Josu Urbieta ‘Pow’, Vivonneko espetxetik
2015, 8 urria
→ uztarria.eus: Josu Urbieta ‘Pow’, Vivonneko espetxetik
Vivonneko espetxetik (485 km)
Gauen zehar bi ordutik behin ateko begizulotik begira ibili ostean, goizeko zazpiretan irekitzen du kartzeleroak gure ziegetako atea. Gauean zehar begiratzen digute bi ordutik behin, “arriskutsuak” omen garelako euskaldunak. Noski, begiratzen duen kartzeleroa nor den ere aldea da, zeren askotan nahita ateratzen duen zaratak esnatzen gaitu, argia ere pizten digute. Pentsa dezakezue gauean hiru-lau aldiz zaratarekin esnatzeak zer suposatzen duen, osasuna ez behintzat!
Goizean jaiki eta, astean zehar, kirola egiten dugu, gorputza mugitzea inportantea baita, ziega barruan pasatzen ditugun 20 bat ordutan ez baitago asko mugitzeko lekurik, luzaketa batzuk egiteaz aparte ez bada. Ziega barruan egunkariaren irakurketa, ikasketak, liburuak, gutunak idaztea eta, iristen badira, irakurtzea, eta gauean telebistan filmaren bat ikusi eta lotara! Espetxea gizakia suntsitzeko espazio bat da, bai fisikoki eta psikologikoki ere bai. Noski, hobe ezer ez gertatzea, bestela ez da gauz onik. Medikuari idazten badiozu urtebetera deituko dizute agian. Eskerrak haginetako minik ez nuen, zeren urtebete pasatu zait joan naizenerako, eta oftalmologoaren zain nago orain; ea aurten deitzen didaten. Ez nuke apusturik egingo!
Eguraldia ere bikaina dago egun hauetan, beroegi agian baina beno, urarekin ere freskatzen gara patioan, batzuek eguzkia hartzen eta besteak itzaletan egonean. Irudimena dantzan hasten denean, bakoitzak une horietan zer egingo genuken botatzen hasten gara: batak garagardo fresko bat edaten gustora egongo zela terraza baten, besteak hondartzara joango litzatekeela bokata bat hartuta eguna bertan amaitzeko, beste batek mendian zuhaitz azpian lasai ederrean egongo litzatekeela… Irudimena espetxeko errealitateari aurre egiteko arma bat dela esango nuke, eta ederra eta beharrezkoa ere bai gainera batzuetan, noski, errealitateaz kontziente izanik. Herriagatik gaudelako hemen, herrira begiratzen dugu ia beti, zer berri den gure Euskal Herritik. Asteroko bisitak ere betetzen digute hemengo egonaldia. Lagun eta senideekin egoteko irrikan egoten gara astero, horko berri jakiteko, eta egunerokotasuna apurtzen dutelako ere bai. Ederra benetan ematen dizkiguzuen babes, laguntasun eta maitasuna, aupa zuek! Gora herria!
Urtebete da Vivonneko espetxe honetara ekarri nindutenetik eta, nahiz eta herritik fisikoki gertuago nagoen, orain Euskal Herritik gure bisitara datozenak autoz datoz. Lehen, Parisen nengoelarik, trenean edo hegazkinez igotzen ziren baina, orain ordu asko errepidean daudelarik, kezka beti hor izaten dugu. Beraien legeak ere errespetatzen ez dituzten ‘demokraten’ erabaki krudelen menpe gara gu, barruan gaudenak, eta guregana datozen senide eta lagunak. Hilik nahi gaituzte, hori da beraiek eskaintzen digutena. Lehen, orain eta gero ere jarrera bera izango dute gure eta gure herriaren aurka.
Hurrengoan ere idatziko dizuet, gure herria zaretelako eta merezi duzuelako. Bitartean ongi segi eta aurrera beti!
Besarkadak Vivonnetik!
Josu Urbieta Alkorta ‘Pow’
Centre Penitentiaire de Poitiers-Vivonne
Le Champ des Grolles, Rue Departamental 742
86370 Vivonne (France)