Jexuxmari Zalakain, “Kartzelako kronikak (eta XII)”

2015, 21 uztaila

Jexuxmari Zalakain euskal preso politikoak Espetxeko Kronikak argitaratzen ohi ditu Herria 2000 Eliza aldizkarian espetxeratu zutenetik hona. XII. kronika hau 256. zenbakian argitaratu zuen. Eta kartzelako azken kronika izango da. Izan ere, irailaren 27an kaleratuko da Jexuxmari. Argazkia: Wikipedia

→ Kartzelako kronikak (eta XII)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 256. zk. 2015.pdf

Hau izango da azkena!

Arratsalde zorria da. Egutegian udaberria markatu ahala berogailuak itzali dituztenez, ez da giro. Eskolan sartzeari utzi diot, neumonia harrapatu nahi ez badut. Orduz geroztik jantokiarekin erdibana egiten duen galeriako kristalera ondoan esertzen naiz, usu, tapoiak belarrietan ipinita jendearen zarata nolabait apaltzeko. Hala, bozgorailuetatik nire izena esan ote duten peskizan jarri naiz, nirearen bukaera berdina duten beste izen batzuk ere baibaitaude. Antza, nire izena izan da. Funtzionario bat hurbildu zait, ez ote dudan entzun galdezka. Banengoen bada. Bildu zure gauzak eta joan zaitez sarrerako modulura, esan dit. Agian luze joan zaidala. Zer ote den murtxikatzen abiatu naiz. Bertaratuta, beste funtzionario bat urreratu zait: Zalakain, pasa zaitez segurtasun-uztaitik. Zer egin ote dut… Pasa naiz. Ez du pi-pi-pi jo. Zuzendariordeak ikusi nahi zaitu. Ikusi. Arratsalde on. Erregimeneko Zuzendariordea naiz eta zurekin berba egin nahi dut. Berba. Bulego batean sartu eta aulkia erakutsi dit. Hau serioa da, neure artean. Zuzendari ordea naiz. Urte askoan, ez zaitut ezagutzen. Paper bat jarri dit begien aurrean. Hau eskatu didazu, ez? Dakidala, zuri ez dizut ezer eskatu. Kondenaren likidazioa da. Kontxo, hori bai! A.N.eko paper ofizialaren kopia bat luzatu dit. Beraz, irailean zoaz libre. Hala dirudi, bai. Mila esker. Agur.

Horrelaxe adierazi didate ofizialki nire askatasun-eguna: irailaren 27a. Jakin banekien, abokatuak esanda: 60 egun kendu dizkidate. 8 urtetan zehar astero epailearengana joaten aritzeagatik. Baina ni, egoskor, paper ofiziala nahi. Eskatu, kondenatu zintuen epaileari eskatu behar zenion; baina, tira, behingoz… Bai, behingoz albiste on bat: bukatu da nire kartzelaldia.

Maiatzaren amaieran idazten ari naiz nire azken kronika hau. Oraindik lau hilabete geratzen zaizkit: udaberria bukatu eta uda osoa, baina iraungitzat ematen dut nire bizitzaren fase hau. Nire gauzak nola atera aztertzen ari naiz -hiztegi potoloak, liburuak, koadernoak, karpetak-; nire beste hainbat gauza -arropa, izarak eta mantak batik bat- nori oparitu. Gauza handirik ez txaboloa hustutzen. Nire bizitzako 20. etxe-aldaketa izango da.

Bukatu da, akabo

Beharbada balantzea egiteko ordua da. Nire irakurle eta lagunek badakizue dagoeneko eginda daukadala. Ikus Ataramiñe. Ez naiz errepikatzen hasiko. Hala ere gauza batzuk esan nahi ditut nire azken kronika honetan, espetxetik. Hasteko, eskerrik asko: nirekin egon zareten guztioi: idazten, bisitatzen, animoak eta musuak bidaltzen. Nire gauzen (arroparen, diruaren, liburuen) ardura hartu duzuenoi. Ia-ia ezagutu gabe nirekin harremana josi duzuenoi. Aldika bederen gorantziak bidali dizkidazuen guztioi. H2000eko talde osoari: nire ausentzian hain gartsuki eta bikain aldizkaria argitaratzen jarraitu duelako, nik uste baino lan ederragoak osatu duzuelako alez ale, betiko xumetasuna gordez; orobat, gu guztion aldizkaria bizirik mantentzen asmatu duzuelako, kemenez eta gogoz, arrastoa galdu gabe. Eta nola ez, nire kartzelako kronikak gustura jaso dituzuelako. Zoritxarrez ez dut aukerarik izan kartzelako egoera bere osotasunean deskribatzeko. Dakizuenez, Soto del Realeko asteburua eta Valdemoroko hilabetea kenduta, Dueñaseko 11. moduluan eman ditut nire kondenako zortzi urteak -barruko hizkeran esanda, kanpaina osoa-. Ez dut ikusi dudana besterik kontatu nahi izan. Ulertuko duzue, hala ere, kartzeletan joan-etorri handia egoten dela, eta jendearekin batera beste patioetako iritzi-miritziak heltzen dira: beraz, esan genezake, mutatis mutandiz, toki guztietan txakurrak ortozik.

Hogeita hamalau borroka-kide ezagutu ditut Dueñasen. Horietatik hamar bat lagunekin estutu ditut harremanak, elkarrekin bizi izan baikara: Jose Luis, Iñaki, Ibon, Oskar, Igor O. eta Igor CH, Mikel, Txomin, Oier eta Lander. Besteekin noizbehinka eta presaka egon naiz, lokutorio bidean, erizaindegian, hauteskunde egunetan, etab. Gehiagorako tarterik ez da egon. Nahi baino gutxiagotan eduki dut kolektiboaren berri zuzena, abokatuen bisita, beste espetxetan dauden preso politikoekin gure gauzei buruz patxadaz mintzatzeko bete. Beste dozena bat lagunekin izan dut korrespondentzia idatzia, jakinda, noski, gure eskutitz guztiak begiluzeen begiradapetik pasatzen direla, eta ondorioz, autozentsura ezinbestekoa dela. Zer erremedio, ez baduzu prentsaren lehen orrialdeetan atera edo albistegiren bat ireki. Irudipena dut horretarako famatua izan behar duzula; edozeinen iritziak ez dira albiste. Kontuz ibiltzea onena, edozein moduz. Inoiz ez baita onerako izaten, kalterako baizik. Esan nahi dudana da nire ikuspegia, kartzelari buruz, partziala dela; protagonista eta esperientzia asko zuzenean ezagutu gabe noa.

Inoiz idatzi dut: kartzelaldi arina izan da nirea. Kide beteranoek kontatu didatenaren aldean, deus ez. Nire baitan, nire bizitzako faktura batzuk ordaintzen, sentitu dudan oinaze bortitza, askatasun falta fisikoa baino, hagitzez, saminagoa izan da. Kitto. Amaitu da.

Kartzela ala sikiatrikoa

Beharbada nire izaera izango da: arreta berezia jarri dut preso arrunten egoera, bizimodua eta etorkizuna behatzen. Nire lehen (eta espero dut azken) kanpaina izan da, eta biziki hunkitu nau barruko bizitzak. Atzerritarrentzako espetxean egon naiz, beraz, mundu osoko auzoak izan ditut; jende pobrea, kolpatua, bizitzak igatua, drogaz ondatua, bizimodu txukunagoaren bila urrunetik etorri eta alferrik galdua, hizkuntza, kultura eta erlijio anitzeko jendea, trapitxeoan eta gezurrezko harremanetan zaildua, gure gizartearen bazterrean bizitzera behartua. Espetxean inori ez zaio galdetzen zergatik heldu den bertara, zer demontre gertatu zaion. Askok galdetu gabe kontatzen du, konfiantza minimoa somatuz gero. Egia esaten ari ote diren igartzea ez da samurra izaten, miseria estaltzeko ez baitago gaizki fantasia apur bat. Geien-gehienek harreman eskasa daukate familiarekin, ez telefonoz, ez bisita bidez. Ondorioz, eskean ibili ohi dira, ahal badute euskaldunen abaroan. Hemengo aberatsak gara, diruz eta maitasunez. Aho zabalik geratzen dira astero daukagula lagunen bat lokutorioan zain, senideren bat bisean. Zuek bai zoriontsuak, entzun diet inoiz. Batzuekin oso ondo konpondu naiz, ahal izan dudan arreta guztia jarri dut ulertzen, nire neurrien arabera eusten, bizitza alegratzen (kafea, tabakoa eta garagardoarekin hobeto!). Enpatia falta ez da nire akatsetako bat. Askotan zaila bilakatzen da jende hau nola lagundu ebaztea. Miseriak norberekoikeria ekartzen du, sarri. Presentea dute beltza, eta etorkizuna zer esanik ez. Euskal herritar koadrila ere ezagutu dut, atzerritarrak bezain galduak, komeriak izango dituztenak gure gizartean egoki txertatzeko: lanik ez eta gogorik ere ez, malo! Lastima nik nobelista izateko gaitasunik ez izatea. Soberan dago hemen gaia.

Maiz galdetu diot neure buruari: hauetako batzuek zer demontre egiten dute hemen. Espetxea baino gehiago sikiatrikoa ematen du. Bere burua gobernatzeko gai ez den jend3ea, burutik seko nahasia, injekzio gogoren bidez irauten dutenak patioan, zonbiak iduri, sekulan inorekin hitz egin gabe, hara eta hona bueltaka, begiak lurrean josita, bere buruarekin bakarrizketan, lo zorroan, lo astun sikiatrikoan.

Halako batean euskal herritar gizajo bat bidali digu hezitzaileak: joan zaitez Zalakain eta Marurirekin, horiekin ondo ibiliko zara. Gaixo sikiatriko diagnostikatua da. Lagun iezaiozue, erregutu dit hezitzaileak. Eta aitortu dit: auskalo non bukatuko duen! Eta hau bezala patioko asko. Hauek sikiatrikoan egon beharko lukete, baina gizarteak ez du erantzun egokirik; barrura eta hor konpon. Arrazoia daukazu. Zer esan behar nion, ikusita barruko populazioaren gehiengoa botika sikiatrikoak hartzen dabilela…

Kezkatuta noa

Aitortza bat egin behar badut nire azken kronika honetan, hauxe: oso kezkatuta noa, preso politikoen etorkizunari dagokionez. Jaurlaritzak Hitzeman eta Zuzen Bide proiektuak bidali dizkigu. EH Bilduk Bakerako Euskal Bidea proposatu du, non preso politikoon ibilbidea marrazten den kalerantz. Programak programa -alde nabarmenak daudela onartuz eta denetan dauden alde positiboak ukatu gabe- non dago testu hori(ek) errealitate bihurtzeko mekanismorik? Inon ez. Ez naiz hasiko nire argudioak aletzen. Hain ergela ez naiz. Denbora izango dugu kalean patxadaz, dagokienekin, mintzatzeko. Irudipena dut, hala ere, luzerako, oso luzerako, doala kontua. Ni joango naiz eta barruan jarraituko dute besteek, bakoitza bere txandaren zain: L. (nire izateko bikotea azken lau urteotan), 19 urterekin hasi zen kondena, 3 urte barru (ia 40rekin) bukatuko ote duen amestuz; O. kendu dioten konfiantzako sikologoaren hutsunea nola beteko duen aztertuz; JM. patioko hormigoia zapaltzearekin bat Hernaniko baserria gogoan, sumatzen hasi den bertigoak gainditu ezinik; B., 14 urte jan ondoren bi haurrengana so, etorkizunaren haizeak nondik joko ote duen peskizan.

Beste inoiz erre idatzi dut. Sarreran esan zidaten hemendik konplituta ateratzen da, motel. Hori besterik ez dut ikusi; hiltzeko zorian zaude edo hobe duzu barruko indarrak bildu eta eustea. Aitzol eta Jose Migel hor daude gaixo larri: nire ikasleak izan ziren, bat unibertsitatean eta bestea seminarioan. Irteeran, beste beterano batek esan dit: zu aterako zara, ni eta ni bezalakoak ateratzea da arazoa. Kode Penala aldatu gabe, jai! Prozesuetan konfiantza ez galtzea ezinbestekoa da. Helburuak epe motzerako proiektatu eta sinetsaraztea berriz, etsigarria. Nire esperientziak erakutsi dit presoak tinko eta lasai jarraitzeko behar dituela aupadak… Edozein moduz, agur eta eutsi goiari, adiskideak!

→ Kartzelako kronikak (XI)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 252. zk. 2014.pdf

→ Kartzelako kronikak (X)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 249. zk. 2014.pdf

→ Kartzelako kronikak (IX)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 246. zk. 2013.pdf

→ Kartzelako kronikak (VIII)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 244. zk. 2013.pdf

→ Kartzelako kronikak (VII)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 240. zk. 2012.pdf

→ Kartzelako kronikak (VI)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 237. zk. 2012.pdf

→ Kartzelako kronikak (V)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 233. zk. 2011.pdf

→ Kartzelako kronikak (IV)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 227. zk. 2010.pdf

→ Kartzelako kronikak (III)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 224. zk. 2010.pdf

→ Gutuna
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 219. zk. 2009.pdf

→ Kartzelako kronikak (II)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 218. zk. 2009.pdf

→ Kartzelako kronikak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 215. zk. 2008.pdf

Herria 2000 Eliza. Espetxearen inguruko ale bereziak

→ Espetxe suntsitzailea
Herria 2000 Eliza 233. zk. 2011.pdf

→ Biktima isilduak
Herria 2000 Eliza 220. zk. 2009.pdf

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak