Iurdan Martitegi: “4.107.eguna”

2015, 22 uztaila

MOULINS-YZEURE
Centre Pénitentiaire (kondenatuak)
Les Godets
B.P. 24
03 401 Yzeure Cédex
FRANCE

Abaunza Martinez, Javier (14 610)
Iriondo Yarza, Aitzol (14 884)
Martitegi Lizaso, Jurdan (14 736)

→ anboto.org: Iurdan Martitegik idatzitako gutuna: 4.107.eguna

Hiru euskal herritar Frantziako ipurtzuloan bahiturik. Deserrian. Elkarrekin baina bakarturik, ezin elkar ikusirik. Isolamendu auzoan “quartier d’isolement”, “contradictio in terminis”. Plaza publikoak kaiola honekin gutxi du ikusterik.

Zaila da deskribatzen. Patio eskubidea “droit” dugu, “dans le pays des droits de l’homme”, giza eskubideen herrian. “Droit”, eskuina da ere Molière-en hizkuntza hontan. Nire patioa berriz ezkerrekoa da beti. Boteretsuen aurrean estutzen dudan ukabila bezala edo gau ilunenean uzkurtzen zaidan bihotz minbera bezalatsu. Nire ezkerreko patioak 8 pausu ditu luze, 7 zabal eta hatz puntekin ukitzen dut sabaia. Goizean ordu bat eta arratsaldean beste ordu bat. Ni eta patioa bakar-bakarrik gaude. Tira, eguzki pisutsu hau ere agertu ohi da puntual hitzordura, kostata, tetxuko sare metaliko hirukoitz eta txarrantxen artean lekua egitea lortzen duenean. Isiltasunak ere egiten digu konpainia. Eta jada lau gara. Patioa, eguzkia, isiltasuna eta ni. Ez dago gaizki.

Kexatzerik ez. Kurloi bat ere entzun ohi dut batzutan urrunean baina ikusi ez. Nahiko balu ere ezingo luke patioan sartu eta egia esan, zer galdu ote zaio txoritxo askeari nire ezkerreko kaiola hontan? Ezer ez. Zulo honek ez du bizidunik merezi, ezta berau diseinatu, eraiki eta kudeatzen dutenak ere. Guk berriz, nik, hemen jarraituko dut, kaiola hontako bakardadearen konpainian. Bakarkako galdera erantzunetan. Makurtu nahi gaituzten aldiro, zutitzen ahalegintzen. Eusten. “Resistiendo”. “En résistance”. Noiz arte?

Azken orduko albistea: Beste 4 euskal herritar atxilo hartuak Baxe Nafarroan. Artean, Xabier eta Iñaki. Kaiola hauek krudelkeriz betetzen jarraitzeko beste lau bezero. Hau al zen bakea?

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak