[Irutxulo] Senideei eskaini die hirugarren komiki liburua Mikel Orbegozok

2015, 27 azaroa


Mikel Orbegozoren gurasoak, ‘Ilargiraino!’ liburuaren aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)

→ irutxulo.eus: Senideei eskaini die hirugarren komiki liburua Mikel Orbegozok

Senideei eskaini die hirugarren komiki liburua Mikel Orbegozok

Agurtzane Altuna

Maitasuna. Mikel Orbegozo (Intxaurrondo, 1975) preso donostiarrak bere hirugarren liburuan islatzen duena hitz bakar horrekin definitu dute.

Hamar urte daramatza preso Orbegozok, eta urte hauetan guztietan komikiak egiteko trebetasuna fintzen joan da. Lagunentzako opari gisa hasi zen marrazten, baina dagoeneko baditu hiru liburu. Preso nago eta Preso nago 2 komiki liburuen ondoren, Ilargiraino! liburua argitaratu du Ataramiñe argitaletxearen eskutik.

Gaur egin dute liburuaren aurkezpena Arroka kaleko Haziak herri dendan. Izenburua ez ezik, gaia eta lan egiteko modua ere aldatu ditu oraingoan Orbegozok. Orain artekoetan sortu ahala biltzen zituen lanak, eta egunerokotasuna deskribatzen zuen, espetxeko ikuspegitik.

Oraingoan, ordea, gidoi bat prestatu du. Senideak ardatz hartuta, espetxeetarako bidaiak, bisitak, sortzen diren egoerak, zailtasunak, momentu hunkigarriak, senide eta lagunen ahalegina… Jorratu nahi zituen gaiak aukeratu eta haien inguruan marraztu du. “Aurreko liburuetan umorez hartzen zuen espetxeko krudeltasuna. Barre, edo iseka ere egiten zuen hainbat egoeren aurrean. Baina oraingoan bihotzarekin marraztu du, errespetu handiz jorratu ditu lanak, eta askoz ere gehiago kosta zaio”, esan du Marian Etxarri, Orbegozoren amak.

Betiko estiloari eutsiz, kolore asko erabili ditu presoak bere marrazkietan, baina “koloreekin ez du apaintzen espetxeko krudeltasuna”, esan du Mitxel Sarasketa, Ataramiñeko kideak.

‘Ilargiraino eta bueltan…’


‘Ilargiraino eta bueltan…’ Ilargiraino! komiki liburua, Orbegozo. (Argazkia: Agurtzane Altuna)

Orbegozoren amak azaldu duenez, zailtasun handiak izan ohi dituzte “nahi dutena eta nahi adina” sortzeko. Hezetasuna omen da Orbegozoren etsairik handiena: “paper mota ezberdinak eramaten saiatzen gara, hezetasunak hondatzen dizkiolako orriak”, esan du Etxarrik. Azken liburuaren azalean ageri den ilargiaren orbanak, esaterako, ez dira propio marraztuak, hezetasunak ateratakoak, baizik.

Izenburua nondik datorren ere azaldu du Orbegozoaren amak: “Bi dira arrazoiak: Etxeratek adierazi zuen behin presoen senideek ilargira joan eta bueltan etortzeko adina kilometro egiten zituztela astero astero. Eta ez dakigu nondik, baina Pirritx eta Porrotxen Maite zaitut abestiaren letrak ere iritsi zitzaizkion…’maite zaitut, maite maite zaitut; ilargiraino joan eta bueltan maite zaitut‘…hortik dator Ilargiraino! izenburua”.

Sorkuntza lanak, espetxetik

Mikel Orbegozoren Ilargiraino! komiki liburuarekin batera, Joseba Arregi preso oñatiarraren Burdin elorri arantzetan liburu, eta Ataramiñe’15 urtekaria ere aurkeztu dituzte.

Urtekaria 19 preso eta iheslari politikoren lanez osatu dute, eta Oier Gonzalez, Ataramiñeko kideak azaldu duenez, “aurten bereziki emakumeen egoera eta begirada” ageri dira liburuan.

Azken argitalpen hauek eta beste asko, hiriko liburu dendatan daude salgai, 15 euroren truke. Hontza, Elkar, eta Hazia liburu dendetan esaterako. Internet bidez ere eros daitezke, Ataramiñeren webgunearen bitartez.

RSS literatura koadernoak ataramine

Share

Iruzkinak