ataramiñe elkarteak. Hiru argitalpen ondu dituzte, 20 sortzaileren lanak jasota
Kartzelatik ihes egiteko saihesbidea izan ohi da sorkuntza giltzapetua dagoenarentzat. Hala bizi izan du euskal preso askok ere; sorkuntzari heltzen diote, lau paretaren arteko unibertsoaren mugak zabaldu eta barrote artetik ihes egiten saiatzeko. Urtero, ziegetatik kanpora jaurtitako sormen lan horiek jaso eta argitaratu izan ditu Ataramiñe elkarteak. Aurten ere hala egin du, eta presoaren ihesbideaz harago, «beste buelta» bat ikusi du Oier Gonzalez elkarteko kideak uzta berriko lanetan. Norberarengandik harago doa sortzearen balioa: «zaintzen gaituztenen zaintzarako bitarteko gisa» ere erabiltzen da, kasu honetan, sorkuntza.
Orotara, hiru argitalpen kaleratu ditu aurten Ataramiñek, preso diren hogei sortzaileren lanekin. Joan den astean aurkeztu zituzten hiru liburuak, Donostiako Haziak herri dendan, eta Durangoko Azokan jarriko dituzte salgai, hala nola ohiko dendetan eta elkartearen www.literaturakoadernoak.org webgunean ere.
Ataramiñe’15 urtekarian jaso dituzte sortzaile gehienen lanak. Besteak beste, marrazkiak, olerkiak, bertsoak eta narrazioak barnebildu dituzte han. Euskarazkoak dira testu gehienak, baina badira frantsesez eta gazteleraz sortutakoak ere. Urtero kaleratzen du elkarteak bilduma, urte horretan sortutako lanaren uzta jasoz. Eta aurten bereziki nabarmendu dute emakumeen ahotsaren presentzia. Orain arte, «patriarkatuaren aberrazio eta esajerazio gisa» ageri izan da kartzela; orain, horri eutsi egin zaio, baina «berezitasunekin», Gonzalezek dioenez. Eta, batik bat, «erotika femeninoaren» presentzia nabarmendu du. Ekhine Izagirrek egin du koadernoaren hitzaurrea, eta, gainera, marrazkiak eta idatziak uztartutako atala ondu du Itziar Plazarekin batera. Aurkezpenean, gainera, Itziar Morenoren iruditegia ere nabarmendu zuten; berak egin du aurtengo liburukiaren azala.
Urteko kaieraz gain, beste bi sormen lan ere kaleratu ditu elkarteak. Horietako bat da Mikel Orbegozoren Ilargiraino komikia. Aurretik ere bi lan kaleratu ditu Orbegozok Ataramiñeren eskutik, presoen unibertsoa eta eguneroko bizitzaren erretratua eginez. Orain, ordea, barrura beharrean kanpora bideratu du kontakizunaren fokua: gatibuen senide eta lagunengan jarri du arreta; espetxera bisita egitera doazenengan, alegia. Eta Marian Etxarri Orbegozoren amak aurkezpenean esan zuen bezala, «pila bat kostatu zaio» lan hori egitea, «errespetu handia ematen ziolako, kanpoko jendea ez zuelako hain ondo ezagutzen».
Eskuz egindako marrazkiak dira kontakizunaren oinarria, eta Gonzalezek dioenez, «koloreen bitartez infinitura egiten du Orbegozok salto, senideak bere koloreekin laztanduz». Hain zuzen ere, presoen senideek astero-astero kartzeletara egin behar izaten dituzten bidaien erreferentzia dakar izenburuak: Ilargiraino. Eta Etxarrik dioenez, badu Pirritx eta Porrotxen Maite zaitut kantaren eragina ere.
Joseba Arregi euskal presoarena da argitaratutako beste lan bat, Burdin elorri arantzetan… denbora jorratzen izenekoa. 1992tik preso dago Arregi, eta ordutik egindako olioak jaso dituzte liburuan. Margolan bakoitzak piztutako gogoetekin, gainera, testua erantsi die sortzaileak irudiei. Gonzalezek dioenez, Arregik berak «bere pintura eta testuak oso xumeak direla aitortzen badu ere, lan bakoitzean badira detaileak, lan bakoitzean aurkitu daitezke autorearen perlak».