“Txabolotik” Jon Mintegiagaren bloga
2015, 4 ekaina
Blogeko irudia: Iker Moreno
Jon Mintegiaga Oiarbide (Ibarra, Gipuzkoa) euskal preso politikoak TXABOLOTIK bloga ireki berri du. Atzo bertan argitaratu zuen lehen sarrera:
Ingurune libre batetik -hau erlatiboa izanagatik- supituki, indarrez erauzia izan denak, luzea, oso luzea bihurtu daiteken bizitoki antinaturala goitik behera, amorruz araututako itxitura bat izango dela asimilatzen duenean, zizela hartu eta lehenagotik bertan dauden edo igaro diren kideek harresian egindako pitzaduretan sakontzen saiatzen da, zulatutako txirrikituetatik askatasuna arnastu eta behatzen bat ateratzeko sikiera.
Fisikoki edo mentalki aldamenean izango dituen kideen abaroan, edo herritik, etxekoek, lagunek, maite dutenek bota dioten eta tiraka dauden sokari helduta, duintasunari eutsi nahiean daukan gutxia mantendu eta esparruak zabaltzeari ekiten dio, egunerokoan hamaika pasarte pilatuz, bizitza bera bezain arrunt edo konplexuak, sarritan bortitzak, absurduak (zenbaitetan barregarriak), miseriazkoak edo aparteko laguntasun nahiz maitasunezkoak izan daitezkeenak.
Kanpotik zekarren pentsaera aldatu egingo zaio halabeharrez, iraultzaileak esan zuen bezala ez baita berdin pentsatzen jauregi batean edo etxola batean. Perspektiba, ikuspuntua, ezberdina baita Gaztelugatxeko ermitatik edo Lezeko haitzulotik, mendi puntatik edo erreka bazterretik, kaletik edo kartzelatik, norberaren etxeko gelatik edo 4 x 2ko ziegatik, txabolotik.
Jon Mintegiaga 2015eko urtarriletik hona daukate espetxean, Herrira elkarteko kide izatearen akusaziopean. Egun Madrid III espetxean dago, Valdemoron.
2009an El Filtro liburua argitaratu zuen Txalaparta argitaletxean. 2011n Frankismoa eta trantsizioa Tolosaldean eta Leitzaldean, Joxemi Saizarrekin batera. Ataramiñe03 eta Ataramiñe05ean ere argitaratu ditu hainbat testu labur.
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /